Compagnie du Midi

Midiko burdinbide sarea eraiki eta kudeatu zuen konpainia (1852-1934)

Compagnie des chemins de fer du Midi et du Canal latéral à la Garonne (laburki Compagnie du Midi, euskaraz: «Midiko Konpainia») 1852an Pereire anaiek sortutako burdinbide konpainia izan zen. Frantzia hego-mendebaldeko Atlantikotik ekialdeko Pirinioetako Mediterraneoraino hedatu zen.[oh 1]

Compagnie du Midi
Datuak
Izen laburraMidi
Motagarraio enpresa
Jarduera sektoreatrenbide-garraioa
HerrialdeaFrantzia
Agintea
Egoitza nagusi
  • Place Pey-Berland, 33000 Bordeaux
  • Bordele
Legezko formaBaltzu anonimo
Zeren jabe
Historia
Sorrera1852
Sortzailea
SorlekuaBordele
Ordezkatzen duQ2990127 Itzuli, Q2990080 Itzuli, Q2990104 Itzuli, Compagnie du chemin de fer de Bordeaux à La Teste (en) Itzuli eta Q2990094 Itzuli
OndorengoakParisetik Orleanserako eta Midiko Burdinbidea
Desagerpena1938
Industriaren festa eta burdinbide linearen inaugurazioa Tolosa Okzitanian (1857)

Ondorioz, urte berean, Crédit Mobilier banku-erakundea sortu zen, proiektuari finantza euskarria emateko. Midiko Konpainia Parisen finkatutako Pereire anaien lehendabiziko burdinbideko inbertsio handi, ausarta izan zen, baita burdinbideen nazioarteko hedakuntzarako lehen urratsa ere.

Sorrera aldatu

1852, pereiretarrek Bordele-La Teste burdinbide-tartea berritzeko esleipena jaso zuten, Espainiako mugarainoko lehen zatia izango zena.[1] Hurrengo hilabeteetan, Baiona eta Perpinyàrainoko zein Narbonarainoko lineak eskuratu zituzten eta, berehala, Midiko Konpainia sortu zuten azaroaren 5ean. Egitasmoa Midiko kanalarekin paraleloki zihoan eta, berehala kanaleko batelarien artean ondorio hondagarriak izango zituenez, konpainia berriaren izenari "et du Canal latéral à la Garonne" gehitu zitzaion. Burdinbide berriak kanalaren jarduera suntsitu zuen, baina batelari franko Midiko Konpainian lanean hasi ziren beharrezko trebakuntza jaso ondoren.[1]

Pereire anaiek Iberiar Penintsulan ere esku hartzeko behar izan zuten oinarria izan zen, Pirinioetako sarbideei eta sortutako negozio-aukerei esker.[2] Bada, 1853an, Espainian Crédito Mobiliario sortzeko lehendabiziko eskaera egin zuten. Pereiretarrek Pirinioetako bidea urratzeko interes eta inplikazio berezia izan zuten, lehia bizian baitzebiltzan Rothschild familiarekin negozioa Europa osora hedatzen, baita Espainiako estatura ere.

1855ean, Bordele-Baiona linea ireki zen, Erresuma Batutik fabrikatu eta ekarritako materialaz eta britainiar konpainia batek eraikita. 1856ko abuzturako, pereiretarren burdinbidea Tolosa Okzitaniara heldu zen, baita Sètera ere zortzi hilabete geroago. 1857ko apirilean, pereiretarrek efektu-kolpe bat eman zuten harreman publikoetan, Bordele eta Sètetik abiatutako bi trenek Tolosan elkarrekin bat egin zutenean, tren banatan Isaac eta Emile konpainiaren nagusiak zeramatzatela. Balentria horren saritan, Napoleon III.ak Ohorezko Legioaren ofizial izendatu zuen Isaac.[3]

Bilakaera aldatu

 
Émile Pereire, Konpainiako lehen presidentea

Obrak Bordeletik hegoaldera Landetan barrena hedatu ahala, Konpainiak burdinbideak zeharkatzen zuen lurralde horretako padurak lehortu eta gezatzeari ekin zion eta, horri uztartuta, pinuak landatzeari eta laboreak ustiatzeari. Pereiretarrek burdinbidearen inguruan zuten negozio-estrategia zen hori: elkarri lotutako arlo desberdinetako ekintzen integrazioa (meatzaritza, zuhaitz-mozketa, etab.).[3]

XIX. mende erdialdean, erabakigarria izan zen Midiko Konpainia eliteen turismoa Frantzia hegoaldean bete-betean garatzeko, indar bereziz Pirinioetako eskualdeetan, askotariko klima, bainu eta erlijio erakarguneak elkarrekin saretuz: 1857an, Midiko Konpainiaren burdinbidea Arcachonera heldu zen, 1864an Biarritzera, eta 1866an Lurdara.[4] 1855ean, Émile Pereirek argi utzi zuen burdinbidearen bitartez interes pribatuak, akziodunak, eta baliagarritasun publikoa uztartzeko gogoa zuela.[4]

Pereirek eta Midiko Konpainiak, ordea, ez zuten nahikoesten Arcachonen burdinbidearen bidez udako turismo helmuga bat bakarrik garatzea. Burdinbidea herri hori urte osoz aktibatzeko baliatu nahi zuten, horretarako sendabiderako neguko instalazioen sorrera bultzatuz. Horretarako, sendabiderako instalazioak ez ezik (bainuetxeak), jokorako eraikinak eta jarduerak (kasinoak, besteak beste) eta bizilekuak bultzatu zituzten (txaletak). Arkitektura estilo berezi bat aurreikusten zuten, orientalismora lerratua.[4]

Ideia zen publizitate kanpainaz turismo gune horren abantailen eta onuren berri zabaltzea, eta Frantziako zein nazioarteko eliteak erakartzea. Ereduak arrakasta izan zuen, eta hedatuz joan zen Frantzia hego-mendebalde osora, eta era horretako garapen eredu ekonomikoa Europara ere hedatu zen. Orduko kopuruek erakusten dute etengabea izan zela bidaiaren trafikoaren igoera burdinbide geltokietan XIX. mendeko 60ko hamarkadatik aurrera eta zehazki 1881etik 1918ra. Biarritzek 80.000 bidaiari zituen 1881ean, baina 1918rako 308.000 mila ziren.[4]


Midiko Konpainiak argitaratu turismo desplazamendurako publizitate kartelak


1913an hil zen arte, Emile II Pereire izan zen Konpainiako zuzendaria, baita Henry Pereire ere, presidenteorde hautatua izan zen arte, 1911tik 1926ra.[5] 1934ean, bat egin zuen Parisetik Orleanserako Burdinbide Konpainiarekin (PO).[1]

 
Konpainiak erabilitako lokomotor bat
 
Konpainiaren akzio bat (1927)

Gizarte arloko neurriak aldatu

Pereiretarrak gizarteko arazoen gaineko kezka agertu zuten. Frantziaren 'eginkizun zibilizatzailea'arekin irmo sinetsita zeuden ere.[3] Alde horretatik, Midiko burdinbide-sarean langileen tratamenduan hobekuntza aipagarriak izan ziren, Transaten egin bezala, asmoa agertu baitzuten sansimondar ideien haien ikuspegia bertan aplikatzeko. Midiko Konpainia izan zen lehenetakoa lan-zerbitzu luzeagatik baimen ordaindua ematen, baita gaixotasun-baja ordaindua, tuberkulosiak jotako enplegatuentzako baimenaldia bainuetxean, zahartzaro-erretiro nahiko oparoak, enplegatuen emazte eta haurrek osasun-arreta jasotzeko aukera eta alargunek pentsioa izateko parada ere batzuetan.[3]

Morcenxen, ikastetxeak eraiki ziren trenbidearen enplegatuen seme-alabak eskolatuak izateko, eta irakaskuntza zein bertaratzeko garraioa dohainik zen. Eskola curriculuma modernoa zen mutilentzat eta ez hainbeste neskentzat, etxeko lanetan aritzeko prestaketa ematen baitzitzaien batez ere. Gainera, eskola-zikloa gaindituz gero, enplegu segurua zuten konpainian. Burdinbidezainen emazteek lana eskuratzen zuten pasabideko langak zaintzen eta geltokiko leihatiletan. 1863an, 1.100 emakume zeuden horrelako postuetan enplegatuta.[3]

Oharrak aldatu

  1. Pirinioen ekialdera helduta, rothschildarrek berehala eragotzi nahi izan zuten pereiretarren eragina Mediterraneora ere zabaltzea.

Erreferentziak aldatu

  1. a b c Alain, C.. (2014). «La Compagnie du Midi» Memoire Ferroviaire de Bordeaux (Bordele).
  2. Roth, Ralph; Dinhobl, Günter (2008), 19-21. or.
  3. a b c d e Davies, Hellen M. (2015).
  4. a b c d (Frantsesez) Bouneau, Christophe. (2015-06-01). «Le rôle de la Compagnie des chemins de fer du Midi dans les trajectoires d’innovation des aires ­touristiques du Grand Sud-Ouest de 1852 à 1937» Sud-Ouest européen. Revue géographique des Pyrénées et du Sud-Ouest (39): 13–29.  doi:10.4000/soe.1828. ISSN 1276-4930. (Noiz kontsultatua: 2021-09-06).
  5. Davies, Hellen M. (2015), 230. or.

Bibliografia aldatu

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu