Georg Philipp Telemann
Georg Philipp Telemann alemaniar musikagilea eta organista izan zen (Magdeburg, 1681eko martxoaren 14a - Hanburgo, 1767ko ekainaren 25a).
Musika bere kasa ikasi zuen, partiturak aztertuz, J.B. Lully eta A. Camprarenak batez ere. 1701. urtean, zuzenbidea ikasten hasi zen Leipzigeko Unibertsitatean, baina laster utzi zituen ikasketa horiek, eta musika egiten hasi zen. 1704. urtean, Leipzigeko Unibertsitateko elizako organista izendatu zuten, eta bere kideekin batera, Telemann-Verein izeneko collegium musicum edo ikasleen musika taldea sortu zuen. 1708tik 1712ra Eisenacheko kapera maisu izan zen; 1712tik 1721ra Frankfurtekoa, eta 1721etik 1767ra Hanburgokoa.
1728. urtean Alemaniako lehen musika aldizkaria sortu zuen, Getreue Musikmeister. G.F. Haendelen eta J.B. Bachen adiskidea izan zen. Alemaniar, italiar eta frantses estiloak bildu zituen bere lanetan; poloniar eta ingeles musikagileen eragina ere izan zuen. Oso musikagile emankorra izan zen.
- 40 opera idatzi zituen, aipagarrienak: Sokrates egonarritsua (1721) eta Pimpinone, (1725)
- 44 pasio
- 12 kantata-sorta oso, urteko igande eta jai egun guztietarako
- oratorioak eta kantatak, aipagarrienak: Jesusen heriotza (1755); Israel askatua (1759); Mesias (1759); Eguneko orduak (1759); Pizkundea eta Igokundea (1760); Epaiketaren eguna (1762)
- 12 hileta
Erreferentziak
aldatuWikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Georg Philipp Telemann |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.