Iparraldeko Afrikako kanpaina

Iparraldeko Afrikako kanpaina Bigarren Mundu Gerran suertatutako frontea izan zen, 1940ko irailaren 13an irekia (Italiak Egiptori eraso egin zionean) eta 1943ko maiatzaren 13an amaitua (Ardatzako azken tropak Tunisian errenditu zirenean). Izenak dioen bezala, Iparraldeko Afrikan gauzatu zen.

Iparraldeko Afrikako kanpaina
Bigarren Mundu Gerra
Mediterranear Frontea
Bernard Montgomery jeneral britaniarra tanke baten gainean.
Data1940ko ekainaren 10a-1943ko maiatzaren 16a
LekuaIparraldeko Afrika
EmaitzaAliatuen garaipena
Gudulariak
Erresuma Batua Britainiar Inperioa
Erresuma Batua Erresuma Batua
 Australia
 India
 Zeelanda Berria
Kanada
Hegoafrika Hegoafrikar Batasuna
 Hego Rhodesia
Egiptoko Erresuma
 Ameriketako Estatu Batuak
 Polonia
Frantzia Frantzia Askea
 Sobietar Batasuna
 Alemania
 Italia
Frantzia Vichyko gobernua
Aljeria
Tunisia
Maroko
Buruzagiak
Erresuma Batua Bernard Montgomery
Ameriketako Estatu Batuak George S. Patton
Ameriketako Estatu Batuak Lloyd Fredendall
Frantzia Marie Pierre Koenig
Alemania Erwin Rommel
Italia Rodolfo Graziani
Alemania Hans-Jürgen von Arnim
Galerak
Erresuma Batua 35 476 hildako[1]
Ameriketako Estatu Batuak 16 500 hildako[1]
Alemania 18 594 hildako[1]
Italia 13 748 hildako[1]

Kanpainaren garapena

aldatu

Hitlerren garaipenen aurrean, Mussolini ere ez zen geldirik geratu. 1940ko irailaren 13an, Libiako kolonia italiarretik Egipto (Erresuma Batuko kolonia) eraso zuten. Estrategikoki, oso gune garrantzitsua zen, Suezko kanalari esker ekialdeko Commonwealtheko herrialdeek (Indiak, Zeelanda Berriak edo Australiak besteak beste) hornigaiak eta armak garraiatu ahal izaten zituzten Britainia Handira. Italiarrek mendebaldeko eskualde txikia okupatu ahal izan zuten, Sidi Barrani hiri egiptoarrean defentsak paratuta. Alabaina, abenduaren 9an, britaniarrek kontraerasoa burutu zuten. Italiarrek El Agheila (Libia) hirira egin behar izan zuten atzera.

Italiako armadaren porrota zela medio, Hitlerrek errefortzuak bidali behar izan zituen ipar Afrikara. 1941eko otsailean, Afrika Korps izenpean lehenengo tropa alemaniarrak iritsi ziren Libiara, Erwin Rommel jeneralaren agindupean. Hasiera batean, arerioen erasoen aurrean egoera gordetzeko agindua baino ez zeukan Rommelek. Baina erresistentzia ahula jaso zuela ikusita, erasoari ekin zion, britaniarrak Egiptoko mugaraino eraman arte. Hainbat alferrikako kontraerasoren ostean, abenduaren 18an, britaniarrek Gurutzatu Operazioa (ingelesez: Operation Crusader) burutu zuten, non udaberrian galdutako lurralde osoa berreskuratu zuten.

Gurutzatu Operazioa zela eta, Afrika Korpsek atzera egin behar izan ostean, bazirudien alemaniarren porrota erabatekoa zela. Nolanahi ere, Ekialde Hurbileko hainbat gatazkak Ipar Afrikatik tropa batzuk eramatera behartu zituzten britaniarrak. Bitartean, Ardatzak hornigai bidaltzeari ekin zion berriro Tripolitik.

Rommelek, orduan, 1942ko urtarrilaren 21ean bigarren erasoa jarri zuen martxan. Gazalaraino eraman zituzten aliatuak, eta horren ostean, Egiptoraino, non Alam Halfa bataila burutu zen (uztailaren 1tik 27 arte). Alemaniarren aurreratzea geldiaraztea lortu arren, tropa eta mota guztietako hornigaiak igorri zituzten aliatuek, porrotak ekar litzakeen ondorioen beldurrez.

Gainera Bernard Montgomery 8. armada britaniarraren buru izendatu zuten. Urrian iritsita, soldaduen kopuruaren aldetik aliatuen nagusitasuna jadanik agerikoa zen. Urriaren 23tik azaroaren 4 arte El-Alameingo gudua burutu zen, non aliatuek garaipen osoa eta erabakigarria eskuratu zuten. Afrika Korpsetik geratzen zen apurra Libia eta Tunisia aldera abiatu zen ihesean.

Azaroaren 8an Zuzi Operazioa (ingelesez: Operation Torch) burutu zuten aliatuek (AEBek eta Erresuma Batuak batik bat) Aljeria eta Maroko gaineko kontrola bereganatu nahian, Casablancan, Oranen eta Aljerian batera lehorreratuta. Gainera, alemaniarrei atzeraguardiatik eraso egitea espero zuten, Ipar Afrikako kanpaina azkar amaitzeko. Aljeria eta Moroko Vichyko Gobernuaren mendean egon arren, oso erresistentzia urria erakutsi zuten, eta berehala Henri Giraud jeneral frantsesaren agindupean geratu ziren. Ondorioz, Hitlerrek Vichy Gobernuko Frantzia okupatu zuen.

Tunisiako tropa alemaniarrak zein italiarrak inguratuta geratu ziren aliatuek mendebaldetik eta ekialdetik aurrera egiten baitzuten. Abendurako Ardatzako egoera larria zen oso, baina eskarmentu txikiko tropa estatubatuarrak garaituta (Kasserineko igarobideko bataila, 1943ko otsailaren 19tik 25 arte), uste baino luzeago iraun zuen alemaniarren erresistentziak. Azkenean, aliatuen nagusitasunak, bai hornigaien aldetik bai soldaduen aldetik, Ardatzaren porrota ekarri zuen, eta 1943ko maiatzaren 13an, 250.000 soldadu alemaniarrak eta italiarrak errenditu ziren.

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d (Ingelesez) Clodfelter, Micheal. (2017). Warfare and Armed Conflicts: A Statistical Encyclopedia of Casualty and Other Figures, 1492-2015. (4. argitaraldia) McFarland, 448 or. ISBN 978-0786474707..

Kanpo estekak

aldatu