Sakelako telefonoa, telefono mugikorra, eskuko telefonoa edo esku-telefonoa —edo, lagunarteko hizkeran, mobila edo sega-potoa—, maiz sakelakoa, mugikorra edo eskukoa gisa laburtua, haririk gabeko telefono eramangarria da. Gailu horren, bitartez telefonia mugikorreko sarera sar daiteke, bai eta sareak eskaintzen dituen zerbitzuak erabili ere. Sarera sartzeko, telefonoak irrati uhinak erabiltzen ditu .

Sakelako telefonoaren bilakaera

Hasierako sakelako telefonoek deitzeko bakarrik balio zuten, baina teknologiak aurrera egin ahala, aplikazio berriak sortu dira, hala nola SMSak edo mezu laburrak, MP3 erreproduzitzaileak, Bluetooth, argazki-kamera, bideo-jokoak, internet, eta abar. Eboluzio horren ondorioz, telefono adimentsuak jaio dira.

Historia Aldatu

Sakelako telefonoa 1973. urtean jaio zen. Hamabost urte ikertzen igaro ostean eta 150 milioi dolarreko inbertsioari esker, teknologiaren munduan urrats garrantzitsua eman zen. Sorkuntzaren aita Motorola konpainiaren Martin Cooper exekutiboa izan zen. Hala ere, 1983ra arte ez zen lehenbiziko sakelako modeloa desinatu. Lehenengo sakelako Motorola DynaTAC, Rudy Kroloppek ateratakoa izan zen: ia kilo bateko pisua zuen eta 4.000 dolarreko prezioan saltzen hasi zen. Neurri hauek zituen: 25 cm luze, ia 8 cm sakon eta ia 4cm zabal. Bestalde, ordu bakarreko autonomia zuen komunikazioan, eta egonean, zortzi ordu, diodo argi-igorle pantaila izanik. Telefono analogikoa zen. Cooper eta Kroloppek sakelakoa patentatu zuten, eta handik aurrera, Motorolak modelo berriak merkaturatu zituen, hala nola 1989ko Motorola MicroTAC, hasiera batean analogikoa zena, eta 1994tik aurrera digitala, eta ondorengoa, 1996ko Motorola StarTAC.

Gizakien arteko komunikazioa errazteko iraultza ekarri du: azken hamarkadetan, ekonomiaren parte handi bat mugitzen duen sektorea bilakatu da eta hainbat multinazionalizatuta enpresa daude. Egun, ukimen-pantailadun sakelakoek garrantzi handia hartu dute.

Osasun arriskuak Aldatu

Sakelakoen abantailak eta garapena alde batera utziz, sakelakoek igortzen dituzten erradiazioez polemika handia dago. Txikiak badira ere, gorputzetik hurbil egoten dira: nahiz eta itzalita eduki, erradiazioak igortzen dituzte. Erradiazio horiek osasunean dituzten ondorioei buruzko hainbat ikerketa egin dira. Dena dela, balizko ondorioei aurre egiteko, hobe da oinarrizko neurri batzuk hartzea, esaterako, erabiltzen ez denean itzalita edukizea, gorputzetik hurbil ez jartzea, ahalik eta gutxien erabiltzea (hau da, beharrezkoa denean baino ez), eta abar.

Ekoizleak Aldatu

2015eko hirugarren hiruhilekoko datuen arabera, hurrengo ekoizleen sakelako telefonoak erabiltzen dira:[1]

  1. Apple: % 21,7
  2. Samsung: % 18,2
  3. Huawei: %7,9
  4. Lenovo: % 5,2
  5. Besteak: % 43,6

Ikus, gainera Aldatu

Erreferentziak Aldatu

Kanpo-estekak Aldatu