George Lacy Evans
Sir George de Lacy Evans (Moig, Limerick, 1787ko urriaren 7a – Londres, 1870eko urtarrilaren 9a) irlandar militar eta politikaria izan zen, Britainiar Armadan jeneral mailara iritsi zena.[1] Denbora luzez Erresuma Batuko Komunen Ganberako kidea izan zen.
Bizitza
aldatuGeorge de Lacy Evans Moigen jaio zen, Irlandako Limerick konderrian, 1787ko urriaren 7an. 1806an boluntario sartu zen Britainiar Armadan, eta Indiara bidali zuten. Iberiar Penintsulako Gerran parte hartu zuen, eta Gasteizko guduan ibili zen, Wellingtonen tropek armada napoleonikoa menderatu zutenean.
Tolosa Okzitaniako guduan parte hartu ondoren, Robert Ross jeneralaren estatu nagusian sartu zen. Haren agindura, Estatu Batuen aurkako gerran borrokatu zen 1814-1815 bitartean, eta protagonista izan zen britainiar tropek Washington eta Baltimore konkistatu zituztenean. Larri zauritu zuten New Orleansko guduan, 1815eko urtarrilaren 8an.[1]
Europara itzuli zen Waterlooko guduan parte hartzera, eta aurre aurrean ibili zen borrokan: bi zaldi hil zizkioten. Napoleon Bonaparteren aurkako azken gudaldi horren ondoren kapitain maila eman zioten. Bere kezka politikoen ondorioz, Parlamenturako aukeratu zuten 1830ean, eta hantxe ibili zen 1865ean politika betiko utzi zuen arte. Militarra izanik harrigarria bada ere, jarrera liberalen alde egin zuen, eta horrek ez zion galarazi karreran aurrera egitea.
Lehen Karlistaldian, Elisabet II.aren interesak defendatzera Espainiara bidalitako Britainiar Legio Laguntzailea gidatzeko ardura onartu zuen 1835ean. Armadako gorputz hura boluntarioz osatuta zegoenez, soldaduak trebatu behar izan zituzten, gehienek ez baitzuten batere esperientzia militarrik.
Gerrako gudu nagusietan gidatu zuen Legio Laguntzailea: Donostiako defentsan, 1835eko uztailean; Arlabango guduan, 1836ko urtarrilean; Oriamendiko porrotean, 1837an eta Pasaiatik Irunerako itsasertzeko lerroa menderatzean, urte bereko maiatzean. Garai hartan eraiki zuten britainiarrek Pasai Donibane gaineko Lord John Hay gotorlekua, Britainiar Itsas-Armadak Kantauri itsasoan zuen buruzagiaren izena jaso zuena.
Handik gutxira, zerbitzuan bi urte zeramatzanean, Britainia Handira itzuli zen, espainiar agintariek Legioa gidatzen jarraitzea nahi zuten arren. Londresa iristean, sir titulua eman zioten eta karrera militarrean mailaz igo zuten, gerrako zerbitzuen esker onez.
Lehen Karlistaldian parte hartu ondoren, jarduera politikora itzuli zen, armada utzi gabe. 1854an Ekialdeko Armadako 2. dibisioko komandante izendatu zuten Krimeako Gerran. Almako guduko garaipenean, funtsezkoa izan zen haren lana, eta zauritu egin zuten. 1855eko otsailean, Ingalaterrara itzultzean, Komunen Ganberaren zorionak jaso zituen gerra hartan izandako parte hartze bikainarengatik. 1861ean jeneral izendatu zuten.
Londresen hil zen 1870eko urtarrilaren 9an.
Erreferentziak
aldatu- Edukiaren zati bat Gipuzkoa Kultura webgunetik hartu da, webgune haren egile eskubideen jabe den Gipuzkoako Foru Aldundiak Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 (CC-BY-SA 3.0) lizentziarekin argitaratu baitu (ikus webguneko oharra).
- ↑ a b Murphy, David. Evans, Sir George de Lacy. The Dictionary of Irish Biography, dib.ie (Noiz kontsultatua: 2024-12-28).
Kanpo estekak
aldatu- Sir George De Lacy Evans. , XIX. mendeko historia militarra Euskal Herrian, Zumalakarregi Museoa, CC-BY-SA, zm.gipuzkoakultura.net