Borrero

heriotza-zigorra burutzen duen pertsona

Borreroa (frantsesezko bourreau hitzetik) justizia publikoak ezarritako sententzia biolentoak gauzatzen dituen pertsona da: heriotza zigorra, mutilazioak, tortura edota zigor kolpeak. Kultura askotan profesionala izaten zen eta, batzuetan, funtzionarioa.[1][2]

Leonora Doriren exekuzioa, 1617an; borreroak lepoa moztu zion.

Kargu zibila izanagatik, maiz aitarengandik semearengana pasatzen zen. Izan ere, borreroak ospe txarra zuen gizartean eta ez zen gogoko lanbidea. Fama txarra zela eta, ez ziren ezkongai desiratuak, eta borrero-familien arteko ezkontzak ohikoak izaten ziren. Esaterako, Frantzian, Sansondarrak ezagunak izan ziren. Kasu batzuetan, aurpegia estalirik egiten zuen lan, lekukoek identifika ez zezaten, baina ez zen bereziki ohikoa.

Karguaren estigmatizazioa aldatu

Borreroarena zen ofizio guztietan gorrotatuena. Exekuzio bat zegoenean, plazak eta merkatuak betetzen ziren borreroa lanean ikusteko; baina gizon hura urkamenditik jaitsi orduko, denek bizkarra ematen zioten. Inork ez zuen traturik nahi torturatzen eta hiltzen eskuak ondu zituen zorigaiztoko gizaki harekin. Justizia publikoak beharrezkoa zuen borreroa, bere sententziak betearazteko, baina aldi berean mespretxatu egiten zuen. 1766an Esquilacheren bando famatua atera zenean, kapa luzea erabiltzeko debekatuz, borreroari bakarrik baimendu zioten gainjantzi luze hura jartzea, jantzi horrek herritarrengan nolabaiteko errefusa izan zezan.[2]

Ofizial publikoa izanagatik ere, erabat baztertua zegoen, baztertua eta diskriminatua. Esate baterako, taberna eta ostatuetan edalontzi propioa zuen. Bilbon, borreroak debekatua zuen erosi nahi zituen janariak eskuarekin seinalatzea, horretarako makila bat erabili behar zuen, eta Baionan beste hainbeste pasatzen zen. Gizarteko sektore baztertuenen tankeran tratatzen zuten urkatzailea, gaitza balu bezala.[2]

 
Burugabetzea Bruegelen Heriotzaren Garaipena margolanean, 1562 aldean.

Lanbide hark ohorea zikintzen zuen, arbuiatu egiten zuten horregatik, doilorrena eta zitaletan zitalena zen berentzako. Herri batean norbait exekutatu behar zutelako borreroa azaltzen zenean ateak ixten zizkioten. Herritarrak behartuta zeuden borreroari ostatu ematera, baina askok ez zuten horrelakorik nahi: Jaéngo pregoilariak "alaba bat egoera ondratuan" zuela argudiatu zuen borreroari bere etxean sartzen ez uzteko. Zurrumurru batek zioen emakumeren bat haurdun zegoela borreroa azalduz gero, "hilaurtu edo barruko haurra mugitu" egiten zitzaiola. Heriotzaren usaina jaio aurretik nabaritzen zioten nonbait.[2]

Marjinazioak bizitza osoan segitzen zion borreroari, baita bizitza honetatik harantzago ere. Gasteizko kasua oso esanguratsua da: borreroaren hilobia beste hilobietatik aparte zegoen, San Bizente elizaren ondoan, hilerriko izkina batean. Eta sepultura beltza zen, harri beltzez egindakoa, jendeak jakin zezan bertan borrero bat zegoela lurperatuta.[2]

Borreroak Euskal Herrian aldatu

Erdi Aro arte borrero kargurik ez zegoen Euskal Herrian, Erdi Aroaren hasieran sortu zen funtzionario publiko horren figura eta batez ere Erdi Aro amaieran orokortu zen kargua gure herri eta hirietan.[2]

Borreroak soldata bat jasotzen zuen kargu hura izateagatik. Baina soldata finkoa jasotzeaz gain, exekuzio bakoitzarengatik kobratzen zuen baita ere. Iruñean horrela zeuden zerbitzu partikular horren tarifak 1547an: lepoa mozteagatik dukat bat, urkatzeagatik florin bat, hanka edo eskua mozteagatik dukat erdi, eskua edo mingaina iltzatzeagatik berriz florin erdia; zigor kolpeak eman edo kondenatua "lotsa publikora" eramateagatik gutxiago kobratzen zuten. Lotsa publikoaren bidez kondenatutako pertsona jendaurrean umiliatzen zuten.[2]

Betiere, borreroak edo urkatzaileak behartsuen, gaizkileen eta lapurren artetik ateratzen ziren; sos batzuk irabazteko beste erremediorik izan ez eta gainera lanbide hori burutzeko odol hotza zutenen artetik, alegia. Horren atzean arazo bat ezkutatzen da: borreroarena egiteko prest zegoen jendea aurkitzeko zailtasuna. Inork, edo ia inork, ez zuen borrero izan nahi, kontuan izanda bizitza guztirako bazterketa soziala jasaten zuela.[2]

Zenbaitetan Euskal Herritik igarotzen zen jendeari proposatzen zioten lan hori egiteko, erromesei adibidez. Beste batzuetan esklaboak izaten ziren alternatiba, askatasuna lortzeko aukera ematen zieten borreroarena egitearen truke. 1564an adibidez, Jorge Martines izeneko esklaboa izan zen borrero Gipuzkoan. Baina beste borrero bat bilatu zutenean alde egiteko esan zioten "eta hala nahi ez badu galeoitara bidali dezatela, eta han errezibitu nahi ez badute aska dezatela, baina hona bueltatzen bada berrehun azote jaso ditzala", ez zuen bere lana behar bezala egingo eta...[2]

Baina borreroak izan, izan dira Euskal Herriko historian. Miguel Antzuola izan zen horietako bat, 1554tik 1564a arte, hamar urte jardun zuen eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek zenbateko bat ordaintzen zioten bere karguagatik. Honi jarraitu zioten Pedro Croque, Alonso Morga eta Joanes Amezagak. Joan Bautista turkiar kristautua 1608an izan zen borrero eta kargu horretarako onartu zuten "gizon gaztea, prestua eta indartsua" zelako. Beste batzuetan borrero lana aitak semeari erakusten zion, ofizio bihurtuz.[2]

Euskal Herriko hainbat herritan, borreroari "merino txikia" izena eman zaio. Hori da Markinaren kasua: han bazen merino txikien leinu bat, Akoda etxekoa. Akoda Iturreta auzoan zegoen eta Markinako artxiboko dokumentuetan azaltzen denez, 1512an bertan bizi zen familiak borrero lanak betetzen zituen, aitak semeari ofizioa pasatuz. Juan Akoda, baina, itsu geratu zen. Ordezko gisa Juan Amoroto proposatu zuten herrikideek eta, karguarekin batera, Akodako etxea jaso zuen. Gaur egun baserriak hantxe dirau.[2]

Borrero ezagunak aldatu

 
John C. Woods.

Historian zehar, borrero batzuen izenak geratu dira. Adibidez:

  • Marcel Chevalier (1921-2008), Frantzian gilotina erabili zuen azken borreroa.
  • Mastro Tita (1779-1869), Aita Santuen Lurraldeko borreroa.
  • John C. Woods (1911-1950) eta José Malta, Nurembergen kondenatutako naziak exekutatu zituztenak.
  • Albert Pierrepoint (1905-1992), Erresuma Batuko borrero ospetsua.
  • Gregorio Mayoral (1861-1928), Michele Angiolillo hil zuena.

Erreferentziak aldatu

  1. Borrero. Euskaltzaindiaren Hiztegia, euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-2-25).
  2. a b c d e f g h i j k Apaolaza Avila, Urko. Borreroa: herritarrek gorrotatutako funtzionarioa. Argia, 2006ko martxoak 12, CC BY-SA, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-2-25).

Kanpo estekak aldatu