Garagardoaren historia

Garagardoa garagarrez egindako alkoholdun edaria da. Munduko edari alkoholdunik kontsumituena[2] eta zaharrena da[3][4][5], eta edaririk kontsumituena ura eta tearen ostean. Garagardoa, teknikoki, zereal ezberdinetatik abiatuz egin da historian zehar, baina bere garapena garagarraren domestikazioari loturik egon da. Artikulu honetan, beraz, bi gaiei buruzko datuak ematen dira. Gizateriaren historiako idazkunik zaharrenetako batzuetan garagardoaren sorrera eta banaketari buruz hitz egiten da: Hammurabiren Kodean garagardoa eta garagardotegiak arautzen dira[6], eta Ninkasiren Ereserkian, Mesopotamiako garagardoaren jainkosari egindako abestian, errezoa zein garagardoa egiteko errezeta aipatzen dira, herriak gogoratzeko moduan[7][8].

Urukeko idazkun honetan instituzio bateko garagardo-saltzaile ezberdinei emandako kopuruak agertzen dira[1].

Historiaren zatirik handienean garagardoa prozesu artisaua izan da, baina industria iraultzatik aurrera masiboki sortu eta banatzeko aukera egon da[9]. Gaur egun botila eta latatan banatzen da, eta taberna zein pubetan presiopean atera daiteke zuzenean. Garagardoaren industria mundu mailako negozio bat da, enpresa multinazional gutxi batzuekin eta milaka produktore txiki eta ertainekin.

Antzinaroa

aldatu

Garagardoa da munduko edari prestaturik zaharrenetako bat, agian Paleolitoan jada egiten zena[10]. Sumerren, Antzinako Egipton, Mesopotamia eta iberiarren artean[11][12] K. a. 7. milurtekoan ezagutzen zen[13].

Neolitoko Iraultza

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Neolitoko Iraultza»

Nekazaritza Mesopotamian agertu zen Neolitoko Iraultza eta Metalen Aroaren tarteko denboran, eta berarekin batera ogia eta garagardoa agertu zirela pentsatzen da[10]. Azken finean, azukrea duen ia edozein elikagaik jasan dezake hartzidura alkoholiko naturala eta, beraz, baliteke kultura askok modu independentean aurkitu izana zerealekin egin zitekeela edari gozo bat eta denborarekin edari alkoholdun bat. Baliteke garagardoaren asmakuntza zerealen etxekotzearekin batera etorri izana, K. a. 10.000. urtearen inguru horretan[14]. Garagardoaren inguruko historia dokumentatua Iraken eta Antzinako Egipton agertu da, eta arkeologoek espekulatzen dute zibilizazioaren sorreran garrantzitsua izan zenaren ideiarekin[15]. Ogiak eta garagardoak[oh 1] ongizatea handitu zuten, oparotasuna handitu eta zibilizazioak eraikitzeko ahalmena eskaini zuten beste teknologia batzuk garatzeko denbora eskaintzen baitzuten[16][17][18][19].

Garagardoaren lehen ebidentzia posiblea Göbekli Tepekoa da, Zeramika aurreko Neolitikoan egina, K. a. 8500 eta 5500 artekoa[20]. Dudarik gabeko garagarrarekin egindako garagardoaren lehen ebidentzia kimikoa K. a. 3500-3100 urtekoa da, Godin Tepe arkeologia eremukoa, Irango mendebaldeko Zagros mendietan[21][22]. Orain dela 5000 urte inguru Uruk hiriko langileei garagardoarekin ordaintzen zitzaien[23].

Babilonia

aldatu
 
Aluluren garagardo-errezeta. Umma hirian garagardo "onena" erosi izana aipatzen duen idazkia, K. a. 2050 inguru.[24]

Sumeriar idazki zaharrenen artean garagardoari buruz hitz egiten da; adibidez, Ninkasi jainkosari egindako otoitzan, "Ninkasiren Ereserkia" izenarekin ezagutzen dena, garagardoa egiteko errezeta aipatzen da[25]; hau garrantzitsua izango zen errezeta gogoratzeko modu gisa alfabetizatu gabeko herriarentzat. Gilgamexen epopeian ere agertzen da garagardoari buruzko gomendio bat (Zure tripa bete. Egun eta gauez poza izan.) Siduri emakumezko garagardo-ekoizlearen ahotan[26]. Sirian aurkitutako Eblako oholtxoetan aipatzen da K. a. 2500. urtean garagardoa ekoizten zela hirian[27]. Hammurabiren Kodean agertzen da jada garagardoa sortu eta saltzeko legea. K. a. 1760an idatzitako legedi honek heriotza zigorra ezartzen zuen garagardoa egiteko modua errespetatzen ez zuenarentzat; garagardoa urarekin nahastea eta baimenik gabeko salmenta lokal bat zigortzen zuen legeak[28]. Antzinako Babilonian garagardogile gehienak emakumezkoak zirela uste da, eta hiru jainkosaren babesa zuten euren lanerako: Ninkasi, garagardoa egiteko prozesua babesten zuena, Siris, garagardoa bera zela eta Siduri, garagardoa edatearen plazera babesten zuena[29][26].

Antzinako Egipto

aldatu
 
Antzinako Egiptoko garagardo ekoizpenaren egurrezko miniatura

Antzinako Egipton, faraoiek garagardoa zuten euren dietan, orain dela 5.000 urte inguru. Garai hartan garagar-ogiarekin egiten zen, eta erlijio-praktiketan ere erabiltzen zen[30]. Egiptoko piramideak eraikitzeko ere nahitaezkoa zen garagardoa: Gizako nekropolia eraikitzen ari zela, langile bakoitzak egunero lau eta bost litro garagardo artean jasotzen zuen, aldi berean elikagai eta freskagarri zena[31].

Antzinako Txina

aldatu

Antzinako Txinan ere arroza eta fruituak hartzituz sortutako edari bat kontsumitzen zen K. a. 7000. urtean.Sakean ez bezala, ez zen erabiltzen lizunik arroza sakarifikatzeko. Arroza murtxikatzen edo malteatzen zen hartzidura egin ahal izateko[32].

Garai klasikoa

aldatu

Grezia klasikoa

aldatu

Garai klasikoan ardoa eta garagardoa ekoizten ziren. Pentsamendu klasikoan, ardoa goi-klasearen edaria zen eta garagardoa herri xehearena eta herri barbaroena[33]. K. a. VII. mendeko Grezian traziarrekin lotzen zen garagardoaren kontsumoa, brūtos izeneko edari batekin. Frigian ere edaten zela aipatzen zuten garaiko greziarrek[34]. Antzinako grezieraz ez dago garagardo esateko hitzik, baina egiptoar zythos hitza edo traziarren brūtos erabili izan ziren garagardo mota ezberdinak izendatzeko, azken hau zekalearekin egina.

Xenofontek bere Anabasia lanean aipatzen du Armenian garagardoa egiten zutela garai hartan.

« Hemen baziren ere gari, garagar eta babak, eta garagardoa katilu handietan. Edari honen gainean flotatzen garagar-aleak zeuden eta baita edateko lastotxoak, batzuk luzeak, beste batzuk motzagoak, elkarketarik gabeak: eta norbait egarri baldin bazen, lastotxo hauetako bat sartzen zuen bere ahoan eta xurgatzen zuen. Edari oso indartsua zen, urarekin ez bazen nahasten, eta oso ona zapore horretara ohitzen zarenean.[35][oh 2] »


Sofoklesek ere idatzi zuen garagardoak dietan zuen paperari buruz, eta moderazioz edatzea proposatu zuen. Antzinako Grezian "Barley wine" motako garagardoa egiten zuten (literalki, "garagar-ardoa")[36], eta feniziarrek urrezko eta zilarrezko krateran gordetzen zutela idatzi zuen Polibiok bere Historiak lanean[37]. Garagardoak ezaugarri feminizanteak zituela esaten zen, Galeno medikuak zythosa odol-presioarentzat txarra zela esaten zuen eta Dioskoridesek zioen giltzurrun eta nerbioentzat txarra zela, burmuinari eragiten ziolako. Garagardoak, gainera, fama txarra zuen greziarren artean, nahiz eta Aristotelesek edo Herodotok bazekiten garagardoa edo ardoa sortzea klimaren ondorioa zela[34].

Antzinako Erroma

aldatu

Antzinako Erroman pentsamendu bera garatu zen, ardoa mundu zibilizatuarekin eta garagardoa barbaro zein herri xehearekin lotuz. Belar eta eztiaren hartziduraz sortutako edari alkoholdunak edaten zituzten Europako iparraldean, gaur egungo ezti-urraren antzekoa. Herri zeltek garagardoa zein fruituak eta zerealak nahasten zituzten edariak edaten zituzten. Ardoa sortzeko errazagoa bazen ere, klima beroetan garagardoa sortzea zailagoa zen, baita bere kontserbazioa ere[38]. K. a. 400. urtean galoek Italia inbaditu zutenean, ez zuten garagardoa bertan ezarri, baizik eta ardoa edatera ohitu. Dionisio Halikarnasokoaren esanetan garai hartako zeltek "ez zuten ezagutzen mahatsarekin egindako ardoa edo olibondoek sortutako olioa, baizik eta garagardoarekin egindako ardoa edaten dute, uretan usteldua, usain txarra duen zuku bat"[34]. Herri zeltek bi izen zituzten garagardoa izendatzeko: korma eta cervesia. Litekeena da lehenengoa garagarrez egindako garagardoa izatea, eta bigarrena gariz egindakoa[39].

Bitartean, Palestinan garagardoa egiteko prozedurak Babiloniatik ikasitakoak ziren. Biblian šīkrā edo šēkār izenak agertzen dira (hebreeraz: שֵכָר‎) ardoa ez diren edari alkoholdunak izendatzeko. 200 eta 330 urteen artean edari hau zekale, azafrai eta gatzarekin egiten zen[40]. Israeldarren artean garagardoa edateak ez zuen esanahi erlijioso berezirik, eta Biblian oso erreferentzia gutxi agertzen dira[41]. Kristauek ere ez zuten garagardoa hartu euren Elizako erritoetarako, bai ordea ardoa. Garagardoa edari paganoa zen eurentzat.

Edari berdinari izen ezberdinak ematea arrunta zen, ulertuta erromatarrek ez zutela garagardorik hartzen. Honela, korma, cervesia eta šīkrā izenetara gehitu behar dira Panoniako sabaia[42], Peoniako camum, edo celia hainbat herri zeltentzat[34][43]. Izen ezberdinak erabiltzeak ez du esan nahi edaria ezberdina zela; baina kontrakoa ere ez da egina: baliteke edariak ezberdinak izatea eta "nolabaiteko" garagardoa izatea. Hau gertatzen da asturrek sortzen zuten zythos edariarekin, seguruena ez zela izango Egiptoko edariaren berdina, eta antza gehiago izango zuela sagardoarekin[44]. Estrabonek aipatzen zuen edari hau Kantauri isurialdean egiten zen, baina espreski esaten zuen garaiko baskoiek ez zutela edari hau egiten:

« Mendiko biztanle hauek urtearen bi herenetan ezkurrak jaten dituzte, lehortuta eta ehotuta, irina egiten dute nahiko ondo denbora luzez mantentzen den ogia egiteko. Zytho edaten dute, baina ardo askorik ez dago; lortzen dutenean, familia bazkarietan azkar kontsumitzen dute. Olioaren ordez manteka erabiltzen dute. (...) hau asturrek eta kantabroek egiten dute, baskoiak eta Pirinioetako biztanleak arte »

[oh 3][45]


Erdi Aroa

aldatu
 
Erdi Aroan monjeek garagardoa egin eta saltzearen ardura hartu zuten.
 
Lupuluaren lorea.

Erromako Inperioa erori zenean herri germaniarrek hartu zuten agintea Europa osoan zehar. Germaniarrek garagardoa zein ezti-ura kontsumitzen zuten, eta eurekin batera edari honen berpiztea eman zen eremu guztietan. VI. mendean garagardoaren ikuspegi klasikoaren ordez germaniarren ikuspegia gailentzen hasi zen[34]. Lehen monasterioak sortu ziren, non garagardoa ez zen zehazki debekatzen, eta batzuetan garagardoa egiten hasi ziren[46]. 736an Hallertau herrian lupulua lantzen zela dakigu, nahiz eta lehenengo aldiz garagardo batean sartu zela ez zen adierazi 1079. urtea arte,[47][48] Hildegarda Bingengoak aipatu zuenean.[49] Lehenago ere, lupulua landatzen eta erosten zen monasterioetan, batez ere Normandia inguruan[34]. Lupuluaren erabilerak lehenago baliatzen ziren landareen nahasketa (gruit izenekoa) arriskuan jarri zuen. Gainera, lupulu landatzeak ez zuen zergarik Eliza Katolikoarentzat, eta horregatik herri protestanteek nahiago izan zuten lupulua Erreformaren ostean[50]. Zergak ez ordaintzeagatik, hainbat herrialdetan debekatuta egon zen lupulua jartzea garagardoan[51], eta Erresuma Batuan ez zen sartu Ehun Urteetako Gerra amaitu arte. Bertan jatorrizko "ale" izena gruit erabiltzen zuten garagardoentzat gorde zen, eta "beer" terminoa sartu zen lupulua zuen garagardoarentzat[52].

