Frantzia-Prusia Gerra
Frantzia-Prusia Gerra edo Frantzia-Alemania Gerra[7] 1870eko uztailetik 1871ko maiatzera arte izandako gerra izan zen[8]. Gerra piztu zuena Emseko telegrama ospetsua izan zen. Frantzia-Prusia gerra bat baino areago, Frantzia-Alemania gerra bat izan zen, Alemaniako beste estatuek Prusiarekin bat egin zutelako (Bismarckek hala prestatua). Horixe zen, hain zuzen ere, Alemaniaren bateratzea sortu zuen kausetako bat.
AurrekariakAldatu
1866an Prusiak Austria-Prusia Gerran Austria menderatu ondoren, Alemaniaren bateratzea bere inguruan bilatu zuen. Frantziak, bere aldetik, Luxenburgo eta beste eskualdeak anexionatu nahi zituen, baina ez zuen beste herrialdeen babesa Prusiaren aurka egiteko.
Juan Prim jeneral espainiarrak Leopoldo bere semeak Espainiako tronua onar zezan Karlos Antonio Hohenzollern-Sigmaringengoa bisitatu zuenean, Otto von Bismarck prusiarrak onespenaren alde azaldu zuen. Baina Prusiak ez zuen Kuban Espainiako subiranotasuna nahi eta akordioa desegitekotan izan ziren.
1870eko uztailan Parisen onespenaren berri izan zuten. Iritzi publikoak frantziar estatuaren erantzuna eskatu zuen. Hala eta guztiz ere, handik gutxira Karlos Antonio Hohenzollern-Sigmaringengoak bere semearen ukazio publikoa azaldu zuen. Parisek, orduan, Emsera bere enbaxadorea bidali zuen Leopoldoren idatzizko uko egite bat lortzeko, Gilen I.a Alemaniakoak ukatu zuena.
Kaiserrek Bismarcki telegrama bat bidali zion gertatutakoa kontatuz. Orduan Bismarckek telegramaren testua aldatu (Gilen I.a frantziar enbaxadorea kaleratu balu bezala) eta prentsan zabaldu zuen[9]. Honek sutan jarri zien frantziarrei eta Otto von Bismarckek Alemaniako hegoaldeko estatu guztiak batzea lortu zuen.
GarapenaAldatu
Frantziako gudarosteak ezin izan zitzaion Alemaniako gudarosteari gailendu; azken honek Moltke, Manteuffel eta Roon zituen gidari, eta askoz hobeto hornituta zegoen. Frantsesek izan zituzten lehen hondamendien ondoren (Wissembourg, Froeschwiller-Reichshoffen, Forbach-Spicheren, 1870eko abuztuaren hasiera), alemaniarrek Estrasburgo (iraila) eta Nancy hartu zituzten; Bazaineren gudarosteak Metzera erretiratu behar izan zuen (abuztuaren 18a), eta bertan errenditu zen urriaren 27an. Hari laguntzeko eratutako Mac-Mahonen gudarostea, Chalonsen sortua, Sedanen garaitu zuten (irailaren 2a).
Frantsesen errenditzeak eta 1870eko irailaren 4ean egin zen iraultzak (Bigarren Inperioaren erorketa, Hirugarren Errepublika deialdia eta Defentsa Nazionaleko gobernua eratzea) aukera eman zion Alemaniako gudarosteari hiriburu aldera jotzeko. Paris eta Versailles irailaren 18an eta 19an erori ziren. Ferrièresko elkarrizketak huts egin zuen, eta frantsesek adoretsu aurre egin zieten alemaniarrei Parisen eta inguruko probintzietan. Frantsesek garaipen batzuk lortu bazituzten ere (Coulmiers, Villersexel, Rapaume), alemaniarrak Frantziako gudarosteari gailendu zitzaizkion Orléans, Le Mans, Saint-Quentin, Herincourt eta Parisen (Le Bourget, Buzenval).
1871ko urtarrilaren 28an, Defentsa Nazionaleko gobernuak armistizioa izenpetu zuen. Parisko herritarrek, ordea, ez zuten onartu, eta errenditu izanak tirabira handiak sortu zituen gobernu ofizialaren (Biltzar Nazionala eta Thiers) eta indar iraultzaileen artean; horiek 1871ko martxoaren 18an gobernu iraultzailea eratu zuten: Parisko Komuna. Azkenean matxinada zapaldu bazuten ere (maiatzaren azkena), gobernuak bakearen lehen puntuak Versaillesen izenpetu zituen (otsailaren 28an) eta Frankfurteko hitzarmena ondoren (1871ko maiatzaren 10a).
KronologiaAldatu
- Uztailaren 20: Le Bœuf mariskala Rhinen armadaren buruzagi nagusi izendatua izan zen[10].
- Uztailaren 27: Eugenia de Montijo enperatriza erregeorde bilakatu zen.
- Uztailaren 28: Napoleon III.a Metzera heldu zen armadaren zuzendaritza hartzeko.
- Abuztuaren 2: Saarbrücken inguruan borrokatu zuten. Frantziarrek Sarre okupatu zuten.
- Abuztuaren 4: Wissembourgeko guduan, gerraren lehendabizikoa, frantziarrak menderatuak izan ziren[11].
- Abuztuaren 6: Froeschwiller-Woerthko guduan III. prusiar armadak garaipena lortu zuen. Frossard jeneralaren dibisioa Forbachen menderatua izan zen.
- Abuztuaren 12: Napoleon III.a gaixotu eta Aquiles Bazaine mariskalari armadaren zuzendaritza eman zion.
- Abuztuaren 16: Mars-le-Tourreko gudua, Moselan. Mac-Mahonen armadak Châlonseraino atzera egin zuen[12].
- Abuztuaren 18: Gravelotteko guduan Bazaine mariskalaren armada erabateko porrota jasan zuen. Loignyko guduan I. armada menderatua izan zen.
- Abuztuaren 25: Mac-Mahonek 140.000 soldadu hartu zituen kanpaina bat hasteko.
- Abuztuaren 30: Beaumonteko guduan Mac-Mahon menderatua izan zen eta Sedaneraino atzera egin zuen..
- Abuztuaren 31: 240.000 lagun eta 700 kanoi zituzten bi prusiar armadak Mac-Mahon setiatua zuten.
- Irailaren 1: Mac-Mahon zaurituta, de Wimpffen jeneralak ordezkatua da. Helmuth von Moltke mariskalak Sedango guduan erabateko garaipena lortu zuen[13].
- Irailaren 2: Napoleon III.a preso hartu zuten. De Wimpffenek hiria txil egin zuen.
- Irailaren 3: Bellevue jauregian errendizio agiria sinatu zuten.
- Irailaren 4: Napoleon III.a Wilhelmshöhera, Kasseltik gertu, eraman zuten preso.
- Prusiar armadak Paris setiatu eta «Komuna» sortu zen. Hiriburuak urtarrilera arte eutsi zuen.
OndorioakAldatu
Gilen I.a Versaillesko jauregiaren Galerie des Glacesen edo ispiluen galerian kaiser izendatu zuten eta, beraz, Alemaniaren bateratzea gauzatu zen. Horrela Prusiako Erresuma bere inguruan Alemaniar Inperioa sortu zuen, historian inoiz bateratuak izan ziren alemaniar estatu txikiekin batera, ezta Germaniako Erromatar Inperio Santuaren garaietan.
Frankfurteko itunaren bitartez, Bismarckek baldintza gogorrak ezarri zituen Frantziari: Alsazia-Lorena eta bere ikatz-meategiak galtzea, isun handiak eta abar.
Frantzian Inperioa desagertu zen eta Frantziako Hirugarren Errepublika aldarrikatu zuten[14].
Bismarckek Aliantza Hirukoitza sortu zuen Austria eta Italiarekin batera. Frantziak, berriz, Errusiarekin Biko Aliantza eta 1904an Erresuma Batuarekin Entente Cordiale sortu zituen, gero Entente Hirukoitza izango zena.
Zauriak ez ziren ondo osatuak izan eta aliantza biek Lehen Mundu Gerran borrokatuko zuketen.
BibliografiaAldatu
- Azurmendi, J. 2014: "krisi franko-alemana munduaren eta zibilizazioaren krisi bezala", "Alsazia-Lorrenaren polemika" In: Historia, arraza, nazioa. Renan eta nazionalismoaren inguruko topiko batzuk, Donostia: Elkar. ISBN 978-84-9027-297-8
ErreferentziakAldatu
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2013-3-27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Howard, Michael. (1991). The Franco–Prussian War: The German Invasion of France 1870–1871. Routledge, 39 or. ISBN 0-415-26671-8..
- ↑ Howard(1991). p. 39
- ↑ Wawro(2003), p. 42.
- ↑ Nolte, Frédérick. (1884). L'Europe militaire et diplomatique au dix-neuvième siècle, 1815–1884. E. Plon, Nourrit et ce., 527 or..
- ↑ Nolte(1884). pp. 526–527
- ↑ Howard, Michael. (1962). The Franco–Prussian War: the German invasion of France, 1870–1871. New York City: Macmillan, 453 or..
- ↑ EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
- ↑ Howard, Michael (1991). The Franco-Prussian War: The German Invasion of France 1870–1871. Routledge. 39. orr. ISBN 0-415-26671-8.
- ↑ Taylor, A.J.P. Bismarck: The Man and the Statesman. Londres: Hamish Hamilton, 1988. ISBN 0-241-11565-5
- ↑ Rüstow, Wilhelm; John Layland Needham. The War for the Rhine Frontier, 1870: Its Political and Military History. Blackwood, 1872
- ↑ Craig, Gordon A. Germany: 1866–1945. Oxford University Press, 1980
- ↑ Wawro, Geoffrey (2003). The Franco-Prussian War: The German Conquest of France in 1870–1871. Cambridge: Cambridge University Press. ISBN 0-521-58436-1
- ↑ Maurice, John Frederick; Wilfred James Long. The Franco-German War, 1870–71. S. Sonnenschein and Co., 1900
- ↑ Baumont, Maurice. Gloires et tragédies de la IIIe République. Hachette, 1956