Kurdistango Langileen Alderdia

Kurdistango Langileen Alderdia (kurdueraz Partiya Karkerên Kurdistan, PKK) 1978an Turkian sortutako alderdi politiko ilegal armatua da, Konfederalismo Demokratikoa duena helburu. Haren adar armatuak Herri Defentsa Indarrak du izena. PKKren presidentea Abdullah Öcalan da, eta biziarteko kartzela-zigorrera kondenatua dago Turkian,[1] terrorismo eta separatismo delituak leporatzen diotela.

Kurdistango Langileen Alderdia
Partiya Karkerên Kurdistan (PKK)
BuruzagiaAbdullah Öcalan
Cemîl Bayik
Murat Karayılan
Sorrera1974
Egoitza nagusiaKandil mendiak
Ideologia politikoaKonfederalismo Demokratikoa
Nazionalismo kurdua
Sozialismo libertarioa
Komunalismoa
Feminismoa
Lehen:
Marxismo-Leninismoa
Nazioarteko kidetzaKoma Civakên Kurdistan
www.pkkonline.net

Historia

aldatu

Jatorria

aldatu

Turkiako kurduen askapen mugimenduak 60ko hamarkadan eman zen erradikalizazioan du bere jatorria. 1960an Turkiako ejerzituko ofizial batzuek, "Kemalista progresistak", estatu-kolpea eman zuten eta soldata minimoa, greba eskubidea eta elkartze eskubidea besteak beste onartuko zituen konstituzioa ezarri zen. Testuinguru horretan, sindikalista eta intelektual progresista batzuek TIP alderdia sortu zuten, estatuan ordurarte jazartuak ziren ideia sozialistak birsartu zuen alderdi erreformista. Turkiako langile klasearen artean lotura askorik ez izan arren, kurduen artean babes nabaria lortu zuena.

TIPeko kide kurduek, kurduen problematika konkretuaren inguruan eztabaidatzen hasi ziren eta honen ondorio bezala sortu zen DDKO erakundea.

Era berean Turkia osoan ezker borrokalari baten hazkuntza ematen ari zen, ikasle mugimenduak, sindikatu borrokalariak... Egoera horretan, iraultza kubatarrak eta maoismoaren influentziak oso eraginda, Turkiako lehen talde armatua sortu ziren, orokorrean Turkia neokolonia bat bezala ikusten zutenak eta lehentasun bezala estatu mailako iraultza "nazional-demokratikoa" egitea zutenak.

Testuinguru honek ekarri zuen PKKren sorrera. DDKOko kide zen Abdullah Öcalan eta beste gazte kurdu batzuk, aipatutako erradikalizazioak eragindakoak, ez zuten bere burua orduko ezein taldetan ikusten. Batetik, kritikoak ziren ezker turko erradikalarekin. Izan ere, mugimendu honetako askok kurduen jazarpena ukatzen zuten eta onartzen zutenen artean batzuek, bigarren mailakoa lehentasuntzat zuten, iraultza "nazional-demokratikoaren" osteko aferatzat. Bestetik, Başûr edo Hegoaldeko Kurdistanen Mustafa Barzanik gidatutako nazionalismo kurdu tradizionalak gidatutako gerrilak porrot egin zuen 1975ean Iraken aurka. Guzti honek Öcalan eta bere taldea hausnarketa batera eraman zuen, kurduen borroka ezin zuen ez turkiar ezkerrak ez nazionalismo kurdu tradizionalak gidatu.

1975ean talde honek agitazio kanpaina bat hasi zuen Iraultzaile Kurduak izenpean[2].

Sorrera

aldatu

Iraultzaile Kurduak taldea sortu eta urte gutxitara babes nabaria zuen lurralde kurduko hainbat hiritan. 1978an izenez aldatzea erabaki eta PKK sortu zen. PKK erresistentzia-erakundea kurduen eskubideak babesteko sortu zen 1978ko azaroaren 27an Fis herrian, Abdullah Öcalan ikaslearen ekimenez. Sozialismo iraultzailea eta abertzaletasun kurdua dira erakundearen jatorrizko ezaugarriak. 1984tik aurrera talde paramilitar gisa antolatu zen, eta Turkiako estatuaren eta militarren aurkako eraso armatuak egiten hasi zen, bai Turkian bertan, bai Turkiatik kanpo ere (Frantzia, Belgika, Irak). Hasieran, Siriaren eta Palestinaren laguntza izan zuen.

1984 eta 1997 bitartean 26.000 pertsona baino gehiago hil ziren Turkiako segurtasun indarren eta kurduen arteko borroketan. Borroka gehienak Turkiako hego-ekialdean gertatu ziren; hura izan da, Iran eta Irakeko zenbait eskualderekin batera, kurduen ohiko lurraldea. 1920tik 1991ra Turkiak debekatu egin zituen kurduen erakunde, argitalpen eta eskolak, eta baita hizkuntza bera ere. Denbora horretan, kurduek aldian behin matxinadak deituz aurre egin zioten asimilazioari.

1987an gobernuak larrialdi-egoera deitu zuen hego-ekialdeko bederatzi probintziatan, eta susmagarri oro atxilo hartzeko agindu zien soldadu eta poliziei. PKKk 10.000-15.000 gerrillari inguru zituen, eta beste 60.000-75.000 kide inguru zeuden laguntzeko prest, nekazari-inguruetako gazte pobreak gehienak. Gerrillaren jomuga nagusiak Turkiako segurtasun-indarrak eta gobernuari laguntzen zioten herritarrak ziren. Gobernuaren zapalkuntza areagotu ahala, PKKk gero eta kurdu gehiagoren babesa jaso zuen, ehunka mila izateraino, Turkian eta Mendebaldeko Europan zehar. Bien bitartean, Irakeko kurduen kontrako erasoek, Israelen eta Palestinaren arteko bake-prozesuak eta Sobietar Batasun ohiko errepublika batzuen burujabetasunak kurduen abertzaletasuna sendotu zuten.

1991n, Golkoko gerrak areagotu egin zuen gatazka Turkiako hegoaldean. Gerrak kalte handia egin zion Turkiaren eta Iraken arteko muga inguruko ekonomiari, eta garaileek kurduei eskaini zieten «segurtasun-eremua», Irakeko iparraldean, PPKren eta Turkiako armadaren borrokaleku bilakatu zen. Mendebaldeko indarrek Iraken mendeko kurduentzat autonomia eskatzen bazuten ere, babes eskasa eskaintzen zieten Turkiaren mendeko kurduei. Izan ere, Turkia aliatua baitute.

Tirabirak denboraldi labur batez baretu ziren Turkiako presidente Turgut Özalek Öcalanekin hitz egiteko baimena eman zuenean eta bertan behera utzi zuenean kurduen hizkuntza erabiltzeko debekua. Aurrerantzean, PKKk, burujabetasun osoaren aldarrikapena bertan batera utzita, autonomia eskatu zuen, Turkiako estatu federal baten barruan, eta alde bateko su-etena deklaratu zuen 1993ko martxoan. Handik egun gutxira, baina, apirilean, Ozal hil zelarik, bake-hitzarmen baterako esperantzak desagertu egin ziren. Maiatzean hasi ziren berriro borrokan. Udan PKKko kideek turismoguneen eta hotelen kontra jo zuten, eta mendebaldeko 19 turista bahitu zituzten; aske utzi zituzten gero.

Turkiako gobernuak PKKko ustezko kideen kontra hartutako neurriak indartu egiten zuten kurduen atxikimendua PKKrekin, eta protesta handiak egin ziren Turkiak giza eskubideak zapaltzen zituelako. Turkiako gudarosteek Kurdistango ehunka herri hustu eta erraustu zituzten, eta herri horietako nekazari xumeak hirira, lanik gabe, joatera behartu. Gobernuak Kurdistango 70.000 herritar armatu zituen beren herriak PKKren erasoetatik «babesteko» eta su ematen zieten gobernuaren «laguntzari» uko egiten zioten herriei. Gerrillaren eta herrietako guardien arteko erasoez gainera, droga-trafikoarekin lotura izateko salaketa egiten hasi zitzaizkion elkarri.

Kurdistango langile eta iheslari asko Europako Mendebaldean bizi da egun. Alemanian indarkeriazko ekintzak izan ziren 1984an, eta Alemaniak PKK debekatu zuen 1993ko azaroan, zenbait erasoren ondoren. 1994 eta 1995. urteetan PKKk bonbaz eraso zien Alemaniako turkiarren negozio, egunkari, eta bestelako zentro eta kultura-erakundei. 1996ko martxoan, kurduen manifestazio handi baten ondoren, borroka gogorrak izan ziren alemaniar polizien eta kurduen artean: 100 polizia inguru zauritu ziren, eta 600 manifestari atxilotu zituzten.

Turkiako gobernua giza eskubideen inguruan zuen irudia hobetzen saiatu zen, eta PKK bakartzen ahalegindu zen, kurdu-talde moderatuekin negoziatuz eta erradikalak indarrez garaitzen saiatuz. Öcalanek alde bateko su-etena deklaratu zuen 1995eko bukaeran eta ostera 1996ko udaberrian. Gobernuak ez zuen elkarrizketarik onartu, eta 1997ko hasieran PKKren baseen kontrako erasoa jo zuen Irak iparraldean. 1999an, zenbait egunez desagertuta egon ondoren, Kenyako agintarien esku utzia izan zen Öcalan, eta Turkiako segurtasun-indarrek atxilo hartu zuten. Heriotza-zigorra ezarri zioten, baina PKKko buru eta erantzule zela onartu, hildakoen senideen barkamena eskatu eta indarkeria alde batera uzteko deia egin zuen berak. PKKk protesta baketsuak egiteko deia luzatu zien beren jarraitzaileei. 2000. urtean Giza Eskubideen Europar Epaitegian onartu egin zituen Öcalanek Turkiaren kontra aurkezturiko helegiteak.

2014ko azaroaren 24an, PKKk, 36. urteurrenean, «borroka epikoa» egin zuela eta Kurdistango askapen mugimendua «Ekialde Hurbil osoko herri zapalduentzat esperantza» bilakatu zela ekarri zuen gogora[3].

Turkiak, Estatu Batuek, Europar Batasunak, Kanadak, Australiak eta Zeelanda Berriak PPK talde terroristen zerrendan dute.

Ikus, gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu