Pallas-Yllästunturiko Parke Nazionala

68°09′32″N 24°02′25″E / 68.15889°N 24.04028°E / 68.15889; 24.04028

Bállás-Ylläsduottarko edo Pallas-Yllästunturiko Parke Nazionala (ipar samieraz, Bállás-Ylläsduoddara álbmotmeahcci; finlandieraz, Pallas-Yllästunturin kansallispuisto) Finlandiako Lappi iparraldeko eskualdean dauden hiru parke nazional erraldoietako bat da. Zehazki, 1.020 km²-ko azalera dauka eta herrialdeko parke nazional bisitatuena da; 2007. urtean 312.000 bisitari izan zituen. Tunturien Lappi azpieskualde muinotsua osatzen duten udalerrien artean dago eta baso zabalak, eremu zingiratsuak eta muino ospetsuak dira parke nazionalaren ezaugarri nagusiak [2].

Bállás-Ylläsduottarko edo Pallas-Yllästunturiko Parke Nazionala

KokalekuaEanodat/Enontekiö, Kittilä,
Kolari eta Muonio, Lappi
 Finlandia /  Laponia
Azalera1.020 km²
Sorrera2005an
Bisitari-kopurua514.800 (2014)[1]
ArduradunaMetsähallitus

2005. urtean sortu zen, Pallas-Ounastunturi Parke Nazionala eta Ylläs-Aakenus Natura Erreserba Hertsia batu ostean, eta eskualdearen motore ekonomiko nagusia bilakatu da.

Geografia aldatu

Parkea hiru zatitan banatua dago: Ounastunturi, Pallastunturi eta Yllästunturi inguruneak. Ingurune bakoitzak berezitasun eta ezaugarri propioak dauzka:

  • Ounastunturi Ingurunea: Pyhäkero tontorraren inguruko lurrek osatzen dute. Ounasjärvi eta Pyhäjärvi aintziretatik gertu dago eta ibilaldiak egiten gune aproposena da. Hettatik Muoniorako bidean, inguruneko altxor preziatuena dago, Puolitaipale baso zabala. Bertan, Ketomella herritik gertu eta natura basatiaren erdian, Tappuri Borda dago. Borda hau, batik bat, ibiltzen hasi eta gautu zaien ibiltariek erabili ohi dute. Azkenik, aipatzekoa da Ounasjoki ibaia eta arrantzaleak erakartzen dituzten amuarrain eta izokin basatiak [3].
 
Zuzi olinpikoaren oroitarria Taivaskeron.
  • Pallastunturi Ingurunea: Pallas muinoaren inguruneak osatzen du zati hau. Bertan dago parke nazionaleko aintzira handiena, Pallasjärvi, eta aintziran dagoen Hirvaslahti badia ospetsua. Hala ere, ingurune honetako lekurik ederrena Taivaskero tontorra da. 807 metroko garaiera duen muino honetatik, parke nazional guztia ikus daiteke eta 1952. urtean, Helsinkiko Udako Olinpiar Jokoetara bidean, zuzi olinpikoa bertatik igaro zen. Honen omenez, gailurrean harrizko oroitarri bat dago. Azkenik, Keimiötunturi muinotik gertu eta Keimiöjärvi aintziraren ertzean, XX. mendeko arrantzaleek erabiltzen zituzten bordatxo batzuk daude, balio kultural eta historiko handia dutenak [4].
  • Yllästunturi Ingurunea: parke nazionalaren hegoaldean dagoen eremu hau da, dudarik gabe, guztien artean bisitatuena. Parkeko eta Tunturien Lappi azpieskualdeko arroil ederrenak bertan daude; esaterako, izen bera duen oihan birjinaren erdian dagoen Varkaankuru eta Kesänkitunturi muinoko pinudien artean dagoen Pirunkuru arroilak.
Aintziren artean, aipatzekoak dira Äkässaivo eta Pakasaivo aintzira txikiak. Pakasaivo oso sakona da eta uraren zikloa ez denez betetzen, bertako ura ez da berriztatzen. Äkässaivon aldiz, antzinean, samiek sakrifizioak egiten zituzten. Aintziraren ertzean dagoen Seitakivi izeneko amildegi batetik, sakrifikatutako animaliak bota ohi zituzten kristauak XVI.-XVII. mendean bihurtu zituztenera arte [5].

Ylläs mendia aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Ylläs»

Äkäslompolo eta Ylläsjärvi herrien artean dagoen Ylläs muinoan, parke nazionalaren hegoaldean, Lappi eskualdeko bigarren eski-estazio handiena dago, Ylläs eski-estazioa. Nahiz eta Lappiko eski-azpiegitura handienak Kittiläko Levi muinoan dauden, Finlandiako eski-estazio ospetsuenetarikoa da 719 metroko muino honetan dagoena. Guztira, 61 eski alpinoko pista daude eta pista gehienak hasiberrientzako edo erdi mailako eskiatzaileentzat dira, dena den, adituenentzako ere bost pista beltz badaude. Jaitsiera altueneko pistatik jaisteko (463 m) bakoitzean zortzi pertsona sartzen diren Finlandiako bi telekabinetako bat hartu beharra dago; pista luzeenak bestalde, 3 km-ko luzera dauka. Levin ez bezala, Ylläsen ezin daiteke gauez eskiatu, hala ere, azpiegitura hauek erakartzen dituzten elur-zaleek udalerriaren biztanleria bikoizten, hirukoizten eta laukoizten dute sasoiaren arabera [6].

 
Elur-orein taldea Taivaskeron.

Eski-estazioaz gain, jatetxeak, dendak eta hotelak daude inguruan. Azpiegiturak urria erdialdean ireki eta ekaina bukaeran itxi ohi dira. Dena den, urte osoan zehar Äkäslompolo eta Ylläsjärvi herritan eskaintzen diren ekintzak badaude, elur motor safariak, husky txakurrek gidatutako lera safariak, Tornionjoki ibaiko arrantza eta txirrindularitza ikastaro eta lehiaketak, eremu babestuetara ibilaldiak eta piraguismo ikastaroak esaterako [6].

Klima aldatu

Historia aldatu

Eskualde honek Harri Arotik izan ditu biztanleak, batik bat eskualdearen jatorrizko bizilagunak diren samiak. Parke nazionaleko leku izenek ere honen berri ematen dute; izan ere, iparraldeko natura berezia deskribatzeko hitzen faltan, finlandierak ipar samierako hiztegitik mailegatutako hitz asko aurki ditzakegu, haien artean, kaltio, kero, lompolo, mella, vuoma eta vuontis.

Erdi Arotik XIX. mendera, Kemi, Tornio eta, orokorrean, Torne ibar hegoaldeko ehiztariak iritsi ziren parke nazionaleko aintzira, baso eta zelai oparoetara. Harrapakinen ugaritasuna zela-eta, finlandiarrek eta samiek bizikidetza baketsua izan zuten eta, hegoaldean esaterako, bi kulturak uztartu egin ziren. Iparraldean aldiz, Enontekiö udalerrian, natura basati eta birjinarekin batera, samiak aurki ditzakegun Finlandiako lekuetako bat da.

Elur-orein zaintzak ere bere pisua izan du parke nazionaleko historian; izan ere, Alakylä, Kyrö, Muonio eta Näkkäläko sami abeltzain kooperatibek bertako zelai freskoetara ekarri ohi zituzten abereak eta, gaur egun eskualdearen historia bihurtu diren azpiegiturak eraiki zituzten [7].

 
Pallas muinoa egunsentian.

Parke nazionala sortzearen asmoa 1910. urtekoa zen. Pallas eta Ounas muinoen artean babestutako eremu bat sortzea erabaki zuten eta Finlandiako lehenbiziko bi parke nazionaletako bat bilakatu zen 1938. urtean. Dena den, parke nazionalak izandako aldaketa handiena 2005. urtean izan zen, Pallas-Ounastunturi Parke Nazionalak eta Ylläs-Aakenus Natura Erreserba Hertsiak bat egin zutenean. Babestutako azalera bikoiztu egin zen eta bisitariak etengabe erakartzeari ekin zion.

Ibilbideak aldatu

Markatutako 350 km-ko bide-sarea eta parke nazional guztian edonora joateko basabideak daude. Bide hauek eskiatzaileentzat eta oinezkoentzat dira, sasoiaren arabera, baina txirrindularientzako eta arraunlarientzako ibilbide bereziak ere badaude. Pallas muinoaren inguruan esaterako, txirrindularitza praktikatzeko aproposak diren bi bide daude. Oinezkoentzat diren bideen artean, aipatzekoak dira Hetta-Pallas Bidea, Hetta Enontekiöko elizatea eta Pallas muinoa batzen dituen bidea; Aakenustunturi Basabidea, Aakenus muinoa zeharkatzen duen 17 km-ko basabidea; eta Kiirunankieppi Basabidea, eskandinaviako lagopodoak ikusteko 12 km-ko bide aparta. Bide luze guztietan, ibiltariek lo egin ahal izateko egurrezko bordak daude, batzuk balio historiko handikoak. Aipatzekoa da hegaztien habitat bereziak diren eremu batzuetan sarrera debekatua dagoela; arrantza aldiz, bakarrik Pallasjärvi eta Pyhäjärvi aintziretan onartua dago. Ibilbide, borda eta debeku guztien berri izateko bisitarien hiru gune daude, Ylläs muinoan dagoen Kellokas Bisitarien Gunea, Pallastunturi Bisitarien Gunea eta Skierri, Tunturien Lappi Natura Gunea Hettan.

Bertara iristeko Kemi-Torniotik Kilpisjärvira doan Valtatie 21 autobidea edo Kittilä zeharkatzen duen Kantatie 79 errepidea hartu beharra dago. Irisgarritasun onena duen parke nazionala da, eta ondorioz, bisitari gehien erakartzen dituena. Enontekiö edo Kittilä aireportuak esaterako, parkearen sarreran daude eta Tunturien Lappi azpieskualdea osatzen duten lau udalerrietatik autobusak irtetzen dira bertara. Finlandiako Gobernuarena den VR-Yhtymä garraio-konpainiaren trenak gainera, iparreko trenbidearen azkeneko geltokia Kolari udalerrian dauka [8].

Izaki bizidunak aldatu

Fauna aldatu

Klima desberdinen ondorioz, bertan bizi diren animalia-espezieak ere anitz dira. Espezie desberdin gehien dituen familia hegaztiena da, hala nola, udan 150 espezie desberdin ikusi izan dira; dena den, gutxi batzuk baino ez dute negua ere bertan pasatzen, esaterako, eper zuriak, Enontekiön beti ongietorriak diren eskandinaviako logopodoak, mokokerrak, ipar-kaskabeltzak eta siberiar eskinosoak.

Udaberri inguruan iristen hasten diren eta bertan habiaratzen duten hegaztien artean aldiz, aliota artiko eta txikiak, arrano arrantzaleak, basoilarrak, belatz gorriak, birigarro txikiak, buztangorri argiak, buztanikara hori eta zuriak, amildegi arrokatsuetako buztanzuri arruntak, parkearen ikur diren elur-berdantzak, erroiak, eskinosoak, euli-txori beltz eta grisak, gailupa arruntak, hontz gabiraiak, ipar-gailupak, kukuak, kurlinta bekaindunak, larreoiloak, marikoi isatsluzeak, mendi-erregetxoak, mokoker hegalzuri eta loroak, murgilari urrebegiak, negu-txirtak, negu-txontak, okil hiruatzak, papourdinak, pitxartxar nabarrak, tarinak, tuntunak, txantxangorriak, txepetxak, txio hori eta marrabikoak, txirri lepokodunak, txoka gorriztak, ur-zozoak, urre-txirri arruntak, zapelatz galtzadunak, zerra txikiak eta zozo paparzuriak daude [9].

Ugaztun haragijaleak ere badaude; hartz arreak dira nagusi eta urtero hauen kopurua haziz doa. Hauez gain, aipatzekoak dira ipar-katamotz babestuak, Kittiläko jatun ospetsuak eta noizbehinka agertzen diren otsoak. Azkenik, belarjale handien artean, altzeak eta elur-oreinak daude.

Landaredia aldatu

Parkea, Finlandiako ipar-mendebaldeko muturrean dago; hain zuzen, Tunturien Lappi azpieskualde muinotsua osatzen duten lau udalerrien artean, Enontekiö, Kittilä, Kolari eta Muonio udalerrien artean. Pallas-Yllästunturi ekosistema desberdinek osatzen dutenez, parkea ez da zaintze lan bikainengatik eta aisialdia pasatzeko aukera ezin hobeagatik bakarrik ezaguna. Bertan, urte guztian zehar ibili ohi den finlandiar ikerketa talde asko dago, ehun baino gehiago, eta azken urteotan Europa kontinente osoko aire garbiena Pallasen dagoela aditzera eman dute [10].

Eremu hau, Finlandia oso eremu muinotsu garrantzitsuenetako bat da; hain zuzen, 100 km-ko luzera duen mendikate batek zeharkatzen du parkea iparraldetik hegoaldera. Muino garai eta ospetsuenak 723 metroko Ounastunturi, 718ko Yllästunturi, Keimiötunturi, 517 metroko Kesänkitunturi eta parke nazionaleko garaiena den 807ko Pallastunturi dira. Hain zuzen, Pallas muinoa bere zazpi gailurrengatik da ezaguna, Pallaskero, Orotuskero, Palkaskero, Lehmäkero, Pyhäkero ospetsua, Laukukero eta garaiena den Taivaskero. Batik bat granitozkoak diren muino hauetan, Lappi eskualdeko landare bitxi batzuk aurki daitezke; esaterako, azeri-mahatsak, diapensiak eta Diphasiastrum alpinum landareak.

Aintzira handi bakarra dago parke nazional guztian, Pallasjärvi aintzira hain zuzen; hala ere, zingira eremu asko daude, bertako animaliak elikatzen diren intsektuen habitat gogokoenak. Bertan ikus daitezkeen landareen artean, orkideak, ur-hirustak, eta Scheuchzeria palustris, Carex lasiocarpa eta Carex limosa landareak. Hala ere, parke nazionalaren azaleraren ehuneko handiena baso zahar eta zabalek osatzen dute. Taiga edo baso boreala da nagusi eta zuhaitz ohikoenak, haltzak, izeiak, makalak, pinuak, sahatsak, otsagereziondoak eta urkiak dira; 500 metro goitiko ingurunetan ordea, Finlandiako zuhaitzik gabeko tundra eremu bakanak daude. Elurrak parkeko lurra estaltzen du urritik maiatzera arte, eta udaberrian, bertako ahabiak, aingeru-belarrak eta ereinoztxoak hazten dira [11].

 
Elur-orein arra basoan.

Iruditegia aldatu

Erreferentziak aldatu

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu