Legamia

onddo zelulabakar
Legami» orritik birbideratua)

Legamia[1], altxagarria, hazgarria, orantza (Naf.) edo, gutxitan, berantzagia karbohidratoen hartzidura egiteko gai diren hainbat onddo mikroskopikoei ematen zaien izena da. Ogia eta beste zenbait elikagai nahiz ardoa, garagardoa eta beste zenbait edari alkoholdun egiteko erabiltzen da.

Legamia
Sailkapen zientifikoa

Azpibanaketa

Legamiak onddo zelulabakarrak dira, Ascomycota klasean ez ezik, baita Basidiomycota klasean ere daudenak. Zelulabakarrak izan arren, sarritan harizpiak eratzen dituzte.

Legamien artean Saccharomyces cerevisiae edo garagar-legamia da ezagunetariko bat. Onddo hau anaerobioa da (oxigenorik gabe bizi daiteke) eta hartzidura alkoholikoa burutzen du. Hartzidura hori hainbat prozesu industrialetan aplikatzen da, hala nola garagardoa, ardoa eta ogiaren ekoizpenean.

Legamia gutxi batzuk giza patogenoak dira. Talde horretan Candida generoa azpimarratu behar da, kandidiasi izeneko gaitzaren eragilea.

Legamiek ugalketa asexuala (gemazioaren bidez) ugalketa sexualarekin (askospora edo basidiosporen bidez) txandakatzen dute.

Legamien erabilera

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Saccharomyces cerevisiae»

Ogia ekoizteko, gozogintzan irina harrotzeko edo garagardoa, ardoa eta beste edari batzuk ekoizteko erabiltzen diren legamietan, erabiliena Saccharomyces cerevisiae espezieko legamia da. Onddo mikroskopiko zelulabakarrez osatuta dago eta deshidratatu ondoren geratzen den hauts lehorra da Saccharomyces cerevisiae edo garagar-legamia. Legamia osatzen duten onddo horiek guztiak izugarri ugaritzen dira garagardoaren ekoizpenean eta, ondoren, garagardo horren heltze- eta biltegiratze-prozesuan, tankearen azpialdean pilatzen dira. Horiek garbitu eta lehortu ondoren, prest dago gehigarri dietetikoa kontsumorako. Garagardotik lortua bada ere, legamiak, berez, ez du alkoholik.

 
Ezkerretara ogia ekoizteko erabili ohi den garagar-legamia. Eskuinean gozogintzan erabili ohi den legamia kimikoa.

Garagar-legamian proteinak dira nagusi, horietatik % 33 kalitate biologiko handikoak, eta aminoazido esentzial guztiekin.

Bitaminei dagokienez, garagar-legamiak baditu B taldearen bitaminak, baita B12 bitaminaren kantitate txiki bat ere. Azken hori animalia-jatorriko produktuetan soilik topatzen da; hori dela eta, begetarianoentzat osagarri egokia da.

 
Legamia freskoa. Normalean horrelako kuboetan saltzen da garagar-legamia.

Kaltzioaren xurgapenean parte hartzen duen D bitamina ere badu. Beraz, osteoporosi-arazoak dituztenek esneari garagar-legamia apur bat gehituta, kaltzio gehiago xurgatuko lukete.

Gatz mineral gehienak ditu, gehixeago edo gutxixeago, baina nabarmentzekoak dira burdina, selenioa (antioxidatzailea eta agian minbizia prebenitzeko) eta kromoa (diabetesaren eta arteriosklerosiaren aurkakoa).

Ez du ia koiperik, baina koipeen familiako azido alfa-lipoikoa du, antioxidatzaile indartsua. Azido alfa-lipoiko horren estraktuak gehigarri gisa erabiltzen dira HIESaren sendabidean, antioxidatzailea, bizigarria eta immunitate-sistemaren estimulatzailea delako.

 
Legamia onddoa erraz topa daiteke naturan, esate baterako mahats helduan.

Erreferentziak

aldatu
  1. «Legamia». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-04-19.)

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo-estekak

aldatu