Sun Yat-sen
Sun Yat-Sen (txinera tradizionalez: 孫逸仙; txinera sinplifikatuz: 孙逸仙; pinyinez: Sūn Yìxiān, sýːn jɐ̀t̚.síːn ahoskatua; Zhongshan, Guangdong, Txina, 1866ko azaroaren 12a - Pekin, Txina, 1925eko martxoaren 12a) mediku, politikari, militar, estatu-politikari, filosofo eta ideologo txinatarra izan zen. Txinako Errepublikako lehen presidentea eta Kuomintangen sortzailea, Txinako Herri Errepublikan zein gaur egungo Txinako Errepublikan (Taiwan) Txina modernoaren aitatzat hartzen da.
1905ean, Tongmenghui Elkartea sortu zuen, Mantxuen monarkiarekin amaitzeko eta Txinan eredu politiko errepublikanoa ezartzeko erakunde iraultzailea[1]. Erakundeak porrot egin zuten matxinada batzuk sustatu zituen, eta 1900eko hamarkadaren amaieran, krisian sartu zen. Ondorioz, Sun hainbat lurraldetatik kanporatu zuten (Japonia, Indotxina frantsesa, Malaysia britainiarra...)[2]. Sunek ez zituen bere jarduera subertsiboak bertan behera utzi, baina monarkia suntsitu zuen Xinhaiko Iraultzaren bezperetan, bere nagusitasuna gainbehera zihoan iraultzaileen artean[2].
Txinako Errepublikako lehen presidente iragankorra izan zen 1912an, kargua Yuan Shikai administratzaile eta militar beteranoari utzi baino lehen. Haren Gobernuan, urtebete inguru eman zuen trenbideen arduradun gisa, oposiziora igaro aurretik[3]. 1913an, Shikai boteretik kentzen saiatu zen Sun Yat-sen Yuan, baina ez zuen arrakastarik izan, eta horrek erbestera eraman zuen berriro.
Nazioarteko errekonozimendurik ez zuten bi gobernu errebelderen buru izan zen Kantonen. Lehenengoa, 1917an sortu zen Duan Qiruik eta haren Anhuiko presio-taldeak kontrolatutako gobernu pekindarren aurrez aurre, eta, bigarrena, 1920an, Zhiliren presio-taldeak menderatutako gobernu pekindarren aurrez aurre[4]. Desegindako gorteek «ezohiko» presidente aukeratuta, iparraldeko gobernuaren aurkako espedizio bati ekin zion 1922an, eta porrota jasan zuen; azkenean, Kantonetik kanporatu egin zuten[5].
Izenak
aldatuTxinako tradizioan ezin da benetako izen batez hitz egin; izan ere, XX. mendea ondo sartu arte, ohikoa zen bizitzan zehar izen desberdinak hartzea. Benetako izenaren antzekoena litzateke bere familiaren erregistro genealogikoetan izena emateko erabili zen izena (孫德明, Sūn Démíng). Izen hori, erregistro izena deiturikoa (譜名, pǔmíng), bere ahaideek ezagutzen zuten izena zen, eta zirkunstantzia formaletan erabiltzen zen izena, ezkondu zenean erabilitakoa. Bataio-izenaren lehen karaktere txinatarra (de, 德) da bere anaiarekin eta belaunaldi maila bereko bere senideekin partekatzen zuen karakterea. Txinako tradizioan, izen hori ez zen familiaren zirkulutik kanpo erabiltzen. Izan ere, Txinan, jende gutxik ezagutzen du Sun Yat-senen izen hori. Beste pertsonaia historiko batzuk, hala nola Mao Zedong, bai pasatu dira historiara erregistro izenarekin.
Izen hori, ordea, ez zen izan jaiotzean emandako izena. Txinan, ohikoa zen familiek urte kopuru jakin bat itxarotea seme-alabei behin betiko izena eman aurretik. Bitartean, «esne-izena» deiturikoa erabiltzen zen (乳名, rǔmíng), jaio eta gero haurrari ematen zitzaiona, eta familiako hurbilenak bakarrik ezagutzen zuena. Horrela, Sun Yat-sen-ek jaio zenean jaso zuen izena Sūn Dìxiǎng (孫帝象) izan zen, konnotazio erlijiosoak zituen izena: 帝, dì (Jainko gorena) eta 象, xiǎng (elefantea) karaktereez osatua. Elefante hitza Sun Yat-senen amak haurra jaio aurretik izan zuen amets bati zor zaiola diote.
Hamar urte zituela, herriko eskolan sartu zen, eta «eskola izena» eman zioten (學名, xuémíng). Eskola-izen hori pertsona baten izen nagusia izan ohi zen, salbu eta pertsona bat zahartzen zenean; orduan, gazteek kortesia izenez deitu behar zioten. Sun Yat-seni eman zioten eskola izena, Wén izan zen, eta, horrela, Sun Wen izenez ezagutu zuen jende gehienak bere bizitzako lehen garaian. Izen horrekin egin zen ezaguna bere jarduera iraultzaileari ekin zionean.
1883an, 17 urte zituela, Sun Yat-senek kristau bataioa jaso zuen, eta Hong Kongen hasi zituen ikasketak. Bere bataioa zela eta, beste izen bat hartu zuen (號, hào), kortesia izena Txinako tradizioan, Rìxìn ((日新, Eguneroko Berrikuntza) zena. Ustez, Konfuzioren Irakaskuntza Handia (大學, dàxué) klasikoaren aipu batetik hartuko zuen izen hori. Izen hori erabili zuen Hong Kongen ikasle zen garaian. Aurrerago, bere literatura txinatarreko irakasleak Yìxiān (逸仙) idatzi zuen haren izentzat. Mandarineraz Rixin eta Yixianen ahoskerak oso ezberdinak diren arren, kantoneraz biek ahoskera bera dute: Yat-sen. Bere izenaren ahoskera kantonar hori ohikoa zen mendebaldekoen artean bere burua ezagutzera eman zuenean, horrek bere izena Sun Yat-sen gisa finkatu zuelarik mendebaldean. Bitxia bada ere, Txinan, gaur egun, inork ez du Sun Yixian izenez ezagutzen, ezta Sun Rixin izenez ere, ez eta Sun Yat-sen kantoneraz ere.
Aurrerago, Sun Yat-senek kortesiazko izen bat aukeratu zuen (字, zì): Zǎizhī (載之). Izen hori bere eskola izenean, Wen, oinarrituta egongo litzateke, bi kontzeptuak lotzen zituen esaera tradizional txinatar batetik abiatuta. Kortesiazko izen hori gutxi erabili zen, eta ia ez da ezaguna.
1897an, Sun Yat-sen Japoniara iritsi zen. Ostatu hartzen zuen hotelean erregistratzean, bere lagun batek Nakayama (中山) japoniar abizenarekin erregistratu zuen bere nortasuna ezkutatzeko, Japoniako polizia haren atzetik baitzebilen. Dirudienez, hotelera bidean, Nakayamako markesaren jauregitik, Tokioko Hibiya parketik gertu, zintzilik zegoen errotuluari erreparatuko zion bere lagun txinatarrak. Une horretatik aurrera eta Japonian egon zen bitartean, Sun Yat-sen Nakayama jauna izenez ezagutuko zuten. Nakayama karaktereak Zhōngshān ahoskatzen dira mandarineraz, eta hori izango zen bere izena Txinako errepublikanoen artean Qing dinastiaren erorketaren ondoren. Bitxia bada ere, izen hori, Nakayama/Zhongshan, abizen gisa izan zen erabilia Japonian, baina, Txinan, izen berezitzat hartu zuen Sun Yat-senek, bere benetako Sun abizenaren ondoan. Hala, hurrengo belaunaldietako txinatar guztientzat, Sun Zhongshan bihurtu zen. Zhongshanek «erdiko mendia» esan nahi du, eta ez da ohikoa txinatarren artean, eta horrek oso izaera berezia ematen dio izenari, izen bakar gisa, eta «erdiko mendia» esanahiaren sinbolismo erantsiak Txina berriaren sorreraren zutabe gisa duen eginkizuna gogorarazten du.
1940an, Kuomintang edo Alderdi Nazionalista Txinatarrak hil osteko Guofù (Aberriaren Aita) izena eman zion Sun Yat-seni, Taiwanen erabili ohi den izena. Txinako Herri Errepublikan, aldiz, Iraultzaren aitzindari (革命先行者, Gémìng Xiānxíngzhě) izenez ezagutzen da, batzuetan.
Sun Yat-senek askoz izen gehiago erabili zituen erbeste garaian. Esan izan da hogeita hamar izen ezberdin erabiltzera iritsi zela.
Jatorria eta lehengo urteak
aldatuBaliabide ekonomiko gutxiko familia batean jaio zen 1866ko azaroaren 12an, Cuiheng herrian, garai hartan Xiangshan barrutian, Macao kolonia portugaldarretik hogei bat kilometrora[6][7][8]. Hil ondoren, hiriak eta Xiangshan barrutiak Sun Yat-senen izen txinatar ohikoena hartu zuten, Zhongshan, gaur egun hiriaren izena dena[7]. Sun Yat-sen jaio zenean, Kantongo prefekturaren menpe zegoen, baina gaur egun prefektura independentea da. Bere jaioterria nekazarien eta arrantzaleen herria zen[6]. Bere familiak belaunaldiz belaunaldi landu zuen lurra, eta bere aita, Macaon jostun gisa denboraldi bat eman ondoren, aurreko nekazari lanbidera itzuli zen[8]. Bere familiako batzuk, bere anaia nagusia, esaterako, emigratu behar izan zuten bizimodua ateratzeko[7].
Sun lehen hezkuntzako hainbat eskolatara joan zen —lehenik bere jaioterrian, 1872tik aurrera—, eta han Txinako hezkuntza tradizionala jaso zuen, harik eta hamahiru urterekin, 1879an, Hawaiira bidali zuten arte, non bere anaia nagusia bizi baitzen[6][7][8]. Han bere heziketa jarraitu zuen, ingelesez, misio eskoletan, barneko ikasle gisa[6][7][8]. 1881ean, erdi-mailako ikasketak amaitu zituen, ingeles hizkuntza eta literaturan nabarmenduz bereziki[7]. Hurrengo urtean, bere anaiak sorterrira bidali zuen, nondik, handik gutxira, bota egin zuten bertako irudi erlijioso bat apurtzeagatik; ordurako, Sunek erlijio tradizionala sineskeria bat besterik ez zela uste zuen[9][6]. Jada landa giroko bizimodura egokitu ezinik, 1883ko udazkenean, Hong Kongera[10] joan zen ikasten jarraitzeko[6]. 1884an, misiolari estatubatuar batek eta artzain protestante txinatar batek eraginda, kristautasuna[9] atxiki zuen, eta Yat-sen izena eman zitzaion, zeinarekin ezagutzen den[11]. Urte horretan bertan, bere familiak aukeratutako neska batekin ezkondu zen, ezkontza sistema tradizionalari jarraituz[11][9].
Hawaiitik igaro ondoren, medikuntza ikasketak hasi zituen, lehenik Kantonen eta gero Hong Kongen, 1887tik 1892ra[11][10][9]. 1892an, medikuntzan eta kirurgian lizentziatu zen nota bikainekin[11][10]. Medikuntza ikasketak egiten zituen bitartean, tutore partikular bat kontratatu zuen klasiko txinatarrak erakuts ziezazkion[11]. Ikerketa-urteetan, Sunek interesa agertu zuen herrialdeak potentzien aurrean zuen ahultasun politikoagatik, eta uste osoa zuen erreformak aplikatu eta modernizatu behar zirela[11][9]. 1892ko ekainean, medikuntzan eta kirurgian lizentziatu ondoren, Macaora joan zen bizitzera, baina ezin izan zuen medikuntza praktikatu kolonian lan egiteko lizentziarik ez zuelako[9]. Ondoren, Hong Kongen finkatu zen 1893ko udaberrian[9].
Funtzionario inperial ezberdinei bidalitako bere proposamen erreformistak, ordea, ez ziren aintzat hartu, eta horrek, erregetza zuen dinastiaren aurkako jarrera hartzera behartu zuen[12][10][9]. Orduz geroztik, Txinan sistema politiko errepublikano eta moderno bat ezartzearen alde egin zuen, Txina munduko potentzia bihurtzeko[13].
1885ean, Lu Muzhenekin ezkondu zen, eta, 1915ean, bigarren aldiz ezkondu zen, Song Qingling-ekin, Japonian. Lehen emaztearekin harreman gutxi izan zuen, berarekin hiru seme-alaba izan arren —sema bat, Sun Fo, eta bi alaba—; anaia zaharrenak zaindu zuen haren urrunaldi luzeetan[14]. Monarkia bota ondoren, Txinara itzuli zen, eta bidaia batzuk egin zituen Lu Muzhenekin, hura Macaon finkatu aurretik[15]. Ez zuen gehiago ikusi, eta, beranduago, Song Qinglingekin ezkondu zen, bera baino 27 urte gazteagoa; ezkontza hori, ondorengorik izan ez bazuen ere, zoriontsua izan zen, eta senarren arteko harremanak, estuak[14].
Biografia
aldatuNekazari familia batean jaio zen. 13 urte zituela, Hawaiira joan zen bere anaiarekin bizitzera. Bertan, hezkuntza kristaua jaso, eta ingelesa ikasi zuen. Mendebaldeko Medikuntza ikasketak egin zituen Hawaiin, eta, ondoren, Hong Kongen, eta sendagile izan zen Macaun. Mendebaldeko botere kolonialisten presentziarekin, Sunek Txinaren gainbehera ikusi zuen. 1894an, Sunek, erreformarako proposamen luze bat idatzi zion Li Hongzhang orduko gobernu inperialeko funtzionario garrantzitsuari. Horrek, hala ere, ez zuen irakurri. Ordutik aurrera, Sunek jarrera iraultzailea hartu zuen. Urte berean, Txinaz kanpo bizi ziren ehun bat txinatarrekin, bere lehen ezkutuko elkartea, Txina Berpizteko Elkartea, sortu zuen, hurrengo helburu hauekin: mantxuriarrak gobernutik botatzea, gobernua txinatarrei itzultzea eta errepublika bat sortzea. Hurrengo urtean, 1895ean, Sunek Kantonen (Guangzhou) altxamendua burutu zuen beste iraultzaileekin. Porrota jasoz, Sunek Japoniara ihes egin zuen, eta handik Londresa.
Londresa iristean, Txinako delegazioak harrapatu, eta atxilotu egin zuen, 12 egunez. Irakasle ingelesari esker, askatzea lortu zuen. Esperientzia horrengatik, ingelesen egunkarietan agertu zen. Ustekabeko gertaera horrek Sun ezagun egin zuen mundu mailan eta txinatar iraultzaileen artean.
1908an, Liga Iraultzailea sortu zuen, gero Kuomintang alderdi bihurtu zena. 1911an, Sun Estatu Batuetan egon zen iraultzarako dirua biltzen. 1911ko amaieran, Wuchangeko Altxamendutik hasitako iraultza (1911ko Iraultza) arrakasta lortzen ari zen berri entzuterakoan, Txinara itzuli zen, 1911ko abenduan, iraultzaileekin elkartzeko eta gobernu errepublikazalearen antolaketari buruz hitz egiteko. 1912ko urtarrilaren 1ean, iraultzaileek, Nanjingen, Txinako Errepublika eta behin-behineko gobernuaren sorrera aldarrikatu, eta Sun errepublikako presidente izendatu zuten. Gobernu hori, geroago, militarren esku geratu zen, Sunek nahi ez zuena. Hortaz, 1918an, beste gobernu iraultzaile bat egin zuen Shanghain eta Guangdongen, nazio indartsuekiko berdintasuna, demokrazia eta ekonomia-aurreramendua aldarrikatzen zituena.
Arrakasta militar handirik lortu ez zuenez, mendebaldeko nazioen laguntza eskatu zuen, alferrik ordea. Sobietarrek, berriz, laguntza eskaini zioten 1923an, eta Txinako komunisten lankidetza ere onartu zuen. 1923an, Txinako iparraldeko jauntxoak garaitu zituen sobietarren laguntzaz. 1924an, Kuomintangek programa politiko berria jakinarazi zuen.
1925ean, Sun Yat-Sen Pekinen sartu zen, eta handik gutxira hil zen. Txina modernoaren sortzailetzat hartua izan da.
Lehen ekintza iraultzaileak eta erbestea
aldatuBere jarduera iraultzailearen lehen etapa 1894ko azaroa eta 1896ko urria bitartean garatu zen[13]. Lehen egunean, Honolulun, Txinako Birsorkuntzarako Elkartea (興中會, xīngzhōnghuì) [13][10] sortu zuen, Txinaren berpizkunde politikoa sustatu eta Qing dinastiaren aurkako jarduera iraultzaileak bultzatzeko helburuarekin eta bere herrialdean gobernu demokratiko eta errepublikanoa ezartzeko. Sun parte hartu zuen Mantxu dinastiaren aurkako lehen altxamendua finantzatzeko dirua jarri zuen antolakuntzak, Hawaiira emigratutako ehun bat txinatar kideko taldetxo bat besterik ez[13]. Ordutik, Txinako emigrazioaren dohaintzak Sunen jarduera politikoen iturri nagusietako bat bihurtu ziren[13]. Bere bidaia ugarien arrazoietako bat, hain zuzen ere, monarkiaren aurkako ondoz ondoko erakundeen jarduerak finantzatzeko funtsak lortzea izan zen[16]. Funts horien zatirik handiena, balizko eta etorkizuneko Gobernu errepublikzale baten izenean egindako dohaintza txiki eta maileguetatik zetorren[17]. Diru-sarreren segurtasun ezak, hala ere, Sunek aldi zailak pasatzea eragin zuen, beste aldi batzuetan diru gehiago eduki bazuen ere mantxuriarren kontra aritzeko[17].
1895eko urtarrilean, Sun Hong Kongera itzuli zen bildutako diruarekin Kantonen gobernu inperialaren aurkako altxamendua antolatzeko[13][18]. 1895eko urriaren 26rako aurreikusita, konspirazioa agintarien aurrean salatu zen, eta porrot egin zuen[18]; Sun harrapatu eta hiltzeko zorian egon zen[19]. Nahiz eta Sun ausarta izan eta ekintzan bizitza arriskuan jarri, alderdikide bat izan zen hautatua, Yang Chu-yung, elkartearen presidente eta etorkizuneko presidente errepublikaren ezarpenak fruituak ematen bazuen[19]. Sun, atsekabetuta, etengabe aritu zen Yangen aurka, 1900eko urtarrilean erakundearen buru izatea lortu zuen arte[20]. Ordutik aurrera, parte hartu zuen erakunde iraultzaile guztietako buru izan zen Sun[21].
Altxamenduaren porrotak eta agintarien jazarpenak erbestera joatera behartu zuten[20]. Lehenengo Japonian finkatu zen[18]; 1912an, Zhongshan janzkera utzi, eta mendebaldekoa hartu zuen, zeinarekin ospetsu egin baitzen[21]. Txinara egindako lau bisita laburrengatik izan ezik, hurrengo hamasei urteak erbestean eman zituen[21]. 1896ko urtarrilean, Honolulura joan zen, eta, ekainean, kontinente amerikarrera[18].
1896ko urrian egin zen ospetsu nazioartean, Londreseko Txinako enbaxadak hamahiru egunez bahitu zuenean[21][18]. Lagun boteretsuen presioari eta enbaxadako langile britainiar batzuekin zuen trebetasunari esker[18] askatzea lortu zuen, Txinara, exekutatua izan zedin, ezkutuan bidali beharrean[21]. Sun kasuaren publizitatea erabiltzen saiatu zen, Parlamentu britainiarrean aipatu baitzen, kausa politikoa bultzatzeko eta Londresko Gobernuaren babesa lortzeko[22]. 1897ko uztailera arte egon zen britainiar hiriburuan, hiriko baldintza sozialak aztertzeko aprobetxatuz eta Karl Marxen, John Stuart Millen eta Henry Georgeren idatziak aztertuz, eta konbentzitu zen erreforma sozialak aplikatu beharraz, Txina modernizatzeko eta Europako industria iraultzak jasan zituen gatazkak saihesteko[23].
Japoniako garaia
aldatu1897tik aurrera, batez ere Japonian bizi izan zen, non, mende amaieran, bere Herriaren Hiru Printzipioak definitu zituen; horiek desberdintasunen aurkako borroka barne hartzen zuten, sektore batzuetan Estatu-sozialismoa nahastuz eta Mills eta Georgetik eratorritako zerga-sistema bat ezarriz[24][18]. 1897ko udazkenean iritsi zen Japoniara, Kanadan barrena[18]. Japonian, Sunek funtsak jaso zituen, bai gobernutik —klandestinoki—, bai enpresa, bai partikularretatik[25]. Hasieran, herrialdearekiko nola halako sinpatia bat susmatu zuen, asiar komunitate baten sentimendua eta mendebaldeko inperialismoaren aurkakoa. Japonian egindako egonaldiaren amaieran, ordea, Sun desilusionatuta zegoen Japoniako bilakaera inperialista eta kontserbadorearengatik[25]. 1907 inguruan, Japoniako finantziazio-iturri gehienak galdu zituen[25]. Japonia izan zen, nolanahi ere, bere jarduera gune nagusia garai hartan, bere ideia politikoak landu zituen lekua eta bere jardueretarako diru ugari lortu zuena[26].
1899an, Sunen antolakuntzaren eta Liang Qichao erreformista eta jakintsuaren arteko elkar laguntzeko saiakerak porrot egin zuen[24]. Ordutik, bi alderdi politikoak lehian aritu ziren Txinako emigrazioaren dohainak lortzeko[24]. 1899-1900ean, Sunek Filipinetako ekintzak babestu zituen Estatu Batuek Filipinetako uharteak kontrola ez zitzaten[18], Inperialismoaren aurkako bere lehen ekintzetako bat izan zen, eta Sunek Asiako arazoekiko, oro har, zuen interesa erakusten zuen[1]. 1900eko urrian, gobernu inperialaren aurkako altxamendua zuzendu zuen atzerritik, Waichowen[2][18]. Urte berean, alferrik bilatu zuen gobernu britainiarraren (Boxerren matxinadan murgilduta) babesa[25]. Bera saiatu zen altxamendua zuzentzen Txinan, baina Hong Kongeko polizia britainiarrak lurralde txinatarrera pasatzea eragotzi zion[27]. Japoniara itzuli zenean, Yokohaman finkatu zen[27].
1903an, Indotxina bisitatu zuen urtarriletik udazkenera arte, Japoniara itzuli zen arte; orduan, eskola militar iraultzailea sortu zuen bere aldekoentzat[27]. 1904ko udaberrian, Honolulun eta AEBn izan zen berriro, eta Solutions to China's problem's (Txinako arazoetarako irtenbideak) argitaratu zuen[27]. 1905eko udaberrian, Ameriketako Estatu Batuetatik Europara joan zen, eta, bertan, kontinentean bizi ziren ikasle txinatarren artean, hainbat talde iraultzaile antolatu zituen[27].
1905eko uztailaren amaieran, Sun Japoniara itzuli zen Europan eta Estatu Batuetan zehar egindako bidaiatik[28][27]. Ikasle txinatarrek harrera beroa egin zioten, eta mantxuen aurkako mugimendu iraultzailearen buruzagitzat hartu zuten[28]. Tokion Aliantzaren Elkartea sortu zuen (同盟會, tóngménghuì, Txinako Aliantza Iraultzailearen Elkartea), hainbat zirkulu iraultzaile bildu zituena[28][27]. Gizarte hori izango zen, 1911n, Kuomintang sortuko zenaren hasikina, txinatar nazionalismoaren alderdi nagusia. Alderdiak Sun izendatu zuen presidente, eta Txinako monarkiko konstituzionalistekin lehiatu zuen gazteria nazionalistaren sostengua zein emigrazioaren babes finantzarioa, bi taldeak borrokan ari baitziren[2]. Aldi berean, alderdi politikorako egunkari berri bat sortu zen: Min Bao (Herriaren Egunkaria)[27].
1900 eta 1908 artean, Frantziako agintari kolonialekin harremanetan egon zen Indotxinan, eta, horri esker, Txinan, lau altxamendu zuzendu zituen lurralde horretatik[29]. Sunen mugimenduari babesa, nagusiki, graduazio baxuko ofizialek eman zioten, baina Frantziako gobernuak laguntza horrekin bukatu zuen, babes hori eskualdean zituen interesekin bateraezina zela iritzita[29]. Parisek hasieratik esan zuen: hobe zela Txinako gobernu inperialarekin harreman onak edukitzea Sunen jarduera iraultzaileak bultzatzea baino[30].
1906an, maiz bidaiatu zuen Indotxinara eta Asiako hego-ekialdera, Txinako hegoaldeko hainbat probintziatan altxamenduak prestatzera[27]. Japoniarren garaipenaren ondoren, Japoniako agintariak zorrotzagoak bihurtu ziren Txinako iraultzaileen ekintzekin[31]. Japoniako botere militar berriak eta txinatarren ekintzak Japoniara hedatuko ote ziren beldur, begi txarrez ikusi zituzten horiek[31].
Indotxinako garaia
aldatu1907ko hasieran, Tokion ikasle talde bati mantxuen aurkako hitzaldi baten ondoren, Txinako gobernuak Sun Japoniatik kanporatzea eskatu zuen[32][33]. Otsailean, Japoniako gobernuak eskaera onartu, eta, hurrengo hilabetean, herrialdetik kanporatu zuen[32][33]. Japoniako Atzerri Ministerioak, ordea, diru kopuru handia eman zion maiz egiten zituen bidaiak ordaintzeko[26]. Ordutik aurrera, herrialdean ongi etorria izan ez bazen ere, Sunek ez zuen galdu Japoniaren laguntza —bereziki finantzarioa— lortzen jarraitzeko itxaropenak[26].
Hegoaldeko Txinako probintzien egoera ezegonkorra, Txina eta Indotxina arteko muga zatarra zeharkatzeko erraztasuna eta iraultzaileen aldeko txinatar kolonia handi baten presentzia baliatuz, Sunek Hanoin lekutzea erabaki zuen[32][33]. Beste potentzia batzuekin egin moduan, zeinengandik laguntza eta kooperazioa lortzen saiatu zen, Sunek kontzesioak agindu zizkien Frantziako agintariei bere babesaren truke[34]. Indotxinako «tolerantzia» aldian, zazpi altxamendu egin zituen gobernu inperialaren aurka; denek porrotez bukatu zuten[35].
Frantziako agintariekin gatazkarik ez sortzeko ardura handiz, bere kanporatzea ekiditeko, Kantoneko maiatzeko eta ekaineko matxinadak babestu zituen, indar inperialek, azkenerako, ito zituztenak, kostata bada ere[32]. Irailean beste bi lehertu ziren, eta Sunen jarraitzaileek parte hartu zuten, baina, berriro ere, porrot egin zuen[36][33]. Behin baino gehiagotan, Txinako gobernuak Sun estraditatzeko eskatu zuen[36]. Abenduan, Sunen jarraitzaileek mugako gotorleku bat hartu zuten, Sunek abenduaren 3an bisitatuko zuena[36]. Gertaera astebete baino ez zuen iraun, gobernuaren tropek laster berreskuratu baitzuten plaza[37]. 1908ko urtarrilaren 15ean, Sun Hanoin atxilotu zuten, Frantziako gobernuak, deseroso, bultzatutako iraultzaileen errepresio kanpaina baten parte gisa, Frantziak mantxuen aurkako jardueretan zuen permisibitateagatik[37]. Hilaren 25ean, Singapurrera bidean ontziratu zuten, kanporatuta[37][33]. Singapurretik, 1908ko apirilaren amaieran, Sun saiatu zen Yunnaneko mugan gobernu inperialaren aurka altxatu ziren matxinoei armak eta dirua bidaltzen, baina alferrik izan zen Frantziako agintari kolonialek jarritako oztopoengatik[38]. 1909. urtearen hasieran, Txinako eta Frantziako gobernuek jarduera subertsiboei aurre egiteko akordio bat sinatu zuten, behin betiko desagerrarazi zuena Tonkin Sun eta bere aldekoen jardueren base gisa[39].
Malaysiako garaia eta iraultzaren bezperak
aldatuSunen Elkarteak antolatutako altxamenduen porrotek, herrialdetik kanpo egoteak eta bertan sumatzen zen atsekabeak 1908tik krisian zegoen erakundea kaltetu zuten[2]. Sun egoeraz beti baikor, monarkiaren gainbeheran eta Gobernu inperialaren aurkari nagusietako bat izaten jarraitu zuen[2].
1908ko martxoaren eta 1909ko maiatzaren artean, Singapurren eta Malaysia britainiarrean bizi izan zen, diruz eskas aurreko urtean monarkiaren aurka abiatutako sei saiakeren porroten ondoren[40]. Gero, Europara eta Ameriketako Estatu Batuetara bidaiatu zuen[33]. 1910eko otsailean, San Frantziskon zegoen, non Elkartearen talde bat sortu zuen, eta, Kantonen, matxinada berri bat finantzatzeko dirua biltzen hasi zen, berriro porrot eginez[33]. Asiara itzuli zen orduan, eta, uztailean, Singapurrera iritsi zen [33].
1910eko azaroan, bilera bat egin zuen Penang hirian, bere laguntzailerik estuenekin, eta Kantonen matxinada berri bat prestatzea onartu zuten[33]; hori finantzatzeko, Sun Estatu Batuetara eta Kanadara joan zen dohaintza eta mailegu berriak eskatzeko, eta arrakasta handia izan zuen[41]. Ordurako, britainiar agintari kolonialek Malaysiatik alde egitera behartu zuten[35][33]. Herbeheretar kolonietan finkatzea ere debekatua zuen[33]. 1911ko apirilaren 27an gertatutako matxinada beste porrot bat izan zen[42]. Ameriketako Estatu Batuetan egon zen bitartean, plan militar bat taxutu zuen AEBko zale batzuekin Mantxu erregimena agintetik kentzeko, baina porrot egin zuen funts faltagatik[43].
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b Wilbur 1976, 17-18 orr. .
- ↑ a b c d e f Wilbur 1976, 18 orr. .
- ↑ Wilbur 1976, 19 orr. .
- ↑ Fairbank & Twitchett 1983, 527-528 orr. .
- ↑ Fairbank & Twitchett 1983, 528 orr. .
- ↑ a b c d e f Wilbur 1976, 11 orr. .
- ↑ a b c d e f Mantici 1975, 255 orr. .
- ↑ a b c d Boorman & Howard 1970, 170 orr. .
- ↑ a b c d e f g h Boorman & Howard 1970, 171 orr. .
- ↑ a b c d e Mantici 1975, 256 orr. .
- ↑ a b c d e f Wilbur 1976, 12 orr. .
- ↑ Wilbur 1976, 12-13 orr. .
- ↑ a b c d e f Wilbur 1976, 13 orr. .
- ↑ a b Wilbur 1976, 36-37 orr. .
- ↑ Wilbur 1976, 36 orr. .
- ↑ Wilbur 1976, 41 orr. .
- ↑ a b Wilbur 1976, 41-42 orr. .
- ↑ a b c d e f g h i j Mantici 1975, 257 orr. .
- ↑ a b Wilbur 1976, 14 orr. .
- ↑ a b Wilbur 1976, 14-15 orr. .
- ↑ a b c d e Wilbur 1976, 15 orr. .
- ↑ Wilbur 1976, 15-16 orr. .
- ↑ Wilbur 1976, 16 orr. .
- ↑ a b c Wilbur 1976, 17 orr. .
- ↑ a b c d Wilbur 1976, 56 orr. .
- ↑ a b c Wilbur 1976, 59 orr. .
- ↑ a b c d e f g h i Mantici 1975, 258 orr. .
- ↑ a b c Munholland 1972, 83 orr. .
- ↑ a b Munholland 1972, 77 orr. .
- ↑ Munholland 1972, 79-80 orr. .
- ↑ a b Munholland 1972, 88 orr. .
- ↑ a b c d Munholland 1972, 89 orr. .
- ↑ a b c d e f g h i j k Mantici 1975, 259 orr. .
- ↑ Wilbur 1976, 61 orr. .
- ↑ a b Wilbur 1976, 67 orr. .
- ↑ a b c Munholland 1972, 90 orr. .
- ↑ a b c Munholland 1972, 91 orr. .
- ↑ Munholland 1972, 92-93 orr. .
- ↑ Munholland 1972, 93 orr. .
- ↑ Wilbur 1976, 44 orr. .
- ↑ Wilbur 1976, 45 orr. .
- ↑ Wilbur 1976, 45, 72 orr. .
- ↑ Wilbur 1976, 67, 72 orr. .
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Bibliografia
aldatu- King Fairbank, John. La transformación del orden imperial tardío. In: Historia de China: Siglos XIX y XX. Madrid: Aliantza. 1990. 143-184.
- (Ingelesez) Boorman, Howard Lyon; Howard, Richard C.. (1970). Biographical Dictionary of Republican China: Mao-Wu. Columbia University Press, 471 or. ISBN 9780231089579..
- (Ingelesez) Fairbank, John King; Twitchett, Denis. (1983). The Cambridge History of China Volume 12, Republican China, 1912–1949 (1). Cambridge University Press ISBN 9780521235419..
- (Ingelesez) Fenby, Jonathan. (2004). Chiang Kai-shek. China's Generalissimo and the Nation he Lost. Carroll & Graf Publishers ISBN 0786713186..
- Mantici, Giorgio. (1975). «CRONOLOGIA DELLA VITA DEL DR. SUN YAT-SEN» Cina 12: 255-263..
- Munholland, J. Kim. (1972). «The French Connection that Failed: France and Sun Yat-Sen, 1900-1908» The Journal of Asian Studies 321: 77-95..
- (Ingelesez) Wilbur, C Martin. (1976). Sun Yat-sen, frustrated patriot. Columbia University Press, 413 or. ISBN 9780231040365..