Adelaide Cabete

Portugalgo ginekologo feminista eta errepublikanoa

Adelaide Jesus Damas Brazão Cabete (Alcáçova, Elvas, 1867ko urtarrilaren 25a - Lisboa, 1935eko irailaren 14a), Adelaide Cabete izenez ezagunagoa, XX. mendeko lider feminista portugaldar garrantzitsuenetariko bat izan zen. Portugalgo errepublikanismoaren aldekoa izateaz gain, mediku obstetra, ginekologoa, irakaslea, framasona, publizista, ongilea, bakezalea, abolizionista, animalien defendatzailea eta humanista ere izan zen.[1]

Adelaide Cabete

presidentea

1914 - 1935
Bizitza
JaiotzaAlcáçova (en) Itzuli1867ko urtarrilaren 25a
Herrialdea Portugal
 Portugalgo Erresuma
Lehen hizkuntzaportugesa
HeriotzaLisboa1935eko irailaren 14a (68 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakportugesa
Jarduerak
Jarduerakginekologoa, obstetra, editorea eta sufragista

Adelaide Cabete aitzindaria izan zen emakumeen eskubideen aldarrikatze mugimenduan, eta hogei urte baino gehiago eman zituen Conselho Nacional das Mulheres Portuguesas (Portugalgo Emakumeen Kontseilu Nazionala) erakundearen buru. Emakumeentzat erditu aurreko hilabeteko atsedenerako eskubidea aldarrikatu zuen (amatasun-lizentzia), eta 1912an, halaber, publikoki aldarrikatu zuen emakumeen boto-eskubidea, 1933ra arte Portugalen onartuko ez zena. Bera izan zen Luandan, Angolako hiriburuan, botoa eman zuen lehen emakumea eta bakarra, 1933ko Konstituzio Portugaldarrarekin ezarri zen Hauteskunde-lege berriaz egin ziren lehenengo hauteskundeetan.[2]

Biografia aldatu

Lehen urteak aldatu

Adelaide de Jesus Damas Brazão Cabete 1867ko urtarrilaren 25ean jaio zen Alcáçovan, Elvas. Bere gurasoak Ezequiel Duarte Brazão eta Balbina dos Remédios Damas izan ziren, biak jatorri xumeko nekazariak. Aita oso goiz galdu zuenez, bizimodua ateratzeko lan egin behar izan zuen amari aranak biltzen eta lehortzen lagunduz, eta baita Elvaseko familia dirudunentzat etxeko lanak egiten. Lan egin beharrak lehen hezkuntzara joatea galarazi bazion ere, Adelaidek bere kabuz ikasi zuen irakurtzen eta idazten, zailtasun handiak izan arren.[3]

Ezkontza aldatu

18 urte zituela, Manuel Ramos Fernandes Cabeterekin ezkondu zen. Manuel Alhadasen (Figueira da Foz) jaioa zen, militarra eta errepublikar militantea. Emakumeen eskubideen defendatzailea izanik, etxeko lanetan lagundu ohi zion eta ikastera animatu zuen. Bikoteak izan zuen lehenengo hitzorduan, gizonak gramatika bat oparitu zion Adelaideri. Handik gutxira, 1889an, hogeita bi urte zituela, Adelaide Cabetek lehen hezkuntzako azterketa egin zuen, eta 1894an bigarren mailako ikastaroa burutu zuen. Urtebete geroago, Manuel Cabetek bere ondasunak saldu zituen emakumearen ikasketak ordaintzeko, eta bikotea Lisboara joan zen bizitzera. Han, bere medikuntzako ikasketei ekin zien, eta aldi berean, militantzia errepublikarrean eta feministan sartu zen.

1916ko urtarrilean, Adelaide Cabete alargun eta seme-alabarik gabe gelditu zen Manuel Cabete gaixotasun luze baten ondorioz hil ondoren. Urte batzuk geroago, bere bizitzako gertaerarik garrantzitsuena zein izan zen galdetu ziotenean, zintzo erantzun zuen: "Nire senarra".

 
Adelaide Cabeteren erretratua (1908 )

Ikasketak aldatu

1896an, Adelaida Cabete Medikuntzako eta Kirurgiako Eskolan matrikulatu zen, eta 1900ean ikasketak amaitu zituen. Bere amaierako tesia "Haurdun dauden pobreen babesa, belaunaldi berrien garapen fisikoa sustatzeko bitarteko gisa" lana izan zen. Tesi horretan, jaiotzekin loturiko arriskuen prebentzioari buruzko ikerlanak egiteko eskatu zion gobernuari, eta lege bat ere proposatu zuen, emakumezko langileei haurdunaldiaren azken hilabetean atseden hartzeko aukera emango ziena, hileko soldata ordainduta. Ordainsariaren finantziazioa estatuaren, enpresarien eta langileen hileroko ekarpenez osatuko zen.[4] Bere irakasleak Miguel Bombarda, Curry Cabral, Ricardo Jorge eta Alfredo da Costa izan ziren. Adelaide Cabete izan zen Portugalen medikuntza ikasketak egin zituen hirugarren emakumea.[5]

Ibilbide profesionala aldatu

Espezialitatea amaitu ondoren, ginekologo eta mediku obstetriko gisa jardun zuen bere kontsultategian, Lisboako Praça dos Restauradores-en. Bere jardunean, haurdun zeuden emakumeentzako laguntzak sortzearen alde lan egin zuen. Horretarako, artikulu asko idatzi zituen hainbat hobekuntza aldarrikatuz: ama-haurren arreta zabaltzea, haurren eta emakumeen oinarrizko zaintzak eta haien bizi-baldintzen hobetzea, oinarrizko hezkuntza zabaltzea... Gai horietaz idatzi zuen lehen artikulua, 1901ean argitaratua, Jornal Elvense-n, “Instrua-se a mulher” izan zen.

Zenbait urte geroago, 1914an, Odivelasera, Lisboako barrutiko kontzejura, joan zen lanera, "Meninas de Odivelas" izenez ezagun den Instituto Feminino de Educação e Trabalhora. Han, eskolako mediku gisa lan egin ez ezik, Higiene, Haurtzaintza, Anatomia eta Giza Fisiologia eskolak ematen zituen. Ikasle zituen neskei Sexu Hezkuntza ere irakasten zien.[6]

Aktibismo errepublikanoa eta feminismoa aldatu

 
1910eko maiatzaren 12an argitaratutako O Século egunkariaren Gehigarria Portugalgo Emakumeen Liga Errepublikanoaren sufragistei buruz. 5 - Ana de Castro Osório ; 6 - Maria Veleda ; 7 - Beatriz Paes Pinheiro de Lemos ; 8 - Maria Clara Correia Alves ; 13 - Sofia Quintino ; 14 - Adelaide Cabete ; 15 - Carolina Beatriz Ângelo ; 16- Maria do Carmo Joaquina Lopes.

1906an Frantziako "La Paix et le Désarmement par les Femmes" elkarteko batzorde portugaldarreko kide egin zen.[7] Handik gutxira, 1908an, Ana de Castro Osório, Carolina Beatriz Ângelo eta beste eragile errepublikar feminista batzuekin, Liga Republicana das Mulheres Portuguesas (Portugalgo Emakumeen Liga Errepublikarra) elkartearen sortzaileetako bat izan zen. Ligak emakumeen emantzipazioa eta sufragioa defendatzen zituen. [8]

Adelaide Cabete, bere senarra bezala, errepublikazale militantea zen, eta 1910eko urriaren 5eko iraultzan erregimen berria ezarri aurretik, aktiboki parte hartu zuen Errepublikaren aldeko propaganda ekimenetan, artikulu ugari idatziz eta monarkikoen eta jesuiten aurka azalduz. 1910ean, aktiboki parte hartu zuen Errepublikaren Ezarpenean: Miguel Bombardak, iraultza garaile gertatu eta egun gutxitara hilko zen politikari errapublikanoak, eskatuta eta Carolina Beatriz Ângeloren laguntzarekin, hainbat bandera gorri eta berde josi eta brodatu zituen Lisboan jasotzeko.[9]

1912an, emakumeen botoa aldarrikatu zuen, eta Portugalgo goi gizarteko beste emakume batzuekin, erakunde feminista berriak sortu zituen, hala nola, Liga Portuguesa Abolicionista, Ligas de Bondade, Cruzada das Mulheres Portuguesas, zeinetan hainbat kargu izan zituen. Horiez gain, 1914tik 1947ra arteko ibilbide luzea izango zuen Conselho Nacional das Mulheres Portuguesas ere sortu zuen eta bere presidentea izan zen hogei urte baino gehiagoz.[10]

Filantropo handia izan zen, beti defendatu izan zituen emakume haurdun eta pobreak, haurrak eta emakume protituituak. Hala ere, erradikala izan zen "emakumearen dezentziari" zegozkion gaietan, eta horregatik, emakumezkoen moda berrien inportazioaren aurka agertu zen. Gona motzak kritikatu zituen, gehienik ere lurretik arra betera erabilti behar zirela uste baitzuen, eta estilo sinple eta kontserbadoreaz janztea gomendatzen zuen.

Bestalde, tabernen itxiera txalotu zuen eta hainbat gaitan kontrako iritzia adierazi zuen, hala nola, zezen-korridetako indarkeriaz, jostailu belikoen erabileraz eta garai hartan abangoardiakotzat hartzen ziren eta gaur egun indarrean dauden bestelako kontuetan ere.[11]

 
Portugalgo Emakumeen Gurutzadako zenbait kidek talde-erretratu batean haien erakundearen estandartearen ondoan. (1916 )

Nazio eta Nazioarteko Kongresuak aldatu

Irakaskuntza-arloan, bere ideia pedagogikoak adibide praktikoetan oinarritzen ziren, eta hainbat kongresutan aurkeztu zituen. Kongresu horien artean, aipatzekoak dira ondokoak: Ganten, Belgikan , Etxeko Lanbideen Nazioarteko Kongresua (1913 ); Emakumeen Nazioarteko Biltzarra Erroman, Italian 1923 ); Emakumeen Nazioarteko Kontseiluaren Kongresua Washingtonen, Estatu Batuetan (1925); I. eta II. Biltzar Feminista eta Hezkuntzakoak (1921 eta 1928) eta Biltzar Abolizionistak (1926 eta 1929), biak Lisboan. Batzuetan, Portugalgo gobernua ere ordezkatu zuen atzerrian.


Argitalpenak aldatu

 
Portugalgo Emakumeen Kontseilu Nazionalak egindako II Biltzarra Feminista eta Hezkuntzakoa, Lisboan (1928). Ezkerretik eskuinera: Angélica Viana Porto, Elisa Soriano, Beatriz Magalhães, Adelaide Cabete eta Maria Leonarda Correia da Costa.

Hainbat gairi buruzko dozenaka artikulu idatzi zituen. Gehienek izaera mediko-sanitarioa zuten, baina haietan bere gizarte-kezkak ere aurki zitezkeen, esaterako, gaixotasun eta epidemiei aurre egiteko irtenbideak eta prebentzio-neurriak aurkezten zituenean. Horren adibide dira ondoko lanak:

  • "Papel que o Estudo da Puericultura, da Higiene Feminina, etc. deve desempenhar no Ensino Doméstico" (Haurren Zaintzaren, Emakumeen Higienearen eta abarren Azterketak etxeko heziketan bete behar duen zeregina - 1913)
  • "Protecção à Mulher Grávida" (Haurdun dagoen emakumearen babesa -1924)
  • "A Luta Anti-Alcoólica nas Escolas" (Alkoholaren kontrako borroka eskoletan - 1924 ).[12]

Bere aldarrikapen feministak erakusten dituzten artikuluak ere idatzi zituen. Alma Feminina aldizkaria sortu eta zuzendu zuen (1920 eta 1929 artean) eta aldizkari ugarirekin elkarlanean aritu zen, hala nola: Educação (Hezkuntza); Educação Social (Gizarte Hezkuntza); O Globo; A Mulher e a Criança (Emakumea eta umea); Pensamento (Pentsamendua); O Rebate (Hobaria) eta A Renovação (Berrikuntza - 1925 -1926).

 
1912an sortutako "Le Droit Humain " Nazioarteko Federazio Masoniko eta Mistoaren ikurra

Masoia aldatu

1907an, Lusitaniako Ekialde Handian sarbidatua izan zen eta Humanidade Logian integratu zen Louise Michel iraultzaile frantsesaren izen masonikoarekin.

1923an, garai hartako koiuntura politikoa ikusita eta Lusitaniako Ekialde Handian bertan hainbat desadostasun ikusita, batez ere, emakume eta gizonezkoen elkarte masonikoen artean, Adelaide Cabete ilusioa galduta sentitu zen, eta "Le Droit Humain" Nazioarteko Ordena Mistoan sartzea erabaki zuen, gizonak eta emakumeak, baldintza eta eskubide berekin, onartzen baitzituen. Gainera, eskumenak eman zizkioten Humanidade Logia berrezartzeko, baina oraingoan Frantziako Erritu Modernoaren arau pean, Portugaleko lehen logia masoniko mistoetako bat bihurtuz. [13]

Bizitzako Azken Urteak aldatu

1929an, Portugaleko egoera politiko ezegonkorrarekin eta Estado Novoaren berehalako ezarpenarekin erabat desilusionatuta, bere iloba Arnaldo Brazãorekin Luandara, Angola, joan zen. Bertan, idazten eta medikuntzan lanean jarraitu zuen. Polemika batzuetan sartuta egon zen, kausa feministaren eta indigenen eskubideen aldeko borrokaren ondorioz. Osasun publikorako sarbide librea ere defendatu zuen. Helburu horrekin, amaetxe publiko bat eraikitzea aldarrikatu zuen, eta ekintza horri esker, 'Alfredo da Costa' Amaetxea eraiki zen Lisboan 1932an. Handik urtebetera, 1933ko Portugalgo Konstituzio berria ezarritakoan, Luandan bozkatu zuen lehen emakumea eta bakarra izan zen.

1934an, larriki zauritua izan zen su-arma batekin gertatutako istripu batean. Handik gutxira, 67 urte zituela eta oraindik osasun arazo larriak zituela, Lisboara itzultzea erabaki zuen, han sendatzeko baldintza hobeak eta beste tratamendu batzuk izan zitzakeelako. Hala ere, hanka hautsi zuen eroriko batean, eta bere egoera okertu zen.

Hurrengo urtean, Adelaide Cabete 1935eko irailaren 14an hil zen, Lisboan, São Sebastião da Pedreira auzunean zuen etxean. Lisboako Alto de São João hilerrian dago ehortzita. [14]

Biografia masonikoa aldatu

Adelaide Cabete 1907ko martxoaren 1ean 'Humanidade' Emakumezkoen Logian (276. zk.) sarbidatua izan zen Louise Michel izen sinbolikoarekin. 'Humanidade' Logia hasieran Antzinako Erritu Eskoziar Onartukoa bazen ere, ondoren, Frantziako Erritu Modernokoa bihurtu zen. Cabetek logia horretan jardun zuen Lusitaniako Ekialde Handi Batuaren babespean 1914ra arte, 1911ko uztailaren 10ean 18. gradura iritsi zelarik.[15] Geroago, 1920 eta 1923 artean, zenbaitetan logiatik kanpo egon zen hainbat desadostasun izan baitzituen Ekialde Handiarekin, gizonezkoen logiekiko zuen eskubide eta tratu berdintasuna kendu ziolako Humanidade Logiari, Adopzio Logia kategoria eman zionean.

'Humanidade' Logiak zuen kategoria galdu ondoren, bere Maisu Agurgarriak elkartea Obedientziatik erretiratu zuen eta "Le Droit Humain" Nazioarteko Orden Masoniko Mistoaren Kontseilu Goren Unibertsal Mistoari bere kide izateko eskatu zion. Onarpena urte berean lortu zuten, eta horrela "Le Droit Humain" Nazioarteko Orden Masoniko Mistoaren Portugalgo Jurisdikzioa - Giza Eskubidea sortu zuten, Portugalgo lehen Logia mistoa izango zena.

Parisko Zenite, 1923ko maiatzaren 24a.

Aro Arrunta

Nik, behean sinatzen duenak, Maisu Handiak eta "Le Droit Humain" Nazioarteko Kontseilu Misto Goreneko Presidenteak, 18. graduko Adelaide Cabete andere txit agurgarriari ahalmena ematen diot Lisboako Ekialdean (Portugal) 'Humanidade' 776. "Le Droit Humain" Logia Errespetagarria ezartzeko.

'Le Droit Humain' Nazioarteko Orden Masoniko Mistoan sartu zenean, Adelaide Cabetek beste anai-arreba batzuekin batera, bilgune bat aurkitzeko zailtasun handiak izan arren, Portugalen federazio autonomo bat sortzeko helburuari eutsi zion. Gutxienez, beste hiru logia misto sortu zituen: "Humanidade" Logia Errespetagarria, Lisboako Ekialdean; "Fiat Lux" Logia Errespetagarria, Lisboako Ekialdean, eta "Trindade Leitão" Logia Errespetagarria, Alcobaçako Ekialdean. Horiez gain, gutxienez bi triangelu masoniko sortu zituen: "Solidariedade" Triangelua Bejako Ekialdean eta "Amaia" Portalegreko Ekialdean.[16] Azkenik, Antzinako Erritu Eskoziar Onartuko Goi-Graduetako bi Logia Errespetagarri ere sortu zituen. Logia horietako bat "Humanidade" Logiaren kapitulua zen eta bestea Areopago "Teixeira Simões"-ena, biak Lisboako Ekialdean. Horrela, Jurisdizio Portugaldarra sortzea lortu zuen. 1935era arte, hil zen urtera arte, hain zuzen, haren presidentea izan zen, eta ondorioz, baita "Teixeira Simões" Areopagoko Maisu Agurgarriarena ere, 20. gradua izatera helduz.

Esker onak aldatu

  • 1976an, Lisboako Udalak Adelaide Cabete omendu zuen bere izena emanez Quinta dos Condes de Carnide eremuko kale bati, Carniden. Kale horretaz gain, beste hainbat herritako kaleek ere hartu dute Cabeteren izena: Loures, Seixal, Almada, Entroncamento, Moita, Setúbal, Cascais, Vila Franca de Xira, Oeiras, Amadora, Sintra eta Odivelas.
  • Udalak antolaturiko Berdintasunaren Egunaren Ibilaldian, 2017ko urriaren 22an, 'Alternatiba eta Erantzuna' Emakumeen Batasunak (UMAR) omenaldi txiki bat egin zion eragile errepublikano eta feministari, plaka sinboliko bat jarriz Adelaide Cabeteren bulego ohia zegoen tokian, Lisboako Rua dos Restauradores-eko 10. zenbakian.
  • 2019an, Portoko Unibertsitateko Errektoretzan, “Eta, hala ere, mugitu egiten dira! Emakumeak eta Zientzia” erakusketa egin zen, Portugalgo gizartean aurrerapen sozial eta zientifiko garrantzitsuak eragin zituzten 12 emakume portugaldarri omenaldia egiteko. Haien artean, Leopoldina Ferreira Paulo, Portoko Unibertsitatean doktoretza lortu zuen lehen emakumea, Carolina Beatriz Ângelo, 1911n Portugalen bozkatu zuen lehen emakumea, eta Adelaide Cabete bera zeuden. [17]
  • Urte berean, 'Josefinas' oinetako marka portugaldarrak Sufragette White zapatila bilduma plazaratu zuen, sufragisten mugimenduaren omenez. 100 unitate baino ez dira atera, eta zapatila pare bakoitzak aukeratutako 100 emakumeetako baten izena du zoletan grabatuta. Nazioarteko hainbat ekintzaileren izenez gain, bildumak Portugalgo sei ekintzaileren izenak ere sartu zituen, tartean Adelaide Cabeterena. [18]

Cabeteren presentzia kulturan aldatu

Literatura aldatu

  • A Maçon ( 1997 ), Lídia Jorgek Adelaide Cabeteren bizitzari buruz idatzitako antzezlana;[19]
  • Adelaide Cabete e a Palavra Encontrada: História de uma fundadora ( 2010 ), Risoleta C. Pinto Pedroren lana;
  • Perfil de uma Pioneira: Adelaide Cabete (1867-1935) ( 2011 ), Isabel Lousadaren lana; [20]

Antzerkia aldatu

  • A Maçon (1997), Teatro Nacional D. Maria II antzezturiko lana. Lídia Jorgeren testua, Carlos Avilezen eszenaratzea, José Costa Reisen eszenografia eta jantziak, Olga Rorizen mugimendua. Aktoreak: Eunice Muñoz, —Adelaide Cabete protagonistaren paperean—, João Grosso, João d'Ávila, Fernanda Alves, Paula Mora, Zita Duarte, Catarina Avelar, Maria Amélia Matta, Manuel Coelho, Henrique Canto e Castro, António Banha, Vítor Ribeiro, Madalena Braga, Maria Muñoz, Mafalda Mónica Garnel, Alexandra Diogo, Melanie Mederlind, Ana Castro eta Carlos Vieira . [22]

Erreferentziak aldatu

  • Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, portugesezko wikipediako «Adelaide Cabete» artikulutik itzulia izan da, 2021-11-11 data duen 62407182 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2021-11-11 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
  1. (Portugesez) Joel Serrão, ed. ([1975-<2000]>). Dicionário de história de Portugal. 7 Iniciativas Editoriais ISBN 972-661-160-1. PMC 4809810. (Noiz kontsultatua: 2022-01-28).
  2. (Portugesez) Leal, Ernesto Castro;Zúquete. (2013-03-04). Grandes Chefes da História de Portugal. Leya ISBN 978-972-47-4492-6. (Noiz kontsultatua: 2022-01-28).
  3. (Portugesez) Guimarães, Elina. (1989). Mulheres portuguesas, ontem e hoje. Comissão da Condição Feminina ISBN 978-972-597-033-1. (Noiz kontsultatua: 2022-01-28).
  4. (Portugesez) Samara, Maria Alice. (2007). Operárias e burguesas: as mulheres no tempo da República. A Esfera dos Livros ISBN 978-989-626-064-4. (Noiz kontsultatua: 2022-01-28).
  5. (Portugesez) «Portuguesas pioneiras nas profissões liberais e no ativismo» www.dn.pt (Diário de Notícias) (Noiz kontsultatua: 2022-01-28).
  6. (Portugesez) Nóvoa, António. (2003). Dicionário de educadores portugueses. Edições ASA ISBN 978-972-41-3611-0. (Noiz kontsultatua: 2022-01-28).
  7. (Portugesez) Faces de Eva. Edicões Colibri 2004 (Noiz kontsultatua: 2022-01-28).
  8. A Liga Republicana das Mulheres Portuguesas. Associação de Professores de História.
  9. (Portugesez) Cova, Anne; Ramos, Natália; Joaquim, Teresa. (2004). Desafios da comparação: família, mulheres e género em Portugal e no Brasil. Celta Editora ISBN 978-972-774-197-7. (Noiz kontsultatua: 2022-01-28).
  10. (Portugesez) A Mulher na sociedade portuguesa: visão histórica e perspectivas actuais : colóquio, 20-22 de março de 1985 : actas. Instituto de História Económica e Social, Faculdade de Letras da Universidade de Coimbra 1986 (Noiz kontsultatua: 2022-01-28).
  11. (Ingelesez) Women in Medicine: Official Quarterly of American Medical Women's Association (Inc.) .... 1927 (Noiz kontsultatua: 2022-01-28).
  12. (Portugesez) Silva, Regina Tavares da. (1992). Feminismo em Portugal na voz de mulheres escritoras do início do séc. XX. Comissão para a Igualdade e para os Direitos das Mulheres, Ministério do Emprego e da Segurança Social (Noiz kontsultatua: 2022-01-28).
  13. (Portugesez) Adelaide Cabete. Breve História da Ordem Maçónica "Le Droit Humain" em Portugal.. Ordem Maçónica Mista Internacional "Le Droit Humain" - Federação Portuguesa 2015-04-29 (Noiz kontsultatua: 2022-01-28).
  14. «Morte de Adelaide Cabete | e-cultura» www.e-cultura.pt (Noiz kontsultatua: 2022-01-28).
  15. Segundo MARQUES DA COSTA, Fernando, A Maçonaria Feminina, Editora Vega, Edição de 1979 e reimpressão em 1981
  16. (Portugesez) Ventura, António. (2007). A maçonaria no distrito de Portalegre. Caleidoscópio ISBN 978-989-8010-84-1. (Noiz kontsultatua: 2022-01-28).
  17. «Uma homenagem a 12 mulheres portuguesas que marcaram as ciências» Público 2019.
  18. «Josefinas lança 'Suffragette White': No mês da mulher, calçamos branco» Notícias ao Minuto 2019-03-17.
  19. (Portugesez) Jorge, Lídia. (2013-10-29). A Maçon. Leya ISBN 978-972-20-5197-2. (Noiz kontsultatua: 2022-01-28).
  20. «Livros República apresentados no Palácio Valadares» Centenário da República 2011.
  21. «Loulé apresenta biografia de Sophia de Mello Breyner para os mais novos» Sul Informação 2019-10-15.
  22. Estreia de “A Maçon”. RTP 1997.

Bibliografia aldatu

  • LOUSADA, Isabel, Perfil de Uma Pioneira: Adelaide Cabete (1867-1935), Fonte da Palavra Argitaletxea, Cedro Elkartea, 2011ko martxoa, ISBN 978-989-667-047-4
  • LOUSADA, Isabel, Adelaide Cabete (1867-1935), Fio de Ariana Bilduma, Comissão para a Cidadania e a Igualdade de Género, Lisboa 2010, ISBN 978-972-597-329-5
  • VENTURA, António, A Maçonaria no Distrito de Portalegre, Kaleidoscope - Edição e Artes Gráficas, SA, 2007ko maiatza, ISBN 978-989-8010-84-1
  • MARQUES DA COSTA, Fernando, A Masonaria Feminina, Editora Vega, 1979ko edizioa eta 1981eko berrargitalpena;
  • CARVALHO, Antonio Carlos. Para a história da maçonaria em Portugal (1913-1935): António Carlos Carvalhok bildutako diru-laguntza batzuk . Lisboa, Editorial Veja, 1976
  • MARQUES, AH de Oliveira . Dicionário de maçonaria portuguesa. Lisboa, Editorial Delta, 2 liburuki, 1986

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu