Inkisizioa Euskal Herrian

Inkisizioa Euskal Herrian 1478an hasi zen, Sixto IV.a aita santuak Espainiako Inkisizioa ezarri zuenean Gaztelako erresuman. Nafarroako Erresumaren amaieran ezarri zen, eta Ipar Euskal Herrian ere eragin nabarmena izan zuen, bereziki XVII. mendean. Inkisizioak ez zuen ohiko justizia sistemaren mugarik, eta horregatik erresuma batean baino gehiagotan aritzen zen, maiz foruak aintzat hartu gabe[1]. Euskal Herrian sona handikoak izan ziren 1525eko Nafarroako sorgin ehiza, 1609ko Lapurdiko sorgin ehiza edo hurrengo urtean gertatu zen Zugarramurdiko sorginkeria prozesua, baina XVI. mendean batez ere luteranismoa eta beste heresia batzuk zigortzeko ardura izan zuten, sorgin-ehiza baino gehiago[1].

Sorginen Museoa-Zugarramudi
Sorginen Museoa-Zugarramudi

Historia aldatu

1478. urtean ezarri zuen Sixto IV.a Aita Santuak Inkisizioa Gaztelako erresuman (Inkisizio Berria, Tribunal del Santo Oficio gaztelaniaz), Errege-erregina Katolikoek hala eskatuta, eta inkisidoreak zuzenean hautatzeko ahalmena jaso zuten erregeek. 1481. urtean salatu zuen Aragoiko Inkisizioak Tuteran horrelako instituziorik ez egona eta 1486an gutun bat bidali zieten Errege-erregina Katolikoek hiri hartako agintariei, bertan babesten ziren heretikoak beren esku uzteko aginduz. Ez zuen batere harrera onik izan gutun hark eta beren lurraldean Inkisizioko agintaririk ez zutela onartuko erantzun zuten tuterarrek. Tarazonako apezpikutzaren barrutian zegoen Tuterako hiria, baina bertara jotzen zuten Aragoiko heretikoek, Nafarroako erresuman inkisiorik ez zegoenez. Gaztelako eta Aragoiko erregea Nafarroako erresumaz jabetu ondoren sortu zen bertako lehen Inkisizio auzitegia (1513), baina, Nafarroako erresuma berreskuratzeko gerra zela medio, Calahorrako (1522) eta, ondoren, Logroñoko hirira eraman zuten auzitegia, Iruñean eta Tuteran egon ondoren. Izan ere, Calahorrako hirian izan zuen egoitza Hego Euskal Herriaz, zein Errioxaz eta Burgosko zati batzuetaz, arduratu zen Inkisizioko auzitegiak 1570 arte[1]. Koroaren zerbitzupeko instituzioa izan zen Inkisizioa, izatez erlijio erakundea bazen ere. Erlijio ortodoxia katolikoa erreformaren eta beste erlijioen erasoetatik begiratzea zuen helburu Inkisizioak, baina laster hasi zen errepresio-esparrua zabaltzen berez ez zegozkion beste eremu batzuetara, heterodoxiarako bide guztiak eragotzi nahian (sexu ohiturak, odol garbitasuna, “sorginkeria” eta antzinako sinesteak, jakintza eta ideologia mailako joera libreak,…). [2] 

Ipar Euskal Herrian ez zen Inkisizio auzitegi berezirik izan: Lapurdi eta Zuberoa Bordeleko Parlamentuko justizia gortearen manupean egon ziren eta Nafarroa Behereak eutsi zien bere justiziako erakundeei. XVI. mendean zehar erreformazaleen eta katolikoen arteko gerra zabaldu zen Nafarroa Behereko, Zuberoako eta, modu apalagoan, Lapurdiko lurretara eta liskar giro hura baretze bidean jarri zenean baizik ez zen abiarazi Ipar Euskal Herriko heterodoxiaren aurkako borroka, Bordeleko Parlementuko epaile zibilek zuzendua betiere.

Euskal Herrian izandako XVII. mendeko sorginkeriaren aurkako zapalkuntza gogorra ezaguna bada ere, batez ere Zugarramurdikoa, Inkisizioak beste egiteko ugari bete zuen: muga eta portuetako jende- eta liburu-trafikoaren kontrola, Durangoko heretikoen aurkako errepresioa, eta abar. Inkisizioak bere bideari eutsi zion XVII. mendean zehar Espainiako inperioko lurralde guztietan eta muga arazoez arduratu zen nagusiki Hego Euskal Herrian, erbesteko jendearen eta idatzien kontrola ziurtatzearren, eta izaera hori indartu zuen XVIII. mendean. Bertan behar utzi baina Elizako erakunde gisa geratu zen inkisizioak (Ofizio Santuko Kongregazioa, 1908-1965, bere Index librorum prohibitorum debekaturiko liburuen zerrendarekin batera) eragin handia izan zuenVatikano II kontzilio aurrean Euskal Herriko katolikoen artean.[2]

Erreferentziak aldatu

  1. a b c Reguera, Iñaki. ([1984?]). La Inquisición española en el País Vasco : (el Tribunal de Calahorra, 1513-1570). Txertoa ISBN 84-7148-164-2. PMC 15196634. (Noiz kontsultatua: 2022-08-04).
  2. a b «Inkisizio» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2022-01-07).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu