El Sotillo trikuharria

El Sotillo Lezan dagoen trikuharri bat da, Arabako Errioxan, Guardia udalerriarekin mugan. Bere inguruko beste trikuharri batzuk bezala, Neolitoaren amaieran edo kalkolitikoan hasieran eraiki zen[1][2]. Arabar Errioxako estazio megalitikoaren parte da[3]. Bertan aurkitutako gorpuek hainbat emaitza eskaini dituzte, antzinako genetikaren esparruan.

El Sotillo trikuharria
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
HerriaLeza
Koordenatuak42°34′25″N 2°37′19″W / 42.573721°N 2.621934°W / 42.573721; -2.621934
Map
Arkitektura
Dimentsioaktumulu: 18 (zabalera) m
gela: 3,3 (zabalera) m
korridore: 1,3 (altuera) × 0,6 (zabalera) m

Deskribapena

aldatu

Korridore motako hilobi megalitikoa da. Hilobi-ganbera obalatua da (3,30 m x 2,90 m), eta bederatzi lauza ditu, horietako bat 2,29 metroko garaierarekin. Korridorea (0,60 m zabal, 1,30 m garai) bost lauzak mugatzen dute. Monumentuaren inguruan lurrez eta harri txikiz egindako tumulua ikusten da, 18 bat metroko diametroa duena. Bertara iristeko pistak tumuluaren beraren zati bat mozten du[1].

Datazioa

aldatu

Datazioa zaila da, zaintzarako onddoen aurkako produktu bat bota baizitzaion, ezinezko egiten duena eraikuntza data zehatza lortzea[3]. Hala ere, gertu dagoen San Martin trikuharria datatzea posible izan zen karbono-14aren bidez, eta orain dela 4800 urte inguru eraiki zela ondorioztatu zuten[4]. El Sotillon lurperatutako lehen hezurrak orain dela 5110-4940 urtekoak direla kalkulatu da[3].

Hilobia

aldatu

Hilobian hainbat tresna aurkitu dira, horien artean sei gezi punta. Bertan 13 pertsona hilobiratu zituzten, horietatik 11 heldu (5 emakume eta 6 gizon), gazte bat eta haur bat[5]. Guztietan goiko baraila lortu zen[3].

Gorpu hauen datazioak eraikuntza baino bostehun urte beranduago, gutxienez, hil zirela erakusten du, eta hezur gehienek datazio ezberdina eman dute, guztiak Brontze Aroan[3]. Baliteke azken lurperatzea K. a. 900 inguruan izatea[3], baina dataren gaineko ziurgabetasun handia dago[4]. Hilobiratzeen artean dagoen denbora-tartea azaltzeko, inguruaren despopulazioa proposatu da[4].

Hilobiratuetako bat Yamnaya kulturako kidea zen, analisi genetikoaren arabera[6]. Beste azterketa genetiko baten arabera, bi kide H3 mtDNA haplotaldekoak dira eta hirugarrena X2b haplotaldekoa. H3 haplotaldea oso ohikoa da euskaldunen artean[7]; X2 haplotaldea, bestalde, Ekialde Hurbilean sortu zen eta hortik hedatu zen leku askotara[8]. Y kromosoma aztertuta lehenengoa I haplotaldekoa izango litzateke eta gainontzeko biak I2a2a haplotaldekoak[9], batez ere Eskandinavian eta Kroazian oso ohikoa den haplotaldea, eta gravettiar kulturaren hedapenarekin lotu dena[10].

Hildako baten ikerketa genetikoaren ondorioz ikusi da arkakusoetara guztiz moldatutako Yersinia pestisen ondorioz hil zela, hau da, izurri bubonikoarekin[11][12].

Monumentu kalifikatua

aldatu

2011ko uztailaren 26ko, 183/2011 dekretuan, Arabako Lurralde Historikoko behe-lurretako trikuharriak monumentu-multzo kategoriako kultura-ondasun gisa sailkatu ziren[13]. Kalifikazioa "Monumentu multzoa" du eta Babes maila, "kalifikatua".

Arabako Lurralde Historikoko behe-lurretako trikuharrien monumentu-multzoa hemen daude: Arabako Lautadan, Arabako Errioxan gehienbat, Lantaronen eta Kuartangon. Egitura, kronologia eta material aldetik Iberiar Penintsulako mesetako antzeko beste batzuekin izan dezake loturarik. Monumentu-multzoan sartzen diren trikuharriak hauek dira: Sorginaren Txabola eta El Encinal (Elvillar); Lazaya, San Martin, Alto de la Huesera eta Los Llanos (Guardia); El Sotillo (Leza/Guardia); La Mina eta La Lastra (Lantaron); Sorginetxe (Agurain); Aizkomendi (Donemiliaga); San Sebastian Hegoa, San Sebastian Iparra, Gurpide Hegoa eta Gurpide Iparra (Kuartango) eta El Montecillo (Villabuena Araba).

Erreferentziak

aldatu
  1. a b «El Sotillo trikuharria. Ondarea. Euskal Ondare Kulturalaren Informazio Sistemaren hasiera orria» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-12).
  2. (Ingelesez) Fernández-Crespo, T.; Ordoño, J.; Schulting, R.J.. (2021-09). «Subsistence shift and socio-economic response to cultural and climate changes among north-central Iberian megalithic groups» Journal of Archaeological Science 133: 105451.  doi:10.1016/j.jas.2021.105451. (Noiz kontsultatua: 2022-04-12).
  3. a b c d e f Fernández Eraso, Javier; Mujika Alustiza, Jose Antonio. (2013-06-17). La estación megalítica de la Rioja Alavesa: cronología, orígenes y ciclos de utilización. ISSN 0514-7336. (Noiz kontsultatua: 2022-04-12).
  4. a b c Galilea Martínez, Fernando. (2007). «Datación por C-14 del dolmen de San Martín (Laguardia, Álava): Dataciones actuales de excavaciones antiguas» Estudios de Arqueología Alavesa (24): 131–146. ISSN 0425-3507. (Noiz kontsultatua: 2022-04-12).
  5. (Gaztelaniaz) Etxeberria Gabilondo, Francisco. (1991). La enfermedad, desde la Prehistoria a la Edad Media en el País Vasco, a través de los estudios de paleopatología. Universidad del País Vasco - Euskal Herriko Unibertsitatea (Noiz kontsultatua: 2022-04-12).
  6. (Gaztelaniaz) interaktiba.com. (2021-06-02). «El Dolmen de El Sotillo se levantó para ser morada eterna» Blog Rioja Alavesa (Noiz kontsultatua: 2022-04-12).
  7. (Ingelesez) Maciamo. «Eupedia» Eupedia (Noiz kontsultatua: 2022-04-12).
  8. (Ingelesez) Soares, Pedro; Ermini, Luca; Thomson, Noel; Mormina, Maru; Rito, Teresa; Röhl, Arne; Salas, Antonio; Oppenheimer, Stephen et al.. (2009-06-12). «Correcting for Purifying Selection: An Improved Human Mitochondrial Molecular Clock» The American Journal of Human Genetics 84 (6): 740–759.  doi:10.1016/j.ajhg.2009.05.001. ISSN 0002-9297. PMID 19500773. (Noiz kontsultatua: 2022-04-12).
  9. (Ingelesez) Lipson, Mark; Szécsényi-Nagy, Anna; Mallick, Swapan; Pósa, Annamária; Stégmár, Balázs; Keerl, Victoria; Rohland, Nadin; Stewardson, Kristin et al.. (2017-03-06). Parallel paleogenomic transects reveal complex genetic history of early European farmers.  doi:10.1101/114488. (Noiz kontsultatua: 2022-04-12).
  10. (Ingelesez) Mounier, Aurélien; Heuzé, Yann; Samsel, Mathilde; Vasilyev, Sergey; Klaric, Laurent; Villotte, Sébastien. (2020-12-14). «Gravettian cranial morphology and human group affinities during the European Upper Palaeolithic» Scientific Reports 10 (1): 21931.  doi:10.1038/s41598-020-78841-x. ISSN 2045-2322. PMID 33318530. PMC PMC7736346. (Noiz kontsultatua: 2022-04-12).
  11. Andrades Altueña, Aida; Neumann, Gunnar U; Spyrou, Maria A; Musralina, Lyazzat; Aron, Franziska; Beisenov, Arman; Belinsky, Andrey B. (2022). «Stone Age Yersinia pestis genomes shed light on the early evolution, diversity, and ecology of plague» PNAS  doi:10.1073/pnas.2116722119..
  12. Garmendia, Jon Ordoñez. «Europa mendebaldean izandako izurri bubonikoaren kasurik zaharrena aurkitu dute Arabako trikuharri batean» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-04-12).
  13. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 152 zk. 2011-08-11

Kanpo estekak

aldatu