Göbekli Tepe (turkieraz ɡøbe̞kli te̞pɛ ahoskatua, euskaraz: «muino zilbor handia» esan nahi duena) Neolitoko arkeologia-aztarnategia da, Turkiako Hego-ekialdeko Anatolia eskualdean dagoena, Kurdistanen, Siriako mugatik hurbil. Mendigune zabal baten punturik garaienean dago, Şanlıurfa (antzinako Urfa/Edesa) hiritik 15 kilometro ipar-ekialdera.

Göbekli Tepe
 UNESCOren gizateriaren ondarea
Göbekli Tepeko aztarnak
Datuak
Turkiako probintziaŞanlıurfa probintzia
EskualdeaMesopotamia
Koordenatuak37°13′23″N 38°55′21″E / 37.2231°N 38.9225°E / 37.2231; 38.9225
Map
Azalera1.26 km²
Historia
Garaiak. a. X. milurtekoa
Uzteak. a. VIII. milurtekoa
Garaia(k)A-B
KulturaZeramika aurreko Neolito
ZuzendariakKlaus Schmidt (en) Itzuli
Altitudea760 m

muze.gov.tr…

Gaur egun turkiar eta alemaniar arkeologoak indusketak burutzen ari diren leku horretan. K.a. 9600 urte inguruko (duela 11.500 urte) ehiztari-biltzaileek eraiki zuten, hain zuzen ere sedentarizazioa hasi aurretik. Misteriotsuki, k. a. 8.000. urtean harri, zutarri eta eskultura multzo hau nahita lurperatua izan zen, eta 500 urtez lagata egon zen. Nevali Çori aztarnategiarekin batera, funtsezkoa da eurasiar iraultza neolitikoa azaltzeko.

Aurkikuntza aldatu

Göbekli Tepe aztarnategia Turkiako hego-ekialdean dago. 1964an jada estatubatuar prospekzio batek bertan zer edo zer bazegoela adierazia zuen, muino hura osoki naturala ez baizen, baina azpian bizantziar hilerri bat zegoela uste zen. 1994tik aurrera Alemaniar Arkeologia Institutua eta Şanlıurfako museoko turkiar zientzialariek indusketak zuzendu dituzte, denak ere Klaus Schmidt alemaniar arkeologoaren zuzendaritzapean(1995–2000: Heidelbergeko Unibertsitatea; 2001tik aurrera Alemaniar Arkeologia Institutuak). Schmidten arabera, lurrazalean zeuden harri puskek berehala leku hura historiaurrekoa zela ondorioztatzea bultzarazi zuten. Antzina, muinoa belaunaldiz-belaunaldi jorratua eta ereina izan zen, eta horretarako harriak kendu eta soroak garbitzeko asmoz harriak piloetan pilatu zituzten, ondorioz baliteke arkeologia aztarna ugari betiko deseginak izatea. Hochschule Karlsruhe erakundeko ikertzaileak arkeologia aztarnak dokumentatzen hasi eta lasterrera T itxurako zutarriak topatu zituzten, haietako askok itxuraz suntsitze saiakerak jasan zituztelarik.[1]

 
Indusketaren ikuspegia hegoaldetik.

Eraikuntzak aldatu

Hainbat eraikuntza zirkular aurkitu izan dira, garai diferenteetakoak. Horietako lau besterik ez dira atera argitara, eta beste 16 lur azpian daude. K.a. 9600 urtekoak dira zaharrenak, Neolitokoak (Buztingintza aurreko Neolitokoa-A. PPNA) Inguruko eta oraindik induskatu gabeko eraikin are zaharragoak izan daitezkeela uste da.

Eraikin hauek harrizkoak dira, 10-30 metroko diametroko zirkunferentziak. Tarteka zutarriak dituzte, T itxurakoak, 6 metrorainokoak, eta 10-20 tonakoak. Ez dakigu teilaturik zuten ala ez. Animalien eskultura asko dituzte, behe-erliebean. Animali hauek ez dira ehizan harrapatu eta jateko erabiltzen direnak, piztiak baizik: lehoiak, basurdeak, sugeak, saiak... Ez da aurkitu bertan gizakien hezurrik, ez eta hilobirik.

Susmoa dago zutarri hauek gizakia adierazi nahi dutela, batzuetan beso baten antzeko zerbait grabatua dutelako, baino ez dago argi.

 
Zirkuluetako bat

Egitura hauetatik 100 metrora gutxi gora-behera harrobiak daude. Handik ekarri zituzten zutarriak. Gogoan izan behar dugu garai honetan ez zegoela ez metalik, ez gurpilik. Beraz, kalkulatzen da 500 laguneko gizataldeak jaso zituela eraikin hauek.

Bi garai aztertu dira: lehenengoa k. a. 9600- 8800, bigarrena k. a. 8800-8000. Bigarrengoan gelatxo laukizuzenak aurkitu izan dira, eta zutarriak txikiagoak.

Datazioa aldatu

Topatu dira Karbono-14 bidezko datazioaren bidez zenbait elementu kronologikoak:

Lab. numerazioa. K.a. data K. a. kal. Ingurua
Ua-19561 8430 ± 80 7560–7370 C esparrua
Ua-19562 8960 ± 85 8280–7970 B esparrua
Hd-20025 9452 ± 73 9110–8620 III. maila
Hd-20036 9559 ± 53 9130–8800 III. maila

Hd aztarnek egur ikatzean dute jatorria, aztarnategiaren maila baxuenekoak dira, zaharrenak; horiek okupazio garai aktiboena adieraziko lukete. Ua aztarnak zutabeen gainean sortutako karbonatoen estalkienak dira eta horiek behin lekua utzi ondorengo datak adierazten dituzte, terminus ante quem deritzona.[2]

Gizartea aldatu

 
Göbekli Tepen aurkitutako totema hiru irudiekin.

Jakinik %5 besterik ez dela induskatu, aipatuko direnak behin-behinekoak dira.

Orain arte ez da aurkitu hezitako animaliarik eta landarerik. Ehiztarien eta biltzaileen gizartea litzateke garai horretakoa. Bestalde ez da aurkitu bertan bizi izan zirenaren arrasto handirik. Horregatik uste da esanahi erlijiosoa duen eraikinak direla, tenpluak. Uste hori sendotzen du, halaber, bertan agertzen diren animalien erliebe eta eskulturak (sugea, eskorpioi, saia, ) ez izatea jateko erabiltzen zirenak.

Garai haietan ehiztari-biltzaile taldeak ez ziren talde handiak. Ez eta leku jakin batean eman urte osoa. Batetik bestera ibiltzen ziren jakien bila. Ez zuten idazketa ezagutzen, gurpila ere ez. Zeramika eta metalak ere ez. Horregatik ez zen uste horrelako jende taldeak horrelako eraikuntzak egiteko gai izatea.

Garrantzia aldatu

Lehenengo ezustea antzinatasunak eman zuen. Garai horretan ehiztari-biltzaileak ziren, nomadak, eta talde txikitan ibiltzen ziren.Nola egin eta mugitu zituzten harri haiek? Gogoan izan 500 laguneko taldea beharrezkotzat jotzen dela 20 tonako hainbat zutarri 100 m baino gehiago mugitzeko.

Bigarrena, ezagutzen ziren aurreko kultura batzuk, Natufiarrak [3] esate baterako, baina ez zuten tenplurik. Hauek lirateke ezagutzen diren tenplurik zaharrenak.

Beste kontu bat da lehenengo hazi etxekotuak, inguruan 30 kilometrotara azaldu izan direla. Beraz, garrantzi handiko lekua ematen du, garaiko bizimoduari buruzko uste asko hankaz gora jarri dituena, hau da, galdera gehiago plazaratu dituena erantzun baino. Horretaz aparte, gogoratu beharra dago multzo osoaren zati txiki bat besterik ez dela induskatu.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu