Frantziako Iraultza Euskal Herrian

Frantziako Iraultza Euskal Herrian eragin sakona izan zuen gertakaria izan zen. 1789tik 1799ra bitartean, Frantzian aldaketa azkar eta sakonak ekarri zituen prozesu sozial eta politikoa izan zen. Prozesu horretan, Frantziaren Antzinako Erregimeneko egitura politikoa irauli egin zen (monarkia absolutua, pribilegio feudalekin aristokraziarentzat eta klero katolikoarentzat), Ilustrazioko printzipio arrazionaletan oinarrituta eta Liberté, égalité, fraternité leloan bilduta.

Berdintasun printzipioaren epelean, herriaren eta (estatu) nazioaren ideiak gailendu ziren, baina horiek Paris hartzen zuten erdigunetzat, eta nahitaez, onenean, edo bortizkeriaz, txarrenean, hedatu ziren Frantziako Koroaren peko lurralde guztietara. Despotismo Ilustratuaren eta Antzinako Erregimenaren indarren arteko gatazka Konbentzioaren Gerran gauzatu zen Euskal Herrian, herriaren subiranotasunaren eta foruen gaia tartean zela.

Aurrekariak

aldatu

Foruen amaiera Ipar Euskal Herrian

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Foruen amaiera Ipar Euskal Herrian»
 
Polverelek Nafarroaren subiranotasunaren alde Parisen defendatutako agiria (1789)
 
Dominique Joseph Garat.
 
Dominique Garat Hiriarte.

1789an, Frantziako koroaren peko estatuetako ordezkariak Versaillesera bildu ziren Estatu Orokorretara, Frantziako (eta Nafarroako) Louis erregeak deituta. Beraz, euskal ordezkariak bertaratu ziren, sei lurralde bakoitzeko. 1790eko urtarrilean, Frantziako Nazio Biltzar eratu berriak hutsetik hasitako diseinu administratibo bat erabaki zuen eta, hartara, euskal autogobernua desegin zuen.[oh 1] Proposamen ideologiko berriak bertan behera utzi zituen ohiturazko herri lotura guztiak administrazioan, eta Pirinio Apaletako departamendu berriak unitate administratibo bakarrean uztartu zituen Biarno eta euskal lurraldeak. Lurralde unitate horretan, baina, euskaldunak gutxiengoa ziren.

Euskaldunek, Garat anaia ilustratuak buru zituztela (Dominique Joseph eta Dominique Zaharra), ezin sinetsiz entzun zuten departamendu proposamena, eta aurka egin zioten frantses biltzarrean emandako hitzaldi sutsuetan. Uhart and Escuret-Laborde Zuberoko ordezkariak, halaber, haren kontra mintzatu ziren, eta foruak defendatu zituzten. Ondorioz, gaitzespen oihuak entzun behar izan zituzten, eta ganberatik alde egin zuten.[1] Euskal ordezkariek, Biarnorekin zituzten hizkuntz eta kultura desberdintasunak aipatuz, proposamen bat egin zuten hiru euskal lurraldeak departamendu batean elkartuko zituen diseinu administratibo alternatibo bat eratzeko.[2] Garai honetan guztian, euskara zen eguneroko hizkuntza hiru lurraldeotan, gehiengo elebakarraz eta euskal-gaskoi elebidunen zati txiki batez osatuak, eta euskal ordezkariek euskaldunen hizkuntz errealitate desberdina nabarmendu zuten 1790eko Frantziako Nazio Batzarrean.[oh 2]

Frantziako departamendu sistema sortzeko dekretuari Pirinio Apalak departamenduaren sorrera jarraitu zion 1790eko otsailean. Lapurdiko Biltzarrak sumindurik hartu zuen frantses erabakiaren berri eta, are, Garat anaiak kargugabetu zituen, azkenean Frantziako departamendu sistema berriaren alde bozkatzearren. Aldi berean, lurralde erakunde txikiagoak berritxuratu ziren, adibidez, Uztaritze eta Baiona uztartuz, 1780ko hamarkadan banandu berriak zirenean, Biltzarrak hala galdeginik. Frantses erabakiak berehala ekarri zituen arazoak.[oh 3]

1791n, konstituzioa onartu zen Frantzian, 1790n bozkatutako antolamendu administratiboa berretsi zuena.[3] Dominique Garat Zaharrak uko egin zion konstituzio horren aleak banatzeari, adieraziz euskarazko bertsiorik ez zutela.[1] Nafarroaren ordezkariek (Frantxistegi, Polverel) erabaki zuten ez zutela bozketan parte hartuko, Luis XVI.a erregeak bere burua "Frantsesen Errege" izendatu baitzuen (1791ko irailaren 4a), ohiturazko "Frantziako eta Nafarroako Errege"ren ordez, argudiatuz haiek Frantziako zati ez zirela, eta lurralde erakunde aparte bat sortzeko aukera iradoki zuten. Frantzia erresuma zen artean eta, beraz, erregimen politikoak lehengo horretan jarraitzen zuen. Haatik, politikako kontuak pixkanaka aldatzetik iraultza kutsua hartzera pasa ziren. 1792ko irailean, Frantziako Lehen Errepublika aldarrikatu zen, eta jakobinoak zein Nazio Konbentzioa igo ziren agintera. Luze gabe, Luis XVI.a Frantziako erregea atxilotu eta exekutatu zuten 1793ko urtarrilean, eta nazioarteko aliantza bat eratu zen Frantzia iraultzaileari kontra egiteko.

Konbentzioaren Gerra Euskal Herrian

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Konbentzioaren Gerra Euskal Herrian»
 
Orbaitzetako arma fabrikaren aztarnak; Konbentzioaren Gerran errea

Konbentzioaren Gerra 1793-1795 bitarteko gatazka militarra izan zen, Euskal Herrian oso eragin handia izan zuena; gerraren beste gune nagusia Katalunia izan zen, Pirinioen inguruan. Espainietako Koroa eta Frantziako Errepublika elkarren kontra jarri zituen gerra hori Lehen Koalizioko Gerra zabalagoan kokatu zen, eta bere ezaugarri bereziak izan zituen Euskal Herrian, euskal gobernu, lege eta ohituren gaineko tentsioak eta jarrera desberdinak tarteko. Gerrarekin, itzulbiderik gabe galdu (Ipar Euskal Herrian) edo koloka batean gelditu (Hego Euskal Herrian) ziren foruak.

Ipar Euskal Herrian, Izua eta errepresio gogorra ekarri zituen Lapurdiko herritarren eta euskaltasunaren kontra eta, Bidasoaz hegoaldera, Frantses Errepublikaren aldeko zein kontrako mugimenduak eragin zituen, Gipuzkoako Errepublikaren aldarrikapenean eta Arrasateko Gerrako Diputazioan gorpuztuak. Bestalde, 1793an, Ipar Euskal Herriko herri askotan, elkarte iraultzaileak sortu ziren. 1793ko urrian, Iraultzaren aldeko aztoramenduan, Lapurdiko zein Nafarroa Behereko herri askori izena aldatu zizkieten, Nazio Konbentzioaren (Montaignards deituen) eta garai sortu berriaren adierazle izan zitezen; Zuberoan, haatik, ez zen horrelakorik egin. Izen guztiak, hiru izan ezik, frantsesez jarri zituzten (ikus eskuineko taula).[4]

Euskal herri izenen aldaketak (1793ko urria - 1795ko apirila)
Non Herria Izen berria
LAPURDI Ahurti Liberté
Ainhoa Mendiarte
Arbona Constante
Baiona Port-de-la-Montagne
Beskoitze Hiriberry
Donibane Lohizune Chauvin Dragon
Hiriburu Tricolor
Itsasu Union
Kanbo La-Montagne
Luhuso Montagne-sur-Mer
Sara La Palombière
Senpere Beaugard
Urketa Laurier
Uztaritze Marat-sur-Nive
Zuraide Mendialde
NAFARROA BEHEREA Arrosa Grand Pont
Baigorri Thermopyles
Donamartiri Nive-Montaigne
Donapaleu Mont Bidouze
Donazaharre Franche
Donibane Garazi Nive Franche

1795eko udaberriko erasoaren ondorioz, Euskal Herri ia osoa frantses armadaren eskuetan geratu zen, Pancorboren atarian. Ataka horretan, Manuel Godoy Espainiako ministro ahalguztidunak Basileako Bakea hitzartzea erabaki zuen, Frantziari Hispaniolako mendebaldea emanez euskal lurraldeen trukean.

Eragin handiko beste ondorio bat armada arrotzen etorrera izan zen, aspaldi ez bezala. Horrek herritarren, jabetzen eta foru ogasunaren kalte eta galera larriak eragin zituen eta, nahasmenaren erdian, askok armak hartu zituzten, XIX. mendean Karlistaldietan luzatu zen fenomenoa. Konbentzioaren Gerrak liberalismoaren eta tradizionalismoaren arteko oposizioa finkatu zuen, foruen gaia tartean zela, eta garai berri bati eman zion hasiera Euskal Herrian, "mende luzea" deitu izan dena.

Lapurdiko izua

aldatu
Gehiago jakiteko, irakurri: «Lapurdiko errepresioa» eta «Izu Garaia»

1794an, Frantziar Iraultzaren ondorengo izualdian, Itsasuko 47 gazteren ihesaldiaren ondoren, Salbamen Publikorako Komiteak (1794ko martxoaren 13 edo II. urteko haizekorraren 13ko dekretua), Ainhoa, Azkaine, Ezpeleta, Itsasu, Sara eta Zuraideko bizilagun ugari (gizon, emakume eta ume) atxilotu zituen, eta mugatik hurbil zeuden udalerriak "doilor" izendatu (communes infâmes).[5] Neurria Biriatu, Kanbo, Larresoro, Luhuso, Lekorne eta Makea udalerrietara zabaldua izan zen.

Herritarrak etxe nazionaletan bilduak izan ziren, bai Ustaritzeko barrutian, bai Jean-Jacques Rousseaun, Grande Redoute barrutian.[6] Baina benetan, Baiona, Capbreton, San Bisentse eta Ondresko elizetan bilduak izan ondoren, deportatu zituzten, nahiko egoera txarrean gainera.[oh 4] Deportatuak Lot, Lot-eta-Garona, Gers, Landak, Behe Pirinioak (Bearnoko aldea) eta Hautes-Pyrénées departamenduetara bidaliak izan ziren. Itzulitakoan, deportatuek ondasun gehienak ebatsita edota hautsita aurkitu zituzten, 1794ko irailaren 29 eta urriaren 1ean Uztaritzeko Direktorioak emandako dekretuen ondorioz. Honela zioen dekretuak:


« Sara, Itsasu, Azkaine, Biriatu eta Serres antzinako udalerriak, bertako biztanleak segurtasun orokorraren faboretan zortzi hilabetez deportatuak izan zirenak, ez dira landuak izan. Askatasuna berreskuratzen dutenak, beren etxeetara itzultzean, ozenki eskatzen dituzte jatekoak, gizonaren lehendabiziko beharra ase ezin dutelako: gosea».[6][oh 5] »


Ondasunak berreskuratzeko aski lan ere izan zuten, ebatsitakoa erregistratua ez, baizik arpilatua izan zelako. Martin Iturbide alkateak eta herriko beste 33 ordezkariek deportazioan izandako egoera azaldu zuen eskutitza bidali zieten agintariei. Honela zioen:


« Despotismoz inguratutako eta askapenaren itzala mantendu zuen eskualdean jaioak (...) sutsu korrika egin genuen Frantziako herriaren eskubideak bere osotasunean berrezarri zituen zorioneko iraultzaren alde (...) Guk geuk Bidegurutzea (Senpere), Azkaine eta Sara artean dauden barrakoiak eraiki genituen (...) Sans-Culotteen kanpamendua altxatzeko eta beste lan publikoak burutzeko 3.000 egun baino gehiago eman ditugu. Horretarako adreilu eta egur pila bat eman ditugu (...) Eskatutako garau, zuhain, jantziak, gizonak prest eman ditugu (...) Gure atsekabe handienerako, gure azpiko lagunek gure neskatil asko prostituzioaren bitartez jatekorik bilatzera bultzatu dute; amei gosez eta egarriz hiltzen ari zirela esaten ikusi ditugu, taloak besterik ez zituztela; negarrez ikusten genituenean ez genekien zergatia eta misterioa jakitean egoera ikaratu egin gintuen (...) Sarako herritarren altzari eta eraikinak ez dira erregistratuak izan. Gure altzairu eta erikian guztiak lapurtuak eta inguruko herrietara eramanak izan ziren. Biltegi ziurretan utzi beharrean, enkantetan salduak izan dira eta bestetan enkanterik gabe.[6][oh 6] »


Oharrak

aldatu
  1. Lapurdik protesta egin zuen, adieraziz beraiek bazutela 'konstituzioa'. Ikus Auñamendi Entziklopedia. Lapurdi, Edad Contemporanea
  2. Bolinaga, 61-66. or. Konparatu 1866. urteko datuekin: orduan, biztanleriaren % 95ek euskara zerabilten hizkuntza nagusi gisa, artean frantsesteko politikak bete-betean indarrean sartu gabe zeudela; ikus Watson, 87. or. Une horretan, Biarritz, Baiona eta Bidaxune gaskoi hiztunak ziren gehienean.
  3. Udal barruti berriak talka egiten zuen Uztaritzeko herritarren iritziarekin eta bi udalerrien hizkuntzarekin. Lehendabiziko bilkura bat ia bertan behera geratu zen, baiones ordezkari gehienak ez baitziren gai euskaraz mintzatzeko; ikus Auñamendi Entziklopedia. Lapurdi, Edad Contemporanea.
  4. Heriotza-tasa handia zen oso deportatuen artean. Capbretongo alkate eta udal-ofizialak herriko ordezkariei aginduak eskatu zizkieten 1794ko martxoaren 14 edo II. urteko haizekorraren 24ko eskutitz batean (Jatorrizko testua P. Haristoy, "Les Paroisses du Pays Basque pendant la période révolutionnaire", Paue, Vignancour, 1895-1901, 256-257. orrialdetan argitaratua). Honela zioen:
    «

    1°) Combien de pain à donner à chaque homme (nous n'avons pas de pain, si ce n'est de la méture) ?
    2°) Pouvons-nous consentir à ce qu'ils s'achètent du vin ou autres provisions?
    3°) Nous t'observons que nous n'avons point de viande;
    4°) Pouvons-nous leur permettre d'avoir de la lumière, la nuit, dans un fanal?
    5°) Pouvons-nous permettre qu'ils aient leurs matelas ou paillasses? Nous leur avons fait porter de la paille pour coucher;
    6°) Pouvons-nous permettre qu'ils sortent deux à deux pour laver leur linge?
    7°) S'il y a des malades, sommes-nous autorisés à les faire sortir de la maison de réclusion pour les traduire dans d'autres pour les faire traiter?

    »

  5. Jatorrizko testua frantsesez: "Les ci-devant communes de Sare, Itxassou, Ascain, Biriatou et Serres, dont les habitants internés il y a huit mois par mesure de sûreté générale, n'ont pas été cultivées. Les habitants qui viennent d'obtenir la liberté de se retirer dans leurs foyers, demandent à grands cris des subsistances sans qu'on puisse leur procurer les moyens de satisfaire à ce premier besoin de l'homme, la faim."
  6. Jatorrizko testua, frantsesez: "Nés dans une contrée qui avait conservé une ombre de liberté au sein du despotisme (...) avec quelle ardeur n'avons-nous pas couru à l'heureuse révolution qui a rétabli le peuple français dans les plénitude de ses droits! (...). Nous avons seuls été chargés de construire les barraques qui sont entre Beaugard (Saint-Pé), Ascain et Sare (...). Nous avons employé plus de 3 000 journées pour les retranchements du camp des Sans-Culottes et autres ouvrages publics. Nous avons fourni une quantité immense de briques et de bois de chauffage (...). Toutes les réquisitions en grains, en fourrages, vêtements, contingents d'hommes ont été ponctuellement exécutées (...). Pour comble de tourments, plusieurs de nos jeunes filles ont été invitées par nos satellites à se procurer les moyens de subsister par les prostitutions; nous les avons vues rapporter à leur mère mourant de faim et de soif, des morceaux de pain de maïs; elles versaient des larmes dont nous ignorions la cause, mais leurs voyages répétés chaque jour nous ont enfin dévoilé cet affreux mystère et nous avons frémi de désespoir et d'horreur (...). Les biens, meubles et immeubles des habitants de Sare, n'ont été ni constatés ni légalement décrits ; tous nos meubles et effets mobiliers ont été enlevés et portés confusément dans les communes voisines. Au lieu de les déposer dans des lieux sûrs, on en a vendu une partie aux enchères, et une autre partie sans enchères."

Erreferentziak

aldatu
  1. a b Bolinaga, I. 2012, 32-33. or.
  2. Bolinaga, I. 2012, 61-66. or.
  3. Bolinaga, I. 2012, 62-66. or.
  4. Xamar. (2010). Euskara Jendea. Pamiela, 172-173 or. ISBN 978-84-7681-491-8..
  5. 1900-1962., Veyrin, Philippe,. (1975). Les Basques de Labourd, de Soule et de Basse Navarre : leur histoire et leurs traditions. Arthaud ISBN 2700300386. PMC 2492212. (Noiz kontsultatua: 2018-12-05).
  6. a b c Manex Goienetxe, "Histoire générale du Pays Basque" 4. Liburukia Elkarlanean, 2002, ISBN 2-913156-46-0

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu