Lehen Mundu Gerra Euskal Herrian

Lehen Mundu Gerra Euskal Herrian izandako eragina maila ezberdin eta anitzetan aztertu behar da. Alde batetik, Ipar Euskal Herriak gerran parte hartu zuen, Hego Euskal Herriak ez bezala.

Ipar Euskal Herria

aldatu

1914-1918. urteen bitarteko gerra hartan, Frantziako gudarostean borrokatzera joan behar izan zuten milaka euskal herritar gizonezkoek eta horietako asko hil ziren. Behe Pirinioetako departamentutik 45.000 soldadu mobilizatu ziren (horietatik 25.000 Baionatik partitu ziren), baina baliteke euskal herritar gehiago gerran parte hartu izatea. Honetaz gain, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan «belaunaldi oso bat desagertu zen»[1], soldadu joandako 6.000 euskal herritar hil baitziren.

Bestetik, Iñaki Egaña historialariak dioenez,[2] ipar euskal herritarrak frantsestu zituen: Frantziaren propaganda mezuak barreneraino sartu ziren Ipar Euskal Herrian.[3]

XX. mende hasieran, frantses sentimendua ez zen sarturik euskaldunen baitan eta hori argi islatzen zen intsumisio eta desertzio tasa altuan. Oro har, Europan, intsumituen kopurua % 1,5ekoa zen; Ipar Euskal Herrian, haatik, % 20koa zen. Behe Pirinioetako prefetak Barne ministroari gutun bidez esan zionez, “euskaldunek duten jarrera higuina, soilik esplikatu daiteke duten mentalitate berezi horretan, askok, sortu eta ikusi duten lur puska hori kontsideratzen dute beraien aberri bakarra”.[4]

1918ko azaroaren 30ean Behe Pirinioetako departamentuaren prefekturak 812 desertore eta 6444 intsumitu zenbatu zituen[5], alegia departamentuan mobilizatutako soldaduen %17a[6]. Desertzioa, intsumisioa eta traizioa gogorki zigortzen zen, kartzela edota heriotza zigorrekin. Besteak beste, desertzioaz akusatutako bi euskal herritar fusilatu zituzten, 1914ko urrian Izpurako (Baxe Nafarroa) Pierre Etxeberri gaztea eta 1915ko urtarrilean Louis Lévy, Saint Esprit auzoko Baionarra.

« Mila bederatziehun eta hamalaua! Euskal etxeetan hamaika negar eginarazi duen urtea! Gerla hasteko urtea! »
Jean Elizalde: LVII.a gerlan[7]


 
Gerra hastearen albistea, Eskualduna astekariaren 1914ko abuztuaren 7ko zenbakian.

Frantzia osoan bezala, gerra hartan hildakoak ohoratzen dituzte Ipar Euskal Herrian ere, «aberriaren alde» hil zirelakoan. Frantziako herri gehienetan —eta Ipar Euskal Herriko gehienetan ere— «combattants morts pour la patrie» (aberriaren alde hildako gudariak) zioten plakak jarri zituzten, gerran hil ziren herritarren zerrendarekin. Eta, 1918an gerra hura bukatu zenez geroztik, urtero-urtero ekitaldia egiten da hildakoen monumentuen aurrean, Frantziako bandera, himno, armadaren desfilearekin eta guzti.[3]

Urrats kualitatiboa izan ziren monumento horiek, Frantzia «batzeko» aldera. Hubert Peres historialariak hildakoen monumentuak eta ospakizunak aztertu ditu, hainbat ikerlan, liburu eta artikulutan. Haren ustez, gerran hildakoak omentzeaz harago, hildako horien izenak harri berean eta herriz herri jartzeak kolektibotasun bat ematen die hil horiei. Helburu komun baten alde hil zirela nabarmentzen dute, hots, Frantziaren alde hil zirela. Lehen Mundu Gerrak bihurgune handia markatu zuen Frantziaren historian, «frantses nazioa eraikitzeko» bidean, Peio Etxeberri-Aintxart historialariaren arabera. 18 eta 45 urte arteko gizon guztiak gerrara deituak izan ziren, eta Ipar Euskal Herriko herriak eta baserriak laneko on ziren gizonez hustu ziren. Armak hartu zituzten, eta Frantziaren eta Alemaniaren arteko mugara igorri zituzten, lubakietan borrokatzera.[3]

Baina ez zen frantses armada edo Frantziako Gobernuaren ordezkaritza mezu hori zabaldu zuen bakarra. Ipar Euskal Herriko euskaldunak –apaizak eta apaizen ingurukoak– etengabe ari ziren, euskara hutsez, Frantzia goraipatzen, eta «herriaren alde» hil zirenak omentzen. Eskualduna astekariak modu horretan idazten zituen gerran hildakoen berriak. Lubakietatik berriak igortzen zituzten euskaldunen artikuluak ere argitaratzen zituen Eskualdunak. Gerraren gogortasuna ez zuten aise erakusten, zentsura zela bitarteko. Aldiz, gerrarako motibazioa, alemanak hiltzeko gogoa eta Frantziaren goraipatzea nabarmentzen zen. Ipar Euskal Herriko baserrietan bakarrik gelditu ziren emazteen lekukotasunak ere agertzen ziren batzuetan. Laborantza gizonen laguntzarik gabe sufritzen zutenen sakrifizioa ere goraipatzen zuen, eta «Frantziaren alde alargun izateko prest» ziren emazteak txalotzen.[3]

 
Gerla Handia deituan hildako herritarren ohorezko plaka Muskildiko elizan (Zuberoa)

Gerra hark frantses sentiarazi zituen Ipar Euskal Herriko euskaldun gehienak. Anitzek desertore izateko bidea hautatu zuten; Nafarroako mugatik hurbil zirenek, bereziki. Baina gehienek gerra egin zuten, eta haiek biziki frantses itzuli ziren lubakietatik. Gainera, euskaldun anitz frantsesa ez jakiteagatik hil ziren, aginduak ez zituztelako ulertzen. Ondorioz, euskara jakitea «kaltegarria» zela pentsatu zuten. Horrek ere euskaldunen frantsestea erraztu zuen. Gauza bera jasan zuten bretainiarrek eta korsikarrek ere.[3]

Geroztik, euskararen transmisioan etenaldi luze bat izan zen Ipar Euskal Herrian. Ez bakarrik gerraren ondorioz, baina euskaldun izatea zama gisa bizi izan zuten anitzek.[3] Lehen Mundu Gerrak Frantziako Iraultzak baino eragin handiagoa izan zuen euskal nortasunaren zutabeetan.[2] Frantziaren batasun sakratua sortuko da Lehen Mundu Gerrarekin; frantses nazionalismoaren faboretan mugimendu indartsu batek eramanen ditu gerra hartako gudari ohiak eskuin ideologiara, bereziki Ipar Euskal Herriko barnealdean, buru gisa agertzen dela Jean Ibarnegarai diputatua, Nafarroa Beherean eta Zuberoan hautetsia, eskuin muturreko gizona,[8] Lehen Mundu Gerran zauritu zutelako Ohorezko Legioko dominarekin saritua.

1918an erasoak eten eta handik zortzi hilabetera, Baionan sartu zen 49. erregimentua, eta, Courrier de Bayonne aldizkariaren esanetan, omenaldiz betetako eguna prestatu zuten gerran aritutakoei harrera egiteko. Guy Cazenave tenoreak eman zion amaiera omenaldiari. Marseillaise kantatu zuen, eta gero, norbaitek hala eskatuta, Gernikako Arbola. "Halaxe amaitu zen zeremonia, guztia bikain laburtzen duten hitz batzuekin: Viva Eskual-Herria eta Eskualduna!", argitaratu zuen Courrier de Bayonnek.[9]

Intsumisioa eta desertzioa

aldatu
 
Fédération communiste anarchiste elkartearen kartela, 1912ko urria.

Frantzian ezker muturreko hainbat mugimenduk intsumisioa defendatzen zuten XIX. menderen amaieratik aurrera. 1902an 5.991 intsumitu zeuden Frantzian, 14.067 ziren 1907an eta 13.000 inguru 1912an[10]. Egoera horretan, Lehen Mundu Gerran soldadu joateko dei orokorrean intsumiso kopurua handia izatea espero zuen Frantziako Gobernuak, baina emaitza uste baino txikiagoa izan zen, deitutakoen % 1,5 baino ez[11]. Gerra hotsak entzun bezain pronto, manifestazio batzuk izan ziren Frantzian, baina lasaitasuna izan zen nagusi Ipar Euskal Herrian. Baionan, uztailaren 30ean, gatazka egon zen bakearen alde eta gerraren aurka   manifestatu ziren ezkerreko militanteen eta gerraren aldeko abertzaleen artean[12].

Gerra, ordez, latza izan zen, eta frontean zeudenen desertziorako aukera mozteko Frantziak bere soldaduetako batzuk fusilatu zituen, tartean Pierre Etxeberri eta Louis Mardochée Lévy euskal herritarrak[13][oh 1]. Lehen baimenak etorri zirenean, soldadu askok desertatu eta ez ziren itzuli, baina horien aurkako neurriak zorrotzak ziren, eta zailak Frantzia erdialdean bizi zirenentzat: mugatik gertu desertzioa errazagoa zen. Frantzian desertzioa % 1,5 inguru zen, baina Pirinioetan % 4, eta Ipar Euskal Herria barne hartzen zuen Behe Pirinioak departamenduan % 17,06. Departamenduan, guztira, 14.355 intsumitu eta 948 desertore izan ziren[14], 1914an Frantzia osoko intsumituen % 6,53[15]. Hala ere, intsumitu horietako askok jada lehenago ihes egin zuten Euskal Herritik: askok mugaz bestaldera, batzuek Ameriketara (departamentuko 4.000 inguru bizi ziren Ameriketan 1917an[16]), eta baziren ere arrantzale edo abeltzainak, muga erraz zeharkatzen zutenak[17]. Beheko taulan ikusten denez, Behe Pirinioetako barrutietan egondako intsumitu (% 60) eta desertore gehienak (% 90) euskal barrutietakoak ziren[18]:

Desertoreak eta intsumituak 1916ko azaroaren 30ean
Barrutia Desertoreak Intsumituak Guztira
 

Intsumisioa eta desertzioa Lehen Mundu Gerran Mauleko barrutian kantonamenduaren arabera, eta udalerri hautatu batzuetan.[19]

Paue 19 774 793
Oloroe 18 1.006 1.024
Ortheze 14 760 774
Baiona 324 1.512 1.836
Maule 161 2.578 2.739
Guztira 536 6.630 7.166
 
Desertore bati buruzko txostena, 1916.

Nafarroara ihes egiten zutenen artean egoera erraza izan ohi zen, askok senideak baitzituzten mugaren beste aldean, eta lana zein etxea aurkitzea posible zelako. Baztanen, bereziki karlismoari lotutakoek, Alemaniarekiko sinpatia zuten eta erraz hartzen zituzten Lapurdi eta Nafarroa Behereko intsumituak[20]. Jendarmeriak 1916an egindako txosten baten arabera, Baigorriko eta Donibane Garaziko kantonamenduan intsumituen kopurua nabarmena zen[17]. Garazin 1.314 pertsona mobilizatu zituzten gerrarako, eta 1.310 intsumitu eta 49 desertore zeuden; Baigorrin 1.302 intsumitu, 45 desertore eta 594 gerra joandakoak. Aldude eta Urepelen zegoen kopururik altuena: 205 intsumitu Urepelen (% 81), 263 Alduden (% 87)[21]. Pirinio Behereetako prefetak, egoera ikusita, eskatu zuen ez ematea baimenik etxera itzultzeko euskaldunei edo, ezin bazen hori egin, Marokora bidaltzea, Hego Amerikara ezin joateko[17]. Desertore eta intsumitu askok, gainera, harremana mantendu zuten familiarekin, noizbehinka etxera jaisten ziren gauez eta, kasuren batean, Ibardinen jaia antolatu zuten eta lagunekin dantzatu, mugatik metro batzuetara[21].

Hego Euskal Herria

aldatu

Hego Euskal Herriak ere nabaritu zuen Lehen Mundu Gerraren eragina. Nahiz eta militarki ez aritu. Gerrak ondorio politikoa, ekonomikoa eta militarrak izan zituen lau probintzietan.

Alde batetik, Espainiak hartutako neutraltasuna ezarri zen Hego Euskal Herrian. 1914ko uztailaren 28an gerra hasi zenean, Espainia ekonomikoki garatu gabeko estatua zen, iparraldeko eskualdeetan industria xumea zuena[22]. Politikoki ere koloniak galdu zituen herrialde etsia zen, monarkia kontserbadore batek zuzenduta. Gauzak horrela, abuztuaren 7an Alfontso XIII.a Espainiakoaren Dekretu Lege batek herrialdearen neutraltasuna ezarri zuen, jadanik Eduardo Datoren gobernuak hartutako erabakia berretsiz. Dena den, politikariek eta hiritarrek gerrako alde baten kontra edo aldeko iritziak agertu zituzten. Orokorrean, eskuina Alemaniaren aldekoa zen eta eskerrak Aliatuen aldekoak, salbuespenek egon bazeuden arren. Adibidez, Eduardo Dato neutrala izan zen; Álvaro de Figueroa Romanonesko kondea eta Alejandro Lerroux aliatuen zaleak ziren; Juan Vázquez de Mella karlista, berriz, germanofiloa[23]. Armada gehienbat germanofiloa zen, beste arrazoi batzuen artean, militar alemaniarren efikazia, diziplina eta baloreak miresten zituzten eta.

Aliatuen eta Alemaniaren zaleak elkar borrokatu ziren eta eztabaida sutsuak piztu ziren prentsan. Gainera, hainbat alderdi politikoren barne tentsioa areagotu zuen gerrak, zehazki karlisten eta jeltzaleenak, denak ez baitzeuden ados Lehen Mundu Gerraren inguruan. Karlisten kasuan, Juan Vázquez de Mella eta Jaime III. Erregegaiaren artean banatu ziren. Jeltzaleei dagokionez, Luis Arana presidentearen eta Euzkadi alderdiko egunkari ofizialaren arteko lehia gertatu zen. Azkenik, Arana bota zuten alderditik, hein handi batean gerraren aurrean erakutsitako jarreragatik, Euzkadiren ildo aliadofiloarekin oso kritiko agertu zen[24]

Arlo ekonomikoari dagokionez, hasierako eragin negatiboa pasa ondoren, ekonomia azkar hazi zen. Gerra-egileek elikagaiak, armak, metalak eta ikatza behar zituzten eta Bizkaiko siderurgiak ondo aprobetxatu zuen egoera hori. Ontzigintza ere izugarrizko gorakada izan baitzuen. Nahiz eta itsaspeko gerraren ondorioak bortizki pairatu, Bilboko itsasontziak Europako zama-itsasontzi bilakatu ziren[25]. Armagintzan, Astra, Unceta y Cia S.A. gernikarrak egiten zuen 9 mm-ko Campo-Giro modeloa arauzko bilakatu zen Frantziako armadan, eta 100.000 unitate baino gehiago saldu zituen[26]. Oparoaldia aprobetxatuz, negozio berriak ere ezarri zituen: Banco Urquijo Bilbon, Babcock Wilcox Trapagaranen, eta abar[25].

Baina dena ez zen ederra, gerrak ekoizpenaren eta esportatzearen gorakada ekarri zuen, baina ez barne-eskaintzarena edota soldatena, eta inflazioa eta merkataritza zein industria espekulazioa areagotuz joan ziren, baita 1917ko krisia eregin ere[27].

Oharrak

aldatu
  1. Etxeberrik ez zuen desertatu: bere postuan zegoela, obus bat erori zen ondoan eta bere kide asko hil ziren. Bera oihanera aldendu zen eta, gaua han pasata, goizean Parois herriko infanteria posturaino joan zen. Bere postua utzi zuela eta, urriaren 21ean fusilatu zuten. Mardochéeren kasuan ez zen garaiz agertu Oualcheseko lubakian, beste batean lo egon zelako. 1915eko urtarrilaren 15ean fusilatu zuten.

Erreferentziak

aldatu
  1. https://oarsoaldea.hitza.eus/generoak/iritziak/100-urtez-gerrak-handitzen/. Oarsoaldeko Hitza.
  2. a b Egaña, Iñaki. (2011-11-06). «Mort pour la patrie» Berria.
  3. a b c d e f Bidegain, Eneko. (2008-11-11). «Euskaldunak frantsestu zituen gerla» Berria.[Betiko hautsitako esteka]
  4. «Menderatuak bai, asimilatuak ez» Argia (Noiz kontsultatua: 2018-10-27).
  5. Joël Rocafort, Avant oubli : soldats et civils de la Côte basque durant la Grande Guerre, Editions Atlantica, Biarritz, 1997, 495.orr.
  6. Miquèl Ruquet, “Désertions et insoumissions sur la frontière des Pyrénées pendant la guerre de 14-18”, in Mémoire et trauma de la Grande Guerre, CRBC Rennes 2, 2010, 69.orr.
  7. Jean Elizalde: «Lehen egunak, lehen guduak». LVII.a gerlan liburuko lehen atala.
  8. Haritxelhar, Jean. (2009). «Gerla Zibila: Iparraldeko ikuspegia» Euskera: 54..
  9. «Mende bat Gerla Handia amaitu zela» Berria 2018-11-11 CC BY-SA 4.0 lizentziapean.
  10. Auvray, Michel. (1983). Objecteurs, insoumis, déserteurs : histoire des réfractaires en France. Stock ISBN 2-234-01652-5. PMC 10810295. (Noiz kontsultatua: 2021-05-24).
  11. Jourdan 2014, 3 orr. .
  12. Jourdan 2014, 17 orr. .
  13. Bidegain 2014, 92 orr. .
  14. Bidegain 2014, 94 orr. .
  15. Jourdan 2014, 49 orr. .
  16. Jourdan 2014, 59 orr. .
  17. a b c Garat, Jacques. (2014). Déserteurs et insoumis basques de la Grande Guerre. ISBN 978-84-9027-285-5. PMC 902616262. (Noiz kontsultatua: 2021-05-24).
  18. Jourdan 2014, 52 orr. .
  19. Jourdan 2014, 54-55 orr. .
  20. Bidegain 2014, 95 orr. .
  21. a b Bidegain 2014, 96 orr. .
  22. Tirado, Daniel A.. (2000). Economic Integration and Industrial Location: The Case of Spain Before WWI. European University Institute.
  23. Espadas Burgos, Manuel. «España y la guerra» Historia 16 V: La Gran Guerra, años de sangre, ruinas y miseria.
  24. Larronde, Jean-Claude. (2010). Luis Arana Goiri (1862-1951): historia del nacionalismo vasco. Sabino Arana Fundazioa, 222-226 eta 251 or..
  25. a b Villa, Imanol. (2006-10-15). «El país de Jauja» El Correo.
  26. Auñamendi Eusko Entziklopedia. Astra-Unceta y Compañía. .
  27. García Queipo de Llano, Genoveva. (1996). El reinado de Alfonso XIII. La modernización fallida. Madril: Temas de Hoy ISBN 84-7679-318-9..

Bibliografia

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu