Zur

Zura» orritik birbideratua)

Zura landare baten enbor, adar edo sustraien gai gotor eta izpitsu nagusia da[1], bereziki zuhaitzen kasuan, eta ligninaz lotutako zelulosa-zuntzez osatuta dago. Landarean, sustraietatik hostoetarainoko izerdi landugabea gidatzeko eginkizuna du eta zuhaitzaren euste mekanikoa ziurtatzen. Erreserba-ehun gisa ere funtzionatzen du batzuetan. Eraikuntzan eta altzarigintzan oso erabilgarria da[2], erraz moldatzen eta luze irauten baitu. Erregai bezala ere erabiltzen da. Egurra ere esaten zaio[3], bereziki sutarako-eta erabiltzen denean.

Zurezko etxola.
Egurra sutarako.

HitzaAldatu

Zur hitzak -r biguna du[1], hau da, adibidez artikuluarekin zura ematen du.

Zura erabili izan da nagusiki gaia erabiltzeko, eta egurra zati bat adierazteko[3]. Egurra multzokaria denean, su egiteko erabiltzen dena da[3]. Hala ere, bizkaieraz eta gipuzkeraz egur hitza erabiltzen da sutarako ez den zura ere izendatzeko, eta euskara batuan onartutako erabilera da[3].

-ki atzizkia erabiltzen da zuhaitz baten zura adierazteko[4], hala nola, lizarki (lizarraren zura[5]), gorostiki (gorostiaren zura[6]) edo pagoki (pagoaren zura[7]).

EzaugarriakAldatu

MakroegituraAldatu

 
Hagin adarraren ebaketa: zur iluna zurgiharra da; argia, zurgizena eta erdiko puntu beltza, bihotza

Enbor edo adar bat erdigunetik kanporaino aztertuz gero, funtzio eta ezaugarri desberdinak dituzten atal zirkularrak daude[2]:

  • Bihotza: enborraren erdigunea da, erresistentzia txikia duena eta, beraz, normalean erabiltzen ez dena.
  • Zura:
    • Zurgiharra[8]: Zur gogorra eta sendoa da. Fisiologikoki inaktiboak diren zelulez osatuta dago eta zuhaitzaren erdian dago. Zurgizena baino ilunagoa eta gogorragoa da, eta izerdia jada ez da bertatik garraiatzen.
    • Zurgizena[9]: Zur eratu berria da, eta bertatik garraiatzen dira izerdiaren konposatu gehienak. Argiagoa eta bigunagoa da, eta urtero geruza berri bat gehitzen zaio: hazkunde-eraztunak.
  • Kanbiuma: Tarteko geruza da eta enborraren loditze hazkuntza bertan egiten da. Bi geruza ditu: barne-geruza edo xilema, zura eratzen duena, eta kanpo-geruza edo floema, azalaren zati dena.
  • Azala: Zuhaitzaren kanpo-geruza da eta zelula hilek osatzen dute. Geruza horrek agente atmosferikoen aurka babesten du.

KimikoakAldatu

Zelulek osatzen dute, eta hiru konposatu nagusi ditu:

  • zelulosa: polisakarido bat (% 40‐50)
  • hemizelulosa: zuntzen elkartzea helburu duen beste polisakarido bat (% 25‐40)
  • lignina: zenbait azido eta alkohol fenilpropiliko elkartzearen ondoriozko polimero bat, gogortasuna eta babesa ematen duena (% 20‐35)

Horiez gainera, gomak, erretxinak, ura eta beste gai organiko eta ez-organiko batzuk ere baditu.

Batez besteko konposizio kimikoa honakoa da: %50 karbonoa (C), %42 oxigenoa (O), %6 hidrogenoa (H) eta gainerako %2 nitrogenoa (N) eta beste elementu batzuk[10].

FisikoakAldatu

Zura material heterogeneoa, higroskopikoa, zelularra eta anisotropoa da.

Zuraren ezaugarriak jatorrizko zuhaitzaren espeziearen arabera aldatzen dira, baita espezie beraren barruan ere, habitataren baldintzen ondorioz. Hala ere, ia zur guztiek ezaugarri komun batzuk dituzte:

