Buztanikara zuria[1] (Motacilla alba) motacillidae familiako hegazti paseriformea da, Eurasian eta iparraldeko Afrikan bizi dena.[2]

Buztanikara zuri
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
KlaseaAves
OrdenaPasseriformes
FamiliaMotacillidae
GeneroaMotacilla
Espeziea Motacilla alba
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Zabalera0,26 m
Eguneko zikloaeguneko
Motacilla alba alba

Euskal Herrian oso arrunta den zuri-beltz koloreko txori honek gorputz arina eta isats eta hanka luzeak ditu. Habiagile arrunta Euskal Herri osoan. Zelai eta landa eremuetan ez ezik, gizakiagandik gertu ere aurkituko dugu askotan: teilatuetan, huntzez estalitako paretetako zuloetan, errepide bazterretan, herriguneetako berdeguneetan, golf zelaietan...[3][4] 18 cm luze da eta 23 gramo pisatzen du. Ohitura du alarma ohatsekin belatzak, belatz gorriak eta zapelatzak salatzeko, baita beraien atzetik joateko eta egiteko ere.[5]

Letoniako hegazti nazionala da.

Deskribapena

aldatu

Euskal Herrian zehar ohikoa da, buztanikara zuria, duda gabe gure inguruko hegaztirik ezagunenetako bat da. Horri alde batetik bere lumaje kontrastatuak laguntzen dio, beltzean, zurian eta grisean oinarrituta, baina batez ere kokatzeko dituen lehentasunak, oro har gizakien eraikinetatik gertu egiten baitu. Herri edo baserrietan aurkitzen da, landutako eremuetan eta baita hiri handietan ere.

Espezie honetan arrak eztarria eta burua beltzak ditu, masailak eta kopeta izan ezik, zuriak baitira. Emea berarengatik bereizten da buruan kolore beltz motelagoa duelako. Neguan zein udan, helduek eta heldugabeek beheko zatiak zuriak dituzte, bizkarra eta ipurtxuntxurra gris argia eta buztan beltza, kanpoko errektrize zuriekin.

Buztanaren eta buruaren kulunka jarraitu eta urduriak espezie honetan, gainerako buztanikaretan bezain tipikoak dira.

Buztanikara zuriaren janaria, ia intsektuak dira soilik, lurrean lortzen ditu, nekatu gabe hainbat lekutan zehar ibiliaz, hala nola ibai ertzak, belarretarako zelaiak, laboreak, soroen arteko bideak, etab.

Hegaldi uhindua du eta, bai deia zein kantua, deiaren errepikapen gorgojeo bat da, nota berdinez osatua dago, “tchisuic” zorrotz bat.[6]

Biologia eta ohiturak

aldatu

Habia hainbat habitatetan egiten du. Zubi bateko horma bateko zuloan, teila azpian, ezpondetan eta baita beste txorien habi zaharretan ere. Emeak bakarrik eraikitzen du, adaxka, goroldio eta zurtoinekin, eta orban marroi txikiekin, bospasei arrautza gris jartzen ditu. Ia emeak bakarrik inkubatzen ditu 12 eta 14 egun bitartean.

Txitak 14 edo 15 egun habian igaro ondoren ateratzen dira, handik denbora gutxira eta askotan habia berean gurasoak berriz ere hazkuntza berriarekin hazten dira.

Bereziki sedentarioa den espeziea da, nahiz eta Europako populazio batzuk negua igarotzera eremu tropikaletara joan.

Banaketa, habitata eta estatusa

aldatu

Buztanikara zuriak banaketa-eremu zabala du Eurasia eta Afrikan zehar. Europan mediterraneoko ertzetik kontinentearen muturreraino, Artikoko ertzean. Iberiar penintsulan askoz ere ohikoagoa da iparraldeko eremuan gainerakoan baino.

Euskal Herrian banaketarik zabalena eta onena duen espezietako bat da. Oso ohikoa Kantauri isurialdean, itsas-mailatik 1000 m-tik gorako artzain-txaboletara ugaltzen dira, ia nonahi agertzen da, baso habitatean izan ezik, itxiegiak baitaude; eremu honetako landa-pasaia oso ondo datorkio, baserri sakabanatuak nonahi eta errekastotxo ugarirekin.

Kantauri azpiko eremuan antzeko egoera mantentzen du Arabako iparraldeko eremu hezeenetan; gero, uraren inguruan gehiago kontzentratzen da pasaiaren idortasuna areagotu ahala, joera hori areagotu egiten da mediterraneoko eremu lehorrean.

Uraren ondoan kokatu ohi dira eta/edo isolatutako etxe edo herrietatik hurbil, bertan habia egiteko leku egokiak eta lur irekiak aurkitzen ditu, hala nola, belardiak, laboreak, larreak, laharrak. Bideen, ibaien, erreken eta beste putzu batzuen ertzetan ibiltzen da janari bila

Beste izen batzuk

aldatu

Oinez ibiltzen denean buztan luzea gora-behera nabarmen kulunkatzen duenez beste hainbat izen ditu beti ibilkera horrekin lotuta. Adibidez: Bizkaiko herri batzuetan eperdikara eta txantxaloka izenak hartzen ditu.[7][8] Nafarroan ipurdantzari. Baina beste izen-aldaera asko ere jaso ditu: Apaiztxori, Buztainka, Buztalinkera, Buztanika, Buztanluze, Damatxori, Errekatxori, Ildotxori, Itzain-txori, Karreteratxori, Labradore, Txirrita, Urtxori.[4]

Taxonomia

aldatu

Buztanikara zuriak hamaika azpiespezie ditu:

Izena Hedapena Irudia
Motacilla alba alba Europa osoa, Iberiar penintsulatik Ural mendietara  
Motacilla alba yarrellii Britainia Handia eta Irlanda  
Motacilla alba dukhunensis Mendebaldeko Siberia eta ekialdeko Kaspiar itsasoa
Motacilla alba persica Iran  
Motacilla alba subpersonata Maroko
Motacilla alba personata Hindu Kush, Tian Shan, Altai mendiak  
Motacilla alba alboides Himalaia
Motacilla alba baicalensis Baikal eta Mongolia
Motacilla alba ocularis Siberia, ekialdeko Errusia eta Alaska
Motacilla alba lugens Ekialdeko Errusia, Kamtxatka, Kurilak, Sakhalin, Japonia  
Motacilla alba leucopsis Txina, Koreako penintsula, Taiwan, Japonia, India eta Ozeania  

Erreferentziak

aldatu
  1. Euskalterm: [Hiztegi terminologikoa] [2003]
  2. BirdLife International (2008). Motacilla alba. IUCN 2008. IUCN Red List of Threatened Species
  3. Jon., Larrañaga,. ([1996]). Euskal herriko fauna : (ornodun lehortarrak) : anfibioak, narrastiak, hegaztiak, ugaztunak. Elhuyar Kultur Elkartea ISBN 8487114091..
  4. a b Buztanikara zuria. Txoriak.eus (Noiz kontsultatua: 2017-08-30).
  5. de Vicente de Viana, Joseba Gurutz. (2009). Kristina Enea-Gladys Parkea. Historia-Flora-Fauna. Haritzalde Naturzaleen Elkartea, 524-525 or. ISBN 978-84-613-2455-2..
  6. (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomiu Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A., 232 or. ISBN 84-7542-639-5..
  7. «Eperdikara», Orotariko Euskal Hiztegia.
  8. «Txantxaloka», Orotariko Euskal Hiztegia.

Kanpo estekak

aldatu

Araozko kontuak


  Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.