Atari:Hezkuntza/Bigarren Hezkuntza/Zientzia esperimentuak Txikipedian

Lantzeko laguntza eskatu
[[File:|285px]]
Lehen hezkuntza
+
Bigarren hezkuntza
+
Unibertsitatea
+
Tresna interesgarriak
+

Zientzia esperimentuak Txikipedian, etxean egin daitezkeen esperimentu zientifikoen azalpenak euskaraz, eta haurrek ulertzeko moduan, biltzea helburu duen proposamena da. Eguneroko materialekin egin daitezkeen zientzia esperimentuen oinarriak modu sinplean azaldu nahi dira, esperimentuen bidez, zientzia etxeko txikiengana hurbiltzeko.

Proposamen hau UEUko 2021-22 ikasturteko Irakasleen Prestakuntza Unibertsitate Masterraren baitan diseinatu da.

Proposamen honen bidez, Bigarren Hezkuntzako ikasleek zientzia esperimentuen inguruko testuak idatziko dituzte Txikipediarako. Ariketa honekin, ikasleek gaiak ondo ulertzeko eta laburbiltzeko aukera izango dute. Horretarako, aukeratutako gaiaren inguruko testu bat Txikipediarako moldatzea eskatuko zaie. Horrez gain, gaiarekin lotutako eta etxean egiteko moduko esperimentu zientifiko bat azaltzea ere eskatuko zaie. Era honetan, gaia, esperimentuaren oinarri zientifikoak eta esperimentuaren prozedura ondo ulertu eta barneratu dutela erakutsi dezakete, eurak baino gazteagoak direnei azalduz. Behin artikulua idatzita, hau zabaltzea ere proposatuko zaie, adibidez, Twitter-en argitaratutako txio bidez. Metodologia mota honi learning by teaching[1] edo irakaskuntza bidezko ikaskuntza deritzo eta helburu nagusia da ikaslea irakasle bihurtzea eta gai jakin bati buruzko azalpenak ematea ezagutza-maila txikiagoa duten ikasleei, kasu honetan planteatzen den bezala.

Kokapen orientagarria aldatu

Berrikuntza proposamen hau DBH 4. mailako ikasleekin egiteko pentsatuta dago, Biologia eta Geologia edota Fisika eta Kimika irakasgaietan lantzeko. Proiektua talde txikietan burutzea pentsatu da, 4 - 5 ikasleko taldeetan.

Planteamendua dela eta, aurrez aurreko nahiz online modalitaterako balio dezake, behin landuko den gaia definituta ikasleek era autonomoan burutzeko jarduera izango baita. Irakasleak jarraipena online egin lezake, Txikipedian argitaratutakoak sarean berrikusi baititzake. Hortaz, ohiko eskola dinamikaren baitan nahiz konfinamenduan zehar landu litekeen proposamena da.

Jardueraren iraupenari dagokionez, kurtsoan zehar edozein unetan landu litekeen zerbait da. Alta, ikasturtean zehar hainbat unetan plantea liteke: gai baten hasieran testuinguruan koka daitezen eta hasierako bilaketa bibliografikoa egin dezaten; edota gaiaren amaieran ikasitako guztia bildu eta barneratzen laguntzeko.

Landuko diren konpetentzia nagusiak aldatu

Jarduera honen bitartez, EAEko Heziberri 2020 Planak[2] jasotzen dituen oinarrizko zehar-konpetentziak eta diziplinari dagozkion konpetentziak landuko dira.

Oinarrizko zehar-konpetentziei dagokienez, guztiak landuko diren arren, bereziki komunikaziorako gaitasunak landuko dira:

  • Hitzezko, hitzik gabeko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako konpetentzia.
  • Ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia.
  • Elkarbizitzarako konpetentzia.
  • Ekimenerako eta espiritu ekintzailerako konpetentzia.
  • Norbera izaten ikasteko konpetentzia.
 
Oinarrizko zehar-konpetentziak eta Diziplina baitako konpetentziak EAEko Heziberri 2020 Planaren arabera.

Diziplina baitako konpetentziei dagokienez, zientziarako konpetentzia landuko da:

  • 3. Sistema eta fenomeno naturalak deskribatu, azaldu eta iragartzea, aplikazio zientifiko eta teknologiko nagusiak aztertzea jakintza zientifikoa modu koherente, egoki eta zuzen batean erabilita testuinguru pertsonal eta sozialetan, errealitatea ebidentzia zientifikoaren ikuspegitik ulertzeko.
  • 4. Zientzien oinarrizko kontzeptuak mundu naturalaren sistemekin eta prozesuekin erlazionatzea, eta horiei zentzua dakarkieten lege, eredu eta teorien bidez antolatzea lotura horiek, errealitatearen interpretazio zientifikoak eta izaera zientifikorik ez dutenak bereiztea, eta onartzea zientziak enpirikoki egiazta daitezkeen iragarpenak egiten dituela, zientziaren izaera eta emaitzak ulertzeko.

Proiektuaren garapena aldatu

Proiektuaren lehen fasean gaia aukeratuko da. Talde txikitan (4-5 ikasle) egiteko pentsatu denez, talde bakoitzak gai bat aukeratu eta horren inguruko artikulua moldatuko du Txikipediarako.

Irakasleak zenbait gai proposatu ditzake edo ikasleek bertan aukeratu dezakete haien interesekoa den bat. Hurrengo taulan landu daitezkeen hainbat gai eta horiei lotutako esperimentu batzuk txertatu dira:

 
1. irudia. Proposatutako gaiak eta esperimentuak.

Ondoren, ikasleek aukeratutako gaiaren inguruko informazioa bilatu beharko dute:

  • Aukeratutako gaiaren inguruko informazioa.
  • Gaiarekin lotutako esperimentuaren prozedura.
  • Esperimentuaren oinarri zientifikoak.

Behin gaiaren inguruko informazioa bilatu eta ondo ulertu ondoren, laburtu eta artikulua idatzi beharko dute horren inguruan Txikipediarako, haurrentzat zuzenduta. Aukeratutako gaiak dagoeneko Txikipedian sarrera baldin badu, horrekin lotutako esperimenturen bat gehitu lezakete.  

Horrez gain, esperimentua nola egin bideoz grabatu dezakete. Ariketa honekin, esperimentua hobeto ulertzeko aukera izango dute. Ahosketa, doinua eta erritmoa, arreta handiz zaindu beharko dute. Honela, haurrek esperimentuaren azalpena, modu erakargarri eta ulergarrian, eskuragarri izango dute. Bestalde, DBHko ikasleek esperimentua egiteko aukera izango dute, ikasitakoa praktikotasunera eramanez.

Azkenik, egindako lanaren zabalkundea egitea ere proposatzen da, adibidez, Twitter-en txio bidez idatzitako artikuluak partekatuz. Kasu honetan, garrantzitsua izango da txioa erakargarria izatea eta erabiltzaileak Txikipedia irakurtzera eta erabiltzera bultzatzea.

 
2. irudia. Proiektua gelaratzako pausuak. (1) Gaia aukeratu (2) Informazioa bilatu (3) Txikipediarako artikulua idatzi (4) Esperimentua azaltzeko bideoa grabatu (5) Artikuluaren zabalkundea Twitter bidez.

Ebaluazioa aldatu

Ikasleen lanak baloratzeko autoebaluazioa eta koebaluazioa planteatuko dira. Alde batetik, autoebaluazioak talde bakoitzak bere lana hobetzeko eta talde moduan nola funtzionatu duten baloratzeko tartea emango die. Bestetik, koebaluazioa, besteen lana baloratzeaz gain, besteek idatzitako artikuluei hobekuntzak proposatzeko ariketa moduan planteatu daiteke.

Hemen ebaluazio errubrika proposatzen da:

1. taula. Lan indibiduala eta talde lana ebaluatzeko proposatzen den ebaluazio errubrika.

Bikaina Oso ona Egokia Apala
Puntuazio indibiduala Ikaslearen interesa Gaiaren inguruko informazio desberdina sakonki aztertu dut eta oso ondo menperatzen dut. Gaiaren inguruko informazio desberdina irakurri dut eta gai ondo menperatzen dut. Gaiaren inguruko informazioa iturri desberdinetatik bilatu ez arren, gaia nahiko ondo menperatzen dut. Gaia ez dut nahikoa landu eta ondorioz ez dut ondo menperatzen.
Taldeari egindako ekarpena Taldeari ekarpen ugari egin dizkiot eta hauek oso esanguratsuak izan dira lanaren kalitaterako. Taldeari egindako ekarpenak esanguratsuak izan dira lanaren kalitaterako. Taldeari ekarpen batzuk egin dizkiot eta hauek lanaren kalitatea hobetzen lagundu dute. Taldeari ekarpen gutxi egin dizkiot eta ez dute lana bereziki hobetu.
Taldearen puntuazio orokorra Artikuluaren egokitasuna Informazioa kalitatea oso egokia da eta atalen arteko lotura oso argia da. Informazioa kalitatea egokia da eta atalen arteko lotura argia da. Informazioa kalitatea nahiko egokia da eta atalen arteko lotura ere. Informazioaren kalitatea eta atalen arteko lotura nahiko hobetu litezke.
Txikipediari egindako ekarpena Egindako ekarpena oso garrantzitsua da haurrentzako. Gaia oso esanguratsua da. Egindako ekarpena garrantzitsua da haurrentzako. Gaia esanguratsua da. Egindako ekarpena nahiko garrantzitsua da haurrentzako. Gaia nahiko esanguratsua da. Egindako ekarpena ez da oso garrantzitsua haurrentzako. Gaia ez da oso esanguratsua.
Artikuluaren zuzentasuna Azaldutako kontzeptuak eta ideiak oso ondo ulertu direla ikusten da. Ez dago ezagutza okerrik. Azaldutako kontzeptuak eta ideiak ondo ulertu direla ikusten da. Ez dago ezagutza okerrik. Azaldutako kontzeptuak eta ideiak nahiko ondo ulertu direla ikusten da. Okerren bat dago baina ez da esanguratsua. Azaldutako kontzeptuak eta ideiak ez dira ondo ulertu, ezagutza okerrak aipatzen dira.
Hizkuntzaren zuzentasuna Hizkuntza oso aberatsa eta zehatza da. Ez dago akatsik. Hizkuntza nahiko aberatsa eta zehatza da. Ez dago akatsik. Hizkuntza ez da aberatsa baina bai nahiko zehatza. Akats txikiren bat dago. Hizkuntza ez da aberatsa, zehaztasun falta dago eta akats nahiko daude.
Bideoaren koherentzia eta kohesioa Azalpenak oso argiak dira eta era oso ordenatuan eman dira. Azalpenak argiak dira eta era ordenatuan eman dira. Azalpenak nahiko argiak dira eta era ordenatuan eman dira. Azalpenak ez dira oso argiak eta atalen ordena ez da egokiena.
Bideoaren aspektu formala Ahozko adierazpena oso aberatsa eta zehatza da. Ez dago akatsik Erritmoa eta tonua oso egokiak dira. Ahozko adierazpena nahiko aberatsa eta zehatza da. Ez dago akatsik. Erritmoa eta tonua egokiak dira. Ahozko adierazpena ez da aberatsa baina bai nahiko zehatza. Akats txikiren bat dago. Erritmoa eta tonua egokiak dira. Ahozko adierazpena ez da aberatsa, zehaztasun falta dago eta akats nahiko daude. Erritmoa eta tonua hobetzeko.

Material osagarria aldatu

  1. [Testu bat moldatu Txikipediarako]
  2. [Hezkuntza/Bideo bat grabatu Txikipediarako]

Bibliografia aldatu

  1. Duran, D. (2017). Learning-by-teaching. Evidence and implications as a pedagogical mechanism. Innovations in Education and Teaching International, 54, 476-484. https://doi.org/10.1080/14703297.2016.1156011
  2. (OINARRIZKO HEZKUNTZAKO CURRICULUMA (236/2015eko Dekretuaren II. Eranskina Osatzen Duen Curriculum Orientatzailea)