Monasterioek egindako garagardoak arrakasta handia zuen Erdi Aroan. Eztabaida handia egon zen, hala ere, baraua apurtzen ote zen erabakitzeko garaian. XVII. mendera arte eztabaidak jarraitu zuen, ahalik eta Liquidum non frangit jejunum araua ezarri zen arte: likidoek ez dute baraualdia hausten[53].

Aro Modernoa

aldatu

Aro Modernoarekin garagardoaren kontsumoak gora egin zuen. XV. mendean Hanburgon 300 litro edaten ziren pertsonako, eta XVII. mendean 700 litro ziren[54]. Emakumeek garagardogintzan jarduten zuten[55], baina Aro Modernoarekin batera produkzioa etxeetatik atera eta artisautzan oinarritzen hasi zen, fabrika txikiak sortuz.

1516an Gilen IV.a Bavariakoak Reinheitsgebot (purutasun legea) ezarri zuen, ziurrenik historiako elikagaien gaineko legerik zaharrena[56]. Lege hau formalki onartu zen Alemaniako lege orokor gisa 1987an[57]. Gebot honetan esaten zen garagardoaren osagai bakarrak ura, garagarra eta lupulua izan zitezkeela; 1857n Louis Pasteurrek legamia zer zen aurkitu zuenean, zerrendara gehitu zen[58]. Bavariako lege hau Alemania osoan zehar hedatu zen 1871ean Otto von Bismarckek Alemaniako Inperioa batu zuenean[59], eta garagardogintzan egon diren berrikuntzak islatzeko aldaketak izan ditu.

XV. mendean jada lager motako garagardoa lortu zen hainbat monasteriotan, hotzean egindako hartzidurari esker. 500 urte itxoin behar izan ziren honen arrazoia ezagutzeko: Saccharomyces pastorianus legamia jada ezaguna zen Saccharomyces cerevisiae eta Patagoniako Saccharomyces eubayanusen arteko hibrido bat zen[60].

Industria Iraultza

aldatu
Artikulu nagusia: «Industria Iraultza»
 
Industria Iraultzarekin batera marketinga iritsi zen. Iragarki honetan garagardoa "familia osoarentzat" den edari gisa azaltzen da, osasuntsua, lagunen artean edatekoa eta nazionala.

Garagardoa izan zen industrializatu zen lehen elikagaietako bat[4]. Horretarako garrantzia handikoak izan ziren lurrun-makina, termometroa eta hidrometroaren asmakuntzak. Egurraren ordez kokea erabiltzeak ke usaina kendu zion garagardoari. XVIII. mendearen amaieran garagardo industrialak hiru gune nagusi zituen Europan: Burton-on-Trent Ingalaterran, Munich Alemanian eta Pilsen Bohemian. Azken hau zen, bere pilsner garagardoarekin, garapen tekniko eta zientifiko gehien izan zituena.

1863tik aurrera filoxerak Europako mahastiak suntsitu zituen, hainbat urtez ardoaren produkzioa ezinezko eginez. 30 urte behar izan ziren lehengo produkzioa berreskuratzeko[61]. Garagardoaren industriak gorakada nabarmena izan zuen urte horietan.

XIX. mendearen amaieran ikerketa teknologiko eta biologikoan aurrerapauso handiak izan ziren. Alde batetik, mikrobiologian egondako aurrerapenek legamiak hobetu eta hazi ahal izatea ekarri zuen. Jean Baptiste Henri Joseph Desmazièresek 1827an lehen aldiz ikusi zuen legamia mikroskopioa erabilita[62]. Baina 1857ra arte itxoin behar izan zen Louis Pasteurrek legamiaren eta hartziduraren arteko harremana zehaztu zuen arte[63]. Frantzia-Prusia gerraren ostean La bière de la revanche ekoiztu zen Pasteurren aurkikuntzei esker[64]. 1882an Saccharomyces pastorianus legamia isolatu zuen, eta hortik abiatuta Carlsberg garagardo enpresak Saccharomyces carlsbergensis legamia sortu zuen[65], eta XXI. mendean sortzen diren lager garagardo gehienek zepa hori erabiltzen dute.

Bestetik, garapen industrialak hainbat asmakizun ekarri zituen, lehen aipatutakoaz gain. Lurrun-makinarekin batera hozkailua asmatu zen, garagardoa urte osoan zehar egitea baimendu zuena[66]. 1891ean William Painterrek botilak ixteko txapa asmatu zuen[67]. Sakarometroak muztioko azukre kopurua neurtzeko aukera ematen zuen, garagardoaren etorkizuneko alkohol bolumena egonkortuz. Garagardo botila marroi eta berdeak garagardoa Eguzkiaren izpietatik babesten zuen[68].

Garagardoaren produkzio industrialak foku berriak izan zituen: pilsener garagardoarena Plzeňský Prazdrojek, stout beltzena Guinnessek[4].

XX. mendetik aurrera

aldatu
 
Garagardo lataren asmakuntzak bere propietateak babestu eta garraioa erraztu zuen.

XX. mendean zehar hainbat garagardo-ekoizle enpresa multinazional bilakatu ziren, prozesuak mundu osoan zehar estandarizatuz eta tradiziozko garagardogintza batzuk baztertuz. Fenomeno honi buelta eman zaio XX. mendearen amaieran eta XXI. mendearen hasieran, modu industrialean sortuz garagardo tradizional batzuk. Garagardo berriak ere asmatu dira, double indian pale ale bezala. Gaur egun mundu mailako produktore handi gutxi batzuk daude, eta ehunka garagardogile erregional. Gainera, mikrogaragardotegien fenomenoak gorakada izan du XXI. mendean zehar, produkzio txikiaren aldeko merkatu berriak irekiz. Munduko garagardo enpresarik handiena Anheuser-Busch InBev belgiarra da, 500 marka ezberdinekin munduko 100 herrialdetan[69].

1935eko urtarrilaren 24an Richmondeko Gottfried Krueger Brewing Companyk lehen garagardo lata saldu zuen. 1959an Ermal C. Frazek irekiera bertan zuen lehen lata aurkeztu zuen[70]. Mende bukaerarako latak botilei gailendu zitzaien. Garagardo txorrota, kañero gisa ezagutzen dena, 1797an asmatu zen, baina XX. mendean hasi zen orokortzen, garagardo kupelarekin batera tabernei eskaini zitzaienean. Garagardo kupela 1936tik aurrera orokortu zen, karbonatazio sistema asmatu zenean. Asmakizun hauekin batera, garagardoa beste esparru batzuetara heldu zen, garagardo azokak sortuz, eta futbol-estadioetan garagardoa eskaintzeko aukera eman zenean[71].

XX. mendearen amaieran alkoholik gabeko garagardoa eta light garagardoa asmatu ziren. Garagardoa, horrela, publiko ezberdinengana heldu zen. Adibidez, alkohola eta erlijioaren arteko gatazka bat dagoen lekuetan merkatu handiko produktua da alkoholik gabeko garagardoa[72].

Oharrak

aldatu
  1. Ogia eta garagardoa prestatzeko moduak antzekoak dira, baina ur eta zerealen arteko proportzioak aldatzen dira. Ogiak zereal asko eta ur gutxi ditu, eta garagardoak ur asko eta zereal gutxiago. Antzinako garagardoa gaur egungoa baino sendoagoa eta dentsoagoa izango litzateke.
  2. ἦσαν δὲ καὶ πυροὶ καὶ κριθαὶ καὶ ὄσπρια καὶ οἶνος κρίθινος ἐν κρατῆρσιν. ἐνῆσαν δὲ καὶ αὐταὶ αἱ κριθαὶ ἰσοχειλεῖς, καὶ κάλαμοι ἐνέκειντο, οἱ μὲν μείζους οἱ δὲ ἐλάττους, γόνατα οὐκ ἔχοντες: τούτους ἔδει ὁπότε τις διψᾐη λαβόντα εἰς τὸ στόμα μύζειν. καὶ πάνυ ἄκρατος ἦν, εἰ μή τις ὕδωρ ἐπιχέοι· καὶ πάνυ ἡδὺ συμμαθόντι τὸ πῶμα ἦν.
  3. Montani duobus anni temporibus glande vescuntur querna, siccatam indeque contufam molentes, atque e farina panem conficientes: itaque eas ad fuum tempus reponunt. Zytho etiam utuntur: vini parum habent, quod provenit, statim in convivia cum cognatis infumunt. Butyrum eis olei ufum implet. (...) méjri Cantabrorum, usque ad Vascones et Pyrenam : omnes enim eodem vivunt modo.

Erreferentziak

aldatu
  1. «CDLI-Archival View» cdli.ucla.edu (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  2. «European Beer Statistics» www.europeanbeerguide.net (Noiz kontsultatua: 2018-03-31).
  3. 1961-, Rudgley, Richard,. (1993). The alchemy of culture : intoxicants in society. British Museum Press ISBN 9780714117362. PMC 29604765..
  4. a b c 1854-, Arnold, John P. (John Paul),. Origin and history of beer and brewing : from prehistoric times to the beginning of brewing science and technology : a critical essay. (Reprint edition. argitaraldia) ISBN 0966208412. PMC 959239395..
  5. Ben., McFarland,. (2009). World's best beers : one thousand craft brews from cask to glass. Sterling Innovation ISBN 9781402766947. PMC 311759800..
  6. (Ingelesez) «Alaska Science Forum | Geophysical Institute» www.gi.alaska.edu (Noiz kontsultatua: 2018-04-01).
  7. «Nin-kasi: Mesopotamian Goddess of Beer by Johanna Stuckey» www.matrifocus.com (Noiz kontsultatua: 2018-04-01).
  8. The literature of ancient Sumer. Oxford University Press 2004 ISBN 0199263116. PMC 64637726..
  9. Martyn., Cornell,. (2004). Beer : the story of the pint. Headline ISBN 0755311655. PMC 56463712..
  10. a b «Garagardogintzaren historia - Zientzia.eus» zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  11. Alicia, Vaca Alonso,. (2014). La cerveza en la prehistoria reciente: contextos de producción y consumo en la Península Ibérica. (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  12. (Gaztelaniaz) Rojo-Guerra, Manuel A.; Garrido-Pena, Rafael; Lagrán, Íñigo García-Martínez de. (2008-12-04). «NO SÓLO CERVEZA. NUEVOS TIPOS DE BEBIDAS ALCOHÓLICAS IDENTIFICADOS EN ANÁLISIS DE CONTENIDOS DE CERÁMICAS CAMPANIFORMES DEL VALLE DE AMBRONA (SORIA)» Cuadernos de Prehistoria y Arqueología de la Universidad de Granada 18 (0): 91–105. ISSN 2174-8063. (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  13. (Ingelesez) «Beer | alcoholic beverage» Encyclopedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  14. «When Was Beer Invented?» Live Science (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  15. (Ingelesez) Archeologists Link Rise of Civilization and Beer's Invention. (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  16. Tom., Standage,. (2006, ©2005). A history of the world in 6 glasses. (Anchor Canada ed. argitaraldia) Anchor Canada ISBN 9780385660877. PMC 64670669..
  17. Mirsky, Steve. «Ale's Well with the World» Scientific American 296 (5): 102–102.  doi:10.1038/scientificamerican0507-102..
  18. «Beer: The Midwife of Civilization» www.aina.org (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  19. (Ingelesez) «Home | wine-pages» wine-pages (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  20. (Ingelesez) Dietrich, Oliver; Heun, Manfred; Notroff, Jens; Schmidt, Klaus; Zarnkow, Martin. (2012/09). «The role of cult and feasting in the emergence of Neolithic communities. New evidence from Göbekli Tepe, south-eastern Turkey» Antiquity 86 (333): 674–695.  doi:10.1017/s0003598x00047840. ISSN 0003-598X. (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  21. E., McGovern, Patrick. (2009). Uncorking the Past : the Quest for Wine, Beer, and Other Alcoholic Beverages.. University of California Press ISBN 9780520253797. PMC 536166648..
  22. (Ingelesez) Wilford, John Noble. Jar in Iranian Ruins Betrays Beer Drinkers of 3500 B.C.. (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  23. (Ingelesez) «The world’s oldest paycheck was cashed in beer» New Scientist (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  24. «World's oldest beer receipt? - Free Online Library» www.thefreelibrary.com (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  25. Prince, J. Dyneley. (1916-10-01). «A Hymn to Ninkasi» The American Journal of Semitic Languages and Literatures 33 (1): 40–44.  doi:10.1086/369806. ISSN 1062-0516. (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  26. a b F., Hartman, Louis. (2013). On Beer and Brewing Techniques in Ancient Mesopotamia.. Read Books Ltd ISBN 9781446539644. PMC 936198908..
