Atari:Hezkuntza/Bigarren Hezkuntza/Ingurumen-gida

Lantzeko laguntza eskatu
Lehen hezkuntza
+
Bigarren hezkuntza
+
Unibertsitatea
+
Tresna interesgarriak
+

Proposamen didaktiko honen helburua da, Wikiliburuak erabiliz, Euskal Herriko naturaguneen eta biodibertsitatearen gida ilustratu bat osatzea modu kolaboratiboan. Proposamen hau Irakasleen Prestakuntza Unibertsitate Masterreko Master Amaierako Lanaren baitan diseinatu zen. Proposamenaren xehetasunak ezagutzeko eta sakonago aztertzeko jo 1. eranskinera.

Landutako konpetentziak aldatu

  • Proiektu honetan ikasleek sarean informazioa bilatzen eta aurkitutako informazioaren kalitatea ebaluatzen ikasiko dute.
  • Egile-eskubideak eta lizentziak ezagutuko dituzte, horiek errespetatzearen garrantziaz jabetuz eta euren lanetan aplikatzen ikasiz.
  • Wikipedia bezalako ingurune kolaboratibo batean taldean lan egiten ikasiko dute eta Wikipediaren edizioan trebatuko dira, edukiak sortuz eta horiek argitaratuz.
  • Hori guztia, Euskal Herriko biodibertsitatea eta naturaguneak ezagutzen dituzten bitartean landuko dute, euren ezagutza modu aktiboan eraikiz.

Proiektuaren garapena aldatu

Wikipediaren edizioan sekula aritu gabeko ikasleekin proposamena garatu ahal izateko, bi ataletan banatu da proposamena: batetik, prestakuntza unitate bat diseinatu da Wikimediako proiektuen edizioa eta edizio-arauak ezagutu eta praktikan jartzeko, eta bestetik, bigarren atal batean unitate didaktikoa bera.
Wikimediaren edizioan lehenago aritu diren ikasleekin proposamena martxan jarriz gero zuzenean bigarren atalera igaro daiteke. Hala ere, gomendagarria litzateke prestakuntza unitateko 1. jarduera burutzea, bertan Wikipediaren eta edizioaren inguruko aurre-ezagutzak aztertuko baitira galdetegi baten bidez, eta informazio garrantzitsua eskain diezaioke irakasleari proposamenaren inguruko erabakiak hartzeko.

Wikimedia editatzen aldatu

1. jarduera. Wikipedia, entziklopedia askea? Zer da Wikipedia zuretzat? Sekula erabili al duzu? Zertarako? Ikasleei galdetegi bat betetzeko eskatuko zaie, informazioaren kontsumo- eta ekoizpen-ohiturei buruz. Horrek ikasleen hasierako ebaluazioa egiteko balioko du. Galdetegiaren adibide bat 2. eranskinaren a) atalean aurki daiteke.

2. jarduera. Interneteko informazioa, fidagarria ote? Aurkitu al duzu sekula Wikipedian akatsik? Nola jakin dezakezu aurkitutako informazioa zuzena eta fidagarria den? Klasean berriki landutako gai baten inguruan testu bat prestatuko da. Testu horretan mota desberdineko akatsak txertatuko dira eta ikasleei akats horiek identifikatzeko eta arrazoituz azaltzeko eskatuko zaie. Jarduera honetan ikasleek aurkitutako informazioa ebaluatzen ikasiko dute.

3. jarduera. Zer ote da “C” hori? Zenbait egoera aurkeztuko zaizkie ikasleei. Egoera horiek egunerokoan nahiko ohikoak diren eta egile-eskubideen urraketekin lotutakoak izango dira, eta ikasleei taldeka egoera horien inguruan eztabaida egiteko eskatuko zaie. Ikasleei egunerokoan egile-eskubideek duten presentziaz ohartzeko eta horiek errespetatzeak duen garrantziaz jabetzeko balioko die, ohitura hobeak garatzen lagunduz.

4. jarduera. Azkar eta ondo… Jarduera honetan Wikipediaren edizioari ekingo zaio zenbait ariketa burutuz. Hezkuntza Atariko bideo tutorialak eta liburuxkak erabili daitezke erreferentzia gisa.

5. jarduera. Zer egin dezaket? Wikimediako proiektuek, hala nola Wikipediak, Wikimedia Commonsek edota Wikiliburuak-ek, lizentzia desberdinak darabiltzate euren edukiak partekatzeko, eta lizentzia horiek adierazteko sigla desberdinak erabiltzen dira. Baina zer dira lizentziak? Eta zer adierazten dute siglek? Jarduera honetan Creative Commons lizentziak ezagutuko dira eta lizentzia desberdinak identifikatzen eta aplikatzen ikasiko da.

Euskal Herriko ingurumen-gida aldatu

1. jarduera. Ingurumen-gida Wikipedian. Parte hartu nahi? Jarduera honen helburuak izango dira ikasleei arazo-egoera eta zeregina aurkeztea eta haiei ebaluazio-irizpideak eskaintzea, sekuentzia honetan zer eta nola landuko duten jakin dezaten. Zeregina, Wikiliburuak erabiliz, modu kolaboratiboan, Euskal Herriko naturagune babestuen eta biodibertsitatearen gida bat sortzea da. Gida hori osatzeko irudiak ere bilduko dira Wikimedia Commons biltegian. Emaitza Wikiliburuak liburutegian argitaratuko da. Ikus Euskal Herriko bidaia-gida erreferentzia gisa.

2. jarduera. Euskal Herriko eremu babestuak. Zein dira Euskal Herriko eremu babestuak? Nork babestu ditu? Zergatik babestu dira? Ikasleek sarean egingo dute bilaketa galdera horiei erantzuteko. Bilaketa egiteko ohitura onak garatzeko une egokia izan daiteke, hitz gakoen garrantzia azpimarratuz eta prestakuntza unitatean ikasitakoa praktikan jarriz.

3. jarduera. Proiektua diseinatzen. Ikasleek ingurumen-gidako artikulu bat garatuko dute taldeka. Proiektua oso zabal da eta artikulurako informazioa bilatzeari ekiterako oso garrantzitsua da talde bakoitzari dagokion gaia ahalik eta gehien zehaztea, aukeratutako gaiak ezarritako epean lantzeko modukoak direla ziurtatuz. Behin gaiak zehaztuta taldeek euren jarduna antolatuko dute. Taldean egoki lan egiteko, ezinbestekoa da taldekide guztiek argi izatea lanaren nondik norakoak eta, batez ere, norberari dagozkion zereginak. Horretarako, kontratu bana sinatzeko eskatuko zaie ikasleei, ardurak onartzen dituztela eta beteko dituztela, eta egile-eskubideak eta lizentziak ezagutzen dituztela eta errespetatuko dituztela adieraziz. Kontratuan jaso beharko dira, bestalde, baldintza horien urraketak izango dituen ondorioak. Adibide gisa ikus 3. eranskina.

4. jarduera. Proiektua gauzatzen. Proiektu honetan bi zeregin mota burutu beharko dituzte ikasleek. Batetik, informazio-bilaketa egin beharko dute, aurkitutako informazioa ebaluatuz eta aukeratuz, eta amaitzeko artikuluak idatziz, iturriak behar bezala aipatuz. Bestetik, artikuluak osatzeko argazkiak atera eta Wikimedia Commonsera igo beharko dituzte. Argazkiak ateratzeko irteera egingo da, eta horrenbestez, gaia aukeratzerako orduan garrantzitsua izan daiteke horretan pentsatzea, hurbileko gai bat aukeratuz.

5. jarduera. Proiektua ebaluatzen. Jarduera honetan lanak ebaluatuko dira. Horretarako, lehenik eta behin, galdetegi bat beteko da, garatutako lan-ohituren eta izandako esperientziaren inguruan. 2. eranskinaren b) atalean aurki daiteke adibide bat. Ondoren, egindako lanak ebaluatuko dira, eta kasu honetan koebaluazioa oso aberasgarria izan daiteke ikasleentzat. Taldekideen eta gainontzeko taldeen lanak ebaluatzeko bi errubrika diseinatu dira adibide gisa, 4. eta 5. eranskinak, hurrenez hurren.

6. jarduera. Zabal dezagun egindakoa! Irakaslearen eta beste taldeen ebaluazioa kontuan izanik, lana hobetzeko aukera eskainiko zaie ikasleei. Ondoren, ikasgela osoaren artean bitarteko digital bat aukeratuko da (ikastetxearen webgunea, bloga, sare sozialak…) proiektuaren berri emateko. Zer kontatu nahi duzue? Eta nola kontatuko duzue, testu bidez, irudi bidez…? Zein lizentziapean argitaratuko duzue?

Ebaluazioa aldatu

Proposamen didaktiko hau ebaluatzeko, batetik, irakasleei eskainitako baliabideek haien beharrak asetzen dituen aztertu behar da. Horretarako, gomendagarria litzateke irakasleak prozesuan zehar ikasleek izandako arazoak edota zalantzak modu laburrean idatziz jasotzea, horiei erantzuteko gai izan den edo ez adieraztea, eta zein baliabide behar izan duen edo zein baliabide beharko lukeen zerrendatzea. Ikasleek izandako arazoekin ez ezik, sortutako edozein gatazkarekin metodologia hori jarraitu liteke.
Jardueren egokitasuna ebaluatzerakoan, bestetik, bost irizpide izan behar dira kontuan, batez ere:

  1. Proposatutako iraupena errealista da eta ondo egokitzen zaio jarduerari.
  2. Proposatutako jardueraren zailtasuna egokia da eta bat dator ikasleen mailarekin.
  3. Proposatutako jarduerek eta jarduera-kopuruak ikasleen beharrei erantzuten diete eta egokiak dira amaierako zeregina modu onean burutzeko.
  4. Ikasleak jarduerak lantzean motibatuta agertu dira eta interesa erakutsi dute.
  5. Jarduerek aukera eskaintzen dute ikasgelako aniztasunari erantzuteko, ikasle desberdinen mailari, baliabideei edota bestelako ezaugarriei egokituz.

Proiektuaren amaieran, irakasleak edo proiektuaren arduradunak memoria bat idaztea gomendatzen da aurretik aipatutako puntuak jasoz. Ikus 6. eranskineko adibidea. Bertan jasotako informazioa oso garrantzitsua izan daiteke beste irakasle batzuk ere proiektu hau edo antzekoak martxan jartzen anima daitezen eta bidean aurki ditzaketen arazoei erantzuteko baliabideak izan ditzaten.

Baliabideak aldatu