Akronimo
Akronimoa (grezieratik: ἄκρος, akros, «muturra», eta ὄνομα, onoma, «izena») izen sintagma edo perpaus bateko hasierako letrak edo bestelako zatiak batuz laburtzapen gisa sortutako hitza da. Arrunki, lehen letrak hartzen dira (adibidez: laser, light amplification by stimulated emission of radiation), baina zenbaitetan hasierako zati handiagoak hartzen dira (esaterako: Benelux, Belgika, Nederlanda eta Luxenburgo), edo hasierakoak ez diren zatiak ere (konparazio baterako: Emakunde, Emakumearen Erakundea).[1]
Siglarekin alderatuta, akronimoa izen edo termino independentea izan ohi da. Hiztegi batzuetan, akronimoa eta sigla ez dira bereizten.[2] Sigla bat topatzen dugunean, haren atzean dagoen talde edo dena delakoa adierazten zaigula ulertzen dugu, eta akronimoa, berriz, izen beregaina da, bere osagarriak zein diren ez da hiztun arruntarentzat begi bistako kontua izaten. Siglak ez bezala, soilik lehen letra izan ohi dute larriz akronimoek.
Siglak dira, adibidez:
- NBE: Nazio Batuen Erakundea.
- GKE: Gobernuz Kanpoko Erakunde.
- GNU: GNU is Not Unix! (akronimo errekurtsiboa).
- URL: Uniform Resource Locator (Baliabideen Kokatzaile Uniformea)
eta akronimoak, berriz
- Emakunde: EMAkume eta eraKUNDE terminoen artean sortua
- Elkar: Euskal Liburu eta Kanten ARgitaldaria da, berez, argitaletxe honen izenaren atzean dagoena.
- EIMA (Euskarazko Ikasmaterialgintza).
Erabiliaren erabiliaz, batzuetan, sigla edo akronimo izateari utzi, lexikalizatu eta izen arrunt bilakatzeko joera dute eta, ondorioz, halakoak hiztegian ageri dira (hiesa, esate baterako). Jarraibide berak izaten dituzte siglek eta akronimoek.
Nola itzuli
aldatuSiglek eta akronimoek askotan sortzen duten zalantza: bere horretan utzi, jatorrizko hizkuntzan ala itzuli?
Gorago agertzen diren adibideetan, lehen bi siglak euskaratu egiten dira, eta hurrengo biak, ordea, jatorrizko ingelesean ematen dira. Emakunde eta Elkar akronimoak, auzoko hizkuntzetan, erakunde eta argitaletxe baten izen berezitzat jotzen dira eta jatorrizko euskaraz ematen dira. Akronimoak edo siglak izen berezitzat jotzen direnean jatorrizko hizkuntzan, bere horretan ematen dira. Egoten diren zalantzak ikusteko adibide bat: REM musika taldea da, baina BMA (begi mugimendu azkarra) proposatzen da lo-fasea izendatzeko, eta azkenik Rem, ingelesezko roentgen equivalent man esapidearen laburdura denean.[erreferentzia behar]
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- Laburtzapenen hiztegia (Ikurrak, Laburdurak, Siglak), (Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saila).
- Euskaltzaindia, Euskara Baturaren Eskuliburua: "Siglak".
Erreferentziak
aldatu- ↑ «Siglak - Euskara Batuaren Eskuliburua» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-25).
- ↑ Zehazki hiztegian, esate baterako.