Humboldt. Hizkuntza eta pentsamendua
"Humboldt. Hizkuntza eta pentsamendua" Joxe Azurmendi zegamarrak idatzitako saiakera liburua da.
Humboldt. Hizkuntza eta pentsamendua | |
---|---|
Jatorria | |
Egilea(k) | Joxe Azurmendi |
Argitaratze-data | 2007 |
Izenburua | Humboldt: hizkuntza eta pentsamendua |
Argitaletxea | Udako Euskal Unibertsitatea |
ISBN | 978-84-8438-099-3 |
Ezaugarriak | |
Genero artistikoa | saiakera |
Hizkuntza | euskara |
Historia | |
Jasotako sariak | |
ueu.eus… |
Galdera hauei erantzuten saiatu zen Azurmendi liburu-trilogia batekin: Zer harreman dago hizkuntzaren eta pentsamenduaren artean: gure gogoan lehenbizi pentsamendua dago eta gero hitzak baliatzen ditugu haren berri emateko? Hizkuntzak laguntzen dio pentsamenduari ala bi gauza beregain dira? Galdera horiei erantzuteko, Azurmendik azaltzen du mendebaldeko kultura nola zabaldu den Greziako Aristotelesgandik Humboldtengana, baita Chomskyrenganaino ere, eta gurean Txillardegirenganaino.[1]
Liburu hau trilogia bateko lehena da, eta oinarri hurrengo bientzat: Volksgeist. Herri gogoa eta Espainiaren arimaz. Esaten da euskal abertzaletasunaren nazio-kontzeptua tradizio alemanekoa dela (erromantikoa, irrazionala, etab.) versus tradizio frantsesekoa (demokratikoa). Kontzeptu erromantiko hori honelakoa litzateke sumarioki: nazio bat funtsean hizkuntza bat da; hizkuntza bat, pentsamendu, mundu-ikuskera, izpiritu bat. Horrela, hizkuntzan eta nazioan daukaguna, izpiritu baten manifestazioa omen da (Volksgeist). Izpiritu hori da nazioaren esentzia, esan ohi da.[2]
Egiaz, Volksgeist edo Herri Gogoaren ideia Alemanian adina Ilustrazio frantsesean dago, Renan baitan gero, eta XIX. mendeko filosofian bezalaxe XX.eko giza zientzietan, atzo eta gaurko praxi politikoan: Frantziako Iraultzaren hizkuntz politika jakobino eta nazionalismo espainol "liberaletik" nazional-sozialismo alemaneraino. Trilogiak ideia horien nondik norakoak aztertzen ditu.
Oinarri-oinarrian hizkuntzaren eta pentsamenduaren arteko harremanaren auzia dago. Hortik jalgi da herri bat oroz gain hizkuntza edo kultura bat delako ideia. Hori duzu lehen liburuki honen gaia, arazoa filosofian eta bereziki Humboldt-en obran aztertuz. Hizkuntza eta pentsamendua Humboldt-en aurretik eta gaur egungo filosofian, antropologian eta zientzia kognitiboetan ere begiratzen dira.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Sudupe, Pako. (2008). «Humboldt: hizkuntza eta pentsamendua» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-12-05).
- ↑ Azurmendi Otaegi, Joxe. (2007-12-01). Humboldt: hizkuntza eta pentsamendua. UEU ISBN 978-84-8438-099-3. (Noiz kontsultatua: 2021-12-05).