Harrikatz

Ikatz» orritik birbideratua)

Harrikatza, besterik gabe ikatza ere deitua, erregai fosil beltz eta gogorra da, gehienbat karbonoz osatua eta landare jatorri duena. Ikatz izenarekin minerala ez den eta landare edo animalia substantziei ura eta beste osagai lurrunkor batzuk kenduz eskuratzen den egur ikatza ere izendatzen da.

Harrikatza
Harrikatz bituminoso-zaina. Eskozia Berria, Kanada.

Harrikatza arroka sedimentario beltz edo beltz marroixka da, naturan, gehienetan, zain edo beta deritzen geruzetan pilatuta agertzen dena. Formarik gogorrenak, esaterako antrazita, arroka metamorfikotzat har daiteke, tenperatura eta presio handiak jasan izan dituen harria baita. Ikatzaren elementurik nagusiena karbonoa da, eta hidrogenoa, sufrea, oxigenoa eta nitrogenoa ere ditu. Historian zehar oso baliabide erabilia izan da energia iturri gisa eta meatzaritza jarduera handia eragin du. Gaur egun, batez ere elektrizitatea edota beroa sortzeko erretzen da, baina kokea eta gasa produzitzeko ere erabiltzen da.

Munduko ikatz ekoizle handienak herrialdeok ziren 2011n: Txina 3.520 milioi tona (Mt), Ameriketako Estatu Batuak 992,8 Mt, India 588,5 Mt, Australia 415,5 Mt, Errusia 333,5 Mt, Indonesia 324,9 Mt, Hego Afrika 255,1 Mt, Polonia 139,2 Mt, Kazakhstan 115,9 Mt eta Ukraina 86,8 Mt[1].

Harrikatzaren eratzea

aldatu

Harrikatza erregai fosila da, naturan harri eran aurkitzen dena. Geologia aldi askotan zehar airearen ukimenetik kanpo jasandako presioaren, beroaren eta bakterioen eraginez eratu den ikatza da. Historiaurreko basoetako egurra istingetan pilatuz eta lurperatuz joan zen eta, lehen pauso batean, eta prozesu biokimikoek eraginda, zohikatz delako ikatza eratu zen. Ondoren, bakterioen eraginez, zohikatz hori lignito bilakatu zen, eta lignitoa, berriz, presioaren eta beroaren eraginez ikatz azpibituminoso, harrikatz bituminoso eta azkenik antrazita. Antrazita da ikatzaren eraketan azken gaia, eta lur geruzen tolestatze prozesuan harrikatzak jasandako presioaren eta tenperatura garaien ondorioz eratu zen.

Erauzketa

aldatu
 
Atari zabaleko ikatz meategia.

Harrikatza erauzteko bi metodo daude: lur gaineko meatzaritza eta lurpeko meatzaritza. Ikatz-hobiaren geologia nolakoa den, bata edo bestea erabiltzen da. Gaur egun, lurpeko meatzaritza da gehien baliatzen dena, baina herrialde ekoizle nagusietako batzuetan aire zabaleko meategiak oso hedaturik daude. Esate baterako, Australiako produkzioaren % 80 eta Estatu Batuetakoaren % 67 lur gaineko meatzaritzaren bidez erauzten da[2].

Lur gaineko meatzaritza

aldatu

Lur gaineko meatzaritza, atari zabaleko meatzaritza ere deitua, ikatza lurraren azaletik hurbil dagoenean besteriki ez da errentagarria. Metodo honen bitartez, hobiko ikatzaren ehuneko handiagoa (% 90 edo gehiago) erauzten ahal da lurpeko meatzaritzaren bidez baino, ikatz zain guztiak baliagarriak direlako.

 
Euzkadi lokomotorra ikatzezko kargarekin Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoan.
 
Ikatza 1898ko Aurrera lokomotorrean Azpeitiko Burdinbidearen Museoan.

Atari zabaleko meategiek oso eremu handia har dezakete, neurri larriko makineria erabiliz: dragak, gaineko harri-geruza kentzeko, pala mekanikoak, kamioi handiak, ikatza eta hondakinak garraiatzeko, hondeamakinak eta garraiagailuak.

Lurzorua eta gaineko harri-geruza lehergaien bidez hautsi eta, ondoren, dragak edota pala eta kamioiak erabiliz, kentzen da. Harrikatza agerian dagoenean, zulatu, apurtu eta zerrendaka erauzten da. Azkenik, ikatza kamioi handi edo garraiagailutan zamatzen da, manipulazio plantara edo erabili behar den tokira eramateko[2].

Lurpeko meatzaritza

aldatu

Lurpeko meatzaritzan lan egiteko bi modu nagusi daude: ganbera eta zutabeen sistema eta lantegi luzeena.

  • Ganbera eta zutabeen sisteman, "ganbera"-sare bateko harrikatza ateratzen da, tartean ikatzezko "zutabe" sail bat utziz, sabaia eror ez dadin. Zutabeetan, erauzi gabe, ikatz guztiaren % 40 gera daiteke (parte bat ondoko fase batean ateratzen ahal da).
  • Lantegi luzeen sisteman, ikatz-zainaren sekzio bateko mineral guztia erauzten da, zizaila-kargatzaile mekanikoak erabiliz. Lanean hasi baino lehen, planifikazioa ezibestekoa da, sekzio osoan geologia egokia dela ziurtatzeko. Ikatza ateratzen ari den bitartean, euskarri hidrauliko batzuek eusten diote sabaiari. Ondoren, euskarriak kendu eta sabaia erortzen uzten da. Metodo horren bidez, hobiko ikatzaren % 75 ustiatzen ahal da[2].

Erabilpena

aldatu
 
Shuozhouko (Txina) ikatz-zentral termikoa.

Harrikatza elektrizitatea sortzeko energia iturri nagusia da mundu mailan, bai eta karbono dioxidoaren isurketa iturri handienetakoa ere. Mundu osoko argindarraren % 40 ikatzaren bidez lortzen da[3], eta zenbait herrialdetan ehuneko handiagoa da: Polonian % 94, Hego-Afrikan % 92, Txinan % 77 eta Australian % 76[4]... Zentral termoelektrikoak ikatz meatokien inguruan egon ohi dira produkzio-kostua merkatzeko[5].

Harrikatza oxigenorik ez dagoen toki batean oso tenperatura altuetan (1000 °C baino gehiago) erretzean kokea lortzen da. Hori labe garaietan erabiltzen da altzairua ekoizteko[4]. Mundruna, kokegintzako azpiproduktua, koloragarriak, intsektizidak, leherkariak, plastikoak eta bikea ekoizteko baliatzen da[5].

Harrikatzaren destilazio suntsikorraren bitartez harrikatz-gasa lortzen da. Gas hori, berriki arte, hiri handietako etxeetako erregai gisa erabili da. Oso toxikoa eta kutsatzailea denez gero, gas naturalak ordeztu du[5]. Harrikatzaren likidotzearen bidez, berriz, hidrokarburo likidoak (petrolio sintetikoa) erdiesten dira.

Ekoizpena

aldatu

Munduko harrikatz erreserbak

aldatu
Harrikatz erreserba erauzgarriak 2008 amaieran (milioi tonatan)[6]
Herrialdea Antrazita & Bituminosoa Azpibituminosoa Lignitoa Denetara Munduko erreseben ehunekoa
  AEB 108.501 98.618 30.176 237.295 22,6
  Errusia 49.088 97.472 10.450 157.010 14,4
  Txina 62.200 33.700 18.600 114.500 12,6
  Australia 37.100 2.100 37.200 76.400 8,9
  India 56.100 0 4.500 60.600 7,0
  Alemania 99 0 40.600 40.699 4,7
  Ukraina 15.351 16.577 1.945 33.873 3,9
  Kazakhstan 21.500 0 12.100 33.600 3,9
  Hego Afrika 30.156 0 0 30.156 3,5
  Serbia 9 361 13.400 13.770 1,6
  Kolonbia 6.366 380 0 6.746 0,8
  Kanada 3.474 872 2.236 6.528 0,8
  Polonia 4.338 0 1.371 5.709 0,7
  Indonesia 1.520 2.904 1.105 5.529 0,6
  Brasil 0 4.559 0 4.559 0,5
  Grezia 0 0 3.020 3.020 0,4
  Bosnia-Herzegovina 484 0 2.369 2.853 0,3
  Mongolia 1.170 0 1.350 2.520 0,3
  Bulgaria 2 190 2.174 2.366 0,3
  Pakistan 0 166 1.904 2.070 0,3
  Turkia 529 0 1.814 2.343 0,3
  Uzbekistan 47 0 1.853 1.900 0,2
  Hungaria 13 439 1.208 1.660 0,2
  Thailandia 0 0 1.239 1.239 0,1
  Mexiko 860 300 51 1.211 0,1
  Iran 1.203 0 0 1.203 0,1
  Txekia 192 0 908 1.100 0,1
  Kirgizistan 0 0 812 812 0,1
  Albania 0 0 794 794 0,1
  Ipar Korea 300 300 0 600 0,1
  Zeelanda Berria 33 205 333-7.000 571–15.000[7] 0,1
  Espainia 200 300 30 530 0,1
  Laos 4 0 499 503 0,1
  Zimbabwe 502 0 0 502 0,1
  Argentina 0 0 500 500 0,1
Gainerakoak 3.421 1.346 846 5.613 0,7
Denetara 404.762 260.789 195.387 860.938 100

Harrikatz ekoizle handienak

aldatu
Harrikatz ekoizle nagusien produkzioa urteko (milioi tonatan) [1]
Herrialdea 2003 2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 Ehunekoa (2011)
  Txina 1.834,9 2.122,6 2.349,5 2.528,6 2.691,6 2.802,0 2.973,0 3.235,0 3.520,0 %45,7
  AEB 972,3 1.008,9 1.026,5 1.054,8 1.040,2 1.063,0 975,2 983,7 992,8 %12,9
  India 375,4 407,7 428,4 449,2 478,4 515,9 556,0 573,8 588,5 %7,6
  Australia 350,4 364,3 375,4 382,2 392,7 399,2 413,2 424,0 415,5 %5,4
  Errusia 276,7 281,7 298,3 309,9 313,5 328,6 301,3 321,6 333,5 %4,3
  Indonesia 114,3 132,4 152,7 193,8 216,9 240,2 256,2 275,2 324,9 %4,2
  Hego Afrika 237,9 243,4 244,4 244,8 247,7 252,6 250,6 254,3 255,1 %3,3
  Alemania 204,9 207,8 202,8 197,1 201,9 192,4 183,7 182,3 188,6 %2,4
  Polonia 163,8 162,4 159,5 156,1 145,9 144,0 135,2 133,2 139,2 %1,8
  Kazakhstan 84,9 86,9 86,6 96,2 97,8 111,1 100,9 110,9 115,9 %1,5
  Ukraina 80,2 81,3 78,8 80,2 76,8 79,5 73,8 76,8 86,8 %1,1
  Kolonbia 50,0 53,7 59,1 65,6 69,9 73,5 72,8 74,4 85,8 %1,1
Mundu osoan 5.301,3 5.716,0 6.035,3 6.342,0 6.573,3 6.795,0 6.880,8 7.254,6 7.695,4 %100
 
Garzweilerreko ikatz meategia (Alemania). Bereizmen handiko panorama.

Erreferentziak

aldatu
  1. a b BP Statistical Review of World Energy June 2012 Bp.com
  2. a b c Coal mining World Coal Association. Worldcoal.org
  3. Egoitz ETXEBESTE ADURIZ: «Beltzetik berderako bidean»[Betiko hautsitako esteka] Zientzia.net
  4. a b Le charbon comme ressource[Betiko hautsitako esteka] World Coal Institute. Worldcoal.org
  5. a b c Miren OTXOA DE BAKEDANO: Energia baliabideak[Betiko hautsitako esteka] Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia. Hezkuntza.ejgv.euskadi.net
  6. Survey of Energy Resources 2010 World Energy Council. Worldenergy.org
  7. Alan SHERWOOD eta Jock PHILLIPS: Coal and coal mining – Coal resources, Te Ara – the Encyclopedia of New Zealand, 2009-03-02

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu