Facebook Mark Zuckerbergek sorturiko sare sozial bat da. Harvard Unibertsitateko ikasleentzat sortu zen, baina orain mundu guztiari irekita dago. Erabiltzaile bakoitza bertako sareetan ibil daiteke, bere ikasketen, bizitokiaren edo lanaren arabera, besteak beste.
Datuak | |
---|---|
Izen laburra | FB |
Mota | Gizarte-sare zerbitzua, webgunea, komunikabide soziala, user-generated content platform (en) , online community (en) eta very large online platform (en) |
Erabilitako hizkuntza | ingeles, txinera tradizional, Txinera sinplifikatua eta japoniera |
Agintea | |
Kudeatzailea | Meta Platforms |
Jabea | Meta Platforms |
Historia | |
Sorrera | 2004ko otsailaren 4a |
Sortzailea | |
Jasotako sariak | 'Verschlossene Auster' award (2016) |
webgune ofiziala |
Oso ezaguna bilakatu zen, negozio eredu berria zelako, baina iragarkietatik lortzen zituen mozkinak oso onak izan ez direnez, ez du espero zen moduko arrakasta izan.[erreferentzia behar] 2012ko maiatzaren 18an New Yorkeko NASDAQ merkatuan kotizatzen hasi zen.
2008an goi mailako tituludun jende gehienaren gizarte webgune bilakatu zen, 120 milioi erabiltzaile baitzituen. Zati handi batean, horrenbeste jende gerturatzearen arrazoia hainbat hizkuntzatako Facebook bertsioak sortzea izan zen, urte horretan alemanezko, gaztelaniazko eta frantsesezko bertsioak abiatu baitziren. 2010ean euskarazko bertsioa martxan jarri zen.
Izena
aldatuFacebook izena AEBetako unibertsitateetan lehen urteko ikasleei ematen zaien liburutik dator: bertan haien argazkiak ageri dira, errazago elkar ezagut dezaten.
Historia
aldatuMark Zuckerberg Harvard Unibertsitatean ikasten ari zen. Ideia webean oinarritutako komunitate bat sortzea zen. Han, jendeak bere gustuko gauzak, argazkiak, irudiak eta dena delakoa parteka zitzakeen. Ideia bera beste pertsona batek ere izan zuen 1980ko hamarkadaren amaieran, baina Zuckerbergek Facebooken plataforma beste garatzaile batzuetara hedatu zuen. 2007 eta 2008. urteen artean, gaztelaniazko bertsioa martxan jarri zen, boluntario batzuek ingelesetik itzulita. Horri esker, Latinoamerikako herrialdetara ere zabaldu zen. Gaur egun, informatikari buruzko oinarrizko ezagupenak dituen ia edonork du komunikabide birtual horretaz baliatzeko aukera.
Nazioartean izandako eragina
aldatuVenezuelan egin zen inkesta batean, 13 eta 21 urte bitarteko gazteak Facebook erabiltzaile aktiboak dira. Bestalde, Txileko unibertsitate batean oinarritutako inkesta baten arabera, 18 eta 29 urte bitarteko pertsonen % 73k Facebook darabil.
Facebook beste hizkuntzetan
aldatuFacebooken hizkuntza ofiziala ingelesa da, Estatu Batuetan sortu zelako. Beste hizkuntzak Facebooken erabiltzaileak egin dituzten itzulpenen ondorioz sortu dira. Itzultzeko lana boluntarioki eta doan egiten dute eta Facebook orrian bertan dagoen botoi bat sakatuz, lanari ekin dakioke.
Zerbitzuak
aldatuLagun zerrenda: Horren bitartez, ezaguna duzun edonor gehi daiteke, sarean izen emanda baldin badago. Horri esker, lagunekin argazkiak parteka daitezke, baita aspalditik harremanik izan gabekoekin harremanetan jarri ere.
Txata: Momentuko mezularitza zerbitzua da eta ordenagailu zein mugikor batetik erabil daiteke.
Taldeak eta orrialdeak: Gehien garatu diren elementuak dira. Taldeak gai batez interesatuta daudenak biltzen dituzte, gai horri buruzko irudiak nahiz informazioa eta ikuspuntua emateko. Orrialdeak, ordea, helburu espezifiko batekin sortzen dira eta ez dute elkarketarik proposatzen. Horretaz gain, ez daukate fororik; beraz, ezin da orrialdeko partaideen ideiarik partekatu.
Horma: Honako bat dago profil bakoitzean. Bertan profilaren jabeari mezu bat utz dakioke, haren lagunek gero ikus dezaten. Izen emanda daudenek soilik ikus dezakete.
Argazkiak: bost mila milioi profil argazki daude. 160 terabyte gordeta dauzka.
"Atsegin dut" botoia: Erabiltzaileak edo bere kontaktuek egiten dituzten iragarpenen azpiko aldean dago. Botoiaren irudian esku bat behatz potoloarekin gora begira agertzen da eta iragarpena gustukoa duzun edo ez adierazteko balio du.
Aplikazioak: Aplikazio txikiak dira, erabiltzailearen lagunik onena nor den jakiteko edota nortasunari buruzko informazioa lortzeko.
Jokoak: Facebooken aplikazio gehienek ROL jolasekin zerikusia daude. Halaber, trebetasun jokoak daude.
Polemika
aldatuZentsura
aldatuFacebookek ezarritako zenbait zentsura arauek kalapita sortu dute. Bereziki nabarmentzen dira Facebookek giza biluztasunari eta sexualitateari ezarritako betoak, emakumeen titi-buruak, adibidez. Zentsura duten beste gai arantzatsu batzuk arrazakeria, terrorismoa, hizkeraren kontrola eta gai politiko batzuk dira, baina horiei tratamendu aldakorra emanez, jarreraren arabera ontzat edo txartzat joz.[2]
Langileen lan baldintzak
aldatuFacebookeko langileen ezkutuko azpikontratazioa ere salatu da[3], eta haietako batzuk hertsapen egoeran bizi izatea.
Ezagun du israeldar sionismoaren aldeko jarrera, eta haren kontrako jarreren zentsura.[4][2] Facebookek nazionalismo eta supremazismo zuria debekatu behar zituela ere adierazi zuen 2019ko martxoan, baina adierazi zuen hortik bazter utziko zituela "estatubatuar harrotasuna eta Euskal Herriaren independentziaren aldeko jarrerak", herri horien berezko identitatearen zati direlakoan.[5]
Erabiltzaileen datuen erabilpena
aldatuFacebook enpresak eskaintzen dituen zerbitzurik ezagunenak, Facebook, Instagram, WhatsApp zerbitzuak, erabiltzaileen esku doan uzten dira. Enpresaren negozioa erabiltzaileen datuak biltzetik, prozesatzetik eta saltzetik dator. Publizitate pertsonalizatua eskaintzeko aukera izango dute erabiltzaileei buruz asko dakiten enpresek.
The Guardian egunkari ingelesaren arabera[erreferentzia behar], 2008an CIAk 27,5 milioi dolarreko diru-sarrera egin zuen Facebooken. Facebookeko datu basean sartzeak aukera asko ematen dizkio CIAri, pertsonen mezuak, haien lagun sareak eta elkartzen diren ekintzak ikus ditzaketelako. Horrek pertsona bakoitzaren profil sozio-politikoa egitea ahalbidetzen omen die. Legearen kontrakoa izango litekeen jarrera horrek zeresan handia sortu du toki batzuetan, adibidez Kolonbian: han uste da bertan CIAk FARCen aurkako manifestaldi bat egiteko deialdia egin zuela, ezkutuan, eta kolonbiar batzuen izenean.
Zinema
aldatu2010ean, gizarte sare horren sorrera eta bilakaerari buruzko The Social Network filma mustu zen.
Erreferentziak
aldatu- ↑ (Ingelesez) John, Cyrus. (2021-01-25). «Worried about WhatsApp collecting your data? Facebook collects more» BGR India (Noiz kontsultatua: 2021-09-01).
- ↑ a b «Facebooken zentsura: 15.000 langile prekarioren ogibide sekretua» Argia (Noiz kontsultatua: 2019-03-29).
- ↑ (Ingelesez) «Facebook contractors faced Christmas ultimatum: accept wage offer or lose jobs» the Guardian 2018-12-21 (Noiz kontsultatua: 2021-09-01).
- ↑ (Ingelesez) Wise, Rabbi Alissa. (2021-02-11). «Facebook might censor criticism of Zionists. That’s dangerous | Rabbi Alissa Wise» the Guardian (Noiz kontsultatua: 2021-09-01).
- ↑ Berria.eus. «Facebookek "euskal separatismoa" erabili du adibide gisa, supremazismo zuria debekatzeko oharrean» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-03-29).