IP helbide
Aplikazio geruza | DNS, FTP, HTTP, HTTPS, IMAP, IRC, NFS, NNTP, NTP, POP3, SMB/CIFS, SMTP, SNMP, SSH, Telnet, SIP, gehiago |
Aurkezpen geruza | ASN.1, MIME, SSL/TLS, XML, gehiago |
Saio geruza | NetBIOS, gehiago |
Garraio geruza | SCTP, SPX, TCP, UDP, gehiago |
Sare geruza | AppleTalk, IP, IPX, NetBEUI, X.25, gehiago |
Lotura geruza | ATM, Ethernet, Frame Relay, HDLC, PPP, Token Ring, Wi-Fi, STP, gehiago |
Geruza fisikoa | Kable ardazkide, Zuntz optiko, Pare kordatu, Mikrouhin-sarea, Irrati bidezko sarea, RS-232, gehiago |
*OSI ereduaren arabera |
IP helbidea zenbaki edo kode berezia da, ordenagailu-sare batera konektatuta dagoen eta komunikaziorako IP protokoloa (Internet Protocol) erabiltzen duen gailu bakoitzari esleitzen zaiona. Bi helburu nagusi ditu IP helbideak: alde batetik, gailu bat edo bere interfazetako bat (bat baino gehiago baditu) identifikatzen du, sarera konektatutako beste gailu guztietatik bereiziz; bestetik, gailu bakoitzak sarean duen kokapena adierazten du, Interneteko informazio-trafikoa bideratzea ahalbidetuz.
IP helbidearen funtzioak
aldatuBi funtzio nagusi betetzen ditu:
- Identifikazioa: sarera konektatutako edozein gailuren interfaze bat identifikatzen du. Izan ere, IP helbideak errepikaezinak direnez (IP publiko eta pribatuen ataleko salbuespena izan ezik), gailu bakoitzeko interfaze bakoitzak zenbaki ezberdin bat izango du esleituta; beraz, bereizi egin daiteke sarera konektatutako beste edozein gailu edo interfazetatik.
- Helbideratzea: gailu bat identifikatzeaz gain, IP helbideak gailu horrek sarean duen kokapena ere adierazten du. Horri esker, informazioa gailu konkretu batera bideratu daiteke; nahikoa da helmugako gailuaren IP helbidea ezagutzea.
IP helbide publikoak eta pribatuak
aldatuIP helbideak bi multzotan banatu daitezke: IP helbide publikoak eta IP helbide pribatuak.
- IP helbide publikoak: Internet osoan bideragarriak diren helbideak dira, errepikaezinak eta Internetera konektatutako edozein gailu identifikatzen dutenak. Horrela, helbide publikoa duen gailu bat atzigarria da Internetera konektatutako beste edozein gailutatik. Internetera konektatzeko, beharrezkoa da IP helbide publiko bat izatea.
- IP helbide pribatuak: Sare pribatuetan erabiltzen diren helbideak dira (enpresetan, eskoletan, etab.). Sare pribatuaren parte diren gailuei esleitzen zaizkie, euren arteko komunikazioetan erabiltzeko. Helbide pribatuak ez dira atzigarri Interneteko gailuetatik, baina Internetera konekta daitezke bideratzaile (router) baten bidez. Helbide pribatuak ezin dira errepikatu sare pribatu beraren barruan, baina bai sare pribatu ezberdinen artean.
IP helbide finkoak eta dinamikoak
aldatuGailu bati IP helbide bat esleitzeko orduan, bi aukera ditugu:
- IP helbide finkoak: Gailua sarera konektatzen den bakoitzean, helbide bera esleituko zaio. Horren adibide nagusia Interneteko web-zerbitzariak dira: bezeroek web orri bat errazago aurkituko dute beti helbide bera erabiltzen badu, konektatzen diren bakoitzean ez baitute web-orriaren helbidea bilatu behar.
- IP helbide dinamikoak: Gailu bat sarera konektatzen den bakoitzean, helbide ezberdin bat esleitzen zaio. Metodo hau Interneteko Zerbitzu Hornitzaileek (ISP) erabiltzen dute: hornitzaileek IP helbideak baino bezero gehiago dituzte, baina nekez gerta daiteke bezero guztiak sarera une berean konektatzea. Horregatik, bezero bat konektatzen denean, une horretan libre dagoen helbide bat esleitzen diote.
IP protokoloaren bertsioak
aldatuIPv4
aldatuIPv4 IP protokoloaren jatorrizko bertsioa da. Bertsio honetan, IP helbideek 32 biteko tamaina dute; beraz, 232 (4 294 967 296) IP helbide posible daude guztira. Horietako batzuk bereziak dira, eta soilik erabiltzen dira funtzio konkretuetarako (IP pribatuetarako, adibidez).
IP helbideak adierazteko, puntuz banatutako lau zenbaki hamartar erabiltzen dira gehienetan, adibidez, 192.168.1.20. Zenbaki bakoitzak helbidearen 8 bit (zortzikote bat) adierazten ditu; beraz, 0 eta 255en arteko balio bat hartzen du.
Azpisareak
aldatuHasiera batean, IP protokoloaren asmatzaileek bi zatitan interpretatzen zituzten IP helbideak: lehen zortzikoteak sarea identifikatzen zuen, eta gainerako hiru zortzikoteek gailua identifikatzen zuten sarearen barruan.
Erabilera hori ez zen eraginkorra inola ere, sare bakoitzean 224 helbide geratzen baitziren gailuentzat. Adibide baten bidez, erraz ikus daiteke arazoa: demagun eskola bateko ordenagailu-sare bat abiarazi nahi dugula. Eskola horretan 500 ordenagailu inguru baditugu, eta bakoitzari IP helbide bat esleitzen badiogu, 224 – 500 = 16 776 716 helbide ditugu sobera. Horregatik, IP helbideen erabilera aldatu zuten, klase bidezko sailkapenaren bitartez.
Klaseen bidez, sare batean behar diren ordenagailuen kopuruaren arabera, A, B eta C klaseak bereizten dira. Lehenengo zortzikotearen lehen hiru bitak erabiliz, klasea identifikatzen da, eta gainerako bitek esanahi ezberdina dute klasearen arabera. Hona hemen taula batean klase bakoitzaren atalak, biten arabera:
Zortzikoteak (1-4) | 1 | 2 | 3 | 4 | ||||
Bitak
(0-31) |
0 | 1 | 2 | 3 | 4-7 | 8-15 | 16-23 | 24-31 |
A klasea | 0 | Sarea | Gailua | |||||
B klasea | 1 | 0 | Sarea | Gailua | ||||
C klasea | 1 | 1 | 0 | Sarea | Gailua |
1. taula. Klase bidezko sailkapenaren interpretazioa.
Klase-bereizketa hori erabilgarria izan zen hasiera batean, baina Internet garatzen joan ahala, sistema hau ere motz geratu zen. Gauzak horrela, klase-sistema CIDR sistemak (Classless Inter-Domain Routing) ordezkatu zuen. CIDR sistemari esker, nahierara banatu daitezke IP helbidean sareari dagokion atala eta gailuari dagokion atala. Bakoitzak egin duen banaketa adierazteko, azpisare-maskara deritzon zenbaki bat erabiltzen da.
Azpisare-maskarak 32 bit ditu, IP helbideak bezalaxe, eta beraren erabilera erabat intuiziozkoa da: IP helbidean sareari dagozkion bit guztiek 1 balioa hartzen dute, eta gailuari dagozkionek, 0 balioa. Demagun, adibidez, B klaseko IP helbide bat: 172.16.1.30. B klasekoa izanik, lehen bi zortzikoteak sareari dagozkio, eta gainerakoak, gailuari. Beraz, azpisare-maskara 255.255.0.0 izango da, puntuzko notazio hamartarrean. Laburdura gisa, batzuetan azpisare-maskara IP helbidearekin batera adierazten da, 1 balioa duten biten kopurua (alegia, sareari dagozkion biten kopurua) zati x (hots, n/x) formatuan idatziz. Kasu honetan, 172.16.1.30/16 idatziko litzateke.
Helbide bereziak
aldatuLehen aipatu dugun moduan, IP helbide batzuk funtzio konkretu batzuetarako daude gordeta:
- Sarearen helbidea: IP helbidean gailuari dagozkion bit guztiak 0 balioa dutenean, helbide horrek IP sare osoa identifikatzeko balio du. Oso erabilgarria da, router edo bideratzaileek informazioa bideratu ahal izateko.
- Broadcast helbidea: IP helbidean gailuari dagozkion bit guztiak 1 balioa dutenean, helbide horrek IP sare horretako gailu guztiei egiten die erreferentzia. Broadcast helbidea asko erabiltzen da ARP bezalako protokoloetan.
- Loopback edo begizta lokaleko helbidea: 127.x.x.x formako helbideak dira, eta norberaren gailua identifikatzen dute. IP protokoloa gailuan ondo dabilela egiaztatzeko erabil daiteke, besteak beste.
- Helbide pribatuak: IP helbideak klaseen bidez bereizi zituztenean, klase bakoitzean helbide-tarte bat gorde zuten Intranetean (sare pribatuetan) erabiltzeko. Hauexek dira erreserbatutako helbideak:
Klasea | Hasiera | Bukaera | IP helbide kopurua |
A | 10.0.0.0 | 10.255.255.255 | 16 777 216 |
B | 172.16.0.0 | 172.31.255.255 | 1 048 576 |
C | 192.168.0.0 | 192.168.255.255 | 65 536 |
2. taula. Klase bakoitzerako gordetako IP pribatuak.
IPv6
aldatuIPv4 bertsioko helbideak agortu egin ziren 2011. urtean. Ondorioz, IPv6 bertsioa sortu zuten, IPv4 bertsioak zituen arazoak konpontzeko. Alde batetik, IPv6 bertsioko helbideek 128 biteko tamaina dute; beraz, bertsio honek irtenbidea eman zion helbide kopuru mugatuaren arazoari. Bestalde, IPv6 bertsioak IPv4 bertsioak ez zituen hainbat ezaugarri ditu, IP protokoloaren jatorrizko gabeziak konpontzeko asmoz. Gaur egun, bi bertsioak erabiltzen dira oraindik, IPv6 bertsiora igarotzeko aldaketa mailaka egiten ari baitira.
IPv6 bertsioko helbideak adierazteko, 16 biteko multzoak osatzen dira, /:/ sinboloaren bidez banatuta, eta notazio hamaseitarrean adierazten dira. IPv6 bertsioko helbide bat izan daiteke, adibidez, ondorengoa:
2001:0123:0004:00ab:0cde:3403:0001:0063
Dena den, helbide hori multzo bakoitzeko hasierako 0ak kenduz laburtu daiteke, honelaxe:
2001:123:4:ab:cde:3403:1:63
Ikus, gainera
aldatuErreferentziak
aldatu- Andrew S. Tanenbaum, Konputagailu-sareak (3. ed 2002), EHU ed.
- Andrew S. Tanenbaum, Computer Networks (4. ed 2003), Prentice Hall.
Kanpo estekak
aldatu- TCP/IP-ri buruzko liburua
- (Ingelesez) IP tracer