Historia, arraza, nazioa

liburua


Historia, arraza, nazioa. Renan eta nazionalismoaren inguruko topiko batzuk Joxe Azurmendi pentsalariak idatzitako saiakera liburua da.

Historia, arraza, nazioa
Datuak
IdazleaJoxe Azurmendi (2014)
Argitaratze-data2014
GeneroaSaiakera
Jatorrizko izenburuaHistoria, arraza, nazioa
ArgitaletxeaElkar
HerrialdeaEuskal Herria
Orrialdeak626
ISBN978-84-9027-297-8
Sariak2015eko Euskadiko Literatura Saria, saiakera alorrean[1]

Liburu honetan Azurmendik nazionalismo kontzeptuari heltzen dio. Kontzeptu horretara, bere obra osoan, zenbait bidetatik hainbat aldiz inguratu da Azurmendi. Adibide nagusia aurretik osatua zuen trilogia litzateke: Humboldt. Hizkuntza eta pentsamendua, Volksgeist. Herri gogoa eta Espainiaren arimaz.

Edukia aldatu

Nazionalismoa aldatu

Historia, arraza, nazioa liburuan tesi nagusi bat defendatzen da: nazionalismoa ganoraz aztertu nahi bada alde batera utzi beharko dira nazionalismo zibikoa vs. nazionalismo etnikoa gisako dikotomia sinpleak.[2] Beste modu batera esanda, tradizio frantses zibiko "onari" ezin zaio tradizio aleman etniko "gaiztoa" kontrajarri faltsifikazio intelektualean jausi gabe:

« Badagoena kontzeptuaren anbiguotasun ekibokoa da (batzuetan apropos bilatua), eta historia, eta arazoaren eta kontzeptuaren faseak historian, eta mailak, teorikoa eta praktikoa edo filosofiko-literarioa eta politikoa (...) nazioaren teorizazio bat Estatua osatu aurrekoa dago (alemana ohi deritzona), eta beste bat Estatu nazionala egon eta gerokoa. Eta, gero, teorizazio ezberdinak -ez beti teoriko hutsak-, aldian aldiko interes eta xede politiko partikularren eran (...) Last but not least, autore aleman edo frantsesen gogoetak dago nazioari buruz teoriak egiten dihardutenak, eta politika dago, eta gerrak, garaipenak eta porrotak, praxian nazioak zer izan erabakitzen eta nazioak egiten dihardutenak edozein teoriak baino eragintsukiago.[3] »


Nazionalismoaren azterketa honetan Azurmendi hainbat autoreen ildoan kokatu da: Todorov, D. Schnapper, O. Kallscheuer, R. Girardet... Autore horietako batzuek dikotomia hori XIX. mendean, Frantzia-Prusia Gerraren testuinguruan, eraikitako karikaturatzat jotzen dute, azkenean demokrazia mendebaldarren autojustifikazioarako trepeta bihurtzeraino.

Tradizio frantsesa eta alemana aldatu

Azurmendik liburu honetan ere, bere obra osoan bezala, ilustrazioa/erromantizismoa marko teoriko orokorragoaren ikuspegi argia azaltzen du: Ilustrazio bakarra baino hainbat ilustrazio daude, baita tradizio frantsesaren barruan ere; erromantizismo alemana, ilustratua bera ere, bilakaera bat da eta ezin da ulertu ilustrazio frantsesari oposaketa gisa.[4] Azurmendiren esanetan tradizio klasiko frantsesa, XVII. mendean ideien alorrean matematikak agintea hartu zuenean hozitua, arrazionalismo geometrikoak maite duen ordena arrazional hierarkizatuaren grinaz taxutu da. Tradizio hori Descartesekin hasi, Voltaire eta Diderot ilustratuekin jarraitu eta Iraultza jakobinora iritsiko litzateke: uniformismoa ezberdintasunen aurka. Ilustrazio eta klasizismo alemana, Herder eta Humboldt kasu, ondorengo garapena litzateke baina aurreko eredu matematikoaren ordez eredu biologikoan bilakatua: ezberdintasunek unibertsoaren aberastasuna erakusten dute. Azurmendiri jarraituz, Herder ez da ulertzen Voltaire gabe; Kant ez, Rousseau gabe; Fichte, Hegel etab. ez, Iraultza gabe. Azken finean, Renan vs. Herder gisako dikotomia sinpleetan, ohartarazten du, Renan ez da Renan izaten eta Herder ez da Herder izaten, manipulazio interesatuak baizik.

Renanen pentsamendua aldatu

Azurmendik baztertu nahi duen dikotomia hori Euskal Herrian akritikoki nola jaso den erakutsiz hasten da liburua. Azurmendik salatu zuenez, Zer da nazioa? (1882) konferentzia eman zuen Renan, nazionalismo ustez zibikoaren sortzailea, ez da ulertu eta gainera idealizatu egin da. Liburu osoa Renanen pentsamendua argitzeko saioa izango da, nazionalismo frantsesaren oinarriak hobeto ulertzen lagunduz.

Liburuaren hasieran Azurmendik, Renanen biografia intelektualaren bidez, lehen hurbilketa bat aurkezten du. Renanen pentsamenduan eragina izango dutenen artean nabarmentzekoak lirateke, Parisen ikasle zela, Micheleten irakurketak. Horrengandik jasoak lituzke progreso unibertsalarekiko fedea eta Frantziaren historiaren ulerpena epopeia nazional gisa. Eragin nabarmena izango du halaber pentsamendu protestante alemanak. Ikerketa historiko-kritiko alemanaren ildotik Renan erlijioaren historialari bihurtuko da.

Era berean Renanen arrazismoa liburuko ikergai nagusienetakoa da. Azurmendik Renanen arrazismoa, Gobineau eta Voltaire ilustratuaren ildotik, tradizio frantses arrazialistan txertatuko du. Ohartzekoa da, Renan Herderren eta tradizio alemanaren jarraitzailea ere baden aldetik, bere "l'esprit de la nation"-en kontzeptuan arraza kategoria zentrala izatea. Tradizio alemaneko "Volksgeist" kontzeptuak kulturaren adiera duen bitartean Renanengan kontzeptu arrazista bihurtuko da aipatu tradizo frantsesaren baitan.

Pentsakera politikoari dagokionez Renan elitista eta antidemokratiko gisa aurkezten digu Azurmendik. Renanek, unean unean pragmatikoki jokatu badu ere, Iraultza frantsesa eta bere ondorio errepublikarrak desastre moraltzat jotzen ditu.

Zer da nazioa? aldatu

Renanek 1882an Sorbonan eman zuen Zer da nazioa? konferentzia bitxia gertatzen da bere pentsamendua kontuan harturik. Azurmendik baieztatzen duenaren arabera, Zer da nazioa?-n Renanek erabiltzen dituen argudioak bere pentsamenduarekin inkoherenteak dira. Renanek une horretan, bere ondorengo testuei jaramon egiten bazaie, pentsamendua aldatu baino nolabait kamuflatu egin zuela argitu nahi du Azurmendik. Zer da nazioa? ezin da ulertu Frantzia-Prusia Gerraren testuinguruan ez bada. Gerra horretan Frantziak Alsazia eta Lorrena galdu zituen eta horien frantziartasuna justifikatzeko saioa litzateke hamarkada bat beranduagoko konferentzia. Alsazia, ordea, kulturaz alemana izanik, Renanek ezin izango du argudioa bere berezko pentsamenduan oinarritu. Horregatik asmatuko du nazioa eguneroko plebiszitua delako ideia.

Nazio zibikoa edo Estatuak nola egiten duen nazioa aldatu

Liburuaren azken partean Frantziako Estatu-nazioari eta bertan erabili izan diren nazio kontzeptuaren historiari errepaso bat egiten zaio, nazionalismo zibikoaren paradigma gisa aurkeztu ohi den heinean. Teoriari errealitatearen froga pasaraziz nazionalismo frantsesaren esentziak biluztuko ditu Azurmendik. Azken finean "Jainko bat - Errege bat - Lege bat - Hizkuntza bat" pentsamendu katolikoa mantentzen da errepublika liberal laikoaren oinarrian. Eta Renan zer izan den: "Intelektualki protestante, politikan katoliko. Eliza katolikoaren gisako Estatu batean, bera protestante eta liberal plantak egiten".[5]

Erreferentziak eta oharrak aldatu

  1. 2015eko Euskadi Literatura Sarien gaineko informazioa
  2. Dikotomia horrek forma ezberdinak hartzen ditu: politikoa/kulturala, subjetiboa/objetiboa, nahizkoa/organikoa, liberala/antiliberala, unibertsalista/partikularista, hautazkoa/naturalista, ilustratua/romantikoa, razionala/irrazionala
  3. Azurmendi, J.: Historia, arraza, nazioa, Donostia: Elkar, 2014. 485. or.
  4. Ikusi "Ohartxo bat tradizio aleman eta frantsesaren arteko desberdingoaz" kapitulua in Azurmendi, J.: Historia, arraza, nazioa, Donostia: Elkar, 2014. 493. or.
  5. Azurmendi, Joxe: Historia, arraza, nazioa, Donostia: Elkar, 2014. 502 or.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu