Creepypastak beldurrezko istorio laburrak dira, Internet bidez biltzen eta partekatzen direnak. Irakurlea beldurtzeko edo kezkatzeko asmoa dute, errealitatearen eta fikzioaren arteko mugak lauso mantentzen dituztelarik.[1][2] Hiri kondairen antzekoak dira, nahiz eta ez duten beti testu idatziaren edo narrazioaren forma hartzen. Creepypasta batzuk irudi, bideo edo ustez sorgindurik dauden bideo-joko moduan agertzen dira. Terminoa 4chan-en sortu zen 2006 inguruan.[3][4]

Creepypastak zaleek egindako literaturatzat har daitezke (fanfiction), baina hauek gai beldurgarriak jorratzen dituzte.[1]

Izena aldatu

 
Slender Man

Creepypasta creepy (beldurgarria ingelesez) eta copypasta hitzen akronimoa da. Izena Interneteko "copypaste" hizkeratik dator; erabiltzaileek askotan kopiatu eta itsatsi duten testuari dagokiona.[3] Terminoa 4chan-en sortu zen 2006 inguruan.[3][4]

Jatorria aldatu

Creepypasten jatorri zehatzak ezezagunak dira. Lehen creepypastak, orokorrean, modu anonimoan idatzi eta errutinaz argitaratzen ziren, generoaren historia eta argitalpenen egiazkotasuna aztertzea zailduz.[3][4] Jessica Royk, Time-rentzat idatzirik, creepypastak 1990eko hamarkadan sortu zirela argudiatu zuen, kateko mezu elektronikoak Interneteko foroetan argitaratzen zirenean.[5] Lehen creepypastetako asko, erritualak, pasadizo pertsonalak eta hiri kondairak izan ziren, Polybius eta Bunny Man kasu.

Creepypasten inguruko webgune nagusiak 2000ko hamarkadaren amaieran eta 2010ekoaren hasieran hasi ziren sortzen. Creepypasta.com 2008an sortu zen[4], Creepypasta.org 2009an eta Creepypasta Wiki eta r/NoSleep (Redditeko foroa) 2010ean.[6][7] Webguneek creepypasta artxibo iraunkor bat sortu zuten, generoan eragin handia izan zuena. Creepypastaren definizioa garatu egin da denborarekin, Interneten idatzitako beldurrezko istorio gehienak sartzeko.

Ezaugarriak aldatu

Hasiera batean creepypastak erabat anonimoak ziren. Denborarekin, autoretza gero eta garrantzitsuagoa bihurtu da; creepypasta asko pertsona anonimoek idatzi beharrea, izendatutako egileek idazten dituztelarik. Autore hauetako asko creepypasten bidez atentzioa deitzen saiatzen dira. Creepypastak kopiatzea eta itsastea, denborarekin, horren ohikoa ez den zerbait bilakatzen joan da ; hori egitea creepypasten komunitateko kide askoren iritziz lapurreta intelektuala bai da.[8][4]

Autore ugari creepypastetako pertsonaiak erabiltzen hasi ziren beren istorioak idaztean, pertsonaia horien istorioen segida ugari garatuz.[4] Istorio hauetan kontatutako fenomeno paranormalak, oro har, mistizismo tradizionalarekin lotuta daude, narrazio ia errealista bat ahalbidetuz. Splatterpunk estilo bat erabili ohi da, hiltzaileak bezalako pertsonaietara edo izu psikologikora joz, fantasiazko izuaren ordez. Creepypastek ez dituzte erabiltzen munstro "tradizionalak", hala nola mamuak, banpiroak, gizotsoak edo zonbiak, baizik eta Lovecraft bezalako autoreen antzeko literatur estiloko izaki gutxi-asko gaizto batzuk.[1] Aurrerago irudiak erabiltzen hasi ziren irakurlearen beldurra areagotzeko.[9]

Generoak aldatu

 
Polybius arkade jokoaren erreplika.

Creepypastak estilo askotan agertzen dira, horietako batzuk oso arruntak direlarik:

  • Hiri kondairak: Narratzaileak elezahar beldurgarri bat, istorio tentso bat, bere iraganeko gertaera bitxi bat edo edozein gai beldurgarriren inguruko istorioak kontatzen ditu. Lehen edo hirugarren pertsonan konta daitezke, gertakariaren arabera.
  • Egunerokoak: Istorioa eguneroko edo txosten batean idatzita balego bezala kontatzen da. Ordena kronologikoan idatzirik egon daitezke, baina ez da derrigorrezkoa.
  • Erritualak: Irakurleak inbokazioa bat gauzatu ahal izateko argibide-zerrenda bat izan ohi dira, hala nola une egokian norabait joan beharra edo ekintza ezohiko edo misteriotsu batzuei jarraitzea. Pausuak zuzen jarraitu ezean zerbait izugarria gerta daiteke.
  • Kapitulu galduak: Narratzaileak, oro har, umorezkoa edo haurrentzakoa den telebista-saio jakin bateko aurrekaririk gabeko kapitulu baten istorioa kontatzen du, arrazoi beldurgarri ugarirengatik inozi telebistan emititu ez dena. Arrazoi horiek normalean modu bitxian jarduten duten aktoreak, odola edo indarkeria errealista, audio edo bideo ustel edo desitxuratuak, heriotza txundigarriak, etab. dira.
  • Joku madarikatuak: Bideo-joku ospetsuetan oinarrituriko istorioak dira. Jokuak aldakuntzaren bat jaso duela edo denda altertatibo batean erosi dela azaltzen da. Hori dela eta, jokuak berez izan beharko ez zituen elementu misteriotsuak ditu, adibidez, odola eta gehiegizko biolentzia. Batzuetan, jokoa jokalariaren bizitza eraldatzen duen indar gaiztoren batek hartu duela esaten da.

Creepypasten adibideak aldatu

Slender Man aldatu

Slender Man, «Gizon Argala» modura itzuliko litzatekeena, naturaz gaindiko entitate bat da, orokorrean negozio-jantzi bat daraman aurpegirik gabeko gizon altu bat bezala deskribatzen da. Hanka luzeak eta bizkarretik irtetzen diren tentakulu oso luzeak ditu. Pertsonaia honen creepypastek, oro har, Slender Manek hipnotizatu eta beldurtzen dituen jendeari buruzko istorioak kontatzen dituzte. Bere jatorria 2009an "Something Awful" foroan izan zen arren, Slender Mani buruzko creepypastak Youtuben igorritako dokumental faltsuen bidez, bideo-jokoen bidez eta komunikabideen bidez zabaldu dira Interneten.[10]

Jeff the Killer aldatu

 
Jeff the Killer pertsonaiaren aurpegia.

Jeffrey Woods duela gutxi etxez aldatu den nerabe bat da eta bizitoki berrian berak ezagutzen ez zituen hiru nerabek eraso egiten diote lapurtzeko asmoz. Jeffek basatiki erasotzen ditu, eta bere anaia Liu, berarekin zegoena, erruztatua eta kartzelatua izan zen, ondoren askatua izateko. Ondoren, bere bizilagunen etxean ospatzen zen urtebetetze festa batera gonbidatzen dute, eta aurrez eraso zioten hiru nerabeek erasotu egiten dute bertan. Jeffek bi hiltzen ditu, baina hirugarrenak lixiba eta alkohola bota eta su ematen dio.

Erasoaren ondoren, bere zentzutasuna galtzen hasten da. Betazalak erretzen ditu, ispilura begiratzen den aldiro bere aurpegia ikusi ahal izateko, eta masailak mozten ditu beti irribarrez dagoenaren itxura izateko. Bere ama komunera joan zen handik zetozen zaratak zirela eta, eta Jeffi begira geratu zen, izututa. Ama korrika joan zen Jeffen aitaren bila, baina Jeffek biak hiltzen ditu labana batekin. Jarraian, lotan zegoen bere anaia zaharrarengana doa, Liurengana. Liu esnatu egiten da, baina Jeffek «Go to sleep» (Zoaz lotara) esan eta labana sartzen dio. Labankaden zehaztazun ezaren ondorioz Liuk bizirik ateratzen da eta ospitalera eramaten dute.

Pertsonaia hau serieko hiltzaile bat da, labanen maisu izateagatik eta super-bizkortasunagatik da ezaguna. Esaten denez, botere mistikoak ere baditu, hala nola distantzia laburrean teletransportatzeko gaitasuna eta bere begiekin beldurra eragiteko gaitasuna. Lehen istorioaren jarraipen ugari idatzi dira. Horietan «Jane the Killer» eta «Homicidal Liu» moduko pertsonaiak agertzen dira, biak Jeffen biktima ohiak eta bere nemesiak. Jeff the Killerren hainbat fanfiction idatzi dira.[11]

Loaren esperimentu errusiarra aldatu

"The Russian Sleep Experiment" sobietar aroko esperimentu klasifikatu batean gertaturikoa azaltzen duen hiri kondaira da. Traizio delitu batetaz akusaturiko bost preso lo-inhibitzaile baten eraginpean jartzen dituzte hamabost egunez, hauek eromeneraino eramanaz.[12]

Polybius aldatu

Hiri kondaira baten arabera Polybius ustezko arkade bideo-joko bat da, existituko balitz, 1981ean kaleratua izango litzatekeena. Bideo-jokoak ondorio suntsitzaileak eragiten zizkien jokalariei; adibidez, eromena, estresa, amesgaizto izugarriak eta suizidiorako joera.[13] Konspirazioaren teoria baten arabera, jokoa desagertu egin zen argitaratu eta gutxira, inolako arrastorik utzi gabe.

Ben Drowned aldatu

 
“Patu izugarri batekin egin duzu topo, ezta?” esaldia jatorrizko The Legend of Zelda: Majora's Mask jokuan ere agertzen den arren, Ben Drowned creepypastaren eraginez ospe handia irabazi zuen.

Ben Drowned (euskaraz “Ben Itoa”) The Legend of Zelda: Majora's Mask jokoko kartutxo madarikatu baten inguruko creepypasta bat da. Alex izeneko ikasleak bigarren eskuko produktuen azoka batean aurkitu zuen jokoa. Agure batek saltzen zuen, baina honek oparitu egin zion. Etxera heldu eta jokoa probatzea erabaki zuen Alexek. Jolasten hasi zenan BEN izeneko partida bat gordeta zegoela ikusi zuen, baina garrantziarik eman gabe partida berri bat hastea erabaki zuen. Alexek gauza arraroak somatu zituen jokoan; pertsonaiek batzuetan BEN deitzen zioten, Skull Kid pertsonaia ez zegokion momentuetan agertzen zen eta Link pertsonaiaren estatua batek jarraitzen zion. Halako batean Skull Kid pertsonaiak su ematen dio Linkeri eta “Patu izugarri batekin egin duzu topo, ezta?” esaldia agertu zen pantailan. Alexek jolasten jarraitu zuen. Halako batean Zora deituriko pertsonaiarekin uretara sartzen da Alex, pertsonaia hau ezin bai da ito. Hala ere, Linken estatuarekin topo egin ostean Zora ito egiten da. Jokua berrabiaraztean partiden izenak aldatu zirela nabaritu zuen, lehen partidak BEN izena zuen eta bigarrenak DROWNED (Itoa). Gauzak hobetzen ez zirenez eta urduritasunaren eraginez jokoa agureari itzultzea erabaki zuen. Honen etxera joan zenean agurea etxez aldatu zela ikusi zuen. Auzokoei galdetzean Ben agurearen familiakoa zela jakin zuen, eta hau hil egin zela.[14]

Beste istorio batean Ben bullying kasu baten erruz hil zen gazte bat zela aipatzen da. Bera zapaltzen zuten hiru gazteekin liskarra izan zuen Majora's Mask jokoa lapurtu ziotelako. Benek jokua berreskuratzen du, eta ordainetan hiru gazteetako batek begiak zapuztu eta uretan itotzen du.

Istorioa 2010eko irailean argitaratu zen lehenengoz 4chanen. Alex Hall izeneko pertsona batek idatzi zuen, Jadusable ezizena erabiliz. Istorioaz gain istorioaren egiazkotasuna frogatzeko bideo eta argazkiak igo zituen.[15]

Bloody Mary aldatu

Ispiluko mamua (Lurraldearen arabera izen ezberdinak hartzen ditu) ustezko izpiritu bati buruzko elezahar bat da, bere izena ispilu baten aurrean zenbait aldiz esaten denean agertzen dena. Ispilu aurrean esan beharreko izen kopurua istorioaren bertsioaren arabera aldatzen da, baina normalean hiru aldiz esan behar da. Istorioaren bertsio ospetsuena lurralde anglosaxoietakoa da, non mamuak "Bloody Mary" izena hartzen duen.[16]

Ayuwoki aldatu

Ayuwoki, jatorri espainiarreko creepypasta bat da, 2019aren hasieran garrantzia hartu zuena. Jatorria 2009an YouTubera igo zen bideo bat da, non Michael Jackson zenaren aurpegiaren antzeko maskara distortsionatu bat duen robot animatroniko bat ikusten den. Ayuwoki izena Jacksonen "Smooth Criminal" abestiaren "Annie are you Okay?" esaldiaren nahitazko deformazio batetik jaso du.[17] Hasierako memean oinarriturik, hainbat erronka eta hiri kondaira sortu ziren, eta, horren ondorioz, hainbat lekutako agintariek herritarren beldurrak baretu behar izan zituzten.[18]

Creepypastak hedabide ezberdinetan aldatu

Liburuak aldatu

  • 2014ko urrian, Creepypasta: Spökhistorier från internet (Creepypasta: mamuen istorioak Internetetik) izeneko liburu bat argitaratu zen Suedian.[19]
  • 2015ean loaren esperimentu errusiarrean oinarrituriko eleberri bat kaleratu zen.[20]

Filmak eta sailak aldatu

  • 2018an creepypastako pertsonaian oinarritutako Slender Man filma estreinatu zen, Mythology Entertainment, Madhouse Entertainment eta It Is No Dream Entertainment ekoiztetxeek ekoitzia.
  • 2018an The Rake filma estreinatu zen, izen bereko creepypastako pertsonaian oinarritua, Red Band Filmsek ekoitzia.
  • Loaren esperimentu errusiarrean oinarrituriko hainbat film daude.[21]

Bideo-jokoak aldatu

  • Creepypastek oinarrituriko hainbat joku eta mod daude, ezagunena Slender Man: The Eight Pages delarik.[22]

Delituak aldatu

  • Creepypastek garrantzia hartu zuten komunikabideetan ustez Slendermanek inspiraturiko erasoen ondoren. 2014ko maiatzaren 31n, 12 urteko bi neskek ustez sastakatu egin zuten laguna, Slender Manen istorioa ezagutu ondoren.[23]
  • Hainbat komunikabidek "Blue Whale" moduko jokoarekin harremandu dituzte creepypastak.

Erreferentziak aldatu

  1. a b c (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (2015-05-17). «Creepypasta: así son las historias de terror de los campamentos en la era de internet» Verne (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  2. (Gaztelaniaz) «'Creepypasta': las bromas virales que han inspirado asesinatos» ELMUNDO 2016-03-09 (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  3. a b c d (Ingelesez) «Beware The "Creepypasta"» Dictionary.com (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  4. a b c d e f «A Brief History of Creepypasta - TurboFuture - Technology» turbofuture.com (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  5. «Inside Creepypasta, the Internet Trend That Allegedly Spawned a Killer Meme» Time (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  6. (Ingelesez) «'Slender Man' Cited in Stabbing Is a Ghoul for the Internet Age» NBC News (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  7. (Ingelesez) «Beware the Creepypasta: Scary Storytelling in the Internet Age» Den of Geek 2018-08-10 (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  8. (Ingelesez) «What Is Creepypasta? Here's Everything You Need To Know About The Internet's Spookiest Stories» Bustle (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  9. (Gaztelaniaz) Jaume. (2017-01-16). «Creepypasta, ¿la nueva literatura de terror?» Excentrya (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  10. (Ingelesez) Dewey, Caitlin. «The complete history of ‘Slender Man,’ the meme that compelled two girls to stab a friend» Washington Post ISSN 0190-8286. (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  11. (Ingelesez) «Who is "Jeff the Killer"? And is his picture haunted by a real death?» io9 (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  12. (Gaztelaniaz) «Leyendas urbanas: El» La Vanguardia 2016-07-18 (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  13. (Gaztelaniaz) «La leyenda de Polybius» GranadaDigital 2016-06-24 (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  14. (Gaztelaniaz) «Ben Drowned» Wiki Creepypasta (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  15. (Ingelesez) «Ben Drowned» Dictionary.com (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  16. (Gaztelaniaz) Clarín.com. «La leyenda urbana de Bloody Mary: terror frente al espejo» www.clarin.com (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  17. «Ayuwoki» Know Your Meme (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  18. Tate, Amethyst. (2019-03-07). «Michael Jackson Meme 'El Ayuwoki' Leads Police To React After Frightening Children» International Business Times (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  19. «Ctrl C + Ctrl V = skräck - hd.se» web.archive.org 2014-10-22 (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  20. (Ingelesez) «The Russian Sleep Experiment Creepypasta Becomes a Creepy Novella» Dread Central 2015-09-02 (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  21. (Ingelesez) «John Farrelly Set to Release Debut Feature Film The Sleep Experiment» I Love Limerick 2019-02-22 (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  22. (Ingelesez) July 2017, Mark Wycislik-Wilson 27. «Slender: The Eight Pages review» TechRadar (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  23. (Gaztelaniaz) «Niña apuñalada 19 veces por amigas de 12 años en pijamada cuenta su historia» CNN 2019-10-25 (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).

Kanpo estekak aldatu