Anbara Salam Khalidi

Idazle eta itzultzaile libanoarra

Anbara Salam Khalidi (Beirut, Libano,1897ko abuztuaren 4a- Beirut, 1986ko maiatza) idazle eta itzultzaile feminista libanoarra izan zen, jendaurrean beloa kendu zuen lehen emakume arabiarra izateagatik eta emakume arabiarren emantzipazio-prozesuan ekarpen handia egiteagatik ezaguna.

Anbara Salam Khalidi

Bizitza
JaiotzaBeirut1897ko abuztuaren 4a
Herrialdea Libano
HeriotzaBeirut, 1986 (88/89 urte)
Familia
AitaSalim Ali Salam
Seme-alabak
Anai-arrebak
Familia
Hezkuntza
HeziketaBeiruteko Amerikar Unibertsitatea
Hizkuntzakarabiera
frantsesa
ingelesa
Jarduerak
Jarduerakitzultzailea, poeta, idazlea eta emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioasunismoa

Biografia aldatu

Haur eta lehen hezkuntza aldatu

Anbara Salam Jalidi (arabieraz عنبرة سلام الخالدي) 1897an jaio zen Beiruteko familia sunita ospetsu batean. Bere aita, Salim Ali Salam (1868-1938), Otomandar Parlamentuko diputatua eta Beiruteko Merkataritza Auzitegiko kidea izan zen. Bere ama, Kulzum al-Barbir, Beiruteko aintzinako legelari familia batekoa zen. Anbara hamabi anai-arrebetatik laugarrena izan zen, horietako bi, Saeb Salam eta Muhammad Salam, Libanoko Gobernuko ministro izan zirelarik.[1]

Anbarak Musaitbehen eman zuen haurtzaroa, Beiruteko auzo zahar batean. Han, "Ongintzaren fruituak" (Thamarat al-Ihsan) izeneko karitatezko elkarte batek zuzendutako ikastetxe batera joan zen, Beiruteko musulman ospetsuek sortua, nazioaren aurrerabidea emakumearen hezkuntzarekin hasten zela uste zutenak. Gaztetatik nabarmendu zen bere ikaskideen artean. XIX. mendearen amaieran, Muhammad Jamil Beyhum Itani Beiruteko nobleak urteroko sari bat sortu zuen, urrezko erloju bat bere promozioko lehenak ziren ikasleentzat, eta Anbarak irabazi zuen.

Hamar urterekin (1907) amaituta zuen Koranaren (ختم القرآن) irakurketa eta errezitazioa (jatm). Gertaera hori graduazio-zeremonia batean ospatzen zen, eta bertan ziren neskato, ama eta irakasle guztiak. Adin horrekin ere hasi zen kale jazarpena jasaten, bai gizonek bai emakumeek kaletik aurpegiratzen baitzioten beloa jarrita ez eramatea. Bere memorietan kontatzen duenez, behin baino gehiagotan eskatu zion amari belo bat prestatzeko jende horri aurre egin beharrik ez izateko:

Horrela sartu nintzen burdinazko kaiola honetan 10 urte nituela, nire xalarekin estropezu eginez, ama-amonentzat horrek zuen pozaren kontura.[2]

Gertaera honek, ondoren, beloari buruz izango zuen jarrera baldintzatu zuen, emakumearen isolamenduaren eta gizartearen girgiluen tiraniaren irudikapentzat hartu baitzuen.

Nerabezaroa eta bigarren hezkuntza aldatu

1908-1910 bitartean, Anbarak St. Joseph School ikastetxean ikasi zuen, Beiruteko familia musulman eta kristau garrantzitsuenetako neskatoak zihoazen atzerriko ikastetxerik hoberenean. 1910ean Maqasid Society ikastetxera aldatu zen, non bere aita presidente zen. Eskola honetan hiru urte eman zituen Lehen Mundu Gerra hasi zen arte. Bere irakasleak, Julia Tu'ma Dimishqiyyyak,[3] bizitza osorako markatu zuen. Berari esker, iraganeko emakumeen bizitza ikasi ahal izan zuen eta George Nicholas Baz ezagutu zuen, Beiruteko emakumeentzako Al-Hasna lehen hilabetekariaren zuzendaria, non, aurrerago, Anbarak parte hartuko zuen. Julia bere garaiko hizlaririk onenetakotzat jotzen zuten. Hizlari bezala gonbidatu zuten Beiruteko Unibertsitate amerikarreko Sunday School Clubeko hitzaldi batean, Anbarak bertara joan nahi izan zuelarik, baina bertara sartzea debekatuta zuen, klub misto bat baitzen eta adingabea baitzen (13 urte). Hala ere, aitak baimena eman zion, eta irakasleak eserleku bat gorde zuen harentzat, inork ikusiko ez zuena. Dena den, bi kazetarik Anbara eta Juliaren zalgurdia geldiarazi zuten eta "hona Abu Ali Salamen alaba klub misto batean sartzeko zain!" oihukatzen hasi ziren, eta ikusi gabe ezin izan zutenez sartu, buelta eman behar izan zuen. Hurrengo egunean, Ababil egunkariak artikulu bat atera zuen azalean: "Neska musulmanak orain gaueko klubetara doaz!", Anbara asko mindu zuena, bere autobiografian adierazten duen bezala:

Horrek indartu egingo zuen bizimodu liberala bilatzeko eta pentsamolde horren aurka borrokatzeko dudan erabaki sakona; izan ere, pentsamolde horrek aukera ematen zion nire gizarteari emakumeak epaitzeko eta gure gainean giltzapetzea bizitzeko modu gisa ezartzeko.[2]

Argitalpen honek, egunkariak espero zituenen aurkako ondorioak eragin zituen, Beiruten emakumeen eskubideen aldeko sentimendu iraultzaile bati metxa jarri baitzion. Hain zuzen ere, Sunday School Clubean, 15 urte geroago (1928), Anbarak beloa kendu zuen jendaurrean, bertan bi urte eman ondoren Ingalaterrari buruz zituen iritziez hitz egiteko.

Pariseko Kongresurako gutuna aldatu

Hamabost urte zituela, emakume egiptoar baten gutun bat jaso zuen, emakumearen askapen mugimenduarekin bat egiteko erregutzen ziona. Une horretatik aurrera, kausarekin bat egiteko ardura zuela sentitu zuen. Bere bilakaera markatu zuen beste gertaera bat Gizarte Erreformako Klubaren itxiera izan zen, 1913ko apirilak 9an, Beiruten 1914ko apirila arte greba orokor bat eragin zuena. Testuinguru horretan egin zen Parisko Konferentzia. Bertan, buruzagi arabiar garrantzitsuak izan ziren, eta Anbarak, Shafiqa Ghurayyibekin eta Wadad Mahmasanirekin batera, mugimendu nazionalista arabiarren ekimenak txalotzen zituen idatzi baten bidez parte hartu ahal izan zuten.[4]

Idatzi honen eta Parisko Konferentzian jarraitu zuten ekitaldien ondorioz, Anbarak artikulu bat idatzi zuen al-Mufid egunkarirako, Fatat Bayrut ezizenarekin sinatua (Beiruteko neska bat), eta azalean agertu zena 16 urte bete baino egun batzuk lehenago. Hau izango zen bere argitalpen feministen hasiera, non, emakume orori, altxatzeko eta bere aberria zerbitzatu ahal izateko hezia izateko eskatzen zion.

Arabiar Emakume Gazteen Esnakuntza Elkartea aldatu

Gerra Handia hasi aurreko egunetan, Anbarak "Abd al-Qadir al-Jaza 'IRI emirraren bilobak" deitzen zioten bost emakumeren gutun bat jaso zuen, non beraiekin biltzera gonbidatzen zuten, emakumeen elkarte bat sortzearen beharraz hitz egiteko. Bilera horretan, Ibtihaj Qaddura, Amina Hamzawi eta Adila Bayhum aukeratu zituzten ordezkari gisa, eta, zenbait bilera egin ondoren, "Arabiar Emakume Gazteen Esnakuntza" deitzea erabaki zuten. Pixkanaka, beste emakume batzuk elkartera batu ziren. Anbara posta idazkari hautatu zuten, eta herrialde arabiarretako pertsona garrantzitsu guztiei gutunak bidaltzeaz arduratu zen, elkartearen eta laguntza ekonomiko eta moralaren beharraren berri emateko. Neskatoen ikastetxeak bisitatu zituzten, beharrizana zutenei materialak eta jantziak emateko. Hala ere, Lehen Mundu Gerraren eztandak bere jarduerak etetea ekarri zuen eta taldea desegin egin zen bakoitza herrialde batera emigratzean.

Lehen Mundu Gerra aldatu

Maitasunezko lehen arazoak aldatu

Anbara Abd al-Ghani al-Uraysirekin ezkontzekoa zen, arabiar gazte bat, belaunaldi berriko ikonoa eta al-Mufid egunkariaren jabea. Hala ere, bi familiak akordio batera iritsi baino lehen piztu zen gerra, Anbara Buqqayn herrira joan zen, Zabadanitik gertu, eta al-Uraysi Damaskora, non bere egunkariaren egoitza aldatu zuen. Beste behin ere elkar ikusteko aukera izan zuten, Anbararen aita han babesten zen osaba bat bisitatzera joan zenean. Bilera horretan, Al-Uraysik Anbarari azaldu zion bere lagunak eta bera Kausa Arabiarraren aldeko borrokan batuko zirela eta ezin ziola esan nora joango zen, baina ahal bezain laster izango zuela haren berri. Azkenik, bera eta bi lagun Amango tren batean atxilotu zituzten eta Aleyko Auzitegi militarrera eraman zituzten.

Testuinguru honetan, Cemal Pacha Siria eta Libanoko laugarren Otomandar armadara iritsi zen.[5] Frantziarekin hurbileko harremanak izan eta Frantziako kontsuletxeko artxiboetan agertzen ziren guztiak jazarri eta espetxeratu zituen. Anbararen aita bertan agertzen zen, eta, horregatik, Buqqayneko familiaren etxean atxilotu zuten Turkiako indarrek, Pacharen izenean, eta Aley hirira eraman zuten, non, handik denbora batera, epaitua izango zen. Garai horretan, Anbararen familia Musaitbeheko etxera itzuli zen, eta aita eta biak arriskuan jar zitzakeen dokumentazio guztia erretzea erabaki zuten. Azkenik, bere aita, Beiruteko gobernaria zen Azmi Beyren esku-hartzeari esker askatua izan zen, Cemal, bere aita urkamendira eramateak izango zituen zoritxarreko ondorioez konbentzitu ondoren. Zorte txarragoa izan zuen Anbararen senargaia izan zen Abd al-Ghanik, 1916ko maiatzaren 6an urkatua izan baitzen.

1917an, Cemal Pacchak bilera bat antolatu zuen Beiruteko 'Umar al-Da'Uq-en etxean, eta hiriko emakume guztiak gonbidatu zituen bertara, lan egin zezaten tailer esklusiboak sortzeko borondatea helarazteko asmoz. Anbararen osabak festarako hitzaldi bat prestatzeko eskatu zion. Bileran, eta bere hitzaldia aurkeztu ondoren, Pachak berarekin pribatuan hitz egitea eskatu zuen. Bilera honetan, interprete baten laguntzarekin, turkieraz Halide Edibi arabiera irakastea nahi zuela azaldu zion, eta honek, trukean, turkiera irakastea.

Neska Musulmanen Kluba aldatu

Urte berean Beiruteko gobernadoreak elkarte bat sortzea erabaki zuen, "Neska musulmanen kluba", beraiek jarduera erlijioso eta ludikoak antola zitzaten. Anbara, bere borondatearen aurka, presidente hautatu zuten. Klubaren inaugurazio zeremonia 1917ko uztailak 23an izan zen, eta, ordutik, garaiko pertsonaia garrantzitsuak jaso zituzten, ofizial turkiarretatik hasi eta, gerra amaitu ondoren, lehen gobernari militar britainiarra izan zen arte, eta baita ere Frantziako gobernari militarra, Faysal I.a erregea eta Rida Pachá al-Rikabi komandante arabiarra.

1920an, Ahmad Mujtar Bayhum (1878-1920), Libanoko mugimendu feministaren liderra eta "neska musulmanen klubeko" laguntzaile garrantzitsuena, hil egin zen. Honek, hiru urtez bizirautea lortu zuen klubaren itxiera ekarri zuen. Bere heriotza kolpe handia izan zen kausa feministarentzat, eta shock bat Beiruteko eta estimu handia zioten beste herrialde arabiar batzuetako herritarrentzat. Anbara hiletara gonbidatu zuten arabiar gazteen izenean hitzaldi bat eman zezan, baina hau ez zitzaien gustatu bertaratutakoei, eta batek oihu egin zion:

Hau lotsa! Nola onar dezake aitak bere alabak hitzaldi bat ematea gizonez betetako bilera baten aurrean? Jainkoagatik zin dagizut, oraintxe bertan pistola bat bere kontra jarri eta mapatik ezabatuko nuke.

Lehen Mundu Gerraren ondoren aldatu

1920an, Anbara Egiptora joan zen bere izeba eta lehengusina Yhuayyarekin. Bi hilabete eman zituen Kairoren, Alexandriaren eta Zaqaziqen artean. Kairon, Kairoko Unibertsitatearen ospakizun zeremonia ikusi zuen, Qasim Aminen omenez (1863-1908), miresten zuena, Arabiar Munduan emakumeen emantzipazioaren bultzatzaileetako bat izan baitzen. Zeremonia honetan Huda Sha'rawi (1879-1947) eta beste emakume garrantzitsu batzuk ikusi ahal izan zituen. Anbarak al-Muqattam egunkarirako artikulu bat idatzi zuen, hurrengo egunean Qasim Aminen omenez argitaratu zena, non Ahmad Mujtar Bayhumekin alderatzen zuen.

1922ko udaberrian, militar batzuk Anbararen etxean sartu ziren, familiaren dokumentazioa eta haren ohar pertsonalak konfiskatu zituzten eta bere aita eraman zuten. Hau Ras Beiruteko espetxean sartu zuten oposiziogilea izateagatik, eta Duma hirira erbesteratzera behartu zuten. Bere erbestealdiak iraun zuen hilabeteetan, Anbarak artikulu bat idatzi zuen "nire aitaren erbesteratze-lekua" izenburupean, eta bertan Dumako baserritarren abegia eskertzen zuen.

1925eko lehen erdian, Salma Sayigh, Anbarako lagun eta irakasle ohia, berarekin harremanetan jarri zen sortze prozesuan zegoen emakume elkarte batekin bat egin zezan. Elkarte horren helburua tokiko produktuen salmenta bultzatzea eta ahalegin nazional orotan laguntzea zen. Elkarte berri honen sortzaileak Janum e Ibtihaj Qaddura, Najla Kfoury, Hunayneh Tarsha, Salma Sayigh eta Anbara izan ziren.

Egonaldia Ingalaterran aldatu

 
Salim Ali Salam Irakeko Faysal I.a erregearekin Londresko Richmond parkean 1925ean, Salimen seme Saeb Salam eta Anbara eta Rasha alabekin batera. Anbarak kanpai kapela bat (cloché) eta pantorrilla erdirainoko gona janzten ditu, garai hartako Beiruteko konbentzio sozialei aurre eginez.

1925eko bigarren erdialdean, Anbarak elkartea utzi behar izan zuen ingelesa ikastera Ingalaterrara joan baitzen, eta bi urte geroago itzuli zen. Bere autobiografian adierazten duen bezala, bere ahizpa txikia eraman behar izan zuen, Rasha, bere alaba balitz bezala adoptatu zuena. Itsasontzira igo bezain laster, beloa erantzi eta ez zuen berriro jantzi egonaldi osoan. Bere aita eta bere anaietako bat, beranduago, berarekin elkartu ziren, eta Richmond Parketik gertu hartu zuten ostatu, Londresko aldirietan. Bere egonaldian, tratamendu medikoa jasotzera Londresera joan zen Faysal I.a erregea bisitatu zuen. Solasaldiaren une batean, ea zer pentsatzen zuen neska ingeles gazteez galdetu zion erregeak, eta Anbarak erantzun zion:

Egia esanda, Maiestatea, bizitzako plazer guztiez gozatzen ikusten ditudanean burura etortzen zaidan lehen galdera honako hau da: zer mesede egin diote Jainkoari askatasun guzti honekin saritu ditzan, eta zer bekatu egin dut nik, arabiar gazteak, errepresio eta debekuz beteriko bizitza bat Jainkoaren zigor gisa merezi izateko? Faysal I.a erregea, bere aitarengana jiratu zen, eta esan zion: "Abu Ali, adi egon zure alabarekin, bere bihotzean iraultza bat darama![2]

Jendaurrean beloa kentzea aldatu

Anbara 1927an itzuli zen Beirutera, Muhammad eta Rasha neba-arrebekin batera. Beirutera itzultzeak beloa berriro janztea esan nahi zuen. Hilabete batzuk geroago, hitzaldi bat ematera gonbidatu zuten, Abdullah al-Bustani irakaslearen 50. urteurrena ospatzeko. Bere mintzaldian zehar, hainbat aldarrikapen entzun zituen, bere aurpegiko beloa kentzeko eta guzti horrek adierazten zuen zapalkuntzarekin amaitzeko bultzatzen ziotenak. Ez zuen une horretan egin, baina bai bi aste geroago, Beiruteko Unibertsitate amerikarreko Sunday School Clubean, entzuleria mistoa zuen hitzaldi batean. Jendaurreko ekitaldi batean beloa kentzen zuen lehen emakumea izan zen, eta ekintza horrek herritarren haserrea piztu zuen eta emakumeen aurkako kale-indarkeria areagotu zuen: azidoa botatzen zitzaien kaleetan zehar, bizarra mozteko labanekin beloa urratzen zitzaien, eta abar.[1]

Hala ere, Anbarak urrats garrantzitsu bat eman zuen emakume musulmanaren emantzipazioan, ordutik, hiriko auzorik kontserbadoreenetako edo auzoetako kaleak zeharkatzen zituenean bakarrik jartzen baitzuen beloa, baina bilera publikoetan eta etxeetan kendu egiten zuen.

Bizitza Palestinan aldatu

Anbara Salam 1929ko abuztuaren 9an Ahmad Samih Al Jalidi pedagogo palestinarrarekin ezkondu zen. Samih Jerusalemgo Arabiar Institutuko zuzendaria izan zen (1948an desagertua) Palestinako britainiar agintaldian. Irailaren 2an Jerusalemera joan ziren bizitzera, Ahmaden jaioterrira. 1929ko urrian, Palestinako emakume nazionalisten lehen bileran parte hartu zuen, eta kalera atera zen, bere kideen aldarrikapenen alde. Izan ere, manifestaldi horietan, besteak beste, immigrazio juduaren gorakadari eta Britainia Handiko agintearen partzialtasunari beldurra zioten. Manifestazioaren ondoren, emakumeen batzordeari ea bere jarduerak gizonen batzorde exekutiboarekin koordinatu nahi zituen galdetu zioten, eta erantzun positiboa eman ziotenean, Gobernuaren onespena lortu zuten, eta horrela sortu zen Arab Women Executive Committee-a.

Anbara 20 urtez bizi izan zen Jerusalemen eta lau seme-alaba izan zituen: Usama, Randa, Tarif eta Karma. 1938ko ekainean bere aita larriki gaixotu zen. Bisitan joan zitzaion, eta hurrengo egunean hil egin zen. Jerusalemgo bere etxera itzuli zenean, hutsik aurkitu zuten. Bera ez zegoenean, agintari britainiarren agindu batek ebakuazioa eskatu zuen bere soldaduek okupatzeko. Arabiar politikari asko jazarriak izan ziren urte horietan. Bere aitaginarreba, Fakhri al-Khalidi, Jerusalemgo alkatea, atxilotu egin zuten eta Nakbaren ondoren Jordaniara erbesteratu zen.

1948ko apirilaren 12an, Anbarak eta bere familiak Beirutera erbesteratu behar izan zuten, hainbat hilabetez etengabeko sarraskiak eta beldurra izan ondoren, 1947ko azaroaren 29ko NBEren 181 ebazpenaren ondorioz. Ahmad Samih Al Khalidi 1951n hil zen 55 urterekin. Anbara Salam Jalidi, 1986an Beiruten, 89 urterekin.[1]

Lana eta itzulpenak aldatu

Homeroren Iliada eta Odisea Richard Churchen prosazko bertsio ingelesetik arabierara itzuli zituen lehen pertsona izan zen. Grezierazko hitzak eta izenak arabieraz itzuli zituen Sulayman al-Bustanik (1826-1925) 1903an Homero grezierazko bertso klasikoan itzuli zuenean hartu zuen grafiaren arabera. Palestina utzi eta Beirutera itzuli zenean, Virgilioren Eneida itzuli zuen. Salam Khalidik 1978an argitaratu zuen bere autobigrafia Jawalah fil Dhikrayat Baynah Lubnan Wa Filastin (Libano eta Palestinako oroitzapenen ibilbidea) izenburupean. 2013an ingelesera itzuli zen Memoirs of an Early Arab Feminist izenburuarekin.[1]

Bere autobiografian aipatutako emakumeak aldatu

Feminista aitzindariak aldatu

  • Adila Bayhum al-Jaza'iri (1900-1975).
  • Fatima al-Yashruti [1891-1978]. Shadhili-Yashrutiren sufi-ordenaren buru izan zen eta sufi-literaturan lagundu zuen The journey of Truth lanarekin.
  • Ibtihaaj Qaddura. Huda Sha 'rawirekin batera "arabiar Emakumeen Batasun Orokorra" sortu zuen.
  • Julia Tu 'ma Dimishqiyya. Irakaslea eta laguna. The New Woman aldizkaria sortu zuen.
  • Najla Kfuri.
  • Najla Sa'b.
  • Salma Sayigh (1889-1953). Irakaslea eta laguna.

Literatura-figurak aldatu

  • Afifa Fandi Sa'b. The Straight Path aldizkariaren editorea.
  • Labiba Hashim (1880-1947). The Girl of the East izeneko emakumeentzako hilabetekaria argitaratu zuen Egipton.
  • Malak Hifni Nasif (1886-1918).
  • Mary'Ajami (1888-1965). Damaskoko The Bride aldizkariko editore siriarra.
  • May Yanni (1864-1933). Minerva aldizkariko editorea.
  • Najla Abillama (1895-1967). Dawn aldizkariko editorea.

Emakume palestinarrak aldatu

  • Fadwa Tuqan (1917-2003). Poeta .
  • Hin al-Husayni.
  • May Ziadeh (1886-1941).
  • Maiatza Ziadeh (1886-1941). Palestinar-libanoarra.
  • Wadi'a Jatabil. Tulkarmeko Emakumeen Federazioaren sortzailea.
  • Zalikha al-Shihabi. Jerusalemgo emakume palestinarren elkartearen sortzailea.

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d «Anbara Salam Khalidi - Madurez, Infancia y juventud | KripKit» kripkit.com (Noiz kontsultatua: 2021-08-20).
  2. a b c Khālidī, ʻAnbarah Salām; Khalidi, Tarif. (2013). Memoirs of an early Arab feminist: the life and activism of Anbara Salam Khalidi. Pluto Press ISBN 978-1-84964-882-0. PMC 846953137. (Noiz kontsultatua: 2021-08-20).
  3. Txantiloi:French Dakhli, Leyla. (2009). Une génération d'intellectuels arabes: Syrie et Liban, 1908-1940. Éd. Karthala : IISMM ISBN 978-2-8111-0015-5. PMC 470564943. (Noiz kontsultatua: 2021-08-20).
  4. (Ingelesez) Makdisi, Ussama. (2010). Faith Misplaced: the Broken Promise of U.S.-Arab Relations: 1820-2001.. Perseus Books Group ISBN 978-1-58648-856-7. PMC 645096876. (Noiz kontsultatua: 2021-08-20).
  5. Zachs, Fruma. (2012-01-01). «Transformations of a Memory of Tyranny in Syria: From Jamal Pasha to ‘Id al-Shuhada’, 1914–2000» Middle Eastern Studies 48 (1): 73–88.  doi:10.1080/00263206.2012.644459. ISSN 0026-3206. (Noiz kontsultatua: 2021-08-20).

Kontsultatutako bibliografia aldatu

  • Khālidī, ʻAnbarah Salām. (2013). Memoirs of an early Arab feminist : the life and activism of Anbara Salam Khalidi (1st English language ed edición). Pluto Press.
  • Dakhli, Leyla. (impr. 2009). Une génération d'intellectuels arabes : Syrie et Liban, 1908-1940. Éd. Karthala.
  • Makdisi, Ussama. (2010). Faith Misplaced : the Broken Promise of U.S.-Arab Relations: 1820-2001. Perseus Books Group.
  • Winder, Alex (2015). «MODERNITY, IDENTITY, AND TECHNOLOGY IN PALESTINE BEFORE THE NAKBA». En Haiduc-Dale, Noah, ed. The Arab Studies Journal.
  • Zachs, Fruma (2012-01). «Transformations of a Memory of Tyranny in Syria: From Jamal Pasha to ‘Id al-Shuhada’ , 1914–2000». Middle Eastern Studies.

Kanpo estekak aldatu