Gurpide Hegoa trikuharria

Gurpide Hegoa, batzuetan Urbide edo Urpide ere deitua, Arabako Katadiano herrian kokaturik dagoen trikuharria da.

Gurpide Hegoa trikuharria
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
HerriaKatadiano
Koordenatuak42°54′31″N 2°53′42″W / 42.90874905°N 2.89493839°W / 42.90874905; -2.89493839
Map
Ondarea

Kokapena aldatu

Bilbo-Miranda trenbidetik 60 metrora dago, Katadiano herrixkako Gurpide izeneko eremuan.[1] Haren ondotik, gurdibidea igarotzen da, Katadianotik Andatik Marubaiko baso eta muinora igotzen denarekin bat egitera doana. Bide horren ekialderago, Baia ibaia igarotzen da, eta, horren beste aldetik, Izarratik Zuhatzu Kuartangora doan errepidea. Azken herri horretatik aurrera, Gurpide Hegoa trikuharrira iristeko ibilbidea honako hau da: Katadianoraino doan errepidean; hemen, ezkerretara biratzen da, ibaiaren eskuinetara dauden zelaietara doan harrizko zubitik Baia zeharkatzeko; mendebalderantz jarraitzen du bideak, trenbidea zeharkatu arte, eta ezkerretara okertzen da, oraindik ere 200 metroko errepidea egiteko, trikuharriaren oineraino.[1]

Deskribapena aldatu

Trikuharriaren ganbera erraz ikusten da, induskatua izan baita ez bakarrik barrualdetik, baita hegoaldetik estaliko zuen tumulua ere. Horrek euskarri eta babesik gabe utzi ditu itxitura honetako harlauzak. Ondorioz, lauza horiek desagertu egin dira. Gaur egun in situ dauden zazpi ortostatoek galeria estaliko hilobi bat –Juan Maria Apellanizek emaniko definizioaren arabera– mugatzen dute, nahiz eta ortostatoek eta ganbera eta ganberaurrekoek altuera ezberdina duten. Ganberaren neurriak, barrualdetik, honakoak dira: 3,20 m x 2,75 m, eta 2,10 m garai.[2]

Ganberaurrekoari dagokionez, bi lauzak zehatz markatzen dute hasiera, eta 0,85 m-ko pasabidea zedarritzen dute. Pasabidearen garaiera 1,23 m zatekeen, eta luzera 1,50 m. Jatorriz monumentua estaliko zuen tumulua oraindik kontserbatzen da erdi-hegoaldean, eta tamaina bikaina du. Ardatzik luzeena (NW-SE) 21,70 m da, eta garaiera 2 m-tik gorakoa.[2]

Arkeologia-lanak aldatu

Ricardo Becerro de Bengoak eta Sotero Mantelik 1871. urtean trikuharria aurkitu zuten. Julian Apraizek 1892an induskatu zuen. XX. mendearen hasieran, Murgiako Pauldar aitek lanak jarraitu zuten. 1955. urtean Jose Migel Barandiaranek eta Domingo Fernández Medrano irakasle eta arkeologoak induskatu zuten.[3][1] 2018an, Arabako Foru Aldundiak indusketa bat hasi zuen monumentu megalitiko horretan, eta 2023an balioa azpimarratu zuen.[4][5] Data horretan, Kuartangoko trikuharrien ganberak finkatu zituzten harlauzen egonkortasuna bermatzeko, eta arazo gehien zituzten eremuak babestu eta ziurtatu ziren.[4]

Barruan 130 pertsona ingururen hezurrak aurkitu zituzten, helduak zein txikiak. Gorpuzkietako asko burua harlauzetara eta gorputza ganbarara begira jarri ziren, gainjarritako solairuetan, bata bestearengandik bereizita.[3][6]

Indusketetan berreskuratutako objektuek trikuharria denbora luzez erabili zela adierazten dute. Hala, harrizko lanabesak nabarmentzen dira, hala nola xaflak, harraskagailuak, punta foliazeoak eta pedunklodun eta hegatsdun gezi-puntak; apaingarriak, hala nola hezur eta azabatxezko lepoko kontuak, edo basurde-letaginez egindako hiru zintzilikario. Gainera, zeramika zati batzuk eta kobrezko puntzoi bat ere aurkitu zituzten.[3][1]

Monumentu kalifikatua aldatu

2011ko uztailaren 26ko, 183/2011 dekretuan, Arabako Lurralde Historikoko behe-lurretako trikuharriak monumentu-multzo kategoriako kultura-ondasun gisa sailkatu ziren[7].

Arabako Lurralde Historikoko behe-lurretako trikuharrien monumentu-multzoa hemen daude: Arabako Lautadan, Arabako Errioxan gehienbat, Lantaronen eta Kuartangon. Egitura, kronologia eta material aldetik Iberiar Penintsulako mesetako antzeko beste batzuekin izan dezake loturarik. Monumentu-multzoan sartzen diren trikuharriak hauek dira: Sorginaren Txabola eta El Encinal (Elvillar); Lazaya, San Martin, Alto de la Huesera eta Los Llanos (Guardia); El Sotillo (Leza/Guardia); La Mina eta La Lastra (Lantaron); Sorginetxe (Agurain); Aizkomendi (Donemiliaga); San Sebastian Hegoa, San Sebastian Iparra, Gurpide Hegoa eta Gurpide Iparra (Kuartango) eta El Montecillo (Villabuena Araba).

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu