Mokoker
Mokokerra (Loxia curvirostra) fringillidae familiako hegazti paseriformea da, Eurasia eta Ipar Amerikako basoetan bizi dena[1].
Mokokerra | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Aves |
Ordena | Passeriformes |
Familia | Fringillidae |
Generoa | Loxia |
Espeziea | Loxia curvirostra Linnaeus, 1758
|
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Masa | 2,95 g |
Zabalera | 29 cm |
Kumaldiaren tamaina | 3,5 |
Eguneko zikloa | eguneko |
Deskribapena
aldatu!6 cm inguruko fringilido handi bat da. Ez du silueta lirainik, buru mardula, gorputz sendoa eta buztan motz eta eskotatua, potolo itxurakoa. Honen ezaugarririk nabarmenena mokoa da, sendoa eta masailezurrak desbideratuak ditu, ixten dituenean, puntak ez dira bat etortzen, baizik gurutzatu egiten dira.
Mokokerren kolorean sexu-dimorfismo nabarmena dago eta hegaztiaren adinarekin ere kolorea asko aldatzen da. Ar helduek gorri-adreilu koloreko gorputza eta burua dituzte, ipurtxuntxurrean gainerakoan baino biziagoa, pintzelkada marroi batzuk ditu bizkarrean. Sabela eta subkaudal zuri-grisaxkak eta hegal eta buztan beltzaranak ohikoak dira bi sexuetan eta gaztetan.
Gainerakoan, emeek ez dute tonalitate gorririk; kolore orokor berdexka dute, berde-oliba-horixka kolorekoak, eta gazteak, lehen mudaraino grisaxkak dira. Gero ondorengo mudetan helduen kolorea hartzen joaten dira.
Biologia eta ohiturak
aldatuMokokerra taldekako ohituretakoa da eta oso zaratatsua. Talde txikitan mugitzen da etengabe bere apeua jaulkiz, “klip-klip” ozena, taldearen kohesioa mantentzen laguntzen diena.
Konifero mota guztietako hazietatik bizi da: alertzeak, pinuak, izeiak, zedroak eta zipresak, baina bereziki izei gorrien hazietatik (Picea abies), Gabonetako zuhaitza. Eskandinaviako eta Europa erdialdeko herrialdeetan baso handiak osatzen dituena.
Espezializazio horrek, mokokerren ohiturak eta anatomia ere modelatu ditu hein handi batean, koniferen fruitu-zikloak kontuan hartuta bizi da. Pinaburuak ugari diren urteetan, txorikume hauen populazioa asko handitzen da, gainpopulazio bat gertatzen da eta, batez ere oparotasun ondoren eskasia badator, bertako txori askok eremua utzi eta beste nonbait bilatu behar izaten dute janaria.
Eskasiako urte hauetan, Europa erdialdeko eta iparraldeko basoetako mokokerrak hegoalderantz eta mendebalderantz joaten dira, eta normalean okupatzen ez dituen eremuak inbaditzen ditu. Tokialdaketa masibo eta noizbehinkako hauek ez datoz bat migrazioekin, itzulerarik gabeko bidaiak baitira. Hegazti desplazatuek kolonizatzen dituzte lurralde berriak, baina oso gutxitan egokitzen dira. Normalean kolonia hauek ahuldu egiten dira eta azkenean desagertu egiten dira. Mokoaren egitura bitxia, halaber, pinaburu gogorrean ondo gordeta dauden koniferoen hazien kontsumora egokitzen da. Punta sendo eta gurutzatuek, pinaburua ireki eta urratzeko aukera ematen diote, gero mingainarekin pinoiak ateratzeko.
Mokokerrek habia koniferaren baten hostotza artean egin ohi dute, normalean nahiko goian. Elikadura mota dela eta, udaberriaren hasieran ugaltzen dira normalean, baita neguan ere, pinaburuak heltzen diren garaian.
Ohiko errunaldia, tindu berdexka edo urdinxkako 3 edo 4 arrautzakoa izaten da eta orban moreak edo arreak izaten dituzte. Emea ez da ia habiatik mugitzen txitaldian eta txorikumeen lehen egunetan, beharrezko neurria, izan ere, hazten diren garaiko tenperatura baxuek habiarekin amaituko lukete, baldin eta etengabe babestuko ez balituzke.
Jaiotzea 14-16 egun bitartean gertatzen da, eta txorikumeen hegaldia beste hainbeste egun geroago. Badirudi pinaburuak ugari diren urteetan bigarren habia bat hazten dutela.
Banaketa, habitata eta estatusa
aldatuMokokerraren banaketa eremua oso zabala da, baina etena. Paleartiko eta Ipar Amerikako eremu borealak, epelak eta mediterraneo-menditarrak hartzen ditu, betiere koniferoen basoei jarraituz. Europan, Eskoziako iparraldetik eta Eskandinaviako erdigunetik mediterraneoko ertzeko pinudi menditarretara. Isolatua, ia Iberiar mendi guztietan hazten du.
Zaila da espezie alderrai, ezegonkor, batetik bestera hazten den espezie honen benetako eremua zehaztea, elikagai ugaritasunaren edo gabeziaren arabera mugitzen dena, eta maiz beste hegazti batzuen ohiko garaitik kanpo ugaltzen dena. Han-hemenka ziur aski ugalduko dira Gipuzkoa eta Bizkaian, ikusi dira gazteak eta bikoteak, Monterrey pinuetan eta alertzeetan.
Isurialde kantauriarrean koniferoen basoek hartu duten hedadura ikusita, nahikoa dirudi espezie hau bertan modu iraunkorrean finkatu ahal izateko.[2]
Taxonomia
aldatuMokokerrak hainbat azpiespezie ditu[3]:
- Loxia curvirostra altaiensis (Sushkin, 1925)
- Loxia curvirostra balearica (Homeyer, 1862)
- Loxia curvirostra bendirei (Ridgway, 1884)
- Loxia curvirostra corsicana (Tschusi, 1912)
- Loxia curvirostra curvirostra (Linnaeus, 1758)
- Loxia curvirostra grinnelli (Griscom, 1937)
- Loxia curvirostra guillemardi (Madarasz, 1903)
- Loxia curvirostra himalayensis (Blyth, 1845)
- Loxia curvirostra japonica (Ridgway, 1884)
- Loxia curvirostra luzoniensis (Ogilvie-Grant, 1894)
- Loxia curvirostra meridionalis (Robinson & Kloss, 1919)
- Loxia curvirostra mesamericana (Griscom, 1937)
- Loxia curvirostra minor (C. L. Brehm, 1846)
- Loxia curvirostra poliogyna (Whitaker, 1898)
- Loxia curvirostra pusilla (Gloger, 1833)
- Loxia curvirostra reai (A. R. Phillips, 1981)
- Loxia curvirostra stricklandi (Ridgway, 1885)
- Loxia curvirostra tianschanica (Laubmann, 1927)
- Loxia curvirostra vividior (A. R. Phillips, 1981)
Erreferentziak
aldatu- ↑ Benkman, Craig W., Smith, Julie W., Keenan, Patrick C., Parchman, Thomas L. eta Santisteban, Leonard. "A New Species of the Red Crossbill (Fringillidae: Loxia) Idaho. "The Condor 111(1) (2009): 169-176
- ↑ (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomiu Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A., 311 or. ISBN 84-7542-639-5..
- ↑ Catalogue of Life[Betiko hautsitako esteka] (Ingelesez)