Ireki menu nagusia

Ernest Renan

Frantziako filosofoa, historialaria eta idazlea izan zen. Batez ere erlijioaren historialari eta historiaren filosofo gisa nabarmendu zen.

BizitzaAldatu

 
Ernest Renanen jaiotetxea, Tréguier herrian (Bretainia). Gaur egun, haren bizitzari eta lanari buruzko museoa da.

Bere jaioterriko apaizgaitegian hasi zituen ikasketak, baina karrera utzi zuen, fede krisi baten pean zegoenean, eta Parisko Unibertsitatera joan zen. 1847an Volney saria eskuratu zuen Essai historique et theórique sur les langues sémitiques (Hizkuntza semitikoei buruzko saiakera historikoa eta teorikoa) saiakera liburuari esker. 1848. urteko iraultzan oinarriturik, L´Avenir de la science (Zientziaren etorkizuna) obra idatzi zuen, humanismoaren eta zientziaren bidez, gizadiaren askatasuna iritsiko zela proposatzen zuena. Aipatutako tesia Études d´histoire religieuse (1857, Erlijio-historiaren azterketak) eta Essais de morale et de critique (1859, Kritika eta moralari buruzko saiakerak) obretan zabaldu eta ondu zuen. Obra horietan, halaber, zibilizazioaren oinarri etikoak argitzeko erlijioaren jatorriak ikertzea proposatu zuen, eta gizartearen erreforma aristokrata intelektualek bideratu behar zutela azaldu zuen.

1862. urtean, Libanon eta Sirian zehar arkeologia espedizio bat egin ondoren, hebreerako katedradun izendatu zuten Frantziako Collègen. Sarrerako hitzaldi iskanbilatsua izan zuen, ordea, Jesusi gizon konparaezina deitu baitzion, eta Elizaren presioz kargutik kendu zuten. Urtebete geroago argitaratu zuen Vie de Jésus (Jesusen bizitza), Histoire des origines du christianisme (1863–1881, Kristautasunaren jatorriaren historia), zazpi liburukiz osaturiko bildumako lehen alea. 1870ean unibertsitateko kargua itzuli zioten. Bere bizitzako azken urteetan errepublikaren aldeko agertu zen. Harena da, halaber, Histoire du peuple d´Israël (1887–1893, Israelgo herriaren historia) obra.

Zer da nazioa? liburuaAldatu

Bere teoria politikoak, batez ere nazioaren identitatearekin loturikoak oso ezagunak bihurtu ziren. Aldi berean, influentzia handia izan zuten nazionalismoaren teorian bere idei askorekin kontradikzioak zituen Fichte alemaniarrarekin batera.

Liburu ezagunena Qu'est-ce qu'une nation? (Zer da nazioa?) izan zen, eta hor nazioaren bere teoria politikoei buruz idatzi zuen. Herrialde mugakideen arteko muga arazoak konpontzeko, bertako herritarrei iritziaren aldekoa zen, erreferendumak eginez. Hona hemen zati bat:

« Nazio bat arima bat da, printzipio espiritual bat [...]. Nazio bat izandako sufrimenduen eta etorkizunean izan beharrekoen sentimenduak sortutako elkartasun handia da. Iragana adierazten du, baina oraina berreskuratzen du, ekintza baten bitartez: elkarrekin jarraitzeko nahi argia eta horren onarpena. Nahi argi eta garbiarekin, hain zuzen ere. Nazioa egotea eguneroko plebiszitua da, eta banakoaren existentzia berriz, bizitzaren betiereko onespena. »

—Renan, Zer da nazioa?, 1882.


Hainbat autorek Zer da nazioa? liburua, teorizazio politikoa baino, testuinguruak baldintzatutako Renanen aldarri patriotiko eta oportunista dela defendatzen dute[2]. Frantzia-Prusia Gerran Frantziak Alsazia eta Lorrena galdu ondoren horien frantsestasuna aldarrikatu nahi du Renanek. Aldiz, Zer da nazioa? konferentziako argudioak Renanen pentsamendu arrazista eta antidemokratikoarekin ez direla koherenteak azalduko dute autore horiek[3].

ErreferentziakAldatu

  1. Azurmendi, J. 2014: Historia, arraza, nazioa, 10.or.
  2. Azurmendi, J. 2014: Historia, arraza, nazioa, 203.or.
  3. Azurmendi, J. 2014: Historia, arraza, nazioa, 187 eta hurr.

BibliografiaAldatu

Kanpo loturakAldatu

Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Ernest Renan