  • Dentsitatea - Gorputzen masa eta bolumenaren arteko erlazioa da. Zurek ura baino dentsitate txikiagoa izaten dute, eta horregatik flotatzen dute. Salbuespena, jatorri tropikaleko eta gogortasun handiko zur batzuk dira, ura baino dentsitate handiagoa dutenak. Zuraren masak eta bolumenak ur-edukiarekin zerikusia handia dute; horregatik, nahitaezkoa da dentsitatea beti kondizio jakinetan neurtzea. Normalean, % 12ko hezetasunarekin neurtzen da[2]. Hauek dira ohiko dentsitateak:
    • Zur arinak: <500 kg/m3
    • Zur ertainak: 500-700 kg/m3
    • Zur astunak: 700-800 kg/m3
    • Zur oso astunak: >800 kg/m3
  • Gogortasuna - Zur batek beste bat urratzeko edo zulatzeko gaitasuna da, eta dentsitatearekin oso lotua dago. Neurtzeko hiru teknika daude: Brinell saioa, Janka saioa eta Monnin edo Chalais-Meudon saioa. Hauek da ohiko sailkapena[11]:
  • Xurgagarritasuna - Zurak bere barnean likidoak sartzeko eta garraiatzeko duen gaitasuna da. Desberdina izan daiteke espeziearen arabera, eta halaber, zuhaitz bereko atalaren arabera (desberdinak dira, adibidez, zurgizeneko eta zurgiharrekoak). Hona hemen sailkapena[12]:
    • 1 - Guztiz xurgagarria (sakonera: Dena)
    • 2 - Erdixurgagarria (sakonera: > 6 mm)
    • 3 - Xurgagarritasun gutxikoa (sakonera: 3 mm eta 6 mm artekoa)
    • 4 - Ez-xurgagarria (sakonera: < 3 mm)

MekanikoakAldatu

Materialen erresistentzian, zura ez da material isotropoa, baizik eta anisotropoa. Ondo eusten die zuntzen norabide paraleloan egiten diren esfortzuei, baina ez zuntzen elkarzut direnei. Izan ere, ezin hobeak dira flexio-esfortzuei eusteko, antzekoak baitira zuhaitzek haizearen eraginez jasaten dituztenenak.

Funtzioa eta erabilerakAldatu

Zuraren zeregin nagusiak zuhaitz eta zuhaixkei eustea (barnealdeko zur geruza hilari, zurgiharrari esker) eta bere hodien bidez uraren, elikagaien eta abarren garraioa ahalbideratzea da (kanpoaldeko zur geruzak).

Zura izadiko gai ugarienetako bat da; lantzen erraza denez eta beste gai batzuk ez bezala, berritu daitekeenez, gaur egun oinarrizko baliabidea da, eta gauza askotarako erabiltzen da (altzariak, eskulanak, eraikuntza, papergintza, etab.).

ErregaiaAldatu

 
Egurra sutan

Egurra aspalditik erabili izan da erregaitzat, eta gaur egun ere erabiltzen da, batez ere landa eremuetan[13]. Egurraren erabilera nagusia da eta 3,5 kWh/kg ditu. Egur gogorra da gogokoena biguna baino, ke gutxiago sortzen duelako eta denbora luzeagoz erretzen delako. Maiz, etxe bati egur-berogailu bat edo beheko su bat gehitzean, giro ona eta goxotasuna hobetzen direla sumatzen da.

Itxura ugari izan ditzake: su-egurra, egur-ikatza, ezpalak, laminak, pelletak eta zerrautsa. Erabilitako itxura hainbat faktoreren araberakoa da: iturria, kantitatea, kalitatea eta aplikazio mota.

EraikuntzaAldatu

 
Teilatuaren zurezko egitura Antioko baselizan (Zumarraga, Gipuzkoa)
 
Zurezko bilbadura ageria duen baserria (Lezo, Gipuzkoa)

Zura material garrantzitsua izan da gizakiarentzat eraikitzen hasi zirenetik, batez ere etxeak eta ontziak egitekoan. Erdi Aroko Europan, haritza zen zurezko eraikuntza guztietarako aukeratutako zura, habeak, hormak, ateak eta zoruak barne. Gaur egun egur barietate zabalagoa erabiltzen da: adibidez zur trinkoko ateak, sarri, makalkiz, korapilo txikiko pinukiz eta Douglas izeikiz eginak dira. Beste material batzuez egindako eraikinetan, zura euskarri-material gisa erabiltzen da, bereziki teilatuak egiteko, barruko ate eta markoetan, eta fatxada gisa.

PapergintzaAldatu

Papera egiteko orea, berariaz landatutako zuhaitzen zura erabiltzen da. Euskal Herrian ohikoa izan da Intsinis pinua horretarako, non eremu zabalak landatu diren.

ArteaAldatu

 
Txoria zurezko eskultura garaikidea Bilboko Arte Ederren Museoan (Remigio Mendiburu artistarena)

Zura aspalditik izan da artearen euskarri. Milurtekotan zehar erabili da, adibidez, eskulturak eta irarlan egiteko.

Zura bera adierazpide artistiko bat da marketerian, non zur mota bakoitzaren ezaugarriak erabiltzen diren. Zura ohiko euskarria da olio-pinturan eta tenperan, ohol gainean denean.

Altzari eta tresnakAldatu

Zura beti erabili izan da altzariak egiteko, hala nola aulkiak, mahai eta oheak. Halaber, lanabesak eta mahai-tresnak egiteko ere erabiltzen da, hala nola zotzak, koilarak edo arkatzak. Musikan bada familia oso bat orkestra sinfonikoak zurezko deritzana, besteak beste zehar txirula, klarinetea eta oboea biltzen dituena. Euskal Herrian bada zurezko ontzi berezi bat esnea jaso edo berotzeko erabiltzen dena: kaikua.

Hondatze eta usteltzeaAldatu

Zura hondatzeak zuraren ezaugarriak aldatzen ditu, materiala zahartuz, ustelduz edota suntsituz. Bi arrazoi nagusiri egotzi ahal zaie:

Gehienetan, hondatzea segida jarraitua da, non degradazio-ekintzak agente bat edo gehiago diren, ondoren beste agente batzuek erasotzeko behar den mailara aldatzen dituztenak.

XilofagoakAldatu

 
Inurriek (Camponotus), onddo batekin sinbiosian, zuraren zati bigunak jan dituzte.
Sakontzeko, irakurri: «Xilofago»

Intsektu askok zura erasotzen dute, zura zein egoeratan dagoen arabera: espezie gutxi batzuek zuhaitza zutik dagoenean, beste askoz gehiagok basoan moztu edo erori ondorengo enborretan eta batzuk dagoeneko erabili den zur lehorrean. Intsektu helduek zur barnean erruten dute eta larbak bertan garatzen dira osagaiak janez, gehienetan onddoek eta bakterioek aurre-hondatutako zurean. Bere garapenaren azken etapan, larba heldu bihurtzen da eta bere habitata uzten du ugaltzeko. Orduan zulatzen du intsektuak erasotako zurean ikusten den irteera-zuloa.

Zur lehorra zulatzen duten intsektuen artean hauek daude[14]: Hylotrupes, Lyctus, pipiak eta termitak.

OnddoakAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Onddo xilofago»
 
Usteldura arrea eragiten duen Serpula lacrymans baten fruitu-gorputz kortizioidea, himenoforo meruloidearekin.

Hainbat onddok, xilofago edo lignikola izenekoak, lignina eta zelulosa erasotzen dute. Zauri, ebaki edo intsektuen ziztaden bidez sar daitezke zuhaitzera. Onddo horiek hainbat alterazioren erantzule izan daitezke (zura moztu aurretik edo ondoren, edo erabili ondoren): bisualak, mekanikoak edo biak. Zur bigun eta gogor asko urdin bihurtzen dira elementuen eraginpean uzten direnean. Erasan hori estetikoa baino ez da, eta inola ere ez ditu zuraren propietateak aldatzen. Aldiz, usteldura arreak, bigunak edo zuriak[2] zuraren aldaketa mekanikoak eragiten dituzte, zuraren lignina edota zelulosa hondatzen duten onddo xilofagoek eragindakoak. Erasook zur masaren galera eragiten dute, jatorrizko masaren %80 arte.

MotakAldatu

Zuraren ezugarriei dagokienez mota askotako zurak bereizten dira eta sailkapen ugari egin daitezke (gogortasunaren arabera, distiraren arabera, etab.), baina zabalduena gogortasunaren araberakoa da; gogortasun maila zuraren zelulosa eta lignina kopuruek mugatzen dute, eta, oro har, landare gimnospermoak zur bigunekoak dira eta angiospermoak, berriz, zur gogorragokoak.

EsamoldeakAldatu

  • Nolako zura, halako ezpala
  • Zur eta lur: ahozabalik, guztiz harrituta
  • Harri eta zur: ahozabalik, guztiz harrituta
  • Egurra eman: jipoitu[3]

ErreferentziakAldatu

  1. a b «Zur». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-09-05)
  2. a b c d M. Jose Barriola. (2010). (pdf) Zuraren identifikazioa eta fitxa teknikoak. Elhuyar fundazioa (Noiz kontsultatua: 2021-09-05).
  3. a b c d e «Egur». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-09-05)
  4. -ki Euskara Batuaren Eskuliburuan, Euskaltzaindia (noiz kontsultatua: 2021-09-08)
  5. «lizarki». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-09-08)
  6. «gorostiki». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-09-08)
  7. «pagoki». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-09-08)
  8. «Zurgihar». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-09-07)
  9. «Zurgizen». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-09-07)
  10. (Gaztelaniaz) Nutsch, Wolfgang. (1996). Tecnología de la madera y del mueble. Editorial Reverté, 27 or. ISBN 8429114351. (Noiz kontsultatua: 2017-8-24).
  11. UNE 56540:1978
  12. EN 350-2
  13. (Ingelesez) Sterrett, Frances S.. Alternative Fuels and the Environment. CRC Press ISBN 978-0-87371-978-0..
  14. (Frantsesez) C. Hazard, J.-P. Barette eta J. Mayer. (1996). Mémotech Bois et Matériaux Associés. Paris: Éditions Casteilla, 455 or. ISBN 2-7135-1645-5..

Ikus, gaineraAldatu

Kanpo estekakAldatu