Béla Bartók
Béla Bartók, (Nagyszentmiklós, Banat, 1881eko martxoaren 25a – New York, 1945ko irailaren 26a) hungariar musikagilea izan zen.
Bizitza
aldatuMusika Bratislavan lehenbizi eta gero Budapesten ikasi ondoren, azken hiri horretan piano-irakasle izan zen 1907tik aurrera. Zoltán Kodály lagunak bultzaturik, Hungariako kantu herrikoiak eta folklorea, errumaniarra eta eslaviarra bereziki, ikasteari ekin zion. Kodályrekin batean, ikasbidaiak egin zituen Erdialdeko Europako eskualde anitzetan eta, geroago, Afrikan. Modu horretara, herri-musika biltzen zuten hogeita hamar mila disko grabatu zituzten. Bere lehen lanekin batera, folkloreko kanten transkripzioak egin zituen.
Piano-jotzaile gisa bidaia anitz egin zuen bere sorterritik kanpora. 1934an irakasle-postua utzirik, aurrerantzean Budapesteko Etnografia Museoan musika sailaren arduraduna izan zen. Nazismoaren aurkakoa baitzen, 1940an Estatu Batuetara aldatu zen.
Lanak
aldatuBartoken lanak hainbat eragin jaso zituen. Hasieran, Liszten erromantizismoak ukitu zuen (Symphonie Kossuth, 1903); gero, Debussyren inpresionismora hurbildu zen (Imajinak, 1911). Ondoko ikerketa aldian, Stravinskiren espresionismoaren ondoan, Berg eta Schönbergen kromatismoa azaldu zuen. Nolanahi ere, folklorearen eragina nabarmena da beti haren lanean. Bartoken artea, beraz, sintesi- eta asimilazio-ahaleginen adierazlea da. Bai melodia- eta erritmo-sortzaile, bai orkestratzaile gisa, musikagile sendo eta nortasun handikoa da. Bartoken musika, aldi berean, musika landua eta herri-musika da, lirismo oparo eta kontrapuntu sarkorrekoa, politonalitate gero eta konplexuagokoa.
Ahotserako lanen artean nabarmentzekoak dira Hungariar herri kantak (1911), Bizar Urdin-en gaztelua (1911) eta Mandarin miragarria (1919); pianorako lanak Allegro barbaro (1911), Sonatina (1915), Hiru Kontzertu (1926, 1931, 1945), Bi piano eta perkusiorako sonata (1937); harirako idatzitakoen artekoak dira: Biolin eta pianorako bi sonata (1921, 1922), Biolin eta orkestrarako kontzertua (1938), Harirako sei kuarteto (1906, 1940) eta Hari, perkusio eta zelestarako musika (1936), haren lanik ezagunena. Bestalde, Bartoken lan jarraitu etengabearen neurria ematen du bere semeari piano-ikasketetan laguntzearren egin zuen Mikrokosmos (1926-1937) suitea, 156 piezak osatua.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/30 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Béla Bartók |