Parmenides
Parmenides edo Parmenides Eleakoa (antzinako grezieraz: Παρμενίδης; Elea, K.a. 515?- K.a. 450) Antzinako Greziako filosofo presokratikoa izan zen. Eskola eleatikoko sortzaile eta filosofo garrantzitsuena kontsideratu ohi da. Parmenidesek Eleako gobernuan parte hartu omen zuen. Filosofia ikasten hasi zen Aminia filosofo pitagorikoarekin. Parmenidesen eragina nabarmentzekoa da mendebaldeko pentsamendu metafisikoaren historian, lehendabizikoz Izateari buruzko hausnarketa garatu baitzuen. Parmenidesekin kosmologia ontologia bihurtzen da. Bere lanak eragina nabaria izango du Platonen pentsamenduan.
Parmenides | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Elea, K.a. 515 |
Heriotza | K.a. 470 (44/45 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | antzinako greziera |
Irakaslea(k) | Xenofanes |
Ikaslea(k) | ikusi
|
Jarduerak | |
Jarduerak | filosofoa, idazlea, poeta eta legegilea |
Lantokia(k) | Antzinako Grezia |
Influentziak | Heraklito |
Mugimendua | Filosofo presokratikoak Eskola eleatikoa |
Bizitza
aldatuParmenides Elean jaio zen. Herodotoren arabera, greziar kolonia hau K.a 535 urte inguruan sortua zen. Bere daten gainean ez dago akordiorik. Diogenes Laerziok K.a. 500 urtea aipatzen du Parmenidesen loratze-urtea bezala eta, onartzekotan, bere jaioteguna K.a. 540 inguruan. Baina Platonek (Parmenides elkarrizketan) esaten du Parmenides Atenasen egon zela 65 urte zituela Sokrates gaztea zenean (K.a. 450). Honek, egia izatekotan, K.a. 515 jaioteguna ekarriko luke.
Xenofanesen eta Aminiaren ikaslea omen zen, nahiz eta bere pentsamenduan Xenofanesen eragina argiagoa izan. Nolanahi ere, kultu bat eskaini zion Aminas bere maisuari Eleako hirian. Parmenidesek Eleako Eskola sortu zuen. Zenon Eleakoa eta Melisos Samoskoa Eleako filosofoak izan ziren. Zenon bere ikasle eta eromenos (maitale gaztea) izan zen.
Ontologia
aldatuParmenidesek ontologia Naturaz poeman jasotzen da. Lan honetako zati garrantzitsuak, hexametroetan idatzita, Sexto Enpiriko eta Sinplizio Ziliziakoari esker kontserbatu dira, 160 bertso guztira. Poemak hiru atal ditu: Proemioa, Egiaren (aletheia) bidea eta Iritziaren (doxa) bidea. Parmenides bere ideia filosofiko berriak aurkezten saiatzen da poeman nahiz eta lengoai metaforiko-sinbolikoaren erabilerak interpretazio-arazo batzuk ekarri.
Parmenidesek jainkosa baten ezpainetan jartzen du bere doktrina. Hark imajinatzen du jainkosaren presentziara eramanda, zaldi azkarrek gidatutako orga batean eta eguzkiaren alaben konpainian. Jainkosak, zalantzarik gabe egiako sinbolo bat. Hitzaurrearen amaieran dio: "Zuk dena ikastea beharrezkoa da".
Parmenidesek errealitateari buruzko bi ikuskera aurkezten ditu: “Egiaren bidean” azaltzen du errealitatea (Izatea) bat dela, aldaezina, betierekoa eta homogeneoa; "Iritziaren bidean" itxurazko munduaz hitz egiten du, itxurazko munduan zentzumenen bidez atzemandakoa faltsua dela dio eleatar filosofoak.
Beraz, Izatea (dena) hilezkorra, betea, bakarra, aldaezina, osoa, homogeneoa eta zatiezina da. Bestaldetik, itxurazko munduko aniztasuna eta mugimendua errefusatu behar direla dio, zentzumenek eragindako iruzurrak baitira.
Egiaren bidean (arrazoiarena) Parmenidesek baieztatzen du edozein ikerkuntzatan bi posibilitate logikoki koherente, baztertzaileak direnak, soilik daudela: ikerkuntzaren objektua badela edo ez dela. Logikatik ontologiarantz abiatuta Parmenidesek lau proposizio erabiltzen ditu Izatearen existentzia frogatzeko:
- "Badena bada".
- "Ez dena ez da".
- "Ezin daiteke esan badena ez denik".
- "Ezin daiteke esan ez dena badenik".
Errealitatea ezagutzeko irizpide bakarra adimena da, ez zentzumenak, baina kontraesanik gabe erabiliz. Kontraesan-ezaren printzipio logikoa erabiltzen du Parmenidesek errealitatea bera kontraesanik gabeko zerbait dela azpimarratzeko ("pentsa daitekeena eta izan daitekeena biak bat baitira"). Ezereza pentsatzeak ez pentsatzea esan nahi du eta ezereza esateak ezer ez esatea esan nahi du. Horregatik, ezereza pentsaezin eta esanezina da. Horrela, pentsatzea eta izatea bat datoz.
Hortaz, ez-izatearen existentzia (logiko zein ontologikoa) absurdoa dela frogatutzat ematen du Parmenidesek: Izatea bada eta ezereza (ez-izatea) ez da ezer.
Bibliografia
aldatu- Azurmendi, J. (arg.) 2011: Filosofia eta poesia, Donostia, Jakin, ISBN 978-84-95234-43-8
- Arrieta, A./Uribarri, I. (koor.)(2008) : Filosofiaren historia, Donostia, Elkar. ISBN 978-84-9783-403-2.
- Kirk, C.S./Raven, J.E. (1970): Los filósofos presocráticos, Madrid, Gredos.
- Reale, G./Antiseri, D. (1988): Historia del pensamiento filosófico y científico, Barcelona, Herder.
Kanpo loturak
aldatu- Parmenides, Gizapedian.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Parmenides |