Filipe I.a Gaztelakoa
Filipe I.a Habsburgokoa (Brujas, Flandria, 1478ko uztailaren 22 – Burgos, Gaztela, 1506ko irailaren 25), ezizenez Filipe Ederra, Maximiliano I.a Germaniako enperadorearen eta Maria Borgoinakoaren semea zen. Amarengandik Borgoinar Herbehereak jaso zituen eta, Errege-erregina Katolikoen alaba Joanarekin ezkontzean, Gaztela eta Leongo errege bilakatu zen[1]. Ezkontza Maximiliano I.ak eta Errege-erregina Katolikek hitzartua izan zen[2].
Filipe I.a Gaztelakoa | |||
---|---|---|---|
1504ko azaroaren 26a - 1506ko irailaren 25a | |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Brujas, 1478ko ekainaren 22a | ||
Herrialdea | Gaztelako Erresuma | ||
Heriotza | Burgos, 1506ko irailaren 25a (egutegi gregorianoa) (28 urte) | ||
Hobiratze lekua | Royal Chapel of Granada (en) | ||
Heriotza modua | : pneumonia | ||
Familia | |||
Aita | Maximiliano I.a Germaniako Erromatar Inperio Santukoa | ||
Ama | Maria Borgoinakoa | ||
Ezkontidea(k) | Joana Gaztelakoa (1496ko urriaren 20a, 1496ko abuztuaren 21a (egutegi gregorianoa) - 1506ko irailaren 25a) | ||
Seme-alabak | |||
Haurrideak | |||
Familia | |||
Leinua | Habsburgo | ||
Hezkuntza | |||
Hizkuntzak | gaztelania | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | agintaria | ||
Jasotako sariak | |||
Sinesmenak eta ideologia | |||
Erlijioa | erromatar katolikoa | ||
Gaur egungo Espainiaren lurraldeetan Habsburgoen etxea ezarri zuen. Filipe Ederra deitura Frantziako errege Luis XII.ak eman zion 1501ean. Izan ere, Filipe eta Joana koroatuak izateko asmoz Gaztelarantz zihoazela, Bloisen geratu ziren eta, bertan erregeak ongietorria eman zienean, zera esan omen zuen: Hona hemen printze eder bat.
Bizitza
aldatuBelgika eta Herbeheretan subirano famatu eta maitatuat izan zen, bere lurralde ezberdinen interesak jokatzen trebea. Historiara pasatu da Filipe Ederra izenarekin. Izan ere, Maximiliano I.a eta Borgoinako Mariaren semeak oso aurpegi polita omen zeukan. Bere zaletasun handiena abentura amoretsuak ziren, eta amorante ugari eduki zituen Borgoinako gortean. Bere aitak, politika kontuengatik, Joana I.aren eta bere semearen arteko ezkontza itundu zuen. Ezkontza Lillen ospatu zen, 1496ko abuztuaren 21ean.
Errege-erregina katolikoen infante zaharrenak hil zirenez (Joan (1497), Elisabet (1498) eta haren seme Miguel (1500)), Joana, Filiperen emazteak, jaso beharko zuen Gaztela eta Aragoiko oinordetza.
1504ko azaroaren 26an hil zen Elisabet I.a erregina eta Gaztelako ondorengotzaren arazoa sortu zen. Fernando, Joanaren aitak, Elisabeten azken nahiak betetzearren, Gaztelako erregina izendatu zuen, baina berak ere boterean parte hartzeko asmoz. Filipek, ordea, emaztearen oinordetzaren gaineko eskubideak zituela uste zuen eta Filipe eta Joanaren gobernua hitzartu zuen Salamankako itunean (1505). Senar-emazteak penintsulara iristean, egoera aldatu egin zen, Fernando Katolikoa Aragoira erretiratu eta Filipe Ederra Gaztelako errege izendatu baitzuten, Filipe I.a izena hartuz.
Bitartean, bere senarrak gorteko emakumeekin egiten zizkion desleialtasunak zirela eta, Joana erotuz joan zela suposatzen da. Izan ere, bere senarraz guztiz maiteminduta zegoen, baina ezin daiteke esan Filipek sentimendu bera zuenik. Nahiz eta Valladoliden elkartutako gorteek Joana erreginaren gobernatzeko gaitasun eza ez aitortu, praktikan, Filipek erabili zuen botere guztia, emaztea kontuan hartu gabe.
Filipe bat-batean hil zen Cordoneko etxean (Burgosen), eta pozoitu zutelako zurrumurrua hedatu zen. Garaiko kronikagileek diotenez, pilota partidu bat jokatu zuen Burgosen eta, bukatzean, izerditan oraindik, ur hotz ugari edan zuen. Horren ondorioz, sukar bortitzeko gaixotasunak harrapatu eta, egun batzuk geroago, hil zen. Gaur egungo ikertzaileek, ordea, izurriak hil zuela uste dute[2]. Dena dela, erregearen heriotzak Joana erreginaren balizko eromena larritu egin zuen.
Filiperen heriotzaren ostean, Fernandok, bere alabaren nahaste egoeraz baliaturik, Tordesillasko jauregian (Valladoliden) giltzapetu zuen, eta hil arte ez zen handik atera. Horrela, hasierako gogoari jarraituz, Gaztelako erreinuaren erregeorde bilakatu zen. Joanaren seme Karlosek oinordetza handia jaso zuen, bere lau aitona-amonen erresumak, inoiz izan den enperadore garrantzitsuenetako bat bihurtu zuena.
Ondorengotza
aldatuJoanarekin izan zuen ezkontzatik sei haur jaio ziren:
- Leonor (Lovaina, 1498ko azaroaren 24 – Talavera, 1558ko otsailaren 18). Austriako artxidukesa bilakatu zen eta Manuel I.a Portugalgoarekin ezkondu zen.
- Karlos (Gent, Flandria, 1500eko otsailaren 24 – Cuacos de Yuste (Caceres), 1558ko irailaren 21). Espainiako erregea (1516-1556) izan zen Karlos I.a izenpean eta Germaniako Erromatar Inperio Santuaren Enperadore (1519-1558) Karlos V.aren izenpean.
- Isabel (Brusela, 1501eko uztailaren 18 – Gent, 1516ko urtarrilaren 19an). Austriako artxidukesa. Danimarkako Kristian II.a erregearekin ezkondua.
- Fernando (Alcala de Henares, 1503ko martxoaren 10 – Viena, 1564eko uztailaren 27). Austriako artxiduke izan zen hau ere, eta horretaz gain, Bohemiako errege (1526-1564), Hungariako errege (1526-1538, 1540-1564) eta Germaniako Erromatar Inperio Santuaren Enperadore ere izan zen (1558-1564).
- Maria (Brusela, 1505eko irailaren 15-Cigales, 1558ko urriaren 18). Austriako artxidukesa. Hungaria, Bohemia eta Kroaziako erregearekin, Luis II.a Hungariakoarekin, ezkondua.
- Katalina (Torquemada, 1507ko urtarrilaren 4 – Lisboa, 1578ko urtarrilaren 12). Hau ere Austriako artxidukesa izan zen eta Joanes III.a Portugalgoa erregearekin ezkondu zen.
Zuhaitz genealogikoa
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ Philip I 2013. Encyclopædia Britannica Online. 2013ko urtarrilaren 18an begiratua
- ↑ a b Cristina GARCÍ SANCHEZ:Felipe I, Rey de Castilla (1478-1506) Mcnbiografias.com
Kanpo loturak
aldatuWikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Filipe I.a Gaztelakoa |
- (Frantsesez) Filipe I.a eta Joana Gaztelakoaren bidaia Bruselatik Toledora (1501-1502) Histoirepassion.eu