Ireki menu nagusia

Pierre Narbaitz Jauregi[1] (Labetze 1910eko azaroaren 28 - Batu Gajah, Malaysia 1966ko urtarrilaren 4) euskal apaiz eta misiolaria izan zen. Bere bizitzaren aldi batean ospea lortu zuen ustez gaixotasunak pendulu baten laguntzaz sendatzen zituelako[2].

Pierre Narbaitz Jauregi
Bizitza
Jaiotza Labetze1910eko azaroaren  28a
Herrialdea  Nafarroa Beherea, Euskal Herria
Heriotza Batu Gajah Itzuli1966ko urtarrilaren  4a (55 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzak euskara
frantsesa
greziera
latina
Yue txinera
Jarduerak
Jarduerak apaiza eta misiolaria
Izengoitia(k) Fouk

BiografiaAldatu

Labetzen jaio zen 1910ean; hamar seme-alaben artean hirugarrena zen eta familia-giro katolikoa zuen (Bernardin anaia eta Philomène arreba ere erlijiora emanak ziren). Herrian bertan oporraldiak pasatzen zituen de Guebriand Txinan misiolari zebilenak eta horrek bere garrantzia izan zuen Narbaitz Jauregiren bokazioan. Gieureren garaiak ziren eta apezpiku hau misioak bultzatzearen aldekoa zen. Giro horretan gaztetxo labeztarrak Mauleko kolegioan lehen eta Parisko Missions Étrangères ("kanpoaldeko misioak") delakoan beranduago ikasi zuen; azken honetan 1928an sartu zen, 18 urterekin. Ordurako euskara ama-hizkuntzaz gain frantsesa, greziera eta latinez zekien eta Asiako kultura eta hizkuntzak ikasteari ekin zion.

MisiotaraAldatu

1935ean apaiz ordenatua, urte berean abiatu zen Txinako misioetara, Guangzhoura hain zuzen. Cantoneraz izugarri ongi egiten omen zuen bigarren urterako eta 1937an Seung Lin barrutiko burua bilakatu zen; hantxe eman zituen urte batzuk. 1937an Txina inbaditu eta 1938an japoniar tropek Guangdong probintzia okupatzeari ekin zioten; Narbaitz Jauregik arazo batzuk izan zituen beraiekin; okupazio urte horietan egoera politikoa oso korapilotsua zen, japoniarren bortizkeria gogorraren kontrako talde iraultzaileen ekintzak zeuden eta eliza katolikoan bertan ez zituzten begi onez ikusten misiolari kanpotarrak. Japoniarrek behin baino gehiagotan atxilotu zuten, larriena 1944ko uztailaren 17an; Aliatuen aldeko espia izatea leporatzen zioten, faltsua izanik ere. Galdeketa ugari egin zioten eta heriotza zigorrera kondenatu zuten baina 1945eko abuztuaren 27an askatu egin zuten; Bigarren Mundu Gerraren amaierak ekarri zuen bere askapena eta kartzelatik atera zenean 53 kg pisatzen zuen.

Petrikilo lanakAldatu

Europara bueltatu zen; 1945-1946 urteetan hitzaldiak eman zituen Baionako seminarioak hala eskatuta, bere Asiako esperientzia kontatzeko. 1946an irakasle sartu zen Hazparneko Saint Joseph kolegioan. Besançonera Txinan ezagutu zuen lagun bati bisitaldia egin zionean honek penduluaren erabileraren inguruko interesa piztu zion eta denbora batez asteburuetan Hazparne-Besançon bidaia egin zuen horretan sakondu nahian. Zientziatik kanpoko "sendatze" sistema bat garatu zuen, penduluaren bidezko azterketaz gain otoitz egin eta tokiko landare zein botika homeopatikoak ematean zetzana; Narbaitz Jauregik arbaso bat zuen medikuntza ikasketak izan gabe sendatzeko metodo naturalak garatu zituena. Berehala ezagun bihurtu zen; lehen inguruko herrietakoak hasi zitzaizkion joaten, askotan Arbotiko bere arrebarenean zegoenean eta geroago Ipar Euskal Herri osoan ospea hartu zuen. Donapaleun edo Hazparnen labeztarra topatzen zuten lagun askok bere aholkuak eskatzen zizkioten; hori dela eta medikuak hasi ziren kexatzen zilegi iruditzen ez zitzaien jardun honen kontra. Donapaleuko mediku batek bere kontrako txosten gogorra egin eta gotzainari bidali zion. Handitzen ari zen ika-mikagatik agintari katolikoek 1947an berriro Parisera bidaltzea erabaki zuten; bertan bizi ziren hiru neba-arrebak sarritan bisitatzen zituen eta urte bereko uztailean Erromara joan zen Mixel Garikoitz ibartarraren kanonizazioan egoteko eta eragin handia utzi omen zion Aita Santuarekiko elkarrizketa burutzeko.

Txinara berriroAldatu

Txinara itzuli nahi eta hala gertatu zen 1948ko urtarrilean beste behin Guangzhourako bidea hartu zuenean. Besteak beste japoniarren bonbardaketek kaltetutako Bihotz Sakratuaren katedrala konpontzearen ardura izan zuen. Aldiz, 1949tik Txinako Herri Errepublika aldarrikatu zuten eta harrezkero misiolarien lan guztiak mugatu zituzte. Hor ere penduluaren bidezko sendatze-lanei ekin zien. 1950etik aurrera eliza katolikoaren egituren gaineko neurriak hartzen hasi ziren; bere jabetzen inbentarioa egin zen eta horren araberako zergak ordaintzen hasi behar izan zuten. Misiolarien kanporaketak hasi ziren, gobernu txinatarrak kanpoko potentzien alde joka lezaketen papera mugatu nahi zuelako. 1953an atxilotu zuten; Txinatik kanporatu zuten azken misiolarietakoa izan zen[3] eta beste atxilotu askorekin konparatuta tratu nahiko ona jaso zuen eta jaten ere ganoraz eman zioten; ez dago argi zer dela eta gertatu zen hori, gainera ikusita denbora horretan oso aktiboa izan zela (ekimen erlijiosoez gain opioa erabiltzen zuen bere "sendatze" lanetarako, armak izkutatzen zituen...). 239 egun kartzelan egon eta gero Herri Errepublikatik bota zuten eta Hong Kongera joan zen; bertan zenbait hilabete pasa zituen.

MalaysiaAldatu

Txinatik kanporatutako beste apaiz batzuekin batera Malaysiara abiatu zen bere erlijio-jardunekin segitzeko. Perak estatuko hiriburua den Ipohko parrokia batean hasi zen lanean; hiri honetan biztanle gehienak txinatar jatorrikoak dira eta beraz txinera ez zen oztopo euskaldunarentzat, bai ordea inoiz menperatu ez zuen ingelesa edo tamil jatorriko komunitateak hitz egiten dituen hizkuntzak. Gauzak horrela, lasaiago ibili zen 1956ko martxoaren 19an Batu Gajah ("elefantearen harria") izeneko guangdongdar jatorrikoen komunitatearen buru katolikoa izendatu zutenean. Malaysian ere penduluaren bidezko ustezko sendatze-lanetan aritzeak berriro ekarri zizkion arazoak eta agintari katolikoak ere horretan aritzea ekiditen saiatu ziren.

1960an itzuli zen Europara azken aldiz; urtebete eman eta gero Malaysiara bueltatu zen. 1963an estatu independentea, islama ofiziala izan arren erlijio-askatasuna bultzatu zen. Narbaitz Jauregi 1966ko urtarrilaren 4an hil zen eta Batu Gajahko hilerrian lurperatuta dago.

Iturri nagusiaAldatu

ErreferentziakAldatu

  1. Ofizialki frantsesez Pierre Narbais Jauréguy.
  2. Kasualitatez herriska amikuztar honek eman duen beste pertsona ezagun bat (Martin Minvielle) medikua izan zen eta lan zientifikoak argitaratu zituen euskaraz.
  3. Txina osotik 2.000 bat kanporatu zuten.

Ikus, gaineraAldatu

Kanpo estekakAldatu