Trenak Euskal Herrian historia luzea du, emandako industrializazioari lotuta hasieran, baira igarobide naturala izateagatik ere. XIX. mendearen amaieratik hasita, sare dentsoa eraiki zuten hainbat konpainiek, eta meatzaritza eta industriari lotutako burdinbide asko sortu ziren. Denborarekin, sare horietako batzuk itxi ziren, eta burdinbide batzuk bakarrik geratzen dira.

XXI. mendearen hasieran aldirietako trenbideetako batzuk gehitu ziren, batez ere Bilbo Handian Metro Bilbaoren eraikuntza eta hedatzearekin. Abiadura Handiko Trenaren eraikuntza, bai Euskal Y-aaren bidez, zein Nafarroa Garaian edo Hendaiatik Bordelerako burdinbidea proiektuan eta eraikuntzan izan dira XX. mendearen amaieratik.

Historia aldatu

 
Madril-Hendaia burdinbidearen Ormaiztegiko bidezubia.
 
Dario de Regoyosen margolana, trenarekin Bilbon.

Trena, eta zehazkiago, lokomotora industrializazioarekin lotuta dagoen azpiegitura da[1]. 1845ean Bilboko aberatsek Madril eta Irun Bilbotik igaroz lotuko zituen tren baten proiektua eskatzen hasi ziren[2]. Ez zen mugimendurik egon ahalik eta 1856an Pereire anaiek Norteko Konpainia osatu eta Miranda de Ebrotik Irunera doan trenbidea diseinatzen hasi ziren arte. Lau urte lehenago, Pereiretarrek Bordele-La Teste burdinbide-tartea berritzeko esleipena jaso zuten, Espainiako mugarainoko lehen zatia izango zena.[3] Hurrengo hilabeteetan, Baiona eta Perpinyàrainoko zein Narbonarainoko lineak eskuratu zituzten eta, berehala, Midiko Konpainia sortu zuten azaroaren 5ean. 1855ean, Bordele-Baiona linea ireki zen, Erresuma Batutik fabrikatu eta ekarritako materialaz eta britainiar konpainia batek eraikita. Aldi berean, hegoaldean, Altsasu eta Beasain arteko tarte konplexua amaituta, 1864ko abuztuaren 15ean ireki zen bide osoa[2]. Bide honen zubirik interesgarriena Ormaiztegiko bidezubia da. Bilbotik igaroko ez zela ikusita, 1863an Castejón-Bilbo burdinbidea eraikitzen hasi ziren, diru galera handiekin[2].

Bitartean, lehen ikusi ditugun meatzeetarako trenbideak sortu ziren Bizkaian, mineralen esportazio masiboa baimenduko zuena. Lehenengo trena, lehen ikusi dugunez, Diputazioarena izan zen, baina laster sortu zituzten euren trenbideak enpresa pribatu ezberdinek (Ikus, Meatzaritza: industrializazioaren oinarria atala artikulu honetan)

Baina Euskal Herriko orografia zaila denez, trenbide askok bide estua aukeratu zuten, eraikitzen merkeago. 1882ko ekainaren 1ean Bizkaiko Trenbide Nagusia ireki zen, Bilbo eta Durango artean. 1885ean Durango eta Zumarraga batzeko konpainia eratu zen, modu horretan Bilbo eta Irungo muga artean tren aldaketa bakarra lortzeko asmoz. Aldi berean Maltzagarainoko trenbidea eraikitzen hasi zen. 1887an ireki zen trafikoa Eibarreraino eta 1889ko abuztuaren 26an Bergara eta Zumarraga arteko trenbidea ireki zen[2], Debako trenaren parte. 1891ean Manuel Martík Elgoibar eta Donostia batzeko trena diseinatzen hasi zen, merkantzien aldaketa ekiditeko asmoz[oh 1] 1893ko abuztuaren 3an Zarautz-Donostia zatia ireki zen; baina Itziar eta Meaga zati zailak ziren, eta 1901eko urtarrilaren 1era arte ez zen lortu Bilbo-Donostia trenbidea irekitzea, kostu ekonomiko altuarekin[2]. Bizkaian, bitartean, Bizkaiko Trenbide Nagusiaren arrakasta ikusita hainbat trenbide ireki ziren: Bilbo-Areeta trenbidea 1887ko uztailaren 1ean, Zornotza-Gernika trenbidea 1888ko abuztuaren 13an, Cadaguako trenbidea (Bilbo eta Balmaseda artean) 1890eko abenduaren 5ean, Lutxana-Mungia trenbidea 1894ko uztailaren 9an, La Robla trenbidearen Balmasedako zatia 1894ko irailaren 4an, Bilbo-Lezama trenbidea 1895eko maiatzaren 30ean eta Zalla-Santander zatia 1896eko ekainaren 20an. Sare zabal hau egin eta gero, adar txikiak eraiki ziren: Durango-Elorrio (1905) eta Matiko-Azbarren (1918), adibidez. Azken honek Santander, Donostia eta Plentzia batzeko aukera ematen zuen[4]. Tarte honetan eraiki zen trenbide zabal bakarra Bilbo-Portugalete trenbidea izan zen (1888ko irailaren 24a)[5].

Napoleon III.aren garaian, Pereire anaien Midiko Konpainiak Frantzia hego-mendebaldean trenbide sarea eraikitzeari ekin zion. 1879tik bigarren mailako trenbideak egiten hasi ziren. Baionatik Donibane Garazirako lanak 1883an hasi zituzten Baionako Glain eta Mousserolles arteko zelaian; 1891ko urtarrilaren 19an Baiona-Kanbo zatia zabaldu zen, 1892ko abuztuaren 20an Kanbo eta Arrosa-Ortzaize artekoa eta 1898ko abenduaren 11n Nafarroa Behereko hiriburura heldu zen.[6]

Behin Bizkaia trenez lotuta, Gipuzkoa eta Arabara mugitu ziren inbertsioak. Topoa Donostia eta Hendaia artean 1913ko uztailaren 13an ireki zen, Plazaolako trena Lasarte eta Iruñea artean 1914ko urtarrilaren 20an eta Bidasoko trena Irun eta Elizondo artean 1916ko maiatzaren 28an. 1882an Herran anaiek Anglo-Vasco-Navarro trenbidea eraikitzeko Ingalaterrako dirua jaso zuten. Helburua Lizarra eta Bergara batzea zen, pixkanaka lortu zuten helburua: 1927ko irailaren 23an ireki zen guztiz. Behin trenbide hau eginda, Gipuzkoako bailara guztiek Urolak ezik zuten trenbidea; horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak Urolako trena eraiki zuen 1926an[4]. Nafarroan, 1911an El Irati ireki zen, Iruñea eta Zangoza batzen zituena[7].

Oharrak aldatu

  1. Izan ere, Bilbotik Zumarragara joaten ziren merkantziak trenez aldatu behar ziren, metrika ezberdina zutelako.

Erreferentziak aldatu

  1. «Industrial Revolution - Steam Engines» www.industrialrevolutionresearch.com (Noiz kontsultatua: 2019-05-27).
  2. a b c d e Olaizola Elordi, Juanjo.. (D.L. 2011). Historia del ferrocarril en el País Vasco : siglo XX. Etor-Ostoa ISBN 9788496288416. PMC 851331997. (Noiz kontsultatua: 2019-05-27).
  3. Alain, C.. (2014). «La Compagnie du Midi» Memoire Ferroviaire de Bordeaux (Bordele).
  4. a b «Breve Historia del ferrocarril en el Pais Vasco. Por Juanjo Olaizola Elordi - Ferropedia» ferropedia.es (Noiz kontsultatua: 2019-05-27).
  5. (Gaztelaniaz) «Una exposición recuerda la construcción hace 125 años del ferrocarril Bilbao-Portugalete» treneando 2013-03-12 (Noiz kontsultatua: 2019-05-27).
  6. Iturria: Louhossoa, Ekaina, Harrikez Herriak bilduma, 15. zkia., Donibane Lohizune, 1996. Ikus 25.or.
  7. Olaizola, Juanjo. (2013-07-26). «Historias del tren: EL PRIMER FERROCARRIL ELÉCTRICO EN ESPAÑA (I)» Historias del tren (Noiz kontsultatua: 2019-05-27).

Kanpo estekak aldatu