Vajiravudh
Phra Bat Somdet Phra Poramentharamaha Vajiravudh Phra Mongkut Klao Chao Yu Hua (thailandieraz: พระบาทสมเด็จพระปรเมนทรมหาวชิราวุธฯ พระมงกุฎเกล้าเจ้าอยู่หัว), Phra Bat Somdet Phra Ramathibodi Si Sintharamaha Vajiravudh Phra Mongkut Klao Chao Yu Hua (thailandieraz: พระบาทสมเด็จพระรามาธิบดีศรีสินทรมหาวชิราวุธฯ พระมงกุฎเกล้าเจ้าอยู่หัว) edo Rama VI.a (Bangkok, Siam, 1880ko urtarrilaren 1a - ibidem, 1925eko azaroaren 25a) Siamgo erregea izan zen 1910etik 1925era bitartean.
Bizitza
aldatuRama V.aren semea eta ondorengoa izan zen, Chakkri dinastiako seigarren erregea. Oxfordeko Unibertsitatean ikasi zuen, eta ikasketa militarrak egin zituen Britainia Handiko armadan. 1903an Siama itzuli zen, eta 1910ean hartu zuen aitaren lekua. Aitaren maila izan ez zuen arren, erreforma garrantzitsuak egin zituen: monogamiaren legearen araberako ezkontza bakarra, gregoriotar egutegia, baztangaren aurkako txertoa ezarri zituen, Thailandiako Gurutze Gorria sortu zuen, eta biztanle guztiak abizena erabiltzera behartu zituen. 1917an Bangkoken Txulalongkor Unibertsitatea sortu zuen, Siamgo lehena, eta lehen mailako nahitaezko hezkuntza ezarri zuen.
Beste neurri batzuek (joko- eta opio-etxeak debekatzea, adibidez) herriaren haserre bizia piztu zuten, ordea. Britainiarren modu eta ohiturei zien gehiegizko atxikimenduak gero eta urrunago ezarri zuen Siamgo herriarengandik. Bere herriaz fidatzen ez zela, bere babeserako guardia sortu zuen, eta absolutismoaren aldera jo zuen. Kanpo-politikan, aliatuen alde jardun zuen Lehen Mundu Gerran, eta haien esanetara mugitu zen alde guztietan.
Idazle eta itzultzaile oparoa izan zen, bestalde. Dramak ondu zituen, batez ere; berrogeita hamar obratik gora idatzi zuen, eta ingeles eta frantsesez idatziriko ehun obra pasa (Shakespeareren obra batzuk, besteren artean) itzuli zituen thaierara.
Erreferentziak
aldatuWikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Vajiravudh |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.