  27. Cities of the Middle East and North Africa : a historical encyclopedia. ABC-CLIO 2007 ISBN 9781576079195. PMC 80014324..
  28. «MONDO BIRRA -» www.mondobirra.org (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  29. 1955-, Pollock, Susan,. (1999). Ancient Mesopotamia : the eden that never was. Cambridge University Press ISBN 9780521575683. PMC 40609053..
  30. Ale University - Brewing Process. 2009-11-03 (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  31. (Ingelesez) Tucker, Abigail. «The Beer Archaeologist» Smithsonian (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  32. (Ingelesez) McGovern, Patrick E.; Zhang, Juzhong; Tang, Jigen; Zhang, Zhiqing; Hall, Gretchen R.; Moreau, Robert A.; Nuñez, Alberto; Butrym, Eric D. et al.. (2004-12-21). «Fermented beverages of pre- and proto-historic China» Proceedings of the National Academy of Sciences 101 (51): 17593–17598.  doi:10.1073/pnas.0407921102. ISSN 0027-8424. PMID 15590771. (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  33. Lejavitzer Lapoujade, Amalia. (00/2007). «El vino en la gastronomía romana antigua: clases y usos en De re Coquinaria de Apicio» Universum (Talca) 22 (1): 12–19.  doi:10.4067/S0718-23762007000100002. ISSN 0718-2376. (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  34. a b c d e f 1972-, Nelson, Max,. (). (PDF) The barbarian's beverage : a history of beer in ancient Europe. Routledge ISBN 0415311217. PMC 58387214..
  35. Xenofonte. «5, 26-27» «Anabasia» perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  36. Henry George Liddell, Robert Scott. «κρι?θ-ι^νος» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  37. Polibio. «Histories, book 34, V. De Hispania, section 15» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  38. Strickland, Joseph Wayne. "Beer, Barbarism, and the Church from Late Antiquity to the Early Middle Ages." (2007).
  39. (Ingelesez) Nelson, Max. (2003). «The Cultural Construction of Beer Among Greeks and Romans» Syllecta Classica 14 (1): 101–120.  doi:10.1353/syl.2003.0005. ISSN 2160-5157. (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  40. Emil., Schürer,. (1985). Historia del pueblo Judio en tiempos de Jesus 175 a.C.-135 d.C.. Christiandad ISBN 9788470573675. PMC 12820266..
  41. (Ingelesez) Death, James. (2013-06-06). The Beer of the Bible. One of the hitherto unknown leavens of Exodus:. EOD Network ISBN 9783226012361. (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  42. (Ingelesez) «LacusCurtius • Ammianus Marcellinus — Book XXVI» penelope.uchicago.edu (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  43. Alejandro, Valiño Arcos,. (1999). La cerveza en las fuentes romanas: base textual y fijación de su importancia. (Noiz kontsultatua: 2018-04-04).
  44. (Gaztelaniaz) García, Serafín Bodelón. (1994). «La alimentación de los astures: rastreo arqueológico por algunos yacimientos» Memorias de historia antigua (15) ISSN 0210-2943. (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  45. (Gaztelaniaz) Fernández, Perfecto Rodríguez. (1990). «Estrabón III, 3, 7-8; 4, 16-18» Memorias de historia antigua (11) ISSN 0210-2943. (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  46. «Patron Saints of Beer.» www.beerhistory.com (Noiz kontsultatua: 2018-04-04).
  47. «Hops—A Millennium Review» Journal of the American Society of Brewing Chemists  doi:10.1094/asbcj-58-0131. (Noiz kontsultatua: 2018-04-04).
  48. S., Corran, H.. ([©1975]). A history of brewing. David & Charles ISBN 0715367358. PMC 1439230..
  49. D., Butcher, Alan. (1989). Ale & beer : a curious history. McClelland & Stewart ISBN 0771017979. PMC 20098366..
  50. (Ingelesez) Rissanen, Mika. The Reformation had some help from hops. (Noiz kontsultatua: 2018-04-04).
  51. Medieval science, technology, and medicine : an encyclopedia. Routledge 2005 ISBN 0415969301. PMC 61228669..
  52. (Ingelesez) «What is the difference between ale and beer? — Steemit» steemit.com (Noiz kontsultatua: 2018-04-04).
  53. (Gaztelaniaz) García, Antonio Rubial. (1995). «Antonio de León Pinelo, "Cuestión moral, si el chocolate quebranta el ayuno eclesiástico"» Estudios de historia novohispana (15) ISSN 0185-2523. (Noiz kontsultatua: 2018-04-04).
  54. Unger, Richard W.. (2004). Beer in the Middle Ages and the Renaissance. University of Pennsylvania Press ISBN 9780812219999. (Noiz kontsultatua: 2018-04-04).
  55. (Ingelesez) Bennett, Judith M.. (1996-11-07). Ale, Beer, and Brewsters in England: Women's Work in a Changing World, 1300-1600. Oxford University Press ISBN 9780195360790. (Noiz kontsultatua: 2018-04-04).
  56. 1963-, Gaab, Jeffrey S.,. (2006). Munich : Hofbräuhaus & history : beer, culture, & politics. P. Lang ISBN 9780820486062. PMC 70107101..
  57. The economics of beer. Oxford University Press 2011 ISBN 9780191505010. PMC 775504479..
  58. (Alemanez) «Was ist das Reinheitsgebot von 1516? - Brauereiverband für Privatbrauereien in Deutschland» www.private-brauereien.de (Noiz kontsultatua: 2018-04-04).
  59. The Oxford companion to beer. Oxford University Press 2012 ISBN 9780195367133. PMC 706025045..
  60. (Ingelesez) Libkind, Diego; Hittinger, Chris Todd; Valério, Elisabete; Gonçalves, Carla; Dover, Jim; Johnston, Mark; Gonçalves, Paula; Sampaio, José Paulo. (2011-08-19). «Microbe domestication and the identification of the wild genetic stock of lager-brewing yeast» Proceedings of the National Academy of Sciences: 201105430.  doi:10.1073/pnas.1105430108. ISSN 0027-8424. PMID 21873232. (Noiz kontsultatua: 2018-04-04).
  61. (Gaztelaniaz) Jerez, Diario de. «'Tsunami' en la campiña jerezana» Diario de Jerez (Noiz kontsultatua: 2018-04-04).
  62. «Jean Baptiste Henri Joseph Desmazières» www.mushroomthejournal.com (Noiz kontsultatua: 2018-04-04).
  63. Sigsworth, E. M.. (1965). «Science and the Brewing Industry, 1850-1900» The Economic History Review 17 (3): 536–550.  doi:10.2307/2592627. (Noiz kontsultatua: 2018-04-04).
  64. (Frantsesez) Dri, Pietro. «La bière de la revanche» Pourlascience.fr (Noiz kontsultatua: 2018-04-04).
  65. Walther, Andrea; Hesselbart, Ana; Wendland, Jürgen. (2014-02-27). «Genome Sequence of Saccharomyces carlsbergensis, the World’s First Pure Culture Lager Yeast» G3: Genes|Genomes|Genetics 4 (5): 783–793.  doi:10.1534/g3.113.010090. ISSN 2160-1836. PMID 24578374. PMC PMC4025477. (Noiz kontsultatua: 2018-04-04).
  66. The Dynamics of the international brewing industry since 1800. Routledge 1998 ISBN 0415147050. PMC 70764585..
  67. Bottle-sealing device. 1892-02-02 (Noiz kontsultatua: 2018-04-04).
  68. (Ingelesez) Werblow, Steve; Noah, Micha; Simmons, Ralph A.; Arndt, George W.; Franklin, William E.; Boguski, Terrie K.; Fry, Paul; Eie, Thomas et al.. «L» The Wiley Encyclopedia of Packaging Technology (Wiley-Blackwell): 633–684.  doi:10.1002/9780470541395.ch11. (Noiz kontsultatua: 2018-04-04).
  69. «About us | AB InBev» www.ab-inbev.com (Noiz kontsultatua: 2018-04-04).
  70. Maxwell, D. B. S.. (1993). «Beer Cans: A Guide for the Archaeologist» Historical Archaeology 27 (1): 95–113. (Noiz kontsultatua: 2018-04-04).
  71. McCrae, Niall. (2008). «Football and Beer in the 1960s: Transformation of the British Brewing Industry and its Impact on Local Identity» Sport in History 28 (2): 236-258.  doi:10.1080/17460260802090727..
  72. (Ingelesez) «Why are sales of non-alcoholic beer booming?» The Economist (Noiz kontsultatua: 2018-04-04).

Kanpo estekak

aldatu