Beatriz Pinheiro

Portugalgo idazle, poeta, editore eta intelektuala (1871-1922)

Beatriz Paes Pinheiro de Lemos (1871ko urriaren 29a1922ko urriaren 14a), Beatriz Pinheiro edo Beatriz Pinheiro de Lemos izenez ere ezaguna, idazle, poeta, editore eta intelektuala izan zen, eta baita Portugalgo emakumeen emantzipazio mugimendu modernoaren aitzindaria ere.[1] Bere senar Carlos de Lemos poetarekin batera, Portugalgo emakumeen egoera juridiko eta sozialari artikulu ugari eskaini zizkion Ave Azul: revista de arte e crítica aldizkaria argitaratu eta zuzendu zuen.[2]

Beatriz Pinheiro
Beatriz Pinheiro.png
Bizitza
JaiotzaViseu1871ko urriaren 29a
Herrialdea Portugal
HeriotzaLisboa1922ko urriaren 14a (50 urte)
Familia
Ezkontidea(k)Carlos de Lemos (en) Itzuli
Hezkuntza
Hizkuntzakportugesa
Jarduerak
Jarduerakidazlea, poeta eta editorea

BiografiaAldatu

Jaiotza eta familiaAldatu

Beatriz Paes Pinheiroren gurasoak Joaquim António Pinheiro posta-langilea, Elvas hirian jaioa, eta Antónia da Conceição Paes de Figueiredo, Viseu udalerriko Silgueirosen jaioa, izan ziren. Beatriz familiaren etxean jaio zen, Senhora da Piedade kalean, Viseun, Sé parrokian, 1871ko urriaren 29an. Burgesia txikiaren familia tradizional bat izan zen.[3]

Lehen urteak eta heziketaAldatu

Txikitan eta gaztaroan, Beatrizek hezkuntza arautua jaso ahal izan zuen. Bere adierazpenei esker jakin dugu bere jaioterrian bertan egin zituela lehen eta bigarren hezkuntzako ikasketak, etxean harpa jotzen ikasi zuela eta aktore afizionatu gisa parte hartu zuela zenbait piezatan Grémio de Viseu elkartean. Oraindik ere ikasle zela, poeta eta idazle gaztea kolaboratzen hasi zen Mocidade aldizkari akademikoan, bere senarra izan zen Carlos de Lemos poetak sortua. Garai hartan Carlos ikasle zebilen Viseuko Lizeoan, eta urte batzuk geroago bertako irakaslea ere izan zen.[4]

Beatrizek Zientzia eta Letren ikastaroarekin osatu zuen bere karrera akademikoa, eta handik gutxira, 1900ean, irakaskuntzan hasi zen.[5] Garai berean, Carlos Lemosekin batera, sortu eta zuzendu zuen Ave Azul arte eta kritika aldizkari literarioa, 1899 eta 1900 artean argitaratu zena.[6][7]

Ibilbide profesionala eta aktibismo politiko eta feministaAldatu

 
O Século egunkariaren gehigarria (1910 -05-12) Portugalgo Emakumeen Liga Errepublikanoko sufragistei buruzkoa (5. Ana de Castro Osorio; 6. Maria Veleda; 7. Beatriz Paes Pinheiro Lemos; 8. Maria Clara Correia Alves 13. Sofia Quintino 14. Adelaide Cabete; 15. Carolina Beatriz Angelo; 16. Carmo Joaquina Lopes)

Beatriz bat zetorren ideal errepublikazale, bakezale eta feministekin, eta hainbat ekimenetan parte hartu zuen: União das Senhoras Liberais de Viseu -ren sortzaileetako bat izan zen, 1901ean neska pobreen heziketa helburu zuen Escola Liberal João de Deus ikastetxea sortzeko diru-laguntzak bildu zituen eta hainbat artikulu idatzi zituen XX. mende hasierako gizarte portugaldarreko emakumearen egoerari buruz zenbait aldizkaritan, hala nola, A Beira, Nova Aurora (1900-1901), Almanaque das Senhoras (1901, 1916, 1924), A Crónica (1900 - 1906), O Garcia de Resende (1908 - 1909)[8], Albertina Paraísok eta Virgínia Quaresmak zuzendutako Alma Feminina (1907-1908) buletin ofizialean edo A Mulher e a Criança (1909-1911)[9] aldizkarietan. Artikulu horietan emakumeen eskubideak eta haien aldeko borroka aldarrikatzen zituen, haien artean bozkatzeko eskubidea, dibortzio-legea, maskulinotzat jotako lanbide eta arteetarako sarbidea, generoen arteko parekotasuna eta emakume ezkonduen independentzia ekonomikoa ere; horrez gain, feminismoa funtsezkoa zela azaltzen zuen, "emakumeak gizartean duintasunez bizitzeko modua izan zezan, bere lanaren bidez, babestuko zuen gizon baten beharrik gabe".[10] Gai horiez gain, Beatriz ekintzaileak haur guztientzako hezkuntza libre eta laiko baten garrantziaz ere idatzi zuen, Portugalen gizarte berri bat osatzeko, heziagoa, berdinzaleagoa eta Bake Unibertsala lortzeko gai izango zena.[11]

1910ean, Portugalgo Errepublika ezarri baino lehentxoago, eta jada Carlos de Lemosekin ezkonduta, Beatriz Paes Pinheiro de Lemos bere jaioterria utzi eta Lisboara joan zen bizitzera. Han frantses, geografia eta historiako behin-behineko irakasle gisa lan egin zuen Maria Pia lizeoan.

Hurrengo urteetan, aktibismo sozialaren alorrean idatzitako artikuluei eta burututako ekintzei esker ospe handia lortu zuen, batez ere hiriburuan. Horrela bada, Portugalgo mugimendu feministaren aurpegi ezagunenetako bat bihurtu zen eta esku-hartze asko izan zituen ekintza ugaritan, dibortzio legea onartzearen aldeko kanpainaz gain.[12][13] Bere militantzian, hainbat taldetan sartu edo kolaboratu zuen: Grupo Português dos Estudos Feministas (1907-1908), Liga Republicana das Mulheres Portuguesas (1908-1919), Ana de Castro Osório idazle eta kazetariak zuzendutako Associação de Propaganda Feminista (1911 -1918) eta baita Adelaide Cabete ginekologo eta aktibista errepublikar eta feministak sortutako Conselho Nacional das Mulheres Portuguesas taldean ere (1914 -1947). Horrez gain, Ana Augusta de Castilho, Ana de Castro Osório, Luthgarda de Caires, Joana de Almeida Nogueira eta Maria Veledarekin batera 1913an Budapesten (Hungaria) ospatu zen Women Suffrage Alliance erakundearen 7. Nazioarteko Kongresuan egon zen Portugalgo emakumeen batzordeko partaide gisa.[14]

MasoneriaAldatu

1915eko azaroaren 16an, Masonerian sarbidatua izan zen, Fiat Lux Logia masonikoan, eta hurrengo urtean, "Clemence Roger " izen sinbolikoarekin, Carolina Ângelo Logian sartu zen 1920ko urtarrilera arte.

BakezaletasunaAldatu

Beatriz Pinheiro bakearen aldeko ekintzailea izan zen. Alice Pestana idazle eta lagunak gonbidatuta, Portugalgo Bakearen Ligan sartu zen (1899 -1916), eta elkarte bakezalearen lehen berriemaileetako bat bihurtu zen oraindik Viseun bizi zela.[8]

Hala ere, urte batzuk geroago, bere ideal bakezaleak gorabehera, eta "Cruzadas das Mulheres Portuguesas" (1916-1938) ongintzazko mugimendua —Elzira Dantas Machado Lehen Damak sortua, Europako iparraldean zein Afrikako kolonietako lehen guda-lerroko Portugalgo Espediziokideei eta familiei laguntzeko helburuarekin— babestu arren, Lehen Mundu Gerran, 1916an, Beatriz Pinheirok Portugalek gerran parte hartzea defendatu zuen. Bere ustez, Portugalek, herrialde demokratiko eta errepublikano berri gisa, bere jarrera berretsi behar zuen, eta ez abstenitu, Europa eta munduaren aurrean, batez ere gerra egoera batean. Maria Pia Lizeoan egin zuen hitzaldia Portugalen parte-hartzearen aldeko ospetsuenetako bat izan zen, eta gero argitaratua izan zen, Propaganda Feminista Elkartearen bitartez, A mulher portuguesa e a guerra europa liburuan.[15]

HeriotzaAldatu

Beatriz Pinheiro 50 urte zituela hil zen, 1922ko urriaren 14an, Lisboan, parrokian, Rua do Barãoko 17. zenbakiaren 3. solairuan, bihotzeko lesio baten ondorioz. Herri bereko Cemitério do Alto de São João hilerrian lurperatu zuten.[16]

LanakAldatu

 
A Mulher Portuguesa e a Guerra Europeia (Emakume portugaldarra eta Europako gerra), Beatriz Pinheirok Liceu Maria Pia -n emandako hitzaldiaren bilduma (1916)

Beatriz Paes Pinheiro de Lemosek, bere bizitzan zehar, garai hartako aldizkari eta aldizkarietan hainbat kolaborazio idatzi zituen, bere izenez edo Cil ezizenez, baina horrez gain, honako lan hauen egilea ere bada: [1]

  • Serões póstumos (Hil osteko arratsaldeak) (Carlos de Lemosekin). Viseu: Typografia da Folha, 1899.[17]
  • O enjeitado (Umezurtza), ipuin laburra, Viseu: Ave Azul, 1899 .
  • A espera (Itxarotea), ipuin laburra, Viseu: Ave Azul, 1899 .
  • A Maria Corcunda (Maria Konkorduna) ipuin laburra, Viseu: Ave Azul, 1899 .
  • O crime (Krimena), ipuin laburra, Viseu: Ave Azul, 1899 .
  • Infanticida (Haur-hiltzailea), Viseu: Ave Azul, 1899 .
  • Oração (enquanto o meu filho dorme) (Otoitza, nire semeak lo egiten duen bitartean), Viseu: Ave Azul, 1899 .
  • Poema em memória do Dr. Simão Dias (Simão Dias Dr.aren oroimenezko poema) , poema, Viseu: Ave Azul, 1899 .
  • Os três cavaleiros (Hiru zaldunak), poema, Viseu: Ave Azul, 1899 .
  • Folhas d’um Álbum (Album baten orrialdeak), poema, Viseu: Ave Azul, 1899 .
  • Psyche, poema, Viseu: Ave Azul, 1899.
  • Flores garrettianas: homenagem ao primeiro centenário do nascimento do Visconde d'Almeida Garrett 1799-1899 (Lore garretiaak: Almeida Garrett bizkondearen jaiotzaren lehen mendeurrenaren omenaldia 1799-1899). Viseu, 1899 .
  • Cartas Abertas (Gutun Irekiak, Viseu: Ave Azul, 1900 .
  • Duas almas (Bi arima, ipuina, Viseu: Ave Azul, 1900.[18]
  • Chrysalida, poema, Viseu: Ave Azul, 1900 .
  • Através dos tempos (Aroetan zehar, ipuina, Viseu: Ave Azul, 1900 .
  • O obstáculo (Oztopoa, ipuina, Viseu: Ave Azul, 1900 .
  • Vae Soli, ipuina, Viseu: Ave Azul, 1900 .
  • Anhelia, poema, Viseu: Ave Azul, 1900 .
  • Duas almas (Bi arima), 1912 .
  • A mulher portuguesa e a guerra europeia (Portugalgo emakumea eta Europako gerra) . Lisboa: Associação de Propaganda Feminista, 1916 .

ErreferentziakAldatu

  • Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, portugesezko wikipediako «Beatriz Pinheiro» artikulutik itzulia izan da, 2022-03-17 data duen 63212880 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2022-03-17 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
  1. (Portugesez) Sousa, Martim De Gouveia E.. (2006). «Beatriz Pinheiro de Lemos e os direitos das mulheres» Revista de arte e crítica de viseu (Noiz kontsultatua: 2022-03-22).
  2. (Portugesez) «Ave Azul: revista de arte e critica [1899-1900»] hemerotecadigital.cm-lisboa.pt (HEMEROTECA DIGITAL) (Noiz kontsultatua: 2022-03-22).
  3. (Portugesez) Esteves, João. (2014-01-04). «Silêncios e Memórias: [0440. BEATRIZ PINHEIRO [I]»] Silêncios e Memórias (Noiz kontsultatua: 2022-03-22).
  4. (Portugesez) Silva, Innocencio Francisco da. (1894). Diccionario bibliographico portuguez: (9-12 do supplemento) Luiz de Campos-Zophimo Consiglieri Pedroso. Segundo supplemento. A-Antonio Maria Sande Vasconcellos. Na Imprensa Nacional (Noiz kontsultatua: 2022-03-22).
  5. (Portugesez) Nóvoa, António. (2003). Dicionário de educadores portugueses. Edições ASA ISBN 978-972-41-3611-0. (Noiz kontsultatua: 2022-03-22).
  6. (Portugesez) O Occidente: revista ilustrada de Portugal et do estrangeiro. 1899 (Noiz kontsultatua: 2022-03-22).
  7. (Portugesez) Nuova aurora, Edições 1-10. (Noiz kontsultatua: 2022-03-22).
  8. a b (Portugesez) Esteves, João. (2010). «Dos salões literários ao associativismo pacifista, feminista, maçónico, republicano e socialista - Lagos da República» lagosdarepublica.wikidot.com (Lagos da República) (Noiz kontsultatua: 2022-03-22).
  9. (Portugesez) «“Há gente que fica na História da história da gente e outras de quem nem o nome lembramos ouvir” (Jorge Fernando – Fado Chuva), verso que se aplica à Professora e Padagoga Beatriz Lemos.» Ruas com história 2016-01-21 (Noiz kontsultatua: 2022-03-22).
  10. (Portugesez) Esteves, João. (2014-09-12). «BEATRIZ PINHEIRO [II»] Silêncios e Memórias (Noiz kontsultatua: 2022-03-22).
  11. (Ingelesez) Bermúdez, Silvia; Johnson, Roberta. (2018-01-01). A New History of Iberian Feminisms. University of Toronto Press ISBN 978-1-4875-2008-3. (Noiz kontsultatua: 2022-03-22).
  12. (Portugesez) Silveira, Anabela Ferreira. (2017). O protagonismo de Beatriz Pinheiro na Revista Viseense Ave Azul (1899-1900), 77-95. Historiae, Rio Grande, 8.
  13. (Portugesez) Barros, Teresa Leitão de. (1924). Escritoras de Portugal: génio feminino revelado na literatura portuguesa. Tip. de A.O. Artur (Noiz kontsultatua: 2022-03-22).
  14. (Ingelesez) Bermúdez, Silvia; Johnson, Roberta. (2018-01-01). A New History of Iberian Feminisms. University of Toronto Press ISBN 978-1-4875-2008-3. (Noiz kontsultatua: 2022-03-22).
  15. Silveira, Anabela Ferreira. (2017). «O protagonismo de Beatriz Pinheiro Na revista viseense ave azul (1899-1900)» Historiæ (2): 77–95. ISSN 2238-5541..
  16. Livro de registo de óbitos da 1.ª Conservatória do Registo Civil de Lisboa (1922-09-21 a 1923-01-24). Arquivo Nacional da Torre do Tombo.
  17. (Portugesez) Cardoso, Nuno Catharino. (1917). Poetisas portuguesas: antologia contendo dados bibliograficos e biograficos àcêrca de cento e seis poetisas. Edição e propriedade do auctor (Noiz kontsultatua: 2022-03-22).
  18. (Portugesez) Puga, Rogério Miguel. (2020-05-15). Chronology of Portuguese Literature: 1128-2000. Cambridge Scholars Publishing ISBN 978-1-5275-5125-1. (Noiz kontsultatua: 2022-03-22).

Kanpo estekakAldatu