Henry David Thoreau
Henry David Thoreau (Concord, Massachusetts, 1817ko uztailaren 12a - 1862ko maiatzaren 6a) estatubatuar filosofo, idazle eta naturalista izan zen. Batez ere, bi liburuk egin dute ezagun: Walden, inguru naturalean xumeki bizitzeko hausnarketa, eta Civil Disobedience, estatu bidegabe baten aurrean desobedientziara jotzeko argudioak jasotzen dituen saiakera.
BizitzaAldatu
Bizitzan zehar hainbat lanbide izan zituen: arkatz ekoizle (aitaren negozioa), irakasle, "ekaitz ikustatzaile" —lanbide horren berri Walden liburuan ematen du— jardun zen, baina egindako jarduera guztien artean, idazlearena gailentzen da.
Herman Melville edo Mark Twainen garaikidea izanda, haiekin batera iparramerikar literaturaren sortzailetarikoa dugu. Saioa eta olerkigintza landu zituen bereziki. Saioetan haren pentsamendua, gizarte- eta giza-harremanen ikuspuntua islatzen du. Gaur egun nabarmen agertzen zaizkigun industria-gizartearen gabeziak aurreikusi zituen XIX. mendearen erdialdean. Nahiz eta industria-bilakaera eta -garapenaren garaian hazi, Thoreauk, garaikide askok ez bezala, ez zuen teknologiarekiko lilura edo federik izan.
Izadiarekin bat egiten duen bizimodu apal eta xumea aldarrikatzen zuen, eta ideia horiek goraipatu ezezik, praktikara eraman zituen.
WaldenAldatu
Izan ere, 1845eko uztailaren 4tik 1847ko irailaren 6a bitartean, bi urte igaro zituen Walden basoan, berak eskuz eraikitako etxola batean. Bi urte horien bizipen, arazo eta pasadizoen berri 1854. urtean argitaratu zen "Walden, the life in the woods" delako liburuan eman zuen, zeina bere lan ezagunena den. Liburu honetan hainbat gai landu zituen, horietan betiere gizabanakoen beharrizanak neurtu eta haiek asetzeko beharrezkoa den lana aztertu zituen.
Waldenen, lehendabizi gizartearen kritika zorrotza egiten hasi zen. Haren ustez, behar baino erosotasun gehiagoz hornitzen saiatzen dira gizakiak, eta jarrera horrek erraz saihestu daitezkeen hainbat betebeharretara daramatza. Bide horrek alferrikako lanak besterik ez du ematen, eta bizitzaren funtsezko mamitik urruntzen gaitu. Bidegabekeria honetatik ateratzeko, Thoreauk naturarekiko elkartasuna eta bakartasunean oinarria duen norbanakoaren askatasuna aldarrikatzen du, eta bizimodu horren lan eta errentagarritasuna aztertu ere egiten ditu. Gizarte nahiz ekonomiari buruzko iritziak alde batera utzita, ondoren basoan eguneroko bizitzaren azalpenari ekiten dio; atal honetan izadia eta haren boterea eta edertasunaren lilura dario hainbat orrialderi.
Walden basoan bizi zela, gobernuaren funtzionario batekin talka bat gertatu zen, zergak ordaintzeari uko egin zionean. Izan ere, Thoreauk ez zegoen Mexikoko Gerra aurrera eramateko prest, ezta esklabotza onartzen zuen gobernu bati laguntzeko ere. Hika-mika horren ondorioz, kartzelaratu eta hurrengo egunean askatu zuten, lagun batek fidantza ordaindu ostean.
Desobedientzia zibilaAldatu
Haren pentsaera politikoa argi eta garbi utzi zuen "Resistance to civil Government" liburuan. Gobernuaren betebeharra eta haren eragina aztertzen ditu gizakion bizitzan. Kaltegarri deritze gizabanakoek burututako jardueretan gobernuak eragiten dien ondorioei. Haren ustez, gobernu batek zenbat eta gutxiago agindu, hobea izango da, eta gobernurik hoberena inolako aginterik ez duena dela ere idatzi zuen . Hau esanda, zenbaitek anarkistatzat hartu izan du Thoreau, baina Thoreauk, nahiz eta estatuari nahiz gobernuari muzin egin, ez du haien desagerpena aldarrikatzen. Haren esanetan: "ez dut gobernuaren desagerpena eskatzen, baizik eta gobernu hobe bat". Thoreauren ustez, estatu baten aginteak ez du sekula biztanleriaren nahia gainditu behar, eta hala balitz, orduan biztanleriak ez lituzke bidegabekeriatzat deritzen legeak zertan jarraitu.
Haren pentsaera Gandhi edota Martin Luther Kingen ideien iturritzat jo izan dute.
LanakAldatu
- The Service (1840)
- A Walk to Wachusett (1842)
- Paradise (to be) Regained (1843)
- The Landlord (1843) [3]
- Sir Walter Raleigh (1844)
- Herald of Freedom (1844)
- Wendell Phillips Before the Concord Lyceum (1845)
- Reform and the Reformers (1846-8)
- Thomas Carlyle and His Works (1847)
- A Week on the Concord and Merrimack Rivers (1849) [4]
- Civil Disobedience (1849). Euskarazko bertsioa: Desobedientzia Zibila (Potxo, 2010)
- An Excursion to Canada (1853) [5]
- Slavery in Massachusetts (1854)
- Walden (1854)
- A Plea for Captain John Brown (1859)
- Remarks After the Hanging of John Brown (1859)
- The Last Days of John Brown (1860)
- Walking (1861) [6][7]
- Autumnal Tints (1862) [8]
- Wild Apples: The History of the Apple Tree (1862) [9][10]
- Excursions (1863)
- Life Without Principle (1863)
- Night and Moonlight (1863) [11]
- The Highland Light (1864) [12]
- The Maine Woods (1864) [13]
- Cape Cod (1865) [14]
- Letters to Various Persons (1865)
- A Yankee in Canada, with Anti-Slavery and Reform Papers (1866)
- Early Spring in Massachusetts (1881)
- Summer (1884)
- Winter (1888)
- Autumn (1892)
- Misellanies (1894)
- Familiar Letters of Henry David Thoreau (1894)
- Poems of Nature (1895)
- Some Unpublished Letters of Henry D. and Sophia E. Thoreau (1898)
- The First and Last Journeys of Thoreau (1905)
- Journal of Henry David Thoreau (1906)[15]
Kanpo estekakAldatu
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Henry David Thoreau |