Santa Maria katedrala (Gasteiz)
Santa Maria katedrala edo Katedral Zaharra Gasteizko Alde Zaharrean dago, Buruileria plazaren gainean. Gasteizko hirigune historikoaren iparraldeko muga da. Alboan, izen bereko Santa Maria eliza du.
Santa Maria katedrala Katedral Zaharra | |
---|---|
UNESCOren gizateriaren ondarea Kultura ondasuna | |
Euskal Herriaren barnealdeko Donejakue bidea Alde Zaharra | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Araba |
Herria | Gasteiz eta Araba |
Koordenatuak | 42°51′03″N 2°40′21″W / 42.85076°N 2.67246°W |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | XIII. mendea |
Erlijioa | katolizismoa |
Elizbarrutia | Gasteizko elizbarrutia |
Izena | Maria |
Arkitektura | |
Estiloa | arkitektura gotikoa |
Azalera | 0,25 ha |
Gizateriaren ondarea | |
Erreferentzia | 669bis-018 |
Eskualdea[I] | Europa eta Ipar Amerika |
Izen-ematea | bilkura) |
BIC | RI-51-0000359 |
93 | |
Webgune ofiziala | |
|
Gasteizko jendartean Katedral Zaharra izenaz ezaguna da, Gasteizen XX. mendea eraiki zen Katedral Berriarekin ez nahasteko.
Deskribapena
aldatuSanta Mariaren eliza gotikoa Erdi Aroko erdigunearen iparraldean dago, hiriko gunerik garaienean, Suso hiribilduan, eta XIV. mendean eraiki zen, 1181. urteko gaztelu-elizaren gainean. Eraikuntza askea da, latindar gurutzeko oinplanoa duena eta hiru nabe; erdikoa eta altuera gehien duena gurutzadura handia du eta burualdean hiru kapera, ostikoen arteko espazio zabala aprobetxatuz. Hareharri zuriz egin zen, baina zenbait tokitan adreilua eta hargin-lana ere erabili izan zen. Eraikinaren elementu arkitektoniko garrantzitsuenak ataria eta portiko nagusia dira. XIV. mende amaierakoa da eta eskultura gotikoko adibide paregabea da. Sarrera arkiboltak dituzten hiru punta arkuen bitartez dago egina, janba eta dekoratutako tinpanoekin. Amabirjinaren imajina kokatzen den mainela du. Kaperetan estilo berriagoetako elementu erantsiak ikus daitezke, baita koruan, sakristian, dorrean eta atarian ere. Katedralaren ondoan, ekialdeko hormei itsatsita, XV. mendeko eraikin aipagarri bat dago. Eraikuntza hau, egun parrokia dena, Santiagoko Kapera izena du. Iparraldeko fatxadan eta Erdi Aroko obrari kontrajarriz, barrokoko eraikin eder bat dago, Kristo Santuaren Kapera alegia. Ederki landutako harlanduz eginda dago; toskanar pilastrek banatzen dute; goiko partea, aldiz, moldura duten baoez, obalo eta bolutez apaindua dago. Aipatu beharra dago barruko kapera desberdinen garrantzia; bertan margo-oihal, zizelkatze eta balio handiko hilobiak daude. Hasieran funtzio erlijiosoa eta gotorleku militar funtzioa nahastu egin ziren. Iparraldeko fatxadak harresi oihal handi birekin, ostiko azpiko erronda bideak, dorre poligonalak eta galeriek hala adierazten dute bederen.
Eraikuntzan erabilitako kareharria Trebiñuko Axarteko harrobitik eraman zuten.
Izen eztiaren erretaula
aldatuErretaula flandriarra da, mistoa: pintura eta eskultura; 1550 inguruan egina. Pedro Antonio de Gamiz enbaxadorearen dohaintza, Anberesko eskolakoa dela dirudi.
Arkitektura aldetik, fatxada eta etxetxoak darabiltzan erretaula-motakoa da, eta bankua, bi atal, hiru kale, eta goi-goian atiko bat dauka. Bankuan daude, hain zuzen ere, taula pintatuak. Kale arteko banaketa pilastra zabal batzuek egiten dute: kapitel joniarra daukate eta irudi antropomorfoz, oihal zintzilikatuz eta hainbat landarez daude apaindurik. Lehenengo atalean, etxetxoak karpanel erara daude laukiturik. Goiko aldean abar-itxurara daude apaindurik, eta osagarri modura, alboetan, giltzarrien lekuan, maskara batzuk ageri dira.
Erdiko horma-konka altuagoa da eta konplexuago apaindurik dago, antropomorfo eta landare-irudiz. Kale arteko pilastra korintoarrak oso-oso apaindurik daude: hainbat animalien irudiak, irudi antropomorfoak eta landareak. Bigarren atalean, zutabeak ageri dira: kapitela korintoarra dute, fusteak ildaskatuak dira goiko aldean, eta beheko aldea erliebez apaindurik daukate.
Alboko etxetxoak ere karpanel erara daude amaiturik, behekoak bezala, eta apainketa ere antzekoa dute. Erdiko horma-konka, ordea, gorantz luzaturik dago eta puntu erdiko arku bat dauka marko moduan; apainketa takotan egina, moldurak lobulatuak ditu, eta oso apainduta dago: antropomorfoak eta abarrak. Goi-goiko taulamenduak friso apaindua du eta erlaitza takez apaindurik dauka.
Ikonografia dela eta, bankuan pintura manierista batzuk daude: San Joakim eta Santa Ana tenplutik erauziak, aingerua San Joakimi berri ona ematen, eta San Joakim eta Santa Ana tenpluan limosna emanez. Lehen atalean, honako erliebe hauek: Jaiotza, Erdainkuntza eta haurraren aurkezpena; bigarren atalean, alboko eszenetako irudiak galduta daude (Jesukristoren haurtzaroko bi kontakizun ziurrenik), erdiko eszenan Ama Birjinaren lokartzea ageri da.
Erretaularen polikromia jatorrizkoa da, flamenko motakoa, eta hain zuzen ere, urre distirarazia eta urdin ilunaren arteko bikromia darabilen eta ezaugarri nagusi ere horixe duen motakoa. Toki jakin-jakineko batzuetan estofatu pixka bat ere badu, eta azal-kolorea matea da, olioz egina.
Erretaulak dituen zeinu adierazgarri batzuek flamenkoa dela erakusten dute: albo banatara, bigarren atalaren parean, bi esku ageri dira, erreta, eta gaztelu bat ere bai, edo hori dirudi behintzat; eta erdainkuntzaren eta aurkezpenaren erliebeen oinarrian beste esku txikiago bat, eskematikoa.
Estiloz, erretaula hau Lehen Pizkundekotzat hartzen da, baina –harrigarria da gero- apainketa manierista da, nahiz eta artean azkar izan horretarako. Apainketak, ziurrenik, Fontainebleauko jauregiko iztukuak ditu eredu-argi, eta gaietako batzuk garai hartako grabatu italiarretatik hartuta daudela dirudi.
Santa Anaren kaperan zegoen, baina gaur egun Gasteizko Eliz Museoan erakusgai dago.
Egitura arazoak
aldatuEraikinak egitura-arazoak ditu jaiotzetik. Jendaurreko itxieraren ondorioz, Zaharberritze Integraleko Plan Gidatzailea egiteari ekin zitzaion. Plan horren emaitzak 1998an argitaratu ziren, eta ezaugarri azpimarragarritzat du zaharberritze-lanen bisitagarritasuna, 'Obretan eta irekita' lelopean. Planak Europa Nostra 2002 saria jaso zuen, zaharberritze-ikasketa berezien kategorian. 1999an Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Gasteizko gotzaindegiak osatutako Santa Maria Katedrala Fundazioak egiten du kudeaketa.
Lanen finantzaketa Patronatuan dauden hiru erakundeen aldizkako ekarpenetan oinarritzen da, bai eta Eusko Jaurlaritzak horretarako sinatutako hitzarmenen bidez egindakoetan ere. Horri esker, berreskuratze konplexuari ekin dakioke, beharrezko malgutasunarekin eta metodologia-zorroztasunari eragin gabe. Era berean, Espainiako Gobernuak modu jarraituan eta nabarmenean babestu ditu egindako esku-hartzeen zati batzuk, nahiz eta irregularra izan, batez ere dorrean eta nabeetan.
Modu integralean zaharberritzeari ekiteak (ez soilik egiturazkoa, baita potentzialtasun funtzional eta kultural berriak kontuan hartuta ere) azal dezake erabakitako laguntza hori. Ondareari heltzeko modu berri honek, Europako Arkeologia Ondarearen Saria jaso zuen 2019an, Europako Arkeologoen Elkarteak (EAA) emana.
Beste laguntza instituzional batzuk, mezenasgo pribatutik datozenak ere bai, hirian finkatutako kultura-programa aberats bat aldi berean garatzeko aukera ematen ari dira (musika-kapera berreskuratzea, berreskuratutako eremuetan kontzertuak, eskola-unitate didaktikoak, gaikako hitzaldiak, etab.).
Jarduera horien artean, aipatzekoa da lehen aipatutako "Obretan eta Irekita" programa (C), Santa Maria Katedrala Fundazioak lehen aldiz erregistratutako leloa (eta metodoa), kanpoko proiekzio estimagarria lortu duena. Zenbait erakundek (Sevillako artzapezpikutza El Salvadorko kolegiatan, Madrilgo Erkidegoan, etab.) hainbat lekutan aplikatzea hitzartu dute, Fundazioaren beraren web orrialdean eta Santa María la Real Fundazioaren Ondare Kanalaren izen bereko leihoan adierazitakoaren arabera.
Azken urtekoak
aldatu- 1856 eta 1870ean, eraikinaren patologia larriak ikusita, Martin Sarazibar arkitektoak ostiko edo horma-bular bana itsatsi zituen tenpluaren kanpoaldean. Horretarako, bi kapera deuseztatu behar izan zituzten.
- 1960-1967 urte bitartean eraberritze lan batzuk egin ziren. Obra horietan, besteak beste, nabe nagusian zeuden ukondo-arkuak kendu zituzten, haien ordez tirante batzuk jarriz. Uste da aldaketa horrek patologia serioak eragin zituela katedralaren egiturarengan.
- 2000. urteaz geroztik, azken zaharberritzea egiten ari da, "Obretan eta Irekia" leloarekin. Zaharberritze arkitektonikoa ezezik, zientzia, kultura, turismoa eta hirigintza arloak ere jorratzen ditu.
- 2008ko urtarrilaren 9an Ken Follett galestar idazleak Gasteizko Katedralean "World Without End" bere liburu berria aurkeztu zuen, lana idaztean monumentu arabarrak inspiratu baitzuen.
Erreferentziak
aldatu- Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatuEuskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Gasteiz |
- Santa Maria Katedrala Fundazioaren webgunea
- Santa Maria Katedrala euskadi.net webgunean
- Erretaula: Kultura Ondasun izendapena EHAAn