Harry S. Truman
Harry S. Truman (Lamar, Missouri, 1884ko maiatzaren 8a - Kansas City, Missouri, 1972ko abenduaren 26a) estatubatuar politikaria izan zen. Estatu Batuetako 33. lehendakaria izan zen 1945-1953 bitartean.
Bizitza
aldatuLehen Mundu Gerran kapitaina izan zen Estatu Batuek Europara bidalitako gudarostean. 1920ko hamarkada hasieran, Alderdi Demokratan sartu zen. 1934an, eta 1940an berriro, senatari hautatu zuten. 1944an Roosevelten lehendakariorde hautatu zuten eta, lehendakaria hil zenean, 1945eko apirilean, lehendakaritza eskuratu zuen.
Bigarren Mundu Gerra amaitu zuen, bonba atomikoak Japonian jaurtitzeko agindua eman zuenean (Hiroshima, 1945eko abuztuaren 6a; Nagasaki, 1945eko abuztuaren 9a). Barne-politikan, funtsean, Roosvelten New Deal politikari jarraitu nahi izan zion, baina Kongresuan nagusi ziren errepublikazaleak aurka izan zituen horretan. Kanpoaldean Sobietar Batasunarekiko tentsio gero eta handiagoak Gerra Hotza ekarri zuen. 1947an, Europako mendebaldeko herrialdeentzako laguntza ekonomikoa abiarazi zuen (Marshall plana).
1948an, lehendakari hautatu zuten berriro. 1949an, Trumanen ekimenez, Europa komunismoaren erasoetatik babestea helburu zuen NATO erakundea sortu zen. 1950ean, Ipar Korearen eta Hego Korearen arteko gatazka zela eta, gudarostea bidali zuen hara MacArthur jeneralaren agintaritzapean; hark, ordea, Txinan bonba atomikak jaurtitzea proposatu ziolarik, buruzagitzatik kendu zuen. Eisenhower izan zen hurrengo lehendakaria.
1949ko irekiera-hitzaldia
aldatuWikitekan bada UEUren liburu batetik ateratako testu zatia: Harry_S. Truman-en inaugurazio hitzaldia | |
Liburu osoa: Gaur egungo munduaren historia, 1945-2009 |
« | Amerikar herriak nahi du, eta horren alde lan egiteko gerturik dago, mundu bat non
nazio eta herri guztiak aske izango diren beren burua jaurtzeko berek erabakitako eran, eta mundu guztiak lortuko duen bizimodu dezente eta gogarakoa. Horren guztiaren gainetik, gure herriak nahi du, eta horren alde lan egiteko gerturik dago, mundu guztirako bakea —bake bidezko eta iraunkorra—, berdinen artekoa, askatasunez lortutako benetako hitzarmenetan oinarritutakoa. Asmo horiek guztiak lortzeko bidean, Estatu Batuek eta iritzi bereko beste nazio batzuek aurrez aurre eta aurka dute kontrako asmoak eta bizi-eredu erabat ezberdina dituen eraentza bat. Filosofia faltsu baten aldekoa da eraentza hori, askatasuna, segurtasuna eta aukera handiak eskaintzen dituen filosofia baten aldekoa. Filosofia horrek atzipeturik, herri askok beren askatasuna sakrifikatu dute minaren truke, irabazpide bakarra iruzurra eta atzipea, txirotasuna eta tirania direla ikasteko. |
» |
—[1]. Testu osoa irakurtzeko Wikisourcen duzu eskuragarri |
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Martínez Rueda, Fernando; Aizpuru Murua, Mikel. (2011). Gaur egungo munduaren historia, 1945-2009. Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 9788484383345..
Kanpo-estekak
aldatu