Iker Goenaga

abeslaria eta trikitilaria

Iker Goenaga (Zizurkil, Gipuzkoa, 1974) trikitilaria eta abeslaria da. Bakarkako lanari ekin badio ere, Maixa ta Ixiar, Tapia eta Leturia eta Oskorri taldeekin kolaborazioak egin izan ditu, besteak beste.[1]

Iker Goenaga

Bizitza
JaiotzaZizurkil, 1974 (49/50 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakabeslaria eta trikitilaria
KidetzaEuskal Herriko Trikitixa Elkartea
Musika instrumentuaahotsa

Discogs: 5413862 Edit the value on Wikidata

Euskal Herriko Trikitixa Elkartean parte hartzen du zuzendaritzan bokal moduan.[2]

Biografia aldatu

Iker Goenaga Zizurkilen (Gipuzkoa) jaio zen, 1974an. 90eko hamarkadan trikitiaren iraultza puri-purian ezagutu zuten trikitilarien belaunaldikoa da, eta, bost disko argitaratuak izateaz gain, Oskorri taldeko kidea da, eta, besteak beste, Mikel Laboarekin aritu da zuzeneko musikari gisa. Musikari jarduera irakaskuntzarekin tartekatzen du, eta hainbat hitzaldi eta mahai-ingurutan ere parte hartu du, trikitiaren inguruko hausnarketak bultzatuz. Etxean gaztetxoa zelarik izan zuen lehen harremana musikarekin, aita zenaren ezpainetako soinuarekin jolasean hasita. Baina soinu diatonikoaren munduan Alemania komunistatik ekarritako soinu batekin murgildu zen. Trikitia ikasten hasi zen gero, eta lehendabizi txapelketetan aritu zen lehengusu batekin. Gerora, erromerietan hasi zen arreba Larraitzekin.

Trikitiaren mundutik bildu dituen eraginak belaunaldi zaharrenetatik hasi (Elgeta, Auntxa eta Sakabi) eta aurreko belaunaldira zabaltzen dira (Martin, Laja eta Joseba Tapia). "Nik uste gehiena folkaren esparruak eragin didala, eta trikititik aparte Mikel Laboak, Camarón de la Islak eta musikaren bidez zerbait adierazi nahi izan duten asko eta askok izan dutela nigan eraginik".

Hainbat talde eta bakarlarirekin aritu izan da kolaboratzaile gisara zuzenean nahiz diskoetan (Anje Duhalde, Mikel Errazkin, Mikel Laboa, Erramun Martikorena, Gontzal Mendibil, Mikel Markez, Patxi Saiz, Tapia eta Leturia), eta Oskorri folk taldeko partaide izan da urteetan. Poeta garaikideak musikatu ditu gehienbat bere lanetan, hala nola Joseba Sarrionandia, JosAnton Artze eta bereziki Koldo Izagirreren lanak.

Diskogintzan Larraitz arrebarekin bikote eginaz murgildu zen, Maixa ta Ixiarrekin erdi bana osaturiko disko baten bidez. 1993a zen, eta trikitia beste aro batean sartzen ari zen belaunaldi honen agerpenarekin. Bakarkako lehen lana, ordea, Elgetari eskainiriko Soinugorri diskoarekin (Elkar, 1998) etorri zen. Hamalau kantu biltzen zituen diskoak, erritmo tradizionalean oinarrituriko sorkuntza berriekin. Soinu akustikoa zuen, eta trikitia ulertzeko molde pertsonala.

Bigarren disko luzea 2003an argitaratu zuen Iker Goenagak: Txikitxuterik (Elkar). Maurizia Aldeiturriagak hain ezagun egin zuen kantu horren bertsio bat biltzen zen bertan, originalari berari itsatsirik.

Hiru urte geroago Amorrua kaleratu zuen (Elkar, 2006). Lan horretan Angel Unzuren eskua ageri da; programazio eta perkusioek aire berri bat ematen diote, Iker Goenagaren orain arteko lana biribilduz. "Kantu bakoitzak badu bere istorioa eta bizipena", adierazi zuen egileak berak lan horri buruz.

...arteraino da orain arte osatu duen azken diskoa (Ez dakienak baleki, 2009). Azken urteotan lagundu dioten musikariekin grabatu ostean -Beñat Barandiaran, Mikel Atxega, Iñigo Egia eta Iban Gurrutxaga-, autoprodukziora jo zuen Goenagak lan hori argitaratzeko.

Euskal Herritik kanpora Kalifornian (AEB), Venezuelan, Alemanian, Frantzian, Norvegian, Finlandian, Estonian eta Kuban aritu da; 2006ko uztailean Estoniako Viljandi herriko folk jaialdian izandako arrakasta bereziki aipagarria da.

Haren kantuen artean "Sorlekuaren kanta" (Sarrionandiaren hitzekin), "Txikitxuterik" (Mauriziari keinu eginez) eta "Elgeta" (Laboa eta Tapiarekin grabatua) nabarmendu daitezke.

1998an, Iker Goenagak Soinugorri albumeanElgeta kalejira-doinua grabatu zuen.[3] Goenagaren ustez Elgetak aniztasuna ekarri zuen, musikaltasuna, aldaeren grazia eta sortzearen gozoa. Eta maisu handiekin gertatzen den moduan, behin eta berriro entzunda ere beti ikasi egiten da entzuten den aldiro.[4]

Diskografia aldatu

  1. Soinugorri (1998, Elkar)
  2. Txikitxuterik (2003, Elkar)
  3. Amorrua (2006, Elkar)
  4. ...arteraino (2009, Ez dakienak baleki)

Erreferentziak aldatu

  1. a b Lizarribar, Maixa; Torrealdai, Manex. (2022-01-31). «Iker Goenaga, hauspo artean -» Tolosaldeko ataria (Noiz kontsultatua: 2023-01-21).
  2. Euskal Herriko Trikitixa Elkartea. .
  3. Goenaga, Iker. Elgeta. Iker Goenaga - Youtube (Noiz kontsultatua: 2023-01-21).
  4. Goenaga, Iker; Izagirre, Koldo. (2001-10-06). Elgetaren Musika Iker Goenagaren Belarrian. Sasiaren sustraiak : Jazinto Rivas Sanz, "Intxuzabal", "Elgeta" (1905-1964). Euskal Herriko Trikitixa Elkartea ISBN 84-607-3357-2. PMC 433054617. (Noiz kontsultatua: 2022-11-08).
  5. «Iker Goenaga» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-22).

Kanpo estekak aldatu