Eskinoso
Eskinosoa (Garrulus glandarius) Corvidae familiako eta Passeriformes ordenako hegaztia da, Paleartikoan oso hedatua. Tamaina ertaineko hegaztia da, deigarri-deigarria. Basoetan eta inguruetan ikusi ohi da, eta azkar hegan egiten du ezkutaleku bila. Ia Euskal Herri osoan aurki daiteke, hegoaldeko muturrean salbu.
Eskinoso | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Aves |
Ordena | Passeriformes |
Familia | Corvidae |
Generoa | Garrulus |
Espeziea | Garrulus glandarius Linnaeus, 1758
|
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Masa | 8,5 g |
Zabalera | 0,54 m |
Kumaldiaren tamaina | 4,6 |
Errute denbora | 18 egun |
Arrautza | |
Deskribapena
aldatuTamaina ertaineko hegaztia da: 32-34 cm-ko luzera, 53-58 cm-ko hego luzera, eta 183-206 gramoko pisua.[1] Itxura potoloa du, hego biribilduak, eta nahiko buztan luzea. Korbidoen artean, kolore deigarrienak dituen hegaztia da: arre edo arre-arrosa izaten du eta hego beltzak. Hegaz doanean, orban zuri deigarriak ikus daitezke hegoen azpialdean. Luma tertziarioak, gainera, urdin deigarriak izaten dira. Buztana beltza da, ipurtxuntxurra, zuria eta bibotera beltz luze bereizgarria izaten du, mokotik atzera hedatua. Haserretzen denean, kopeta eta buru-kaskoko luma zuri eta beltzak harrotzen zaizkio. Gazteen lumadia argixeagoa da.
Hots ohikoenak skraak karraka burrunbatsua eta miau oihua dira, zapelatz arruntarena bezalatsukoak.[2] Beste hegazti eta animalia batzuen kantu eta oihuak imitatzeko gauza da.[1]
Banaketa
aldatuHaren banaketa baso inguruneekin estuki loturik dago. Palearktikoan banaketa zabala du, Afrikako ipar-mendebaldetik Japoniaraino. Europa osoan umatzen da, Islandia eta Eskoziako iparraldean izan ezik [3].
Euskal Herri osoan bizi da, Nafarroako Erriberan eta Arabako Errioxan izan ezik. Baso hostozabalak, hariztiak batez ere, oso gogokoak ditu baino koniferoetan ere laketzen da. [4].
Habitata
aldatuBasoetako hegaztia da. Ez du baso jakin baterako hobespen orokorrik, baina hedadura handiko basoak nahiago ditu, txiki eta sakabanatuak baino. Hainbat ikerketak adierazi dutenez, ugal-garaian koniferoen basoak nahiago dituzte: neguan, aldiz, pagadiak.
Habiagintza
aldatuEz dute oso habia landurik egiten. Nahiko altuera apalean egiten dituzte, zuhaitz eta zuhaixken zurtoinetatik gertu. Oina adar eta zurtoinez osaturik egoten da, zementatzeko lur apur batekin bilduak. Habiaren barrualdea, berriz, belar lehor, ile eta sustraiez estaltzen dute.
Ugalketa
aldatuUgalketa-garaia apiriletik ekainera bitartean izaten da. Urtean errunaldi bakarra izaten dute eta orbandun kolore berdeko 3-7 arrautza erruten dituzte (ohikoena 5 arrautza errutea izaten da). Inkubazio-aldia 16-19 egunekoa da.
Ontogenia
aldatuTxitak hiru astez egoten dira habian, baina beste 6-8 astez gurasoen menpe bizi dira, habiatik kanpo izan arren. Ikerlariek 18 urtez bizi daitezkeela estimatzen dute, baina eraztuna jarri ondoren berreskuraturiko eskinoso zaharrena 16 urte eta 8 hilabetekoa izan da.
Bizimodua
aldatuKorbidoen arteko hegaztirik bakartiena da. Urte osoan zehar bikotekidearekin mugitzen da, neguaren bukaera eta udan salbu. Neguaren amaieran, ugalketa garaia hasi aurretik, eskinoso talde handiak biltzen dira. Udan, berriz, familia-taldeak izaten dira.
Euskal Herrian eta Europako hegoaldean espezie sedentarioa den arren, Europa iparraldean bizi direnek hegoalderantz migratzen dute, negu oso hotzak edota ezkur gutxiko udazkenak gertatzen direnean. Migrazio horretan talde batzuek Pirinioak igaro ditzakete.
Elikadura
aldatuGainerako korbidoak bezala, omniboroa da. Urtean zehar aurki daitezkeen elikagaien arabera, dieta asko aldatzen du urtarotik urtarora. Udaberrian intsektu eta ornodun txikiez elikatzen da batik bat, eta noizbehinka beste hegazti batzuen arrautzak jaten ditu. Udaberria eta uda igaro ahala, gero eta zereal eta fruitu mamitsu gehiago jaten du. Udazken eta neguko dieta ia guztiz landare jatorrikoa izaten da. Urtarootan, fruitu eta hazi-mota ugariz elikatzen da, baina ezkurrak janari gustukoenak ditu [1].
Ohiturak
aldatuEskinosoak udazkenean jatekoa gordetzeko ohitura du. Biltegietan hurrak, gaztainak, gereziak, ogia eta, batez ere, ezkurrak gordetzen ditu. Udazken bakar batean eskinoso batek 4.500-5.000 ezkur ezkuta ditzake. Biltegiak 3-5 cm lurpean egoten dira, orbel edo lurrez estaliak. Gordetako ezkur batzuk neguan edo udaberrian jaten badituzte ere, beste asko ernatu egingo dira. Era horretan, eskinosoak hariztiak hedatzen laguntzen du[1].
Zenbait inurritegitan pozik etzaten da: hor, hegalak zabaldu eta lumak harrotzen ditu, inurriak luma-tartera sar dakizkion. Inurriek erasoan azido formikoa botatzen dute, baina itxuraz hori gustatzen zaio: azido hori intsektizida ona omen da, eta horrela, lumak eta larruazaleko bizkarroiak hiltzen ditu. [4].
Erreferentziak
aldatu- Edukiaren zati bat EuskalNatura.eus webgunetik hartu da, copyrightaren jabeak onartu baitu hango testu-edukiak Euskarazko Wikipedian CC BY-SA 3.0 ES Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratzea, baldin eta iturria aipatzen bada (ikusi eztabaida orria).
- ↑ a b c d vertebradosibericos.org
- ↑ Sture Palmér eta Jeffery Boswall. A field guide to the bird songs of Britain and Europe. Swedish Radio Company, 1981
- ↑ Hagemeijer, W.eta Blair, M.(editoreak) The EBCC Atlas of European Breeding Birds. Their distribution and abundance. T & A D Poyser, 1997, Londres
- ↑ a b Eskinosoa Zientzia.net-en[Betiko hautsitako esteka]
Kanpo estekak
aldatu- Eskinosoa Zientzia.net-en[Betiko hautsitako esteka]
- (Ingelesez) Eskinosoa BirdLife-ren webgunean
- (Ingelesez) Eskinosoaren bideoak, argazkiak eta kantuak (Internet Bird Collection).
- EL BOSQUE HABITADO. El bosque de Ametzagaña. Mr Argoma-ren bideoa Ametzagaina basoko animaliekin: urtxintxa, amilotx mottoduna, kardantxiloa, eskinosoa, eta zozo leizismoduna (zuribeltza). Txikoria-belarra ere b