Homo ergaster

Homo generoko espeziea, Homo erectusen aitzindaritzat jotzen dena. Afrikan bizi izan zen duela 1,9 milioi urte, eta tresna modernoak erabili eta sua menderatu zuen lehena izan zen

Homo ergaster Afrikan, Pleistozenoaren hasieran, bizi izan zen espezie edo azpiespezie bat da, duela 1,9 milioi urtetatik duela 1,5 milioi urtetara. Oraindik ez dago argi zein espezietik eratorria den.

Homo ergaster
1,9 Ma-1,5 Ma

Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaPrimates
FamiliaHominidae
GeneroaHomo
Espeziea Homo ergaster
Groves eta Mazák, 1975

Gaur egun, oraindik, paleoantropologiaren esparruan ebatzi gabe dagoen eztabaida da H. ergaster espezie propioa den edo H. erectus espeziearen dibertsitatearen barnean gehitu behar den. Bi espezie desberdin bezala sailkatzeko irizpideetako bat geografikoa da, izan ere, H. ergaster bezala identifikatutako indibiduoak Afrikan aurkitutakoak dira, H. erectus indibiduoak gehienbat Asian aurkitzen diren bitartean [1] .

Desberdintasun geografikoetaz haratago, morfologia desberdinak erakusten dituzte: H. ergaster-ek kranioko hezur meheagoak eta konstrikzio postorbitario murritzagoa erakusten du, ondorengo Homo espezienganako kidetasun handiagoa erakutsiz; hori dela eta Afrikako Homo sapiens-aren  arbasoetariko bat izan daitekela uste da. Bestalde, Asiako H. erectus, ondorengorik utzi gabe desagertu zela pentsatzen da.

Afrikako H. ergaster bezala sailkatu diren fosilak Afrikaren ekialdean, Turkana lakuan (lehen Rudolf lakua bezala ezagutzen zena) aurkitu izan dira eta 1,9-1,5 m.u.tako datazioa daukate.

II moduko kultura edo kultura Achelentse bezala ezagutzen dena garatu zuten, non H. habilis-ak (edo beharbada hominini zaharrago batek) hasitako tresneriaren teknologia hobetu zuten. Behe Paleolitiko bukaeran proto-bifaze deritzogun tresna sortu zen, harria lehen homininiek baino gehiago landuz, baina oraindik funtzio espezifiko gabe (indusketa, haragi prozesatze... lan guztietarako tresna bakarra).

Indusketak aldatu

Pleistozeno goiztiarreko eta erdialdeko Homo generoaren sistematika eta taxonomia gai oso eztabaidatua da. XX. mendearen hasieran, orokorrean onartzen zen hominidoen leinu bakarra zegoela eta H. sapiens-ak zirela hominidoen eboluzioan zehar emandako aldaketa gradualen azken emaitza. H. erectus ordea, hominido goiztiarren eta gizaki modernoen arteko espezie iragankor gisa hartzen zen. H. erectus-en fosil ugari aurkitu izan dira denbora luzean zehar. Horregatik, XX.mendearen bukaeran eztabaida izugarria sortu zen ea Homo ergaster espeziea zein ezaugarrik definitzen duten eta zein fosil barneratuko liratekeen espezie honetan[1]

1975. urtean Colin Groves eta Vratislav Mazák paleoantropologoek, KNM- ER 922 fosila H.ergaster espeziearen holotipo gisa sailkatu zuten. Honetaz gain, Koobi-Foran aurkitu ziren hainbat fosil ere erabili zituzten holotipoa osatzeko. KNM- ER 803 deritzon fosil bilduma, eskeleto zatiak eta hortzak biltzen dituena[2].

 
Turkana gaztearen berreraikuntza Adrie eta Alfons Kennisen eskutik, Neanderthal museoan.

Hala ere, ez zen  H. erectus-ekin konparaketarik egin eta ondorioz nahasmen taxonomiko izugarria sortu zuen.

Turkana gaztea aldatu

Afrika Hegoekialdean kokatuta dagoen Turkana lakuko aztarnategietan aurkitu dira Homo ergaster espeziearen aztarna gehienak duela 1,9-1,5 m.u artean datatu dira. Hoietariko batzuk Paranthropus boisei-ren (~1,75 m.u) garaikideak izango litrateke, aztarnategi eta estratu berean aurkitu baitira bi espezietako aztarna batzuk [3]. 1984. urtean, Turkana lakuaren mendebaldean, KNM-WT 15000 indibiduoaren aztarnak aurkitu ziren, “Turkana boy” edo Turkanako gaztea moduan ezagutzen dena. Ia eskeleto osoa aurkitu zen, espeziearen aztarna osoena bilakatuz. 1,6 m.u.-tan datatua dago eta Homo ergaster -aren morfologia (eta hazkuntza ereduaren) inguruan informazio asko lortu izan da bertatik.

Honez gain, Koobi-Foran (Turkana lakuaren ekialdean, Kenia), bilduma aberatsa aurkitu zen eta bertan Homo ergaster moduan sailkatutako lehen aztarnak aurkitu ziren: 1975. urtean KNM-ER 3733 eta KNM-ER 3883 deritzogun kranioak, 1,8 eta 1,6 m.u tan datatuak, hurrenez hurren.

 
KNM-ER 3733. Homo ergaster-en kranioa

KNM-ER 3733 aldatu

KNM-ER 3733 (Kenia National Museum - East Rudolf 3733)[4]: 1975ean Bernard Ngeneo-k aurkitua. Espezie honetan aurkitu den kranio osoenetarikoa da, eta bere aitzindariekin konparatuta kapazitate kranial handiagoa erakusten du: 850 cm3. Heldu bati dagokiola dakigu, garezurreko suturak lotuta aurkezten ditu eta. Oinarri zabaleko kranio baxua da eta torus supraorbitario nabaria dauka, garezurreko egitura nagusitik konstrikzio post-orbitario oso sakon batez bananduta dagoena. Sudurreko hezurrak aurpegi zapalean gailentzen dira. Hortzak, eta molarrak batez ere, australopitezino, parantropo eta H. rudolfensis-enak baino tamaina txikiagokoak dira [1]

 
KNM-ER 3883. Homo ergaster-en kranioa

KNM-ER 3883 aldatu

KNM-ER 3883 (Kenia National Museum - East Rudolf 3883)[5]. 1976-ean Richard Leakey-k aurkitua. Bere aitzindariek baino kapazitate kranial handiagoa erakusten du: 804 cm3, (KNM-ER 3733 baino pixkat bat txikiagoa). Gizabanako lirainagoa dela nabari daiteke, baina ezaugarriak aitzindarien oso antzekoak dira: oinarri zabaleko kranio baxua, torus supraorbitario eta konstrikzio post-orbitario nabarmenarekin[1].

Anatomia aldatu

H. ergaster -ek, hainbat ezaugarri partekatzen ditu H. habilis eta H.rudolfensis-arekin. Homo generoko lehen kideen gorputzaren tamaina kalkulatzea funtsezkoa da haien biologia interpretatzeko. Homo ergaster-en gorputzaren tamaina Homo habilis eta Homo rudolfensis -arenarekin alderatuta handitu egin zen, gorputzaren tamainaren emendio honek Homo generoa Afrikatik kanpo sakabanatzearen faktore bat izan omen zitekeen[6] . Baliteke gorputzaren tamaina handitzea sabana irekiaren inguruko bizitzaren emaitza izatea; izan ere, tamaina handitzeak bazka-eremu handiagoetan dieta zabalagoak ustiatzeko gaitasuna ematen du, mugikortasuna areagotzen du eta harrapakin handiagoak ehizatzeko gaitasuna ere ematen du.

Esan bezala, H. ergaster gizabanakoak, haien arbasoak baino nabarmenki altuagoak ziren; Lucy, Australopithecusen fosil ospetsua, hil zenean, metro bat inguruko altuera izan zuen bitartean, Turkana gaztearena, 1,62 metrokoa zen, eta, ziur aski, heldutasuna lortzean 1,82 metro edo gehiagoko altuera lortuko zuen [7]. Uste denez, H. ergaster helduak 1,45 eta 1,85 metro arteko altuera zuen.

Homo ergaster-ek gizaki modernoen antzekoagoak diren ezaugarri multzoa erakusten du, australopitezino eta parantropinoetatik aldentzen dituenak; adibidez, hortzak. Hortzak H. habilis eta H. rudolfensis-arenak baino txikiagoak zituen eta horrek adierazten du dietan aldaketaren bat eman zela[8] . Gizaki modernoarekin antzekotasun morfologikoak honakoak dira: garunaren tamaina erlatibo handiagoak, gorputz handiagoak, hazkunde eta heltze-tasa motelagoak, lokomozio bipedoa eta hortz eta masailezur txikiagoak barne hartzen dituzte.

Behar energetikoak aldatu

Aipatutako ezaugarriak oso bizimodu ezberdinetarako adierazpen fenotipikoak dira Homo generoko lehen kideentzat. Homo generoaren agerpenaren korrelazio energetikoak kontuan hartzen ditu eta mantentze baldintza energetikoetan hiru aldaketa garrantzitsu egon zirela iradokitzen du[8] . Lehenik eta behin, energia-eskakizunak handitu egin ziren gorputzaren tamainaren emendioaren ondorioz. Bigarrenik, organoen betekizun erlatiboetan aldaketa bat egon zen, garuneko metabolismora desbideratutako energia heste-ehunaren kontura handitu baitzen, ziur asko koipearen pisu konposatuaren proportzioan izandako aldaketen ondorioz. Eta hirugarrenik, haurtzaroan hazkunde-erritmo txikiagoa zen, haurtzaroan eta nerabezaroan hazkunde-kostu handiagoak zirela eta [8] . Aldaketa horiek, bai eta ugalketa eta lokomozio bipedoaren energia-eskakizunak ere, giza eboluzioaren adaptazioan izandako trantsiziorik handienetako bati buruzko eztabaida gisa hartzen dira, hain zuzen ere gure genero propioaren agerpenari buruzkoa.

Dimorfismo sexuala aldatu

Dimorfismo sexual murriztua historikoki H. ergaster eta Homo eta aurreko australopitezinoen arteko desberdintasun erradikaletako bat bezala aipatu izan den arren, ez dago argi australopitezinoek H. ergaster edo gizaki modernoak baino dimorfikoagoak ziren. Ebidentzia eskeletikoek, gizaki modernoetan bezala, Homo ergaster-en kasuan ezberdintasun handiena tamainan zegoela iradokitzen dute[9]; baina beranduago egindako ikerketa batek Australopithecus afarensis-arekin ere gauza bera gertatzen zela adierazi zuen, hauek zaharragoak izanda. Kontuan hartu beharra dago, dimorfismo sexuala espezie desagertuetan neurtzen zaila da, fosilen sexua ez baita erraza izaten.

Kranioa eta aurpegia aldatu

Asia eta Afrikako fosilen artean desberdintasun morfologikoak ere badaude, nahiz eta Afrikako H. ergaster eta Asiako  H. erectus -ak hainbat ezaugarri partekatzen dituzten; hala nola baraila aurreratuagoak, kopeta horizontala eta arku suprartziliar oso sendoak. H. ergaster-ek kranioko hezur meheagoak eta kontrikzio postorbitarioaren murrizpena azaltzen dituenez H. sapiens-aren antzekoagoa dela esan dezakegu. Horregatik, Afrikako Homo sapiens-aren aitzindari zuzena izan daiteke. Bestalde, Asiako H. erectus ondorengorik utzi gabe desagertu zela pentsatzen da. Desberdintzapen hau garrantzitsua da Afrika eta Afrikaz kanpoko Homo generoko populazio desberdinen arteko harremanak determinatzeko orduan[10] [7].

Ondo kontserbatutako H. ergaster-en garezurraren ondorengo aztarna bakarrak Turkana gaztearen fosiletik datoz. Australopitezinoak ez bezala, Turkana gaztearen besoak, ez ziren izaki bizidunen besoak baino luzeagoak, eta bere arbasoen kono formako gorputz-enborra, aldaka estuen gaineko upel formako bular baterantz eboluzionatu zuen, gizaki modernoekin partekatuko lukeen beste antzekotasun bat[7].  Baita ere, Turkana gaztea-ren tibia ere gizaki modernoena baino erlatiboki luzeagoa da, eta horrek ibiltzean flexioa zabalagoa zela adierazten du[7]

 
KNM-WT 15000. Turkana gaztea

Gizaki modernoekiko ezberdintasunak erraz agertuko ziren H. ergaster -ren aurpegian eta burezurrean. Turkana gaztearen garuna ia erabat hazita zegoen hil zenean, baina bere bolumena (880 cm³) soilik 130 cm³ handiagoa zen H. habilis-en aurkitutako maximoarekin konparatuta, eta gizaki modernoen batez bestekoa baino 500 cm³ txikiagoa. H. ergaster-arena 130 cm³-ko handiagoa izateak uste baino diferentzia txikiago adierazten du Turkana gaztea eta H. ergaster-en artean gorputz-tamaina handiagotzat jotzen denean [7]. H. ergaster-en garezur guztiak kontuan hartuta, espeziearen garun-bolumena 600-910 cm³ artean aldatzen zen gehienbat. Bere burmuina gizaki modernoena baino txikiagoa zenez, H. ergaster-en burezurra, berehala estutu zen begien arroen atzean (konstrikzio postorbitarioa) [2].

H. ergaster -en kranioa luzea eta baxua zen, eta Turkana gaztearen bekokia laua zen, eta atzera egiten zuen, bekaineko gandorra begien gainean zuela angelu batean elkartuz. Turkana gaztea, australopitezino eta H. habilis -en arteko alde nabarmenena, bere sudurra izango zen, gizaki modernoen antzekoa izango zena, aurrera proiektatu eta sudurzuloak beherantz begira zituena. Kanpoko sudur hau ere klima epelago baterantz egokitua izan zitekeen, gizaki modernoen sudurrak, euren gainerako gorputza baino hotzago egoten baitira[7]. Turkana mutikoaren aurpegia gizaki modernoena baino luzeagoa izango zen goitik behera, masailezurrak kanpora begira zituela (prognatismoa). Masailezurrak eta hortzak australopitezinoen eta H. habilis-en bataz bestekoaren baino txikiagoak ziren arren, gizaki modernoenak baino askoz handiagoak izaten jarraitzen zuten. Masailezurra bat-batean atzerantz makurtzen zenez, litekeena da kokotsik ez izatea (azken hau gizaki modernoen ezaugarria baita).

Turkana gaztearen burezurraren eta aurpegiaren egitura orokorra beste H. ergaster batzuen garezurretan ere islatzen da; aurpegi handiak eta kanporantz proiektatuak bekain-gandorrekin, atzerakako fronteekin, hortz handiekin eta proiektatutako sudur-hezurrekin konbinatzen dituztenak. Turkana gazteak 12 urte baino gehiago izango ez zituen arren, bere garaiera 15 urteko ume modernoen antzekoagoa da. Estandar modernoen arabera, H. ergaster kognitiboki mugatuta egongo zen, tresna berrien asmakuntzak, bere aurrekoak baino adimentsuagoak zirela frogatzen duen arren[7].

Sailkapena historian aldatu

Beste Homo espezie batzuen antzekotasun morfologikoak direla eta, sailkapena egiteko unean eztabaida asko izan da. 1999. urtean, bi paleoantropologok, Bernand Wood eta Mark Collard-ek, Homo generoaren planteamendua aldatu beharko zela adierazi zuten; Homo generoko lehen espezie moduan H. ergaster proposatuz. Horren ondorioz, H. rudolfensis eta H. habilis espezieak Australopithecus generoan sailkatu beharko ziren[7].

Dena den, ideia hau gainontzeko antropologoek baztertu egin zuten.  Haiek nahiago baitzuten H. erectus -a espezie inklusibo gisa hartu. Orokorrean pentsatzen da H. erectus eta H. ergaster-ek osatzen duten fosil bilduma dela gizaki arkaikoetara gehien hurbiltzen dena. Baina, fosil hauek zer adierazten duten ez dago batere argi; izan ere, ezin da jakin bi espezie desberdinen arteko erradiazio ebolutiboa den edo espezie bakar baten barnekoa, aldakortasun eta dibertsitate handiagoa duena.

Horregatik, hainbat termino erabiltzen hasi ziren: H. erectus s.s (sensu stricto) Asian aurkitutako fosilei dagokiona. Berriz, H. erectus s.l (sensu latto) terminoak Afrika zein Asiako forma guztiak barneratzen ditu. Sensu latto terminoak esan nahi du, fosil hori H.erectus edo genero barneko beste espezie bat (H. ergaster, H. antecessor edo H. heidelbergensis) izan daitekela[7].

Gaur egun ondoko zuhaitz filogenetikoa proposatu izan da H. ergaster-ek gainontzeko espeziekin azalduko lituzkeen harreman ebolutiboak azaltzek [11].

Dieta aldatu

Iada nahiko onarturik dago H. ergaster-en gorputzaren eta burmuinaren emendioak, bere arbasoekin alderatuta, premia dietetiko eta energetiko handiagoak ekarriko lituzkeela [8]. 2002an, Leslie C. Aiello eta Jonathan C. K. Wells paleoantropologoek adierazi zuten H. ergaster-en batez besteko premia metabolikoak Australopithecus afarensis-enak baino %39 handiagoak izango zirela, arretan %30 handiagoak eta emeetan %54 handiagoak. Hala ere, H. ergaster-aren gorputz-enborreko tamaina kontuan izanda, proportzionalki heste txiki samarra dute[8] eta horrek esan nahi du energia-premiak ez zirela H. ergaster-en aurreko hominietan baino handiagoak izango. Hau, aurreko homininien hestea handia eta energia kontsumo handikoa zelako gertatzen da; gantza, landareen hartziduraren bidez sintetizatu behar baitzuten. H. ergaster-ek, bestalde, bere aitzindariek baino animalia-gantz gehiago jaten zuen bitartean; horri esker, energia gehiago desbideratuko zen garunaren hazkundera, garunaren tamaina handituz eta aurreko espezieen energia-premiak mantenduz [7][2].

Energia-eskakizunak areagotu izan balira, H. ergaster-ek australopitezinoak baino askoz elikagai gehiago edo, behintzat, kalitate handiagoko elikagaiak lortu beharko lituzkeen. Australopitezinoen dieta bera izanez, H. ergaster-ek elikadura-denbora izugarri handitu beharko zukeen, eskatutako kaloria gehigarrien proportzioan; atseden hartzeko, gizarteratzeko eta bidaiatzeko erabil zezakeen denbora murriztuz. Hau, ez da oso probablea, bereziki, kontuan hartzen badugu H. ergaster-en masailezurrak eta hortzak tamaina txikikoak direla australopitezinoenekin konparatuta, eta honek dietaren aldaketa bat  iradokitzen du, zuntzezko elikagaiak eta murtxikatzeko zailak direnak alde batera utzita. Energia-premiak alde batera utzita, H. ergaster-en heste txikiak kalitate handiagoko elikagaiez osatutako dieta digerigarriago bat iradokitzen du [8].

Beraz, litekeena da H. ergaster-ek haragi kantitate handiak kontsumitu izana, bere arbasoek baino askoz gehiago, baina beste elikagai iturri batzuk ere erabili beharko zituen, hala nola haziak, eztia, intxaurrak, ornogabeak, tuberkulu nutritiboak, erraboilak eta lurpeko landareak[8] [7] . H. ergaster-en murtxikatzeko ahalmen erlatiboki txikiak, bere arbasoen masailezur handiagoekin alderatuta, jaten diren kalitate handiko haragi eta elikagai begetalek, ziur asko, jan aurretik prozesatzeko tresnak eta teknikak erabiltzea eskatuko zutela esan nahi du, hemen suaren erabilera ere planteatzen da.

Teknologia aldatu

Lehen Homo ergaster-ak australopitezino eta lehen Homo-en tresna eta kultura oldowaniensea heredatu zuten. Hala ere, berehala ikasi zuten haien aitzindariek eta garaikideek erabiltzen zituzten harri pusketak baino handiagoak erabiltzen. Orain dela 1,65 m.u. hominini hauek kultura Achelentsea sortuko zuten, tresnen diseinuaren eta teknologiaren aurrapenarekin. Izan ere, trena-mota berriak sortu zituzten, hala nola bifazeak. Horretarako, material moduan harria erabiltzen zuten. Hala ere, badaude beste aldaketa teknologiko garrantzitsu batzuk ere, suaren erabilpen kontrolatua adibidez.

Tresnak aldatu

 
Bifaze Achelentsea

Esan bezala, hominini hauek zuten kultura, Paleolitoko adierazpen kultural arruntena da. Jatorria duela 1,65 m.u-tan datza, Turkanaren mendebaldean (Kenia) aurkitutako aztarna zaharrenak kontuan izanik; duela 200-150 k.u-tararte iraun zuen, Neandertalen kultura (III modua, Mousteriarra) agertu arte [7].

Kultura honetako tresnarik garrantzitsuena eskuko aizkora edo bifazea izango da. Tresna hauek egiteko harrizko zati handiak erabiltzen ziren, eta gero bi alboetatik forma ematen zitzaien zerratua izateko.

Homo ergaster-ak, harri hauei forma kontzienteki ematen zietela uste da, kultura olduwaientsean berriz, harriak batez ere hezurrak puskatzeko eta bertatik hezur muina lortzeko erabiltzen zituzten, eta beraz, tresna hauen forma ez zen horren garrantzitsua[7].

Kultura Achelentsean, berriz, azterketa mikroskopikoen ondorioz, tresna hauek batez ere haragia, hezurrak, animalien larruazalak eta egurra mozteko erabiltzen zituztela ikusi da[7].

Hala ere, eskuko aizkora ez da kultura honetako tresna arruntena. Beste tresna batzuk, hala nola, mailu edo karraskatzaile bezala erabiltzen diren nukleoak eta karraskatzaile edo aizto bezala erabiltzen diren lazkak, arruntagoak dira.

Tresna guzti hauek egokiak ziren lan astunak egiteko, adibidez hezurren prozesamenduan hezur-muina lortzeko, baina baita egur-lanetarako eta ugaztun handien hilketa eta hauen haragiaren eta larruazalen prozesamendurako.

Sua aldatu

Homo generoa sabanara emigratzen hasi zen heinean, sute naturalak gero eta ohikoak bilakatzen ziren hominini hauentzat[7].

Hau ikusita, uste da, sua erabiltzen orain dela 1,5 mu urte hasi ahal izan zirela, bai sukaldatzeko, baita berotasunean sartzeko ere. Sukaldatzean, kontsumitzen diren elikagaiak, bai haragia baita barazkiak ere, digerigarriagoak bilakatzen dira; honek eragina izan zezakeen Homo ergaster-ak izan zuen hesteen tamainaren murriztearekin. Hala ere, ez dakigu ziurtasunez su hori kontrolatua zen edo ez.

Ikatz begetalek, lur erreek eta erretako hezurrek, Homo ergaster-en aztarnekin batera agertzen direnak, adierazi dezakete hominini hauek suaren erabilera kontrolatua egiten zutela [7].

Suaren lehen erabilera kontrolatuaren ebidentziak Israel-eko iparraldean aurkitu dira, 790 k.u-tan datatuak daude, Benot Ya’aqov aztarnategian. Bertako aztarnek (tximistarriak, hazi erre eta egurren aztarnak) jakinaren gainean egindako suaren erabilera kontrolatua adierazten dute; izan ere, naturalki sortzen diren suteekin (ekaitz baten ondorioz adibidez) konparatuta tenperatura desberdinetara heltzen dira[7].

Hala ere, izan liteke aurrerapen hau Afrikan, lehenago gertatzea; adibidez Koobi Fora-n (Kenia, 1,6 m.u), errauts eta animali hezur erreak aurkitu dira; Swartkrans-en (Afrikaren Hegoaldea, 1,5-1 m.u), animali hezur fosilen zati erreak, eta Zhoukoudian-en (Txina, 780 k.u) H. erectus -aren aztarna garrantzitsuekin batera, sute aztarnak.

Azken ikerketen arabera, adibidez Wonderwerk kobazulokoak, Hegoafrikan, uste da suaren erabilera kontrolatua orain dela 1,7 mu egiten hasi zirela. Izan ere, estratuetan erretako harriek, hezur erreek, eta errautsek, adierazten dute hainbatetan egin zituztela su horiek. Ikerlariek diotenez, Homo ergaster-ak suaren inguruan biltzen ziren bai sukaldatzeko, baina baita sozializatzeko ere.

Lengoaia aldatu

Turkana gaztearen bizkar muina gizaki modernoarena baino estuagoa zen, horrek esan nahi du honen nerbio sistema eta giharrak ez zirela hitz egiteko gai izateko behar beste garatu[2].

Baina 2001ean, Bruce Latimer eta James Ohman ikerlariek, Turkana gazteak displasia eskeletikoa eta eskoliosisa zituela ondorioztatu zuten, hori dela eta Homo ergaster-aren ale tipoa ezin zitekeela izan proposatu zuten [7].

2006an, 1,78 mu-ko banako bat aurkitu zuten Georgian, honen bizkar-hezurra gizaki anatomikoki modernoaren errangoaren barnean sartzen da, hau ikusita, Homo ergaster-ak hitz egiteko gai zirela esan dezakegu [7].

Meyer eta bere lankideen arabera, hitz egiteko gaitasuna Homo generoko lehen banakoek lortu zuten, baina Turkana gaztea ez zen hitz egiteko gai izango, pairatzen zituen jaiotzetiko arazoen ondorioz [7] .

2013an, Regula Schiess eta bere lankideek ideia hauen kontra egin zuten, eta Turkana gazteak jaiotzetiko arazoak zituela esateko ebidentziarik ez zegoela azaldu zuten, eta banako hau Homo ergaster espeziearen ale tipo moduan proposatu zuten [2].

Aztarnategi nagusiak aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d Handbook of paleoanthropology. (Second edition. argitaraldia) ISBN 978-3-642-39979-4. PMC 900727331. (Noiz kontsultatua: 2020-12-15).
  2. a b c d e Evolution : the human story. (Revised edition. argitaraldia) ISBN 0-241-30431-8. PMC 1006803706. (Noiz kontsultatua: 2020-12-15).
  3. (Ingelesez) Herries, Andy I. R.; Martin, Jesse M.; Leece, A. B.; Adams, Justin W.; Boschian, Giovanni; Joannes-Boyau, Renaud; Edwards, Tara R.; Mallett, Tom et al.. (2020-04-03). «Contemporaneity of Australopithecus, Paranthropus, and early Homo erectus in South Africa» Science 368 (6486)  doi:10.1126/science.aaw7293. ISSN 0036-8075. PMID 32241925. (Noiz kontsultatua: 2020-12-15).
  4. (Ingelesez) «KNM-ER 3733» The Smithsonian Institution's Human Origins Program 2010-01-23 (Noiz kontsultatua: 2020-12-15).
  5. (Ingelesez) «KNM-ER 3883» The Smithsonian Institution's Human Origins Program 2010-01-24 (Noiz kontsultatua: 2020-12-15).
  6. (Ingelesez) «Spatial and temporal variation of body size among early Homo» Journal of Human Evolution 82: 15–33. 2015-05-01  doi:10.1016/j.jhevol.2015.02.009. ISSN 0047-2484. (Noiz kontsultatua: 2020-12-15).
  7. a b c d e f g h i j k l m n o p q r s t The human past : world prehistory & the development of human societies. (1st ed. argitaraldia) Thames & Hudson 2005 ISBN 0-500-28531-4. PMC 62188302. (Noiz kontsultatua: 2020-12-15).
  8. a b c d e f g (Ingelesez) Aiello, Leslie C.; Wells, Jonathan C. K.. (2002-10). «Energetics and the Evolution of the Genus HOMO» Annual Review of Anthropology 31 (1): 323–338.  doi:10.1146/annurev.anthro.31.040402.085403. ISSN 0084-6570. (Noiz kontsultatua: 2020-12-15).
  9. (Ingelesez) Reno, P. L.; Meindl, R. S.; McCollum, M. A.; Lovejoy, C. O.. (2003-07-23). «Sexual dimorphism in Australopithecus afarensis was similar to that of modern humans» Proceedings of the National Academy of Sciences 100 (16): 9404–9409.  doi:10.1073/pnas.1133180100. ISSN 0027-8424. PMID 12878734. PMC PMC170931. (Noiz kontsultatua: 2020-12-15).
  10. (Ingelesez) Baab, Karen L.. (2008-06). «The taxonomic implications of cranial shape variation in Homo erectus» Journal of Human Evolution 54 (6): 827–847.  doi:10.1016/j.jhevol.2007.11.003. (Noiz kontsultatua: 2020-12-15).
  11. (Ingelesez) Strait, David; Grine, Frederick E.; Fleagle, John G.. (2015). Henke, Winfried ed. «Analyzing Hominin Hominin Phylogeny: Cladistic Approach» Handbook of Paleoanthropology (Springer Berlin Heidelberg): 1989–2014.  doi:10.1007/978-3-642-39979-4_58. ISBN 978-3-642-39978-7. (Noiz kontsultatua: 2020-12-15).


Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu