Francisco Durrio[1], jaiotzez Francisco José Juan Jorge Luis Durrieu Granier (Valladolid, Espainia, 1868ko maiatzaren 25a - Paris, Frantzia, 1940ko abuztuaren 30a) bilbotar eskultore eta zeramikagilea izan zen.

Francisco Durrio

Bizitza
JaiotzaValladolid1868ko maiatzaren 24a
Herrialdea Bizkaia
HeriotzaParis1940ko abuztuaren 30a (72 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakeskultorea, zeramikaria eta bitxi diseinatzailea
San Cosme.
Gran medallón con figura, diseinu eta egikera modernistakoa.
Máscara de hombre.
Bilboko Monumento a Arriaga monumentuaren atzealdea eta aurrealdea, Francisco Durriok egina. Konposizio bitxia du, ez baita omendutako pertsona, Arriaga, monumentuan ageri. Obra honek eskandalua sortu zuen Bizkaiko goi mailako gizartean, eta urte askotan ezkutaturik eduki zuten.

Biografia aldatu

Francisco Durrio Valladoliden jaio zen 1868an[2]. Gurasoak frantziar jatorrikoak ziren. Aita saskigile zuen; benetako deitura Durrieu zuen, abizen nahiko ezaguna Ipar eta Hego Katalunian. Bilbotarrek Durrio deitu zuten eta halaxe aurkeztuko zuen bere burua eskultoreak ere.

Bilbon gaztaroa igaro ondoren, 1888an Parisa jo zuen, Cosme Etxebarrietaren familiaren laguntzaz, eta han kokatu bazen ere, bidaia asko egin zituen ondoren Bilbora. Parisen zeramika-langintzari eta horretarako labeak prestatzeko ikasketei ekin zion.

1890 ondotxoan zeramika tailer bat jarri zuen Paristik hurbil, Saint-Prix herrian (Seine-et-Oise) eta Montmartren hartu zuen geroago bizilekua. 1894an gidari-lanak egin zituen Bilboko arte-eskolan ezagutu zuen Nemesio Mogrobejorekin. Haren eskutik ezagutu zituen Mogrobejok eskultura klasikoa eta arte molde berriak, eta haren bidez mamitu zuen dekorazio modernorako gustua, lan txikietan bereziki agertu zuena.

Bi lagun handi izan zituen Durriok Parisen elkartu ziren artista handienen artean: Paul Gauguin eta Pablo Picasso. 1890. urte aldera, Tahitira bigarrenez joan aurretik ezagutu zuen Gauguin, eta handik aurrera oso eragin handia izan zuen pintore frantsesak Durriorengan: haren bitartez ezagutu zuen estanpa pintura japoniarra, ondoko dekorazio lanetan berealdiko garrantzia izango zuena. Gauguinek berak ere miretsi zuen Durrioren gaitasun handia eta, ironiaz bada ere, horrelako zerbait adierazi nahi izan zuen behin, bere kalumniatzaileei buruz honako hau esan zuenean: eskulturan ere Pacoren ikasletzat hartuko naute horiek egunen batean. Adiskidetasun haren erakusgarri dira Gauguinek Paco Durriori eman zion obra sorta handia, bilduma handia (1919an Bilboko Museoan erakutsi zituen Durriok bilduma hartako hogei koadro, eta han utzi nahi izan zituen. Museoak, ordea, ez zituen onartu).

Bestalde, Gauguinek sarrarazi zuen Durrio inpresionismoaren ondoko pintura giroan, ondoren berak beste euskal artista batzuekin –Iturrino, Etxebarria, Zuloaga eta Arteta, esate batera– egingo zuen bezala.

Pablo Picassoren adiskidea ere izan zen, eta laguntza eman zion garai zailetan. Hala deskribatu zuen Fernande Olivier, Picassoren lehen emazteak: ...txikia eta biribila zen, bitxia, izaera sendokoa eta originala, artea maite zuen benetako artista... Bihotz handi bat. Hala ere, harreman haiek hoztu egin ziren Picasso kubismoaren bideetan barneratu orduko.

Francisco Durrio 1940. urtean hil zen Parisko ospitale batean, pobre eta gainerakoek ahantzia.

Lanak aldatu

Arte modernoaren euskal artista aitzindari nagusietakoa izan zen arren, egun ere, ez da behar bezala ezagutzen eta aitortzen haren balioa.

Durrio eskultorearen artea zeramika eta zilargintza alorretako dekorazio-obra txikietara makurtu zen batez ere eta aho batez aitortu zioten aditu guztiek haietan zuen maisutasuna. Hala ere, oso eskultura-lan gutxi egin zuen. Zergatik? Zailtasunei aurre egiteko ezgai zela leporatzen diote batzuek; beste batzuek, ordea, perfekzionista izugarria zela diote eta horren ondorioa litzateke zeramikan lortu zuen maila handia, eskulturara jakin batzuetan baizik eraman ez izana. Nolanahi ere, eskultura-lan handiak utzi zituen Durriok, gutxi izanagatik.

"Arriagaren monumentua" da lan aipagarriena. 1905ean, Juan Crisostomo Arriaga (1806- 1826) musikari bilbotarraren jaiotzaren mendeurrena zela eta, hari monumentu bat opatzea erabaki zuen Bilboko Udalak eta lehiaketa batera deitu zituen eskultoreak. Durriok irabazi zuen, Mogrobejo, Basterra, Torre eta beste eskultore handi batzuen aurretik. Lanean luzatu zen artista, eta 1911n aurkeztu zuen modeloa, baina ez omen ziren Bilboko agintariak oso gustura geratu eta sariaren bigarren zatia ez ordaintzea erabaki zuten. 1915ean eten ziren Durrioren eta Udalaren arteko harremanak, eta egin gabe geratu zen obra. Gorabehera askoren ondoren, 1932an heldu zioten berriro Durrioren proiektuari eta, ados jarri ondoren, 1933an inauguratu zen monumentua.

Prentsak ez zuen onez hartu obra hura; El Liberal izan zen harrera ona egin zion bakarra, beste zenbait egunkarik lerro gutxi batzuk eskaini zizkioten eta Euzkadi egunkari jeltzaleak bakar bat ere ez. Monumentuaren lehen harria Arenalean jarri bazen ere, Parkeko Pergolan inauguratu zen 1933an. Obra sinbolismoz betea da hau: Melpomene, Artearen Musa, brontzez landuriko emakume gazte biluzi sendoa, kexu eta pleinu ageri da zeruari begira,mugagabeko jainkoen aurrean, musikaria hain gazterik hiltzen utzi dutelako. Bularraren kontra daraman lirak gogorarazten du musika. Multzoaren oinarrian ageri diren irudiek –inspirazio iturria Egiptoko artean duten maskaroiak, esfinge moduan aurkeztuak– hileta eitea ematen diote multzoari, eta harroineko frisoetan txorien bitartez aurkezturiko pentagramak musikaren betierekotasuna ekartzen du gogora.

Forma biribil sendo horien soiltasunak, eta omenaldia omenduaren irudirik gabe egin izanak, ezaugarri horietako lehen monumentua eskultura-molde berritzaile bat dela frogatzen dute. Arriagaren Monumentuaren biluztasunak zentsura ekarriko zuen eta, gerra ondoren, 1975. urtea arte egon zen eskultura hori Arte Ederretako Museoko sotoetan. Gaur egun, museo horren atzealdeko parkean dago.

Paco Durrioren garrantzi handiko beste eskultura-lan bat Cosme Etxebarrieta familiaren mausoleoa da, Getxoko hilerrian. Durrioren mezenas izan zen garai batzuetan Etxebarrieta. 1923an aurkeztu zuen obra hau; ekialdeko arte moldeak gogorarazten ditu: arkitektura aldetik, lurpeko mastaba baten moduko barruti angelu-zuzena eratu zuen, obelisko bat kanpoaldeko gainaldean (hildakoaren laudorioa egin baino gehiago, gizakien sineste metafisikoen alegoria aurkeztu nahi izan zuen) eta dekorazioari dagokionez, Durriorengan hain eragin handia izan zuten txinatar eta japoniar eskulangintzako moldeen oihartzun gardena da burdinazko ateko behe erliebeetan aurkezturiko tximeleta sarea. Panteoiaren bi alboetako hormetan daude gainerako senitartekoen hilobiak, nitxoetan, eta erromatarren garaiko zoru-lan ederrak gogorarazten dituen mosaiko bikain bat zabaltzen da erdialdean. Eskultura aldetik garrantzi berezia du San Kosmeren irudiak: panteoiko hilobiaren gainean dago zutik, luze, mehe eta zuhur, burezur bat esku erorien artean, burua makur, pentsakor. Obra espresionista da bete-betean, dudarik gabe, baina ezezaguna ia-ia, dagoen lekuan dagoelako.

Durrioren eskultura-lanen erakusgarri dira, halaber, Máscara de hombre, Gauguinen pinturan eta arte moldeetan inspiraturiko busto guztiz adierazkorra, brontzean landua, eta mende honetako estetika espresionistaren araberako obra berezi bat, Cabeza de Cristo. Obra horiez gainera, 1920an aurkeztu zuen Parisko Udazkeneko erakusketan bere Temple de la Victoire, mosaikoz dekoraturiko obra harrigarria (Frantziako gobernuak erosi zuen obra hori). Bestalde, Francisco Durriok gutxik bezala landu zuen behe-erliebeen artea eta lan bikainak eskaini zituen alor honetan (Présentation de l’enfant au cabaret); maisutasun handiz modelatu zituen zeramikazko ontzi eta medailoi ikusgarriak, eta zilargin trebeenen arteaz landu zituen zintzilikarioak, eraztunak edo orratzak, dekorazioaren alorrean parekorik ez zuela erakutsiz.

Bilbon 1933an "Arriagaren monumentua" inauguratu zenean egin zioten omenaldia alde batera uzten bada, Durrioren lana ez da inoiz behar bezala ezagutu eta aitortu Euskal Herrian eta, bizitzaren amaieran ahantzi xamar zegoen arren, Frantzian egin zitzaizkion aitortza eta omenaldi beroenak: Ohorezko Legioa eman zion Frantziako gobernuak eta haren obren erakusketa bikaina opatu zioten Sèvresko zeramikagileek, maisuen maisutzat harturik.

Erreferentziak aldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Francisco Durrio