M-15 mugimendua, nazioartean ingelesez Spanish Revolution ("Espainiar Iraultza", euskaraz), espainiar estatuan 2011ko maiatzaz geroztik eta 2012 urteko amaierara bitartean izan zen protesta eta gizarte mugimendua izan zen, hasieran hainbat hiritan kanpaldi iraunkorrak eginez aste batzuetan zehar eta politikoen eta interes ekonomikoen aurkako protesta-ekintza zuzenak ondoren, benetako demokrazia eta erreforma politiko eta sozioekonomiko sakonak exijitzeko. Protestetan parte hartzen zuten pertsonei gaztelaniaz Ciudadanos Indignados (euskaraz, Hiritar Haserretuak) deitu zitzaien. Protesta mugimenduak modu autonomoan garatu zen, bere baitan inongo talde edo erakunderen parte hartze nabarmenik gabe eta antolakuntza horizontal eta lauso batez. Hasierako ekimena maiatzaren 15ean Espainiako hainbat hiritan Democracia Real Ya taldeak eta atxikitako beste hainbat elkartek deituriko elkarretaratzeak izan ziren. Bertan milaka pertsona bildu ziren, sare sozialen bidez antolaturik, Espainian benetako demokrazia eskatuz, bi alderdi politiko nagusien (PSOE eta PP) ustelkeria eta nagusigoa, gazteen langabezia altua, gobernuak finantza krisia dela eta bankuei emaniko diru-laguntza salatuz eta beste hainbat aldarrikapenekin batera.

2011ko maiatz eta ekaineko protestak Espainian eta Hego Euskal Herrian
Donostian Bulevarreko kioskoa izan zen kanpaldi eta asanblada-tokia.
KokapenaEspainia
Iraupena2011ko maiatzaren 11tik
EzaugarriakDesobedientzia zibila, protestak, kanpaldiak

Mugimendu herrikoia zabaldu egin zen hurrengo egunetan, Espainiako hainbat hiritan kontzentrazio etengabeak edo kanpaldiak eginez, egunetik egunera jarraipen eta oihartzun zabala sortuz. Nolanahi ere, pertsona gehien bildu zituzten Madrilgo eta, neurri txikiagoan, Bartzelonako kanpaldiak izan ziren mugimenduaren erreferentzia nagusiak. Mugimendua zabaltzeko nabarmena izan zen Twitter, Facebook eta beste sare sozialen erabilera. Mugimenduarekiko elkartasun-ekintzak nazioartera ere zabaldu ziren. Maiatzaren 22an Espainia osoan udal hauteskundeak burutu behar zirela eta, hauteskunde autonomiko zenbaitekin batera, alderdi politikoek arreta eta kezka azaldu zuten mugimenduarekiko, batzuk, gehienetan eskuinaren aldetik, mugimenduaren manipulazioa gaitzetsiz, eta beste batzuk mugimenduaren erreibindikazioak bereganatuz. Orohar, ordea, mugimendua talde politiko, hedabide eta intelektual gehienen atxikimendua jaso zuen hasierako egunetan, baina asteak aurrera joan ahala, protesten seta eta sistema politiko eta ekonomikoaren aurkako mezu iraunkorrak direla eta, botereen aldetik protesten aurkako iritziak zabaltzen joan ziren. Horrek eragin nabarmena izan protesten kudeaketa polizialean: hasieran giro baketsuan garatu baziren ere, hauteskundeen ondoren eta bereziki kanpaldietatik protesta-ekintza zuzenagoetara igarotzean, protesta egiten zutenen aurkako errepresio poliziala areagotzen joan zen. Dena den, hauteskunde egunaren ondoren, mugimendua indarra galtzen joan zen, politologo eta soziologoen iritziz, erreferentzia sinboliko eta ideologiko argia ez izateagatik eta lidergo ezagatik. Azkenik, ekainaren erdialdean kanpaldi gehienak desegin ziren, baina bestelako protesta ekintzak antolatzen jarraitu zen. Hilabeteak pasa ahala, mugimendua indarra galtzen joan zen, baina horren ordez arloan arloko protesta eta mugimendu ugari sortu ziren, Atzeraldi Handia dela eta ezarritako murrizketen aurka. 2014ko hasieran, ordea, Ahal Dugu alderdia sortu zen mugimenduaren txanda hartzeko. Parte hartu zuen lehenengo hauteskundeetan arrakasta nabarmena lortuta, PP eta PSOE alderdien bipartidismoa hautsi zuen indarretako bat izan zen.

Hego Euskal Herriko hiriburuetan ere kanpaldiak eta protestak izan ziren, Espainian izandako protesten ildotik, antzeko erreibindikazioekin eta, hasieran horren inguruko kritikak izan baziren ere, horiei gaineratu lekiokeen kutsu abertzalea erabat baztertuz.

Aurrekariak aldatu

1973ko krisi ekonomikoaren ondoren, estatu kapitalistek beraiek antolatutako ongizate estatua delakoa, aurreko hamarkadetan hazkunde ekonomiko handia ekarri zuena, kolokan jarri zuten, langabezia estrukturala nabarmen gehituz eta gizarte zerbitzu eta laguntzak murriztuz hainbat kasutan. 2008an hasitako Atzeraldi Handiak krisi sozioekonomikoa areagotu egin zuen: Espainiako langabezia-tasa %20tik gora kokatu zen biztanleria aktibo osoan eta %40tik gora heldu zen gazteen artean; beste alde batetik, etxebizitzaren arazoak bertan zirauen, etxebizitzaren prezioak jeitsi arren, krisi ekonomikoak kredituaren iturriak eten baitzituen. Itxaropen eza ere nagusi zen populazioaren sektore zabaletan eta gazteei buruz belaunaldi galdua osatzen zutela aipatu zen.

Krisi sozioekonomikoaz gainera, beste zenbait aurrekari ere badaude. 2010-2011ko Ekialde Hurbileko eta Ipar Afrikako matxinadek oihartzun zabala izan zuten mundu osoan eta hamarkada luzeez geroztik protesta zibilak erregimen diktatorialak kolokan jarri ditzakeela erakutsi zuen. Portugalen ere Geração à rasca ("Kinka larriko belaunaldia", euskaraz) gazteen protesta-mugimendua sortu zen martxoan, gazteentzako aukera eza gaitzesten zuena[1]. 2010 urtean frantsesez plazaratu eta 2011 urtearen hasieran gaztelaniaz nahiz euskaraz argitaratu zen Haserretu zaitezte! liburuxkak ustegabeko arrakasta izan zuen, injustiziaren aurka eta mundua aldatzearen alde gazteen kontzientzia piztuz. Ildo beretik zihoan Reacciona izeneko liburu kolektiboa, José Luis Sampedro irakaslearen burupean. Aldi berean, Internet bidezko partekatzearen aurkako Sinde legearen aurka mobilizazio ugari izan ziren, sarean nahiz kalean, NoLesVotes taldeak deiturik. Protesta giro horretan, 2011ko apirilaren 7an Juventud Sin Futuro unibertsitate-taldeak ere elkarretaratze bat burutu zuen Madrilen, isliluekin amaitu zena[2].

Mugimenduaren abiapuntua Espainiako hainbat hiritan Democracia Real Ya taldeak maiatzaren 15ean deituriko elkarretaratzeak izan ziren "No somos mercancía de políticos ni de banqueros" ("Ez gara politiko eta bankarien salgaiak" ) eta "Toma la calle" ("Hartu kalea") lelopean eta data horretatik datorkio mugimenduari izena. Talde hau otsail aldera sortu zen Facebooken, pertsona eta talde zenbaiten baterako lanaz, eta geroztik ehunka atxikimendu bildu zituen denetariko elkarte eta erakundeen artetik[3].

Maiatzaren 15eko manifestazioek dozenaka mila lagun bildu zituzten estatu osoan, ustegabeko arrakasta lortuz batez ere internetik sortutako mugimendua izanik. Hedabideek, ordea, oihartzun eskasa egiten zioten mugimenduari, eta bereziki amaieran polizia eta manifestari batzuen arteko istiluei egin zitzaien arreta[4]. Maiatzaren 15etik 16rako gauean, dozenaka lagunek kanpatzeari ekin zioten Madrilgo Puerta del Sol plazan. Astelehenetik asteartera lagun gehiago bildu ziren, baina goizaldean poliziak bortizki kanporatu zituen, atxiloketa zenbait ere eginez. Biharamunean, kanpaldia berregin eta M15 mugimendu zabala abiarazi zen.

Mugimenduaren ideologia aldatu

 
Protestak eskakizun jakinekin hasi baziren ere, egunak aurrera egin ahala, kanpaldietan eta bertako biltzarretan parte hartzen zuten pertsonek denetariko erreibindikazioak egiten zituzten, mugimendua norabide argirik gabe utziz. Irudian, Donostiako kanpaldian jendeak utzitako mezuak.

Maiatzaren 15eko elkarretaratzean, mugimendua alderdi politiko eta sindikatuetatik at kokatzen zela nabarmendu nahi izan zuten antolatzaile eta parte hartzaileek. Bipartidismoa gainditu, demokrazia ordezkakor zilegiagoa (barruti bakarrarekin, besteak beste), oinarrizko eskubide konstituzionalak (lana, osasuna, hezkuntza) eskatu eta klase politikoaren ustelkeria salatu zuten protestan ari zirenek, ideologia eta joera politiko guztietarako printzipio minimo eta amankomun moduan. Kanpaldietan egindako asanbladetan, ordea, bi motako joerak azaldu ziren: batetik, egungo sistema politiko eta ekonomikoaren erreformaren aldekoak, hauteskunde sisteman egin beharreko aldaketak nabarmentzen zituztenak; eta bestetik gizarte mugimendu kritiko edo ezker erradikalaren ingurukoak, kapitalismoaren aurkako erreibindikazioak plazaratzen joan zirenak. Zatiketa horrek tirabirak eragin zituen mugimenduaren baitan. Kanpaldietan ezker joerako proposamenak onartzen zirenean, bere neutraltasuna eta alderdikeriarik eza zalantzan jartzen ari zirela argudiatuta[5] eta hasieran adostutako printzipio minimoak berreskuratzearen alde. Ezkertiarrengatik, berriz, printzipio horiek inposatuz, kanpaldietako asanblada edo biltzarrei autonomia kendu nahi izatea salatu zen[6]. Helburua erreformismoaz edo politikoen arreta sorrarazteaz haraindi, borroka politiko zabal eta iraunkorragoa izan behar zela ere baieztatu zen ezkerreko sektoreen aldetik[7]. Beste zenbaiten iritziz, apartidismoa, interklasismoa eta hiritar guztiak bildu beharko lituzkeen mugimendu baten batasunerako itsumen horrek kutsu burges eta faxista nabarmena zuen[8][9].

Mugimenduaren antolaketa ezak sare sozialen bitartez zabaldutako agiri zenbait plazaratzea ekarri zuen, guztiz ideologia ezberdinekin eta batzuetan kutsu partidista nabarmen batez, batzuen iritziz[10]. Edonola ere, protesta guztietan zehar erreibindikazio zehatzen falta eta ideologia eza nabarmena izan ziren[11], besteak beste erabakiak hartzeko moduagatik, asanbladetan jendeak denetariko eta batzuetan aurkako eskakizunak azaldu eta erabakiak hartzeko erabateko adostasuna eskatzen baitzen askotan.

Kataluniako protesten berezitasuna aldatu

Kataluniako protestak estatuko mugimenduaren hasierako planteamenduetatik aldendu ziren. Alde batetik, Bartzelonako kanpaldiak Democracia Real Ya taldearekiko lotura ukatu zuen, horko mugimenduaren zuzendaritza asanbladari berari egotziz[12]. Bestetik, Manifest Catalan Revolution delakoa agertu zen, egungo sistema politikoaren aurkako erantzun gisa[13], baina Spanish Revolution delakotik —eta Madrilgo protestetatik— aldenduz, bereziki hauteskunde barruti bakarrarekiko desadostasuna eta autodeterminazio eskubidea aldarrikatuz eta Espainiako Konstituzioaren zilegitasuna ukatuz[14]. Manifest Catalan Revolution delakoarekin atxikimendua erakutsi zuten bereziki Bartzelona ezik Kataluniako beste herri eta auzoetako kanpaldietan. Estatuko beste mobilizazioak Democracia Real Ya taldeak bereganatu nahi izan bazituen ere, Katalunian garbi utzi zuten elkarte guztietatik at kokatu eta euren burua inork ez zuela ordezkatzen[15].

Azkenean, ekainaren 5ean eta bozketa emaitza estu batez, Bartzelonako kanpaldia bertan behera uztea erabaki zen egun berean, autodeterminazio eskubidea mugimenduaren erreibindikazio gisa hartzea erabaki zuen bertako asanbladak[16].

Mugimenduaren bilakaera aldatu

Maiatzaren 15eko igandeko elkarretaratzea hilabete batzuetako lanaren emaitza izan bazen ere, ondorengo kanpaldiak berehalakoak izan ziren, inongo planifikaziorik gabe. Maiatzaren 16tik 17rako asteleheneko gauean Puerta del Sol plazako ehunka laguneko kontzentrazioa poliziak desegin eta biharamunean milaka lagun biltzen dira plazan, Twitter eta beste sare sozialen bitartez deiturik, kanpaldi eta mobilizazioei buruzko hashtag izenekoak mundu mailan trending topic bilakatuz (hala nola, #acampadasol, #spanishrevolution eta #nonosvamos; izan ere, hashtag bat trending topic bilakatzeko hashtagaren etengabeko berrikuntza beharrezkoa baitzen)[17]. Astean zehar, kanpaldiak estatu osoko hainbat hiritara zabaldu ziren.

Kostata baina esnatu gara.

Boto ematea osasunaren aurkakoa da.

Bankuak salbatu, pobreari lapurtu.

Dirua sistemaren odola da.

Error 404: DEMOKRAZIA not found

Diktadura honetan, ahal duzu botoa eman.

Herriaren herra entzun.

Kanpaldi honek kalea itxi baina bidea zabaldu egiten du.

Euren ametsak zure zergak dira.

Putek goberna gaitzatela, euren kumeekin nahikoa izan dugu eta!

Pentsatzen dut, traba egiten diet beraz.

Gainean pixa egiten digute eta euria ari duela diote.

Protestak mundu osora zabaldu ziren (#globalcamp) , maiatzaren 19tik maiatzaren 22ra bitartean eta Europan bereziki[18][19], kasu batzuetan elkartasuna erakusteko Espainiako enbaxaden aurrean bilkurak eginez eta besteetan protestaren arrazoiak euren herrietara zabaltzeko. Oro har, ordea, mugimendua Espainiara mugatu eta ez zuen arrakasta handirik izan nazioartean, lehenengo asteko protesta ekitaldiak kendurik.

Maiatzaren 22ko igandean ospatu behar ziren hauteskundeak zirela eta, astean zehar hiri batetik bestera debekuak eta baimenak eman ziren kanpaldiak egiteko[20] baina azkenean Hauteskunde Batzorde Zentralak, eta ondoren Espainiako Auzitegi Gorenak zein Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, debekatu egin zituzten astebururako aurreikusita ziren bilkurak eta kanpaldiak[21], baina gobernuak ez zuen horien aurkako inongo neurririk hartu, baketsuak zirela argudiatuz[22]. Kanpaldietan bildutakoek ere euren protesta hausnarketa nahiz hauteskunde-egunean bertan behera uzteko inongo arrazoirik ez zegoela adierazi zuten, beraiena alderdi politikoekin zerikusirik ez duen mugimendua baitzen.

Hauteskunde ondorengo astelehenetik aurrera, ordea, kanpaldiak ez ziren hain jendetsuak izan eta hedabideek eskaintzen zieten arreta gero eta txikiagoa izan zen. Aldi berean, kanpaldiek inguruko denda eta bizilagunei sortzen zizkieten eragozpenen aurkako iritziak plazaratzen joan ziren. Hedabideetan ere eztabaida politikatik higiene eta segurtasun arlora (biopolitikara alegia, Michel Foucault filosofoari jarraiki)[23] aldatzen joan zen.

Maiatzaren 27ko ostiralean Bartzelonako kanpaldia desegin zuen poliziak, higiene arrazoiak direla medio eta bertan bildutako objektuek biharamunean F.C. Barcelonak jokatu behar zuen futbol finalaren ospakizunetan izaten diren istiluetan erabil zitezkeela argudiatuz[24]. Berehala, bertaratutako jendeak protesta baketsua egin zuen arren, polizia indarrez saiatu zen jendea kanporatzen,[25] eta dozenaka zauritu egin zituzten. Kanpaldia desegin eta jendea kanporatzeko indarkeriak jarraipen zabala izan zuen hedabideetan, zuzeneko informazioa eskainiz. Twitterren, gaia mundu mailako trending topic bilakatu zen ostiral goiz hartan. Estatuko beste kanpaldietan elkartasun ekintza ugari burutu ziren: kanpaldiko pertsonek loreak eta esku zuriak erakutsi zituzten[26] eta Madrilen, esaterako, elkarretaratze bat antolatu zen Espainiako Kongresura joateko, baina poliziak bidea moztu zien[27].

Ekainaren 4an Lisboan burutzen ari zen kanpaldia indarrez hustu zuen portugaldar poliziak, herrialde horretan biharamunean hauteskundeak burutu behar zirelarik. Espainian ere, Alfredo Pérez Rubalcaba barne ministroak kanpaldiko pertsonei bertan denbora luzeagoa ezin egongo zutela adierazi zuen bezperan[28]. Bitartean, kanpaldietan polizia eta CNI espainiar inteligentzia-zerbitzuaren agente infiltratuak zirela zabaldu zen, kanpaldiak kontrolatu eta manipulatu nahian[29].

 
Hasi eta hilabetera, kanpaldiak desegiten joan ziren, protesta eta mobilizazioak beste modu batera burutzeko. Irudian, kanpamenduaren altxaketa eztabaidatuko duen asanbladarako deia Donostian. Lelo hau dakar gaztelaniaz: Ez dugu putzu batean igeri egin nahi, itsaso batean nabigatu baizik, kanpaldiak zabaltzeko ikusten zuten beharrari erreferentzia eginez.

Bartzelonako hustuketa gertatu zen egun berean eta aurreko egunetan ugaldu ziren salaketak direla eta, Madrilgo udalak eta erkidegoak bertako kanpaldiak sortzen zituen garbitasun eta segurtasun-arazoak nabarmendu eta gobernu zentralari Puerta del Sol plaza husteko exijitu zioten; inguruko merkatariek jasandako galerak ere salatu zituzten, erantzunik gabe. Puerta del Solen bildutakoek, berriz, salaketa horiek gezurtatu zituzten[30][31][32]. Aldi berean, Madrilgo asanblada mugimendua Puerta del Sol kanpalditik Madrilgo hainbat auzo eta herritara zabaldu zen.

Maiatzaren 29ko igandetik aurrera asanbladek kanpaldiak bertan behera uzteko erabakia aztertu zuten bereziki, protesta-kanpaldiaren helburuak (gizartearen eta politikoen arreta piztea, kasu) lortuak zirelarik, mugimenduari beste dimentsio bat eman nahian; baina baita ere lege-arazoak ekiditearren eta hornidura nahiz segurtasunari buruz izandako arazoak direla eta[33]. Bitartean, estatuan erreferentzia zen kanpaldi horretako pertsonen arteko giroa okertzen ere hasi zen; hain zuzen, kolektibo ezberdinen arteko zatiketa nabarmena zen eta liskarrak ere izan ziren[34]. Bereziki, okupa kulturako taldeek Puerta del Solgo kanpaldia okupatu izana zabaldu zuten hedabideek modu gaitzesgarrian, mugimenduaren erreibindikazioen aldeko lanik egiten ez zutenak[35]; beste interpretazio zenbaiten arabera, berriz, kanpaldien iraupenak berez bazuen balio iraultzailea, espazio publiko autogestionatu bat sortzen zuelako. Aldi berean, estatu osoko asanbladetako informazioa antolatu eta proposamenak adosteko, mugimendua internet-komunitate baten bitartez antolatzen hasi zen [36][37]eta ekainaren 3, 4 eta 5ean estatu osoko 53 asanbladatako ordezkariak Madrilen bildu ziren, kanpaldien ondoren mugimenduaren norabide komun bat eztabaidatu eta baterako mobilizazioak deitzeko[38]. Edonola ere, protestetan parte hartzen zuten pertsonen kopurua nabarmen jeitsi zen protesten hirugarren astean (ekainaren hasieran), bereziki parte hartzaileen nekeagatik, hedabideen arreta eskasagatik (eta batez ere kanpaldiek sortzen zituzten elkarbizitza-arazoetan zentraturik)[39], kanpaldietako protestak norabide argirik gabe jarraitu eta mugimenduak asanbladetan erabaki zehatzak eta erreibindikazio minimoak finkatzeko gaitasunik erakusten ez zuelako.

Azkenik, aurreko egunetan estatuko zenbait hiritan bezala, ekainaren 12rako Bartzelona nahiz Madrilgo kanpaldiak bertan behera geratu ziren, eztabaida anitzen ondoren eta bertako biltzarrak hala erabakita, No nos vamos, nos expandimos ("Ez dugu alde egiten, zabaldu baizik") lelopean, protesta-modu berriei ekin eta mugimendua auzo eta herrietara zabaltzeko[40], baina nekeak ere eraginda. Hala ere, kanpaldien balio sinbolikoa atxikitzeko kanpaldiak izan ziren plazetan informazio-gune zenbait utzi eta aldiro asanbladak egitea erabaki zen. Pertsona kopuru txiki batek kanpaldian jarraitzea erabaki zuen, ordea[41].

Kanpaldiak desegiten ari ziren egun hauetan, protesta ekintza zuzenagoak deitu ziren. Bereziki, politikoen bilkuren aurkako boikot-elkarretaratzeak izan ziren ekainaren erdialdean eta kasu batzuetan poliziaren gogor ekin zien horien aurka, karga polizialak sorrarazteko polizia infiltratuak ere erabiliz[42][43]. Hipoteka ez ordaintzegatik familiak kanporatzea eragozteko ekintza arrakastatsuak ere egin zituzten.

 
Mugimendua aurrera joan ahala, bere eskakizunak zehazten joan ziren: esaterako, hipoteka ez ordaintzegatiko etxe husteak salatu eta hipotekapeko etxea hipotekaren ordainketa moduan onartzea eskatu zen, etxebizitza eskubidea aldarrikatuz.

Ekainaren 19rako estatuko hainbat hiritan elkarretaratze-deialdiak egin ziren, euroaren itunaren aurka, jai eta protesta giroan hamar milaka lagun bildu zituztenak. Mobilizazio horrek mugimenduari bultzada eta zabalkuntza eman zion, bertan eskakizun zehatzak egin eta azken egunetan politikariek mugimendua kriminilizatu eta hedabide nagusiek mugimenduaren indarkeriarekiko beldurra zabaldu arren, elkarretaratzeak jendetsuak eta baketsuak izan zirelako. Hurrengo mobilizazio zabala uztailaren 23rako deitu zen Madrilen, ekainaren 19aren ondoren hainbat hirietatik abiatutako ibilaldiak bertan bat egitean. Ibilaldien bilkura uztailean mugimenduak burutu zuen mobilizazio zabalena izan zen eta hedabideen arreta berreskuratu zuen egun horietan. Bilkura horren ondoren, foro sozial bat izan zen Madrilen, non Madrilen zegoen Joseph Stiglitz Ekonomiako Nobel Sariak parte hartu zuen. Bilkura horren ondoren, Bruselarako ibilaldi bateratu bat abiatzea erabaki zen[44]. Ekainean eta uztailean zehar, gainera, mugimenduak ordaindu ezinagatiko etxebizitza-utzarazpen zenbait eragotzi zituen[45]. Protesten hasierako berehalakotasuna, ordea, galdu egin zen, orduan ere irauten zuten kanpaldi zenbaitetan ezik. Ekainaren 30ean Bartzelonako kanpaldian irauten zutenak aterarazi zituen poliziak, maiatzaren 27an izan zen erresistentziarik gabe ordea [46], protesta mugimenduaren gainbeheraren islada moduan. Halaber, uztailaren 3tik 4rako gauean poliziak Espainiako hiri zenbaitetan geratzen ziren kanpaldi txikiak desegin zituen[47]. Aldi berean, kanpaldietan protesta moduan jarraitu nahi zutenen eta mugimenduari beste norabide bat eman nahi zion M15 mugimenduaren zatiketa areagotu egin zen[48], ordura arte izandako protesten elkartasuna eta batasuna apurtuz. Gerora, M15 mugimendua izan zen izandako protestak kapitalizatu zituena, modu desitxuratu eta apalean izan bazen ere, haserretuen protestaldi batetik mugimendu pragmatiko batera iraganez.

Udan zehar, M-15 mugimenduaren ekitaldi nagusiak Madrilerako uztaileko ibilaldiak eta 2011ko Munduko Gazteen Topaketaren gehiegizko gastuaren aurkakoak izan ziren, mugimenduko sektore zenbait topaketaren aurka azaldu nahi izan ez bazuten ere. Irailaren 17an, tomalabolsa izeneko jardunaldia burutu zen, mundu osoko hirietan zehar egin behar ziren elkarretaratzeekin bat, non burtsa eta finantza merkatuen jokabidearen aurka agertu zen. Bartzelonan burtsaren eraikinaren aurrean kanpaldi bat egin zen, bi egun geroago poliziak desegin zuena, eta 5000-25000 pertsona, estimazio zenbaiten arabera, bildu ziren hezkuntzan eta osasungintzan gobernu katalanak aurreikusitako murrizketen aurka[49]. Madrildik Bruselarako ibilaldi bati ekin zioten ekintzaile zenbaitek, Europako beste zenbait hirietatik abiatutako ibilaldiekin bat eginez. Bruselara urriaren 8an heldu ziren eta bertan kanpaldi bat egiteko asmotan zebiltzala, poliziak 50 kide atxilotu zituen[50].

Mugimenduak berpizte nabarmena izan zuen 2011ko urriaren 15eko protestak deitu eta burutzean. Protestak munduko hainbat hiritan izan ziren eta hilabete zenbait lehenago hasi ziren planifikatzen M-15 mugimendutik bertatik. Jarraipen zabala izan zuten eta Ameriketako Estatu Batuetako Occupy Wall Street mugimenduarekin bat eginez burutu ziren. Espainiako hainbat hiritan manifestaldiak izan ziren eta horien ondoren, okupazioak izan ziren: Madrilen Puerta del Soletik gertu hotel abandonatua okupatu zen eta Bartzelonan etxebizitza hutsen eraikin bat.

2012ko urtearen hasieran, mugimendua hipoteka ez ordaintzeagatik etxebizitzatik kaleratzeen aurka etxebizitza ordainean ematearen aldeko kanpainetan murgildurik ibili zen. Espainiako administrazioetan zehar burutzen ari ziren hezkuntza eta osasungintza publikoko murrizketen aurkako mobilizazioak ere sustatu zituzten. M-15 mugimendua desegitean, protesta hauek izango ziren herritarren atxikimendua bereganatu zutenak.

Udaberrian eta M-15 mugimenduaren urtebetetzeari begira, 12M15M izeneko kanpaina berezia prestatu zen mugimendua berpizteko, maiatzaren 12an mundu osoan antolatu behar ziren protestaldiekin lotura eginez. Protestak Espainiako hainbat hiritan antolatu baziren ere, jarraipen handiena Madrilen izan zuen, non zenbait egunetan zehar manifestazioak eta asanbladak burutu ziren Puerta del Sol plazaren inguruetan. Munduan zehar, deialdiak jarraipen eskasa izan zuen. Agintariek protestak geldiarazteko ahalegin berezia egin zuten, pertsonen kontzentrazioen ordutegiei buruzko muga zorrotzak jarriz. Maiatzaren 12an Madrilgo manifestaldiak hamar milaka lagun bildu zituen kaleetan. Beste mobilizazioek, ordea, askoz ere pertsona gutxiago bildu zituzten. Hala eta guztiz ere, poliziaren errepresioa bortitza izan zen, hainbat zauritu izan ziren protesta baketsuan parte hartzeagatik soilik eta hamarka atxilotu ere izan ziren.

Bitartean, mugimenduak oihartzun mediatikoa galtzen ari zen bitartean. Deitutako mobilizazioen ondoren, mugimendutik helburuak eta estrategiak aztertu eta erabakitzeko barne eztabaidetan aritu zen. 2012ko udazkenaren hasieran, ordea, irailaren 25ean hain zuzen, Rodea el Congreso ("Inguratu Kongresua") izeneko protesta zabala deitu zen Espainiako legebiltzarraren inguruetan, gizarte plataforma batek deiturik, eta M-15 mugimenduko asanblada askoren atxikimendua bildu zuena. Deialdiak gobernuaren erantzun zorrotza jaso zuen, milaka polizia bilduz Espainiako hiriburuetan[51] eta istilu larriak gertatu ziren, guztira 64 zauritu eta 35 atxiloturekin. Azken astinaldi hauek gorabehera, ordea, M-15 mugimendua, indarreango sistema politiko eta sozioekonomikoaren aurkako protesta ekimen orokor moduan erabat deseginda zegoen eta 2013 urtearen hasierarako arloan arloko protesta mugimenduak, bereziki Atzeraldi Handiaren ondorioen aurkakoak, hala nola hipoteken aurkako mugimendua, lehentasunezko partaidetzen aurkako mobilizazioak eta Marea Blanca izenekoak izan ziren herritarren haserrea bereziki bideratu zutenak.

Aldi berean, mugimendua ildo berri batetik bideratu eta indarberritzeko, mugimenduaren erreibindikazio eta proposamenetan oinarritutako mugimendu eta alderdi politikoak sortu ziren. Asmo horrekin, 2013ko urtarrilean alderdi politiko baten sorrera iragarri zen, Partido X, Partido del Futuro izenarekin.[52], hauteskundeetan arakasta handirik gabe. M-15 mugimenduaren ezinegona eta irrikak arrakastaz eta oihartzun politiko garbi batez jasoko zituena 2014ko hasieran sortutako Ahal Dugu alderdia izan zen. 2014ko Europako Parlamenturako hauteskundeetan lehen aldiz aurkeztu eta arrakasta handia lortu zuen. Hortik aurrera, Espainiako politikaren protagonista nabarmena bilakatu eta PP eta PSOE alderdien bipartidismoa hautsi zuen.

Mugimenduaren antolaketa aldatu

 
Errespetua izan zen asanbladetan zaindu zen lerro nagusietako bat; horrela, adibidez, iskanbila sortu gabe guztien ideiak entzun ahal izateko, hizlarien ideia eta iritziekin adostasuna adierazteko txaloen ordez eskuak zabaldu eta astindu egiten ziren.
 
Kanpaldiak batzorde eta eztabaida gune zenbaiten bitartez antolatzen ziren.

Hasiera batean mugimendua piztu zuen elkarretaratzearen bultzatzailea Democracia Real Ya taldea izan bazen ere, sare sozialen bultzada kolektiboa eta kanpaldietako asanbladak izan ziren ondorengo protesta eta mugimenduaren eramaileak. Protestaz haraindi, errebindikazioak bateratu eta horiek bideratzeko modua ere izan ziren asanbladetan jorratzen ziren gaiak. Berehala, lidergo eza eta horizontaltasuna izan ziren mugimenduaren ezaugarri, batzuen iritziz mugimenduaren zabalkuntza eta arrakasta eragozten zuena, baina besteentzat mugimenduaren oinarrizko izaera demokratikoa adierazten zuena. Protesten koordinazio eza agerian geratu zen batzuetan; adibidez, maiatzaren 30ean pertsona bakoitzak bere banku kontutik 155€ ateratzeko deia zabaldu zen sarean, Democracia Real Ya taldeak ekimen horrekin bat ez zetorrela adierazi arren.[53]

Espazio politiko bat osatzeaz gainera, kanpaldietan bildutakoek autogestiorako ahalmen handia erakutsi zuten kanpaldietan parte hartu zutenek, batzuetan milaka herritarri harrera eta zerbitzuak eskaini behar izan arren. Madrilgo Puerta del Sol gunean eguzki energia baliatzen zen eta lorategiak baratze bilakatu ziren. Boluntarioek osatutako batzorde zenbait eratu ziren kanpaldi bakoitzean: hala nola, komunikazioa (hedabideekin harremanak antolatzeko), hedapena (mugimendua zabaltzeko), garbiketa, azpiegiturak, elikadura eta begirunea (gatazkak konpontzeko). Denetariko zerbitzuak (haurtzaindegia, liburutegia) eta lantegi irekiak (masajeak, dantza...) ere antolatu ziren.

Hala ere, kanpaldiek erabaki bateratu eta zehatzak hartu eta mezu argiak zabaltzeko ezintasun handia erakutsi zuten, lidergo eza edota asanblada eta batzordeetan erabakiak erabateko adostasunez hartzea eskatzen zelako. Protesta-kanpaldiak M15 mugimenduaren baitan kokatzen baziren ere, kanpaldi bakoitzaren autonomiak mugimenduaren batasuna eragozten zuen. Mugimenduaren hiperaktibitatea parte hartzaileek aurkezten zituzten ideia eta ekimen kopuru itzelari aurre egin ezina ere aipatu ziren[54]. Hala ere, kanpaldiek internet zuten presentzia bateratzea lortu zen, Tomalaplaza izeneko webgune bateratuen bitartez[55]. Mugimenduaren sorreran zegoen Democracia Real Ya taldea kanpaldien alde agertzen bazen ere, ez zituen zuzenean antolatu eta sustatu[56] eta azkenean protesta eta mobilizazio deialdiak batez ere kanpaldietako asanbladek bereganatu zituzten.

Asanbladetan hartutako erabakien zilegitasuna ere kritikatu zen zenbaiten aldetik, bertaratutakoek soilik eman baitzezaketen botoa eta hori ere eskua altxatuz egiten baitzen. Kritika hau eskuineko sektoreen aldetik erabili zen, benetako demokrazia hauteskundeetako emaitzetan zegoela baieztatuz. Asanbladetatik, ordea, karisma, lidergo edo bestelako botere-erak gainditzeko ahaleginak egin ziren, eztabaidak bultzatuz, erabakiak hartzeko ahalik eta adostasun handiena bilatuz.[57] Genero berdintasunezko joakbideak ere funtsezkoak izan ziren mugimedjuan zehar eta asanbladetan maiz zabaltzen zen sexismorik gabeko hizkuntza erabiltzeko (gaztelaniaz, todas y todos eta personas esamoldeak erabiliz, adibidez).

Indarkeria-eza eta protesta bideak aldatu

Hasiera batetik mugimenduak indarkeria-ezaren printzipioak bereganatu zituen. Hala ere, mugimenduaren baitan protestak bideratzeko moduari buruzko eztabaidak sortu ziren, legeak eta ordenamandu juridikoa errespetatu eta desobedientzia zibila eta indarra erabili behar ote ziren eta zein punturaino. Kanpaldiek beraiek desobedientzia ekintzak izan ziren, askotan udalek horrelako kontzentrazioak debekatu zituztelako. Kanpaldien mugimendua amaitzean, protesta modu berriei ekin zitzaien. Desobedientzia zibilari ekin zioten ekimenen artean Stop desahucios (bankuek egindako etxe kentzeen aurkako ekintzak, non kontzentrazioen bitartez bizilagunen kaleratzea eragozten zen), Yo no pago (Madrilgo garraioen tarifa igoeraren aurka txartela ordaindu gabe bidaiatzea sustatzen zuena) eta No vull pagar (Kataluniako autopistetean bidesariak ordaintzeari uko eginez) daude. Mugimendua desobedientziatik indarrezko ekintzetara aldatu zen beste kasu batzuetan, hala nola Kataluniako Legebiltzarraren setioan, 2011ko ekainaren 15ean,[58] eta Madrilgo metroan larrialdietarako balaztei eraginez metroak geldiaraztean 2012ko udaberrian.[59]

2012ko udaberrian 15MPedia izeneko entziklopedia aske eta boluntarioek idatzitakoa zabaldu zen, mugimenduari buruzko informazioa eta dokumentazioa bildu nahian.[60]

Zatiketa mugimenduaren baitan aldatu

Bestalde, mugimenduaren horizontaltasunak eztabaida eta gatazka ugari ekarri zituen. DRY taldearen bultzatzailea zen Fabio Gándara abokatuari mugimendua manipulatzearen salaketak egin zitzaizkion, mugimenduaren bozeramalearen rola legitimitaterik gabe bereganatuz eta DRY erakundetik mugimendua kapitalizatuz. Gándarak kanpaldi eta asanbladetatik baztertu ziren zenbait ekimen proposatu zituen, hala nola 2011ko urriaren 15erako bultzatu beharreko erreferendum bat. Erabateko zatiketa 2012ko apirilean gauzatu zen, Fabio Gándara DRY Democracia Real Ya taldearen izen ematea Espainiako Barne Ministerioan elkarte gisa burutu zuenean, espainiar sistema juridiko politikoan modu egokiagoan bideratu eta mugimenduaren asanblearismoaren aurka.[61][62][63]

Protestak Hego Euskal Herrian aldatu

 
Donostian euroaren itunaren aurka burutu zen elkarretaratzearen burua.

Mugimendua hasi zen astean bertan, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan antolatu ziren kanpaldiak,: Bilbon, Arriaga plazan antolatu zen kanpaldia; Donostian, bulebarreko kioskoan; Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazan eta Gazteluko plazan Iruñean. Kanpaldietan estatuko kanpaldietako erreibindikazio berdintsuak aldarrikatu ziren. Berehala, asanbladetan Euskal Herriarekin bereziki zerikusia zuten erreibindikazioak (autodeterminazioa, kasu) eta bilkura horietan euskararen erabilera sustatzeko eskaera plazaratu ziren. Hasieratik ezker abertzaleak atxikimendua erakutsi zuten mugimenduarekin[64], guztiz bereganatzen ez bazuen ere[65]; egunak aurrera ahala, sentikortasun abertzalea mugimendutik at geratu zen.

Kanpaldiak ekainaren 19an euroaren itunaren aurka burutu ziren elkarretaratzeekin batera desegin ziren. Estatuan bezala, elkarretaratze horiek arrakasta zabala izan zuten, Hego Euskal Herriko hiriburuetan milaka lagun bilduz.

Ildo beretik Ipar Euskal Herrian ere protestak izan ziren. Baionan etengabeko kanpaldi bat antolatu zen. Kanpaldi horretako parte hartzaileak, gainera, izan ziren, besteak beste, Aurore Martin ezkertiar abertzalearen atxiloketa eragotzi zutena ekainaren 21ean[66].

Balorazio eta erreakzioak aldatu

Alderdi politikoak aldatu

Alderdi politikoak ustekabean harrapatu zituen protestak. Lehenengo astean zehar mobilizazioek hartu zuten indarra ikusita, mugimenduak alderdi politikoen nagusikeriaren eta politkoen ustelkeriaren aurka jo arren, alderdi politiko guztiek zuhurtziaz baloratu zuten mugimendua, hauteskundeak astearen bukaeran ospatu behar zirela kontuan harturik. Hala ere, PP eskuineko alderdiak errezeloz baloratu zuen mugimendua, ezkerretik PSOE eta IU alderdiek paternalismoz jokatu zuten bitartean [67]. José Luis Rodríguez Zapatero Espainiako presidenteak, PSOE alderdiko burua ere bazena, "kasu egin behar zaie, sentikorra izan behar da, haserre eta kritika hori adierazteko arrazoiak baitaude" adierazi zuen. Oposizioaren aldetik, Mariano Rajoyk politikoen deskalifikazio erraza kritikatu zuen eta gobernua aldatzeko botua eman behar zela adierazi zuen[68]. Esperanza Aguirre Madrilgo Erkidegoko presidenteak "antisistemak hauteskundeetara aurkeztu behar zirela" adierazi zuen; geroago horien erreibindikazioak ulertu egiten zituela esan eta ezkerrak M15 mugimendua manipulatzeko ahaleginak salatu zituen[69]. Izquierda Unida alderditik, Madrilgo kanpaldiaren aurkako poliziaren lehenengo erasoa gaitzetsi, gazteen arrazoiak ulertu eta beraien botoa eskatu zen[70]; azkenean, hauteskundeen aurretik mugimenduarekiko erabateko atxikimendua erakutsi zuten[71]. UPyD alderdiko Rosa Diezek mugimendu "ez gaitzetsi ezta irentsi" egiteko deia egin zuen, gerora eta hauteskundeen aurretik mugimenduaren inguruan jalgi zen "Todos a una" manifestua UPyD alderdiko programarekin bat zetorrela salatu bazen ere[10].

Hauteskunde egunaren ondoren eta egunak aurrera joan ahala, mugimendua mesfidantzaz eta erasokortasunez baloratzen hasi ziren eskuin zein ezkerreko alderdiak. Horren ondorio gisa, mugimenduaren ekintza zenbaiten aurkako errepresio poliziala izan zen, mugimendua manipulatu kriminalizatu nahian infiltratu polizialak erabiliz sarri. Nabarmena izan zen politikoen diskurtsoan antisistema etiketa negatiboaren erabilera, mugimenduaren baitan onak eta txarrak (antisistemak, alegia) bereizi behar zirela zabalduz[67].

Hedabideak aldatu

Kalean eta sare sozialetan garatzen zen mugimendua izanik, hedabideek bertatik eta zuzenean testigantzak jaso ahal izan zituzten. Horrek hedabideek egin ohi duten iragazia eragotzi egin zuen eta horrela, mugimenduari buruz denetariko eta espero gabeko mezuak zabaldu zituzten[72][73]. Aldi berean, hedabideen lana funtsezkoa izan zen, adibidez, Bartzelonako akanpada desegiteko poliziaren gehiegikeriaren irudiak zabaldu ahal izateko. Errealitate honi buruzko diskurtsoa, ordea, alboratua izan zen askotan, bereziki mahai inguruetan: adibidez, mobilizazioak ezkerraren konspirazioa edo antisistema nahiz alperren bilkurak besterik ez zirela aipatu zen eskuineko hedabideen aldetik, bereziki jarraipen etengabe eta zabala egin zuen Intereconomía telebistaren aldetik[74]. Mespretxu moduan, eskuineko hedabideek perroflauta terminoa aplikatu zen azkenean mugimenduan hartzen zutenak aipatzeko.

Hedabideen tratamendua denboran zehar ere oso ezberdina izan zen. Lehenengo astean, mugimenduak parte hartze handia izan zuenean, hedabideen arreta arlo politikoan zabaldu zen, batik bat maiatzaren 22ko hauteskundeen aurretik gertatzen ari zelarik eta horietan izan zezakeen eraginagatik. Hirugarren astetik aurrera, berriz, protesta-kanpaldiek sortzen zituzten eragozpenetan zentratu ziren.

Kanpaldiak bertan behera utzita, hedabide gehienek mugimendua indarkeriara lerratzeko arriskua nabarmendu zuten. Horrela, Kataluniako parlamentuaren aurrean izandako liskarrei oihartzun zabala eskaini zieten, mahai inguruetan eta iritzi artikuluetan euren gaitzespena plazaratuz eta mugimenduak lerro gorria iragan zuela ohartaraziz kasu askotan. Diskurtso eta eztabaida artifiziala iza zela frogatu zen, hedabide nagusietan zabaldu gabeko bideo zenbaitetan ikusi zenez, indarkeria ekintza larrienak polizia infiltratuek eta istiluen aurkako poliziak zuzenean eragindakoak izan baitziren [42][43][75].

Intelektualak aldatu

 
M-15 mugimenduari buruzko liburu-sorta zabala argitaratu zen hurrengo hilabeteetan.

Protestei emandako oihartzun zabalaren ildotik, hedabideek maiz eman zien hitza pentsalari eta intelektualei. Batzuetan 68ko maiatzari egin zioten erreferentzia, parekotasunak eta ezberdintasunak aipatuz. Zenbaiten iritziz, 68ko maiatzean sistema aldatu nahi zen (hain zuzen, 68ko maiatza garai hartako borroka antikapitalista eta antiinperialisten ingurumarian garatu zen) baina 2011ko maiatzeko protestetan sistemaren aurka sisteman integratu ahal izatea eskatzen zen[76].

Mugimendua neurri batean inspiratu zuen liburuaren egilea zen Stephan Hessel eta gaztelaniazko itzulpenean hitzaurrea idatzi zuen José Luis Sampedro irakasleak maiz egin zituzten adierazpenak mugimenduaren inguruan. Hasiera batean, mugimenduarekiko erabateko atxikimendua eta poza azaldu bazuten ere, errepresio poliziala nagusitu zen momentuetan (bereziki Kataluniako parlamentuaren inguruan izan ziren liskarretan) parte hartzaileen indarkeriaren aurkako aldarrikapenak egin zituzten[77], euren informazioaren alborapena agerian utziz[42][43][75]. José María Ridao idazleak sistema politikoak mugimenduaren eskakizunak bereganatu ordez, mugimendua baztertu (indarkeriarako beldurra zabalduz, esaterako) eta zonalde gris batean kokatzen zuela adierazi zuen[78].

Mugimendua piztu eta hilabetera gutxi gorabehera, zenbait liburu plazaratu ziren horri buruz: Las voces del 15-M (Lince argitaletxea), La rebelión de los indignados, Hablan los indignados (Popular), Les veus de les places (Icaria) eta Carlos Taiboren Nada será como antes (Catarata).

M-15ari buruzko dokumentalak aldatu

  • Vers Madrid
  • Banderas Falsas
  • Falsos Horizontes
  • La Plaza, la gestación del movimiento 15M
  • Libre te quiero
  • 50 días de mayo (Ensayo para una revolución)
  • Indignados
  • 15M: Excelente. Revulsivo. Importante
  • Tres instantes. Un grito (Cecilia Barriga)

Bitxikeriak aldatu

  • Akanpadetan ohiko bihurtu zen txaloen ordez, besoak altxa eta eskuak mugitzea, keinu hizkuntzan egiten den bezala;
  • Gasteizko kanpaldian horia protestaren ikurra izan zen: protestarekin bat zetozenek zinta, kamiseta edo txapa horiak janzten zituzten.
  • Protestako erreibindikazioen aldeko sinadurak biltzeko aitzakipean, hiritarren NAN eta helbideak eskuratzeari ekin zioten iruzurgileek[79].
  • Protestetan jendeak erakusten zituen karteletan maiz agertzen ziren meme izeneko pertsonaiak, euren mezuekin batera[80].
  • Puerta del Solgo kanpaldian desegiten ari zen egunean, bertan egondako haserretu batek 1.3 milioi euro irabazi zituen loterian[81].
  • Paris Hilton eta Rosalía Mera aberatsek euren atxikimendua erakutsi zioten protesta-mugimenduari[82][83].

Erreferentziak aldatu

  1. (Gaztelaniaz) Portugal pierde a una generación, www.elpais.com, 2011-05-26.
  2. (Gaztelaniaz) Los jóvenes proponen una manifestación "masiva" a nivel nacional. Los 12 detenidos por los altercados del jueves, ante el juez, www.elpais.com, 2011-04-09.
  3. (Gaztelaniaz) !Democracia real YA!. Adhesiones., 2011-05-23an kontsultatua.
  4. (Gaztelaniaz) La manifestación de Madrid termina con 24 detenidos, www.elpais.com, 2011-05-15.
  5. (Gaztelaniaz) A los ciudadanos congregados en Sol, ante el rumbo que están tomando los acontecimientos, 2011-05-24ean kontsultatuta.
  6. (Gaztelaniaz) Sobre los puntos mínimos del 15M y su riesgo de manipulación, cntsabadell.wordpress.com, 2011-05-26.
  7. (Gaztelaniaz) Hoy mejor que antes de ayer, www.diagonalperiodico.net, 2011-05-30.
  8. (Gaztelaniaz) Declaración del CE del PCPE sobre las movilizaciones iniciadas el 15 M, barcelona.indymedia.org, 2011-05-19.
  9. Adibidez, José Antonio Primo de Rivera falangistaren aipu honek M15 mugimendutik igorritako mezu zenbaitekin parekotasun nabarmena du: (Gaztelaniaz) "El movimiento de hoy, que no es de partido, sino que es un movimiento, casi podríamos decir un antipartido, sépase desde ahora, no es de derechas ni de izquierdas(...)nuestro movimiento por nada atará sus destinos al interés de grupo o al interés de clase que anida bajo la división superficial de derechas e izquierdas." (Discurso de José Antonio en el acto fundacional de la Falange).
  10. a b (Gaztelaniaz) MANIFIESTO 15-M TODOS A UNA, POR FIN O EL BURDO INTENTO DE ROSA DÍEZ Y UPYD POR ARRANCAR UNOS VOTOS, 2011-05-19.
  11. (Gaztelaniaz) El 15- M debe gestionar la enorme energía que ha liberado. Es el momento de pararse a pensar, La Voz de Iñaki bloga, Iñaki gabilondo, 2011-06-16.
  12. (Gaztelaniaz) La #acampadabcn es desvincula de Democracia Real Ya., Indymedia Barcelona, 2011-05-19.
  13. (Katalanez) Crònica.cat, ed. (2011ko maiatzak 20). #catalanrevolution es distancia de les protestes de Madrid. .
  14. (Katalanez) Diari Ara, ed. (2011ko maiatzak 20). #catalanrevolution alça la veu i marca distàncies amb la Puerta del Sol. .
  15. (Katalanez) Declaració: Qui som a l’Acampada de Barcelona?, acampadabcn.wordpress.com, 2011-06-19an kontsultatua.
  16. (Gaztelaniaz) Los indignados de Barcelona dejarán de acampar en la plaza de Catalunya, www.elpais.com, 2011-06-05.
  17. (Gaztelaniaz) El ágora virtual convive con la plaza analógica, www.diagonalperiodico.net, 2011-06-13.
  18. Lista de ciudades que están tomando la plaza Tomalaplaza.net
  19. La Cope; El 15-M se traslada al resto de Europa, www.cope.es, 2011-05-19.
  20. El 15-M crece pese a la prohibición y la lluvia, www.elpais.com, 2011-05-19.
  21. Asteburuko manifestaldiak debekatu ditu Hauteskunde-batzordeak[Betiko hautsitako esteka],www.eitb.eus, 2011-05-19.
  22. (Gaztelaniaz) Rubalcaba justifica su inacción: son "pacíficos", www.libertaddigital.com, 2011-05-21.
  23. Michel Foucault filosofoak maiz aipatzen zuen higienea, beste jakintza zientifiko batzuekin batera, botere politikoa indartzeko tresna arrazionala dela. Ikus:(Gaztelaniaz) Aguilera Portales, Rafael Enrique. (2010). «Biopolítica, poder y sujeto en Michel Foucault» Revista de Filosofía, Derecho y Política..
  24. (Gaztelaniaz) Los 'indignados' recuperan la plaza de Catalunya tras la retirada de la policía, www.elpais.com, 2011-05-27.
  25. Mossos d'Esquadra poliziak, protestatzaileak jotzen, Catalunya plazatik alde egin dezaten. YouTube webguneko bideoa. Iraupena: 3' 47''.
  26. (Gaztelaniaz) Barcelona vuelve a prender la mecha de Sol, www.elpais.com, 2011-05-27.
  27. (Gaztelaniaz) La Policía corta el paso a 'los indignados' que se dirigen al Congreso, www.diariovasco.com, 2011-05-27.
  28. (Gaztelaniaz) El gobierno de España advirtió a los "indignados" que se les acaba el tiempo, www.lanacion.com.ar, 2011-06-01.
  29. (Gaztelaniaz) Esto está lleno de infiltrados, www.elpais.com, 2011-06-05.
  30. (Gaztelaniaz) Comunicado de Acampada Sol, 2011-05-27, 2011-05-30ean kontsultatua.
  31. (Gaztelaniaz) Los indignados de Sol niegan problemas de seguridad o salud, www.diariovasco.com, 2011-05-28.
  32. (Gaztelaniaz) El Gobierno regional exige a Interior el desalojo de Sol, www.elpais.com, 2011-05-27.
  33. (Gaztelaniaz) Informativo 30 de Mayo, www.youtube.es, 2011-05-31an kontsultatua.
  34. (Gaztelaniaz) Feminismos: Dejamos de dormir en Sol pero seguimos vinculadas al movimiento, madrid.tomalaplaza.net, 2011-06-02.
  35. (Gaztelaniaz) A la acampada de Sol le salen 'okupas', www.elpais.com, 2011-04-06.
  36. (Gaztelaniaz) Resumen del encuentro #interacampadas, madrid.tomalaplaza.es, 2011-06-05.
  37. (Gaztelaniaz) La acampada quiere convertirse en un Parlamento digital, www.elpais.com, 2011-06-01.
  38. (Gaztelaniaz) Encuentro estatal de portavoces de plazas del Movimiento 15M, madrid.tomalaplaza.net, 2011-06-02.
  39. (Gaztelaniaz) ¿Qué está pasando en Sol?, madrid.tomalaplaza.net, 2011-06-03
  40. (Gaztelaniaz) El Movimiento 15-M quiere mantenerse pero encara la recta final de las acampadas, www.elpais.com, 2011-06-01.
  41. (Gaztelaniaz) El movimiento 15-M levanta acampadas y convoca movilizaciones, www.elpais.com, 2011-06-13.
  42. a b c (Gaztelaniaz) Policia Infiltrada en Manifestación Indignados Barcelona 15 Junio 2011, 2011-06-19an kontsultatua.
  43. a b c (Gaztelaniaz) Actualidad : Ya lo tenemos?, el Mosso infiltrado provocando esta luego entre los acorralados?, www.planetatortuga.com, 2011-06-19an kontsultatua.
  44. (Gaztelaniaz) Los 'indignados' deciden iniciar un marcha desde Madrid hacia Bruselas, www.elmundo.es, 2011-07-26.
  45. (Gaztelaniaz) La Policía impide por primera vez paralizar un desahucio en Madrid, www.elpais.com, 2011-07-20.
  46. (Gaztelaniaz) Desalojo acampada plaza Catalunya 30-06-2011 Comunicado comisión internacional, barcelona.indymedia.org, 2011-06-30.
  47. (Gaztelaniaz) La policía desmantela los campamentos de 'indignados' de varias capitales, www.elmundo.es, 2011-07-04.
  48. (Gaztelaniaz) Los mínimos del 15-M, www.elpais.com, 2011-07-04.
  49. (Gaztelaniaz) Desalojados los indignados concentrados frente a la Bolsa de Barcelona, www.elpais.com, 2011-09-19.
  50. (Gaztelaniaz) Medio centenar de detenidos en la llegada de los indignados a Bruselas, www.elpais.com, 2011-10-09.
  51. (Gaztelaniaz) El 25-s coacciona al 15-m, www.rebelion.org, 2012-09-25ean kontsultaturik.
  52. (Gaztelaniaz) Partido X, Partido del Futuro: Rueda de prensa de presentación, www.youtube.com, 2012-01-15ean kontsultatua.
  53. (Gaztelaniaz) Democracia Real Ya se desvincula de la iniciativa de retirar fondos del banco, www.expansion.com, 2011-05-26.
  54. (Gaztelaniaz) 15-M, un movimiento hiperactivo, www.elcorreoweb.es, 2011-06-12.
  55. (Gaztelaniaz) tomalaplaza.net.
  56. (Gaztelaniaz) Democracia Real Ya y Movimiento 15-M, diferentes pero "hermanos" , www.publico.es, 2011-05-30.
  57. (Gaztelaniaz) ¿Las asambleas masivas pueden ser inteligentes?, www.diagonalperiodico.net, 2011-06-13.
  58. (Gaztelaniaz) La deriva violenta de los indignados bloquea el acceso al Parlamento catalán, www.elpais.com, 2011-06-16.
  59. (Gaztelaniaz) ¿Activismo o sabotaje?, www.elpais.com, 2012-06-05.
  60. (Gaztelaniaz) Nace la ‘15MPedia’, una ‘Wikipedia’ para documentar el 15-M, www.elpais.com, 2012-06-07.
  61. (Gaztelaniaz) Democracia Real Ya, la organización que impulsó el 15-M, se parte en dos, www.elpais.com, 2012-04-23.
  62. (Gaztelaniaz) Aventuras y desventuras de Fabio Gandara, "portavoz" de DRY y un "gran" político en ciernes, kaosenlared.net, 2011-09-05.
  63. (Gaztelaniaz) El entrismo neoliberal en DRY no descansa. Su nuevo dilema: ¿reformular el referéndum o crear nueva organización al margen de DRY?, kaosenlared.net, 2011-06-30.
  64. (Gaztelaniaz) Bildu ve 'similitudes importantes' entre su ideario y el del Movimiento 15-M, www.elmundo.es, 2011-05-20.
  65. (Gaztelaniaz) El 15-M descoloca a la izquierda, www.elpais.com, 2011-05-29.
  66. (Gaztelaniaz) La Policía no logra detener a Aurore Martin por la resistencia ciudadana, www.gara.net, 2011-06-22.
  67. a b (Gaztelaniaz) El miedo al 15M: cargas, detenciones, mentiras, poder y temores, www.diagonalperiodico.net, 2011-06-17.
  68. (Gaztelaniaz) Zapatero sobre el 15-M: "Hay que escuchar, hay que ser sensibles", www.elpais.com, 2011-05-19.
  69. (Gaztelaniaz) Aguirre acusa a la izquierda de intentar "manipular" al movimiento 15-M contra el PP, www.elpais.com, 2011-05-18.
  70. (Gaztelaniaz) Acampada juvenil en Sol en favor de "la dignidad frente al mercado", www.elpais.com, 2011-05-16.
  71. (Gaztelaniaz) Cayo Lara asegura que Izquierda Unida forma parte del movimiento 15-M, www.antena3.com, 2011-05-18.
  72. (Gaztelaniaz) INTERECONOMIA MUNTA UNA ENTREVISTA A L'ACAMPADA DE PLAÇA CATALUNYA, www.youtube.com, 2011-05-27an kontsultatua.
  73. (Gaztelaniaz) Una periodista de LDTV es increpada en la plaza de Sol, www.youtube.com, 2011-05-27an kontsultatua.
  74. (Gaztelaniaz) Especial Intereconomía 15M. Son comunistas, socialistas, anarquistas, y de la ETA, www.youtube.es, 2011-05-27an kontsultatua.
  75. a b (Katalanez) Qui son els violents? #15J La violència policial que els mitjans oculten -- TV3 MANIPULA, www.youtube.com, 2011-06-19an kontsultatua.
  76. (Gaztelaniaz) Sol visto desde Mayo del 68, www.elpais.com, 2011-06-05.
  77. (Gaztelaniaz) Stéphane Hessel reprueba los incidentes de Barcelona por el uso de la violencia, www.elmundo.es, 2011-06-16.
  78. (Gaztelaniaz) Indignados en zona gris, www.elpais.com, 2011-06-19.
  79. (Gaztelaniaz) Alertan sobre los emails que aprovechan el 15-M para conseguir datos personales, www.elmundo.es, 2011-06-06.
  80. (Gaztelaniaz) Memes], www.cuantarazon.com, 2011-05-29.
  81. (Gaztelaniaz) El 'indignado' de Sol que se convirtió en millonario, www.elmundo.es, 2011-06-13.
  82. (Gaztelaniaz) Paris, con los indignados, www.elpais.com, 2011-06-06.
  83. (Gaztelaniaz) Rosalía Mera muestra su apoyo total a los indignados, www.elpais.com, 2011-06-08.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu

Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak:
Espainiako_Suminduen_manifestua