Ormaiztegiko bidezubia

eraikitako euskal ondare nabaria Ormaiztegin

Ormaiztegiko bidezubia Ormaiztegi zeharkatzen duen tren bidezubia da. 1863an Alexander Lavalley ingeniari frantziarrak Batignolles lantegietan eraiki zuen, Parisen. Lan hori Paris-Madril burdinbidearen azken zatiaren bukaerako lana izan zen.

Ormaiztegiko bidezubia
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Burdinazko tren bidezubia eta harrizko jatorrizko zutabe bat, atzean hormigoizko zurkaitza.
Irudi gehiago
Kokapena
Estatu burujabe Espainia
Koordenatuak43°02′37″N 2°15′36″W / 43.04355°N 2.25992°W / 43.04355; -2.25992
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza XIX. mendea
Arkitektura
Egitura ingeniaritzaAlexandre Lavalley (en) Itzuli
Materiala(k)altzairua
Ondarea
EJren ondarea18

Jada erabiltzen ez den eraikitze-sistema batez egin zuten, eta erabat didaktikoa gertatzen da. Altzairu laminatuz egindakoa da, ordezkatze eta desagertze prozesua sufritzen ari den eraikuntza mota. Burdinbideak garatu ziren garai baten adierazgarri da, bai duen antzinatasunagatik, bai dituen neurri monumental eta garaierarengatik. 2003ko urtarrilaren 23an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Ezaugarriak

aldatu

Bidezubiak eraikuntza estetika peto-petoa du, burdinbidearen ingeniaritza zibil metalikoa deritzonari lotua. Ez du apaindurarik, ez eta xehetasun historizistarik. Forma aldetik erakusten duen gauzarik nabarmenena da habeen arteko hutsuneak burdinazko plantxaz egindako itxitura trinkoz eta zarratuz txarrantxatzen eta betetzen direla. Bidezubiak 291,5 metroko distantziako tartea gainditzen du, eta duen garaierarik gorena 34 metrokoa da. Bost baotan egituratutako kaxa jarrai baten moduan antolatu zen. Muturretako baoek 53,2 metro zituzten eta erdikoek 60,5 metro. Burdinazko estetika ez da osorik burdinazkoa euskarriak harlanduzko zutabez egin zirelako, baina horrek berorrek berez arina den bidezubiaren gorputz horizontala arinagoa egiten du begietara.

Egun, bidezubiak hainbat euskarri ditu eta hormigoi armatuzko bost euskarri, Espainiako Gerra Zibila egindakoak. Horregatik, egungo baoak hamar dira eta mantendu egin izan da metalezko egitura, hau da, elkarren artean errematxez lotutako altzairu laminatuzko elementuak dituen habe jarraituez egindako metalezko egitura. Bidezubiaren baoek 30 eta 25 metro bitarteko neurriak dituzte eta erdikoak dira handienak.

Burdinazko egiturak hiru habe nagusi ditu elkarren paralelo direnak eta ardatz batetik bestera 3,18 metroko tartea dutenak, eta 5,60 metroko ertza. Burdinbide bikoitzari eusten dioten hiru habeak jarraituak dira eta barra lauez osatutako sareta anitzekoak. Habeak tartetan banatuta daude 2,40ko oinarrizko modulazioa duten zutabe bertikalen bidez. Zutabe bertikalak trinkoagoak dira bidezubiaren euskarrietan eta nolabaiteko aldaketa-guneak egiten dituzte zutabeen eta sareta gurutzatuen segidan.

Hiru habeak zeharka txarrantxatzen dira San Andres gurutzeen bidez; gurutzeak T itxurako profilez, zenbait pletinaz eta era horizontalean jarritako L motako angeluarrez eginda daude. Goiko aldean taula bat dago habexkaz eta langaluzez egindako bilbaduraz egina. Habexkak T bikoitzeko habeak dira, elkarri soldatuak eta 95 cm-ko guztirako ertza duena. Taula euskarri horren gainean doaz langetak, goiko aldetik tapatuta daudenak, eta trenbidearen erreiak. Bidezubiaren goiko erremate modura, ertzetako habe nagusienetatik kanpora hegaldun korridore bat ateratzen da. Korridore honek altzairuzko baranda babesle bat du, honek ere sareta gurutzatuen jokoa jarraitzen duelarik. Habeen goiko eta beheko hegalak zabalera askotako pletinaz osatuta daude sekzioa zenbait puntutan indartzeko xedez. Egituraren elementuen arteko loturak, gehienak, errematxeekin egindakoak dira, gutxiago dira soldaduraz egindakoak. Egitura pintura gris metalikoz margotuta dago.

Argazki galeria

aldatu

Kanpo estekak

aldatu