Andima Ibinagabeitia
Andima Ibinagabeitia Idoiaga (Elantxobe, Bizkaia, 1906ko urtarrilaren 26a - Caracas, Venezuela, 1967ko azaroaren 2a) euskal idazlea eta itzultzailea izan zen. Bere artikuluak sinatzeko Elentxun, Norbait, Ibiñaga eta Idoyaga ezizenak erabili zituen, besteak beste. 1961ean euskaltzain oso egin zuten.
Andima Ibinagabeitia | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Andima Ibiñagabeitia Idoiaga |
Jaiotza | Elantxobe, 1906ko urtarrilaren 26a |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Caracas, 1967ko azaroaren 2a (61 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | saiakeragilea, itzultzailea eta idazlea |
Mugimendua | Euskal Pizkundea |
Jokin Zaitegirekin elkarlanean Euzko Gogoa literatura aldizkaria sortu zuen Guatemalan. 1967an Caracasen Eman aldizkari elebidunaren sortzaile eta zuzendari izan zen eta hiri beretik egiten zen Irrintzi agerkaria zuzendu zuen denbora batez. Besteak beste, Euzko-Deya, Gernika, Olerti, Alderdi, Egan, Irrintzi aldizkarietan kolaboratu zuen. Lizardik poetikoki adierazitako asmoarekin guztiz erara, hots, euskara larrekoa noranahikoa egin nahi bizian, klasiko latindarren itzulpengintzari lotu zitzaion, Zaitegi klasiko grekoei bezala. Horretaz gain, kazetaritzako artikuluetan euskal literaturaren historia eta literatura-kritika landu zituen batez ere, eta aldizkarietan hainbat testu literario ere argitaratu zituen han eta hemen.
Bizitza
aldatuAita, Galo Ibinagabeitia, Elantxobeko eskolako irakaslea, kartzelan egon zen Ramon Goikoetxearen Ami Vasco liburua banatzeagatik.
Tuterako jesuiten ikastetxean batxillerra egiten ari zela Orixe eduki zuen irakasle 1918 eta 1919 artean. Andimak apaiz sartzea erabaki eta 1921ean Loiolako jesuiten ikastetxera joan zen Humanitate eta Historia ikasketak egitera. 1923an egin zituen apaiz izateko boto txikiak. Loiolan irakurri zuen Ami vasco, urte batzuk lehenago aita kartzelara eraman zuen liburua, eta Loiolan ere piztu zitzaion euskararekiko maitasuna. Jokin Zaitegi bezalako lagunekin batera talde euskaltzale txikia osatu zuen. Ikastetxean euskal literaturaren gaineko eskola apurrak jaso zituen, Aita Jose Maria Estefania irakasleak emanik. 1923koa da ezagutzen zaion lehen euskarazko lana, Lore ederrenak izeneko poema.
Filosofia, Matematika eta Metafisika ikasketak Oñan (Burgos) egin zituen, eta Teologia eta Zuzenbide Kanonikokoak Belgikan. 1935-1936 ikasturtean, lehen meza emateko denbora gutxi falta zitzaiola, Jesusen Konpainia uztea erabaki zuen, instituzio zurrun haren barnean obedientzia botoa betetzea ezinezkoa egiten zitzaiola-eta, bereziki euskararen inguruko gaietan.
Belgikatik itzuli eta Galdakaoko lehergai enpresa batean hasi zen bulegari-lanetan. Enpresa berarentzat lanean aritu zen gerraondora arte, gerra garaian Portugalen eta gerraostean Madrilen tarte labur batez biziz. 1943an, Jose Antonio Agirrek zerbitzu sekretuetan aritzeko gonbita egin zion, espioi lana egiteko Francoren aurka, eta onartu zuen. Madrilen horretan aritu zen, eta lanagatik nahiko ondo ezagutzen zuen Portugalen ere bai, Borboiko Don Juan eta haren bozeramaileekin harremanak izan baitzituen. Diotenez, espioi ona izan zen.
1947ko martxoan Deustuan bizi zen etxera joan zitzaion polizia espainiarra, eta ihes egitea lortu zuen. Beraz, Francoren aurka klandestinitatean aritzeagatik erbesteratu behar izan zuen, eta horregatik daude bere hezurrak Ameriketan ehortziak, eta ez Elantxoben, berak nahi zuen bezala, euskal lurrean.
1947an Parisa erbesteratu zen, Iparraldetik, eta han hasi zen gogotsu idazten, aldizkari eta irratsaioetarako. Parisen ezagutu zituen Txomin Peillen eta Jon Mirande, bizitza guztirako adiskide min eta lankide izanen zituenak, eta haien euskara irakasle izan zen; Mirande eta Peillen idaztera ere bultzatu zituen. Ibinagabeitiari pasatzen zizkioten artikuluak eta hark goraipamenak egiten zizkien, beti adoreturik. Gernika aldizkarian (1945-53) idatzi zuen, besteak beste.[1]
Jokin Zaitegik 1950ean sortutako Euzko-Gogoa aldizkarian hasi zen kolaboratzen Ibinagabeitia, Parisetik, eta aldizkari horrentzat harpidetzak lortzen ere jardun zuen. 1954an, Zaitegik Ibinagabeitiari deitu zion lagun ziezaion, bakarrik ezin zuelako. Ibinagabeitia Guatemalan bi urtez arduratu zen aldizkariaz (1954-1956).
1956an Caracasen hartu zuen bizilekua, hango Euskal Etxean euskara irakasle lana hartzeko. Guatemala eta Venezuelatik Jon Miranderi idatzitako gutunetan, erbesteratu abertzaleen artean euskararekiko ardura urria dagoela salatzen du Ibinagabeitiak. Gutun horietan nabari zaionez, bakarrik eta gutxi babestua sentititzen zen euskal erbesteratuen giroan.
Caracasen hil zen, 1967ko azaroaren 2an.
Idazlan erakusgarri batzuk
aldatuHurrengo testua Caracasen ateratzen zen Irrintzi aldizkarian argitaratu zen, “Odol gabeko matxinada” izenburupean, 1958an. Bertan euskararen aldeko matxinada proposatzen du:
Euskadi, aspalditik ari zaigu zainak ebakita odolusten, euskara gabetzen. Zainok elkar-itsatsi behar dizkiogu aberri maiteari hil ez dakigun. Nola ordea? Euskarari soin eta gogo, gure indar guztiekin eutsiaz. Horra hor odolik jario gabe egin dezakegun eta egin behar dugun matxinada.
Matxinada horretarako egitarau (programa) txiki bat aurkeztera ausartzen gara, hutsuneak zuek beteko dituzuelako uste osoarekin. Denon laguntasuna behar du euskarak dagoen egoera negargarritik ateratzeko, eta ez dut uste ukatuko diozuenik
OINARRIAK:
I.— Eralguntza honetan parte hartu behar dute Euskadin eta mundu guztian zabalduta dauden euskaldunak oro, gizaseme eta emakume, txiki eta handi, aberats eta txiro, arrantzale eta nekazari, langile eta ugazaba, jakitun eta ezjakin, agintari eta mendeko, herri-gizon eta eliz-gizon, idazle, hizlari, olerkari, bertsolari eta mota guztietako mintzalariak oro. Hitz batean, euskara dakiten guztiek eta ikasi nahi luketenek ere bai, ar eta eme, zahar eta gazte denak nahaste.
II.— Euskara beti eta nonahi erabiltzera behartuko dira, lotsa-konplexua gure artetik zeharo baztertuz:
a) GURASOAK, horiexek baititugu euskararen euslerik nagusienak, euskara erabiliko dute beti euren artean eta senitartean hizkera bakartzat.
b) HERRI-AGINTARIAK saia daitezela euskara bakarrik erabiltzen udaletxetako batzar, eztabaida eta agiri guztietan. Euskara sar dezatela, nahiz eta bortxaz, euren mendeko eskola guztietan, eta euskararik ez dakienik ez dezatela hartu otsein, langile eta ogipekoen artean.
d) ELIZ-GIZONEK euskara erabil dezatela euren artean komentuetan eta elizetan, batez ere herriari Jainkoaren hitza banatzeko orduan, nahiz izan apaiz, lekaide edo lekaime. Har dezatela euskara, behin betiko, euren mendeko ikastetxe eta eskola guztietan kultur-tresna nagusitzat erabiltzeko, baita argitaratzen dituzten aldizkarietan, erdara zeharo baztertzeko.
f) MAISU ETA IRAKASLEEK erabil dezatela ahalik neurririk handienean aberri-hizkera euren mendeko ikastola eta ikastetxe guztietan.
g) EPAILE, LEGE-GIZON, EPAI-MAISU, epaitegi, tribunal eta bestelako toki guztietan erabil dezatela euskara agiri eta hizketaldietan. Eta Auzitegira deitua izango litzatekeen euskaldunak ez dezala erantzun euskaraz baizik.
i) LANGILE ETA UGAZABAK, lantegietan, euskara dezatela hartu-eman guztietan hizkera bakar.
j) SALEROSTE, DENDA eta bestelako garatzetan, euskara bedi hizkera nagusi.
k) Orobat ITSAS-GIZON, ARRANTZALE eta NEKAZARIEN artean.
l) IZPARKARI, EGUNEROKO, IRRATONTZI, ZINEMA eta era guztietako zabalkundean, euskara erabil dezatela arduradun guztiek.
m) EUSKO ALDERDI, ERALGUNTZA eta aberri-hotsezko higikunde guztietan euskara bedi hizkera bakar.
III.— Euskal matxinada honetako bazkide guztiak, zinez behartuko dira, Euskaditik, era eta modu guztietara, analfabetoen kasta lotsagarria zeharo erauzi eta kentzeko. Horretarako beren ahalmen guztiekin saiatuko dira euskaldun guztiei euskaraz irakurri eta idazten irakasten, askatasunaren zain egon gabe. Euskal matxinadaren etsaiak
Eralguntza honek etsaitzat joko ditu, erdara erabiliz euskarari bizibidea ukatzen dioten guztiak:
- Abertzaletasunaren larrupean estalita, erdaraz ari diren idazle, hizkari eta aldizkariak oro, geuretik hasita.
- Euskara ukatzen duten Auzitegi eta Tribunalak.
- Euskara ezesten duten izparringi, aldizkari eta abar.
- Euskara ostikopean darabilten herri-agintari eta udaletxeak.
- Euskararen aurka ari diren eliz-gizonak: Obispo, apaiz, lekaide, lekaime eta abar.
- Guraso zabarrak, eta emazteki erdaltzaleak.
- Euskara laidotu eta irainduko lukeen edonor.
Aipatu etsaiak oro, gure indar guztiekin lotsatu eta isiltzen ahaleginduko gara, agerian eta estalian, erruki gabe, beldur gabe, baina gezurrik gabe.
Horra hor, odol gabeko matxinada, hala ere kementsuen matxinada, sendoena, gudari azkarrena, herri osoarena, ez txepelen matxinada, ezta euskotar salduena ere.
EUSKARA, heldu da zure garaia. Euskaldunak, jar ditzagun gure aizkorak sorbatza gora begira, gure hizkuntza ito nahi digun erauntsi izugarriari aurpegi emateko!
Hona hemen beste testu bat, garai berekoa eta aldizkari berean, arnas literario gehiagokoa, “Astoaren gorazarre” deritzana:
Arrantzaka ari omen gara. Hala diote behintzat, biribil-erdi honetan, agertzen den izparkaritxo batean. Eta arrantzalari gogortzat jo gaituzte astoaren izena guri ezartzeko zakartxo edo, aurkitu dutelako. Eta jakina, arrantzaka ari garenez gero asto izan behar derrigorrean, arrantzak astoa, keak sua bezala salatzen duelako, ez baitago lurbira guztian halako kantu ederrik ematen duen beste abererik.
Beharbada, ez dute gure adiskide on haiek astoa ondo ezagutzen, bestela, ziur-ziur nago, beste edozein abere arruntago batekin berdinduko gintuztena, ur-zaldi edo hipopotamoarekin, esate baterako.
Astoa lur gaineko abererik apal eta langileena izan ordea. Astoa pataririk burutsuena; astoa lau-hankadun setatiena; astoa gizonaren laguntzailerik kirmenena; hitz batean esan, astoa Jaunak mendez-mende gizaseme langileari eman dion ondasunik bikainena. Non zitezkeen gure errotari eta nekazariak astorik izan ez balute? Eta non arrantzaleak? Haiek ere astodunak behar izaten zituzten herri barruetan arraina saltzeko.
Hala ere zeinen zitalki erabili izan duen gizonak abere goragarri hori. Egiten dion laguntasunaren alderako, makila eskaintzen dio; lanaren alderako gosea, eta hori guztia gutxi bailitzan, era eta modu guztietara astotxoaren izen ona galtzera ekin dio. Halakoxeak gara, izan ere, gizonak; esker txarrekoak.
Izan dira, horregatik, edestira pasatu diren asto ospetsuak. Bat, antzina xamar, Balaam igarlearen asto hiztuna. Galdua igarlea, astotxo hori izan ez balitz. Beste asto bat, izen handikoa hau ere, Josu haur jaioberria arnas lurrintsuz berotu ondoren Herodes errege gaiztoaren eskuartetik askatu zuena. Beti astoa on egiten.
Asto jakitunak ere izan dira. Nork ez du Apuleius'en «urrezko astoa» ezagutzen? Baina asto bihurtutako gizon bat zen hau, benetakoa baino eskaxagoa beharrik ere. Eta olerkariek ospatu dituztenak? Oraindik bizi dela esan daiteke Platero, Jimenez'en astoa, bere bidean utzi zigun argi-litsa ez baita behingoan itzaliko. Eta Junqueiro'k olerki zoragarri batean goraipatu zuena? «A moleirinha branca, branca de luar», ilargi txuriz txuri zegoen bolu-atsotxuaren asto zoragarria. Bataiatzea ere merezi zukeela dio olerkariak, asto hark. Horra iraizean bildutako astotxo argiak.
Ez uste izan gero, arrantza ere noiznahi eta noragabe egiten duenik. Ez horixe. Oihu ozen eder haiek, zergatikorik gabe ez ditu jaulkitzen. Sua dela, lapurrak direla, arriskuren bat, nahigaberen bat, gosea, egarria... Eta zergatik ez? Zelaietako isiltasuna urratzeko ere bai, heriotzaren antzekoa den isiltasun samina, Euskadiren askatasunaren inguruan hogei urtez gero euskotarrok egin izan dugun isiltasun hilgarriaren antzekoa.
Gizon askotxok ezer ere ez lukete galduko abere on hauen antzera jardungo balute.
Balaam'ena bezala, hizketan zuhur eta eginetan setati balira, Euskadiri bere izatasunean eusteko.
Junqueiro'rena bezala, apal eta xalo, gure euskarari, bolu-atsotxo zoragarri honi, laguntzeko.
Jimenez'ena bezalakoak, ameslari, alai eta arrai ASKATASUN BIDETIK ibiltzeko.
Belengoa bezala, Euskadi etsaien mendetik askatzeko.
Behar orduan arrantza egiten dakitenak, batez ere Aberria amilbera lerratzen, eta galzorian dagoenean, beste asto lokartuak esnatzeko.
Guk ere halakoxeak izan nahi genuke, eta esker onerako ez dugu nahi ez sekula-bedarrik, ez entxuferik, ez artalerik, ezta zaldalerik ere. Inoiz ez gara bizi izan askatik jaten, eta orain arte bezala jarraituko dugu aurrerantzean ere: jarei, askatasun-belardi oparoetan kantari.
Artale-zaldale-sekula-belarrak, beude beste batzuentzat, ABERRIA sabelaren neurriz neurtzen dutenentzat.
Horra esan, astoaren gorapenak.
Lanak
aldatuGutunak
aldatu- Erbestetik barne-minez - Gutunak 1935-1967 (2000, Susa): Patri Urkizuren edizioa
Itzulpenak
aldatu- Abere indarra (1951-53) Jacinto Benaventeren La fuerza bruta.
- Unai kantak eta Alor Kantak (1966). Virgilioren Bucolicon Liber eta Georgicon Libri. 1966an Bilbon Bergiliren idazlan osorik izeneko liburukian argitaratu zen. Santi Onaindiak Eneida euskaratu zuen, eta Ibiñagabeitiak beste bi lanak.
- Maita-Bidea (1966). Ovidioren Ars Amandi. Bizi zela argitara eman gabea, garai hartako mundu euskaltzalean zebilen pentsaera moralistagatik. Lazkaoko Beneditarren liburutegian egon da gordea, Ibiñagabeitiaren beste lan argitaragabeekin batera. Aintzane Arrietak prestatutiko edizioa argitaratu zen 1994an.
Saiakera
aldatu- Euskal elertiaren edestia. Argitaragabea. Parisko egonaldian idatzia.
Euskara ikasteko eskuliburuak
aldatu- Euskera irudi bidez, Nuevo método de euskera básico, 1953. Parisen zegoela landua. Norbait ezizenarekin sinatua.
- Aprenda vasco en 60 horas, 1961.
Bibliografia
aldatu- Sudupe, Pako: Andima Ibinagabeitia (1906-1967). - Egan, 2017-3/4, 7-75.
- Sudupe, Pako: Andimaren idazlan hautatuak, Elkar, 1999
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- Andima Ibinagabeitia literaturaren zubitegian
- Ortiz de Pinedo, A. (2009). Humanismoaren ideia Gerra Zibilaren ostean. Eusko Ikaskuntzaren beka batek sustaturiko lana
- Gernika aldizkariko euskal literatura: ppta
- Ortiz de Pinedo, A. (2009). Euskal literatura Gernika aldizkari liberalean (1945-53) Zornotza. Erroteta. Liburuaren azala.
- Ortiz de Pinedo, A. (2009). Euskal literatura Gernika aldizkari liberalean 1945-1953. Zornotza. Erroteta.[Betiko hautsitako esteka]
- Ortiz de Pinedo, A. (2010). Gernika aldizkaria eta euskal literatura I: aldizkaria. Euskonews.
- Ortiz de Pinedo, A. (2010). Gernika aldizkaria eta euskal literatura II: literatura. Euskonews.
- ↑ Elustondo, Miel A.. (2023-07-09). «Miranderen poemak, Ibiñagabeitiaren lanak» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-07